Auzoa

Carvalho. San Magin. Bajos fondos.

Jogurt honek spoiler trazak eduki ditzake.

Fernando Leon de Aranoak bikain laburbildu zuen zer den langile auzo bat eta nola lagundu izan zaien auzokideei ur motorraren metafora ederrarekin. Zenbat inbertsio ez ote den egin horrela, argazkian pentsatuz gehiago epe luzeko hobekuntzatan baino. Auzo horietako asko hainbat jatorritako jende gazteak eraiki zuen, etxebizitza merke eta maiz material txarrekoak besterik ez zitzaizkielako eskaini udal zerbitzu gutxirekin. Gogoan dut Lasarten ezagututako auzotarren auto-antolakuntza esperientzia aberatsa, nolako antolaketa maila zuten eskola ere eurek sortu eta kudeatzera artekoa. Arrasaten ere orain sortu da auzo elkartea Doneztebe Portuko kalearen bueltan, zaharturiko periferia artean bizirik denaren seinale.

Planeta Saria jaso zuen 1979an Vazquez Montalbanen Los mares del sur (originala Planeta 1979, berredizioa etxe beraren Booken sailean 2020an) nobelak eta esan behar da istorio borobila dela. Hirugarren abentura liburutua du Carvalho detektibeak honakoa eta bertan Stuart Pedrell aberats eszentrikoaren erailketa argitu beharko du. Pedrell bazkide bi ditu, aristokratata bizi zalea bata eta enpresagizon nekaezina bestea, eta hirurek frankismoan (eta ez frankismoak) ohikoak ziren entxufe eta mesedeen laguntzaz makina bat diru egin dute. Tartean San Magin auzoa, Espainiatik Kataluniara lanera joandako langile auzoa, material eskasez eta maitasun gutxiz. Niri hori egin zait liburuko interesgarriena, Carvalhoren abenturak irakurri ahala nola garai baten mosaikoa eraikiz doan idazlea eta kasu honetan periferiako langile auzo batek hartzen du protagonismoa.

Liburua amaituta blogeko sarrera hau idazteko kontrazala hartu dut eskuetan eta jartzen du hitzez hitz hau: En la Barcelona de 1979, en vísperas de las elecciones municipales, el detective privado Pepe Carvalho tiene que investigar las causas de un misterioso crimen: la caída social de un importante hombre de negocios que huye de una vida acomodada en uno de los barrios más selectos de Barcelona y reaparece un año después, muerto a navajazos, en su Polinesia particular, en los bajos fondos de la ciudad. Zer eta San Magini deitzen dio bajos fondos argitaletxeak, kontrazaleko laburpena idatzi duenaren izen zehatzik ez baitut. Zergatik da bajos fondos, aberatsa ez delako? Luxurik ez delako? Izan ere krimenik edo bestelako kontu ilunik ez da ageri. Topikoaren erabilera maiztua besterik ez da, esaldi tontoa? Mundu ikuskera batetik idatzi da hori, duda gabe, eta klase borroka irabazi dutenena da.

Usaimenaz

Carvalho. Váquez Montalbán. Bartzelona.

Vázquez Montalbánek bazuen usaimen ona. Ez bakarrik gastronomo eta bon vivant gisa orrialdez orrialde egiten duen erakustaldiagatik, Kataluniako sukaldaritzaz gehiago jakiteko bitarteko aparta dira liburuok, baita zuen intuizio politikoagatik ere. Euskal Herrian ezker abertzaleak eta beste lauk salatu zuten in situ trantsizioa zer tamainako iruzurra zen zer autonomien estatu zeritzona, baina berak hori literaturarako material bihurtu zuen inork baino arinago. La soledad del manager (Manuel Vázquez Montalbán, 1977koa lehen edizioa, nirea Planetarena 2017koa) da horren froga, tardofrankismoan ezkerraren gurdira igo ziren askoren etorkizuna azaltzen duena: asko zetozen burgesiara itzultzea ezer gertatu ez balitz bezala jokatuz, beste asko erradikaltasunaren irrelebantziara eta besteek eraikiko zuten Jordi Pujol eta beste batzuekin batera autonomia batek behar duen engranaje oro.

Asesinato en el Comité Central baino arinagoa da obra, trama klasikoagoa du eta akaso erangikorragoa da bere sinpletasunean, irakurlea hara eta hona mareatu gabe, Carvalhoren abentura jada hilezkor horietakoa batez gozatzeko aukera edukiko duzu; Biscuter eta Charo lagun-kide-maitaleekin batera eraldaketa betean zegoen Bartzelona baten lekuko, ziur asko imajinatuko ere luketen arren zertan bilakatuko zen Joko Olinpikoak eta gero norabideari trazu txarra hartu arren.

Polizia ustelak, prostituzioa, burgesia dekadentea, talde ezkertiarrak, multinazional ilunak… Izan zitekeen lasai asko gaur egungo trama, baina 44 urte igaro dira, nobela beltza eta Carvalho lekua eta segundoa elkartzen diren puntua baina askoz gorago daudenaren seinale. Irakurketa gozagarria, arina, bizia. Generoaren zaleentzat gomendagarria, nahiz eta nabaritu aspektu batzuetan denbora ez dela alferrik igaro eta gizarteak zenbat eboluzionatu duen, eta generoaren zale ez direnentzat baita ere. Ez irakurri literatura handiusteko aspergarria, bizitza laburregia da orrialdeak gozakaitz pasatzeko.

Komite Zentrala

Carvalho. Vazquez Montalban. EAK.

Duela zortzi egun bete zuen mendea Espainiako Alderdi Komunistak. Batez ere gerra bezperatan eta frankismoan egin zen ezagun, erresistentzia antifaxista Espainian bertan burutu zuen talde bakarrenetakoa izan zelako (bistan da Euskal Herrian eta Katalunian beste aktore batzuek zutela indarra). Post honetarako hautatu dudan liburuan zorrotz esaten den bezala, PSOEk 100 urteko historia baitu eta horietatik berrogei oporretan igaro zituen.

Garrido (autorearen oharra gora-behera nork ez du Carrillo ikusten hor, nahiz eta El País egunkariari emaniko elkarrizketan esan idazleak Carrillo berak eskuizkribua irakurri eta ia gehiena gustuko zuela) alderdiko idazkari nagusia hil dute Komite Zentralaren batzarrean. Garai delikatuak dira, ikusteke dago nork gobernatuko duen diktadura osteko Espainia bai alderdi mailan bai maila sindikalean, eta ez dira gutxi gerra berriro ere pizteko beldur direnak. Alderdiak bere kide ohi batengana jotzen du, Pepe Carvalho detektibearengana, auzia iker dezan Fonseca detektibe ilunari monopolioa kenduta. Liburua, aski ezaguna irakurle helduarentzat, da Vazquez Montalbanen Asesinato en el Comite Central (Originala 1981ekoa, nik irakurri dudana Planetaren 2020ko edizioa).

Obra hasten da egun desagertua den Bartzelona gris eta turismo masibo aurrekoan. Hango lumpenaren parte da detektibea eta baita bon vivant hutsa ere jana eta edanari dagokionean. Carvalho ardatz duten liburuak ibilbide gastronomikoa dira aro foodiea hasi aurretik eta omenalditzat jo litezkeen Camilleri edo Alonsoren liburuek ez dute bistatik galtzen ezaugarri hau. Ederra da ere liburuak erretzearen kontu hori, harrapazak Ray Bradbury, eta bitxia Freuden oihartzuna duen autorearen zioa, lehen aipaturiko elkarrizketan ageri dena. Gero etorriko da Madrilera bidaia eta hango faunaren zoologiko txikia, arreta berezia eskainiz kosmogonia komunistari eta honen estamentu ezberdinei (auzo batzarretik hasita Komite Zentraleraino, liberatuen bizi baldintzetatik pasata).

Zergatik irakurri behar den liburua? Batez ere protagonista bikain bat duelako eta politikoki zorrotz-zorrotza delako. Aintzat harturik zein zen urtea, 1981 urrun hura, bikaina da Vazquez Montalbanen klaribidentzia esaterako epika gabeko komunismoaz jarduterakoan. Belaunaldi erreleboa, gerra eta makien belaunaldiaren ordezkatze zaila, izan liteke komunismoak Espainian izan zuen hamaika motiboen artean interesgarrienetakoa. Gainera kritikoa da errebantxista izan gabe, Sempruni egozten dio hori egileak, eta bistan da ezagun duela gaia: zer esanik ez Santos pertsonaiaren etxean ageri den liburu zerrenda, ziur asko garai hartan etxe batzuetan egongo zena, komunismoarekin lotutako egile kanoniko hainbat ageri direna (221 or). Akaso despistatu nau horrenbeste zerbitzu sekretu ezberdinen arteko dantzak, haria jarraitzea zailtzen du, baina atmosfera zaindu eta darion belztasunak bizkor ahanzteranzten du hau