Gloria

Taberna. Ama. Alkohola.

(Kontuz, spoilerrak ditu).

Ezagun batek bere aita alkoholikoarekin zuen harremanaz idatzi du Goienaren azken alean. Egunotan han eta hemen ari dira agertzen gai berari buruz Eider Rodriguezek emaniko elkarrizketak. Horregatik, ezinbestekoa da, Nere Ibarzabalek Bar Glorian (Susa, 2022) egin bezala droga horrek tabernariengan eta euren familiengana duen eragina islatzea.

Izan ere alkoholari eta honen ondorioei buruz jarduten du Ibarzabalek. Baina ez horri buruz bakarrik. Baita sexu indarkeriari, baserritik deserrotu eta herri industrialetara jaitsitako familien egonari buruz, lehen horren ohikoak ziren koloretako ibaiei buruz, drogari buruz, aita zakar apustuzaleei buruz, sasoi hartan hanka bat armairuan zuen homosexualitateari buruz eta amei buruz. Ama baita, lanaren bidez, lanari eskainitako bizi baten bidez, Gloria daraman familia batuta mantentzen duena eta haren hutsuneak arrakalatzen du dena. Gloria erraustuko duen sutea ez da arrakalatze hori zigilatuko duen gertaera baizik.

Aitari idi demako kontuetan laguntzera igotzen den Rakel, akaso belaunaldiz eta espazioz deserrotuena. Asko disfrutatu ditut nola kontatzen digun idazleak Rakel gogoz kontra aitak idiengana eramaten duenekoa eta nola bera den aitarentzat horren esanguratsua den apustura doan familiako kide bakarra. Bere ahizpa, Ana, tabernaren eta ezaguna den horren grabitate indarrari ihes egin ezinda dagoen emakume gisa ageri zaigu tramak ematen duen denbora salto batean. Adi pertsonaia honi, bikain baitago eraikia. Bukatzeko, eraso bati ez ezik, giro atzerakoi batean biziraun eta etxeko egoera delikatu bati aurre egin behar dion Migel dago, berarekiko enpatia handia pizten duena.

Gustatu ez zaizkidanen artean eta txikikerietatik abiatuta aurreneko kontua da ez zaidala sinesgarri egiten idi buru bat horman eskegita duen tabernarik egotea Euskal Herrian. Gero ama Amandre Santa Ines bihurtze hori eta jarraian kokatua dagoen garaian ia omnipresentea zen euskal gatazka deritzonari erreferentzia oro omititzea (apenas aski zen nire ustez erreferentzia azalekoren bat, baina ezer ere ez agertzea arraroa egiten zait) eta bertsolaritzan esaten den bezala liburua ez dela lehertu. Esan nahi dudana da baduela hizkuntza jaso eta aberatsa, pertsonaia oso interesgarri ertz ugaridunak, hari mutur ugari eta, hau guztia hala izanik ere, nire ustez bukaeran euri tantarik gabeko zeru ilundua da.

Etxean hainbatek irakurri du liburua eta ez dugu iritzi bera. Haiei asko gustatu zaie eta, beraz, baliteke nire kontua izatea. Horregatik merezi du irakurtzea eta horren seinale da irakurleek egin dioten harrera beroa: seinale ona da hori gehien-gehienetan.

Aitona falangista

Altsasu. Memoria. Barandiaran Amillano.

Oparitu egin zidaten liburutxoa azken Durangoko Azokan eta eskertu nuen, begiz jota bainuen argitaratu zen une beretik. Egilearen elkarrizketak irakurri nituen prentsan eta iruditu zitzaidan izan zitekeela interesekoa: ez bakarrik mamiaren ikuspuntutik, baita esan zuelako liburu baten bila beste bat azaleratu zitzaiola. Lana, honezkero irakurle abilenek asmatua, Gurea falangista zen (Susa, 2021) da Alberto Barandiaran Amillanorena. Bertan (spoiler) kontatzen da nola iritsi zitzaion egileari libreta bat Luis Fernandez Arregi izeneko altsasuar baten gerra ibilerekin eta nola bukatu zuen bere aitonaren iragan politiko (erdi)ezkutua ezagutzen. Argitaletxean sail berri bat abiatu zuen gainera obrak, Memoriaren Paperak izenekoa.

Gaia, memoriarena, beti interesatu zait eta zortea izan nuen udal zinegotzi nintzela Intxorta taldeak eginiko lana hurbiletik jarraitzekoa. Gainera, amamarekin ordu asko egin nituen umetan eta gerra galtzaileen ibilera ugari jakin nituen haren ahotik politak eta ez hain politak direnak. Emakumeak auzoaren memoria bizia zuen eta bazekien zein etxetan aldatu zen txaketa 1975ean eta zeinetan ez. Eta jakiteaz gain ez zen isiltzen. Horregatik, ausardia aitortuta ere Alberto Barandiarani bere aitona falangista zela kontatu izanagatik, ez zait iruditu txundigarria denik norbere etxean halakorik aurkitzea: fenomeno nahiko ohikoa da Euskal Herrian denetik egotea familian bertan. Askoz gehiago poztuko ninduke jabetza erregistroaren hariari tira egin balio: zergatik ez da hitz egiten 1936tik aurrera kolpistek eta haien sokakoek bidegabe lortu zituzten ondasunei buruz?

Noan bada lanera inguruabarrak utzita. Liburuak badu grazia tarteka, nahiz eta niri forma aldetik lekukotasun pasarteek irakurketa erritmoa guztiz oztopatu. Bereziki gozatu dut azaldu nahi izan denean nola sar litekeen falangista Luis Fernandez Arregi bezalako gazte jeltzale bat. Oso ondo kontatzen da zer giro zegoen Altsasun eta Nafarroan 1936an. Horretan asmatzen du Barandiaranek, nabari zaio kazetari eskua. Bizkaiko ibilerak aldiz interesgarriak dira, baina gaiari buruz Sebastian Salaberriaren “Neronek tirako nizkin” obrak askoz prosa txinpartatsuagoa du. Azken orrietako hausnarketek berriz hotz utzi naute.

Bukatzeko, liburua nire ustez bidegurutze batean geratzen da nora jo duda-mudatan. Izenburua eta orri gehienen mamia, forma eta edukia… ez ditut lerrokatuta antzeman. Egia da nekatuta nagoela eta ez dizkiodala irakurketa ordu onenak eskaini, baina orrialdeek ez naute harrapatu. Ez da erraza memoriaren mataza askatzea eta maiz korapila liteke bat, niri pasa izan zait prentsa iritzi zutaberen bat idaztean. Zoritxarrez zelulosaz ari garenean harrapatu eta korapilatu ez dira gauza bera. Eta hau guztia esanda ere, blog honetara ekarri badut liburua da ikusi dizkiodalako gauza politak eta abiada hartu dudan lautadatan gozatu dudalako. Dena ez baita borobil, batzuetan falangista ere izan liteke aitona.

Plus ultra

Sortaldekoak. Etxarte. Poesia.

Asko-asko-asko gustatu zait Hedoi Etxarteren sortaldekoak (Susa, 2021) poesia liburua. Uste dut goia jo duela orain arte idatzitakoarekin alderatuz, aberatsagoa baita ñabarduratan, sakonagoa gaietan eta ederragoa ahotsean. Izan ere, barka bekit txistea, batez ere ezkerretara begiratzen duen arren gora, behera eta eskuinetara ere luzatzen du pausoa. Heldutasunak, gurasotasunak, dolua eta engaiamendu politikoak arimari eta gorputzari utzitako arrastotik idazten du eta sentimendu horietan denok aurkitzen dugu gure ispilua.

Liburuko olerkirik onena 90. orrialdeko Dragoiak iruidtzen zait. Hasiera hori,

Enperadorearen lorategian lo egingo genuela uste genuen bezperan / Sahatsek ura tindatzen zuten / erresiñolak entzuten genituen / gurea zen errekaldea / dragoiak ginen, zerua eta sua.

ez esan magikoa ez denik. Nik olerki hau zuzenean entzuteko zortea eduki nuen Aitor Etxarteren omenezko ibilaldian, Hedoi berak emozioaren ikarak jota errezitatu zuen Maalako arrabaleko Plus Ultra taberna parean senidez inguratuta. Mikrorik gabe, eskenatoki gabe, dena birika eta maitasun. Iragana etorkizunez betea irudikatu genuen.

Eta halere iruditzen zait liburuko olerki ederrenak intimoenak egin zaizkidala. Ospitalekoak, sexu eszenak, maitaleei eskainiak edota institutuko urteei. Zaila da zintzotasun, edertasun eta interes handiagorik transmititzea lerro gutxitan. Eta hori da eskertzen duguna iraultzaile batengan, manifestazio edo greba orokorretik harago etxeko sutondoan egiten duena kontatzea. Bestea, Durrutik bere gizonei mantala soinean adierazi zien gisara “ezer ez ulertzea” da.

Azkenaldian han edo hemen Hedoirekin solasean aritzeko zortea eduki dut. Adierazi nion behin nire ezintasuna familiako minei buruz idaztekoa. Bere erantzuna ondo gogoan dut: guk ez badugu idazten nork?

Egia da, ez du beste inork egingo. Eta halere minek hor diraute, nahasian, sahatsez gain artadi, gaztainadi eta pinudi. Sentimendu bat norbere baitan hartu eta hari askatzea, uste dut Omar Navarrok horrela deskribatu zidala poesia zer den. Akaso ez hitz horiekin, baina uste dut ideia hori zela. Eta poesia egitea arriskutsua zela, momentuko eromenera eroan dezakeela bat. Ederrak ziren Arrasaten 1934an iraultza egin zutenen ametsak. Gaua zetorkien gainera haiek jakin ez arren, somatuko zuten zerbait dena dela, eta suzia piztu zuten laurogei urtean artean argia dariola. Oroitu ezin denean pertsona bat, borroka bat, akaso ez da amets konpartitua bera ahaztu zaigula besterik. Ametsetan bizi dira oroitu nahi ditugun horiek.

Itxaropen kolorea

Antifrankistak. Nafarroa. Alonso

Jon Alonsoren Hodei berdeak (Susa, 2003) nobela (?) hau Naparra: kasu irekia irakurri ostean hartu izanak hobeto laguntzen dit ulertzen Alonsoren gaitasun handien katalogoa. Blog honetan bertan lore ugari eskaini izan dizkiot egileari eta ez dut uste beraz hortan gehiegi sakondu beharra dagoenik, baina obra honetan bere narratzaile eta ikertzaile bertuteak erakusten ditu.

Has gaitezen liburuaren egituratik, izan ere, ez da ohikoa euskal literaturan halakorik. Joseba Jaka bekaren magalean idatzi zituen lerrook Alonsok eta bi ahotsetan kontaturiko istorio honetan narratzaile bat beka baten aitzakian nobela ari da idazten eta bestea, bere lehengusua dena, ikerketa historikoa. Bi ahotsak txirikordatzen dira eta honela muga lausoa ezartzen du Alonsok fikzioa eta historiaren artean, pertsonaia errealak eta asmaturikoak nahastuz besteak beste.

Narratzaile fina da idazle iruindarra. Har dezagun 279. orrialdeko paragrafo hau adibide gisa: Ia inor ez dabil kalean. Goiz da, eta euriaren promesa ez da ibiltariak animatzeko akuilurik onena. Hodei berunkarek kontzientzia txar batek adina pisatzen dute. Sabelean dauzkan tximeletek barrenak gardosten dizkion su dantza itxurako bat hasi dute, orain, hitz egingo balu, hodeiek iragartzen duten trumoiaren orroa bezala izango zen, ez halabeharrez ozena, baina bai askatzailea; zainak atezutik askatuko zituzten berbak izango ziren, itomena arinduko zioten ukendua. Hau formari buruzko adibidea da baina edukian ere ez da besamotza Alonso, urrutira joan gabe, aparta egin baitzait Irurtzungo Bi Aizpe arrokatan ezarritako ikurrina ezarpen klandestinoaren kontakizuna. Inguruabar tekniko konplexuak bikain eta sinesgarri narratzen ditu. Edota, beste itsaso baten ertzean, Uruguaien Hego Konoko diktadura odoltsuen bezperatan lanean ari diren CIAko agenteen ibilerak.

Historialari gisa ere badu bere mamia egileak. EAJren borroka antifrankistaren narrazioa egiten du gerraondotik hasita, mosaikoa osatuz Iruñeko irabazle nahiz galtzaileen bizitzen zipriztinekin. Ondoren Beroiz familia ardatz hartuta 1962ko Municheko “kontubernioa”, alderdiko erbesteratu zahar-ekintzaile gazteen arteko konponezinak, bonbak jartzea, hautu gisa zilegi jo zuen EGI hura, Eusko Bazterraren praxia, Artajo eta Asurmendiren heriotza, OPUSen sorrera, Urmeneta eta euskaltzaletasuna, CIA edo CESIDen infiltrazio susmoak erresistentzia antifrankistan… Hainbat hipotesi uzten ditu lerro artean Alonsok, ulertu nahi duenak uler dezan.

Zeharo gomendagarria gure herriaren iragan hurbila Iruñetik ulertzeko, egileak gure historiari buruz uzten dizkigun hausnarketa interesgarriez pentsatzeko (Euskal Herria tablero handiago baten pieza besterik ez da) eta irakurriz gozatzeko.

Uber alles

Taxiak. Montoia. California.

Barka iezadazue blog irakurle bakanok izenburuko hitz joko merkea. Badirudi uberren diktadura hastear dela Netflixeko seriei kasu eginez gero, start up teknologikoen eta estatuen arteko borroka ere baden taxi-uber borrokan apenas agertzen baita taxirik azkenaldiko plataforma serietan. Horra hor hari mutur interesgarri bat, altxamendu frankista ostean irabazle artean banatu ziren lizentzien nondik norakoa jarraitzea bestekoa, baina ez da hori gaurko xedea. Izan ere, gaur, Xabier Montoiaren azken lana den Taxiak ez dira inoiz gelditzen (Susa, 2021) lanari buruz jardun nahi nuke.

Izan nadin zintzoa, ez zait liburua gustatu. Ez dizkiot irakurketa ordurik onenak eskaini, neke pilatuen gailur diren ekain iluntze luzeak besterik ez ditut izan berarentzat, baina hori hala izanik ere ez nau asebete. Nekeari buelta ematen lagundu didaten makina bat liburu irakurriak ditut, eta honek ez du halakorik eragin, ezta hurrik ere. Hona ekarri badut orain arteko nire irizpidearen aurka da pieza solte batzuk ederrak iruditu zaizkidalako, bereziki liburuari izena ematen dion “Taxiak ez dira inoiz gelditzen” ipuineko aurreneko orrialdeak eta baita “Errimelezko malkoak” ipuina. Beste batzuk ez zaizkit sinesgarriak egin, esate baterako “Zarata” (bukaera oso hotza da, are gehiago kontatzen dituen zera gogorrak kontatu eta gero) eta “Samuraia eta printzesa” (flipada bat da). Lehen begi kolpean gustura irakurri arren umetako Mikojet izozkiek uzten zizuten zapore bera utzi dit dealerraren ipuinak: izozkiak eta espazioa ez dira erraz uztartzekoak, beraz, zertarako aritu esperimentotan gauza goxoak egiten dakizunean.

Akaso hobe funtzionatuko zukeen ipuin solte liburu gisa. Ez dakit. Izan ere, narrazio arteko hariak ez badira agerikoak, hobe jostorratzekin batera tiraderan uztea. Maizegi aurkitu behar izan dut nire burua orrialdeetan atzera eginaz narratzailea nor den zehaztu nahian, bi ahotsetatik zein ari zaidan hizketan, eta horrek irakurketatik atera nau behin baino gehiagotan. Galduta sentitze horrek gainera gozamenari zuzen-zuzenean eragin dio.

Ba omen dira taxi gidari batzuk turistei adarra jotzen trebreak. Donostiatik Bilbora Iruñetik pasa ohi direnen kastakoak. Liburu honetan ez dakit adarra jo didaten, ezetz esango nuke, baina nonbaiten galdu izanak pena ematen dit horren hasiera iradokitzailea irakurri eta gero:

Oso aspalditik aditzen ez nuen usain bat aditu dut gaur. Gorotz eta hezetasun halako nahasketa bat. Mendira joan gara eta, baserri baten aurretik pasatzerakoan, bete-betean jo batu. Gustatu egin zaie lagunei. Benetakoa iritzi diote, ia naturaren beraren lurruna.

Benetakoa. Esan beharra dago gero. Ia edozeri irizten diote hala, hiritik pixka bat urrundu orduko.

Kilkerrak ixil-ixilik

Kilker. Jimenez. Mundaka.

Kilkerrak ixildu egin dira Hawaiin. Hala jasotzen du Zientzia Kaiera webgune guztiz interesgarriak hemen. Bizirauteko ezinbesteko dute ixiltasuna. Izan ere, testuak dioen bezala, Hawaii artxipelagoan arerio latza dute: Ormia ochracea izeneko euli parasitoa. Hain zuzen kantu doinuari esker topatzen ditu euliaren emeak kilker kantariak eta kantariaren inguruan eta gainean uzten ditu bere larbak.

Beste kilker batzuk ere, itsaso bat honantzago, ixiilik geratu ziren 1937an eta 1939an faxisten artean biziraungo bazuten. Ihes egitea lortu zutenek oinaze eta min artean ere ez zuten kantu ozenik haizatu. Borrokatu, galdu, traizioa jasan eta erbestea dastatu zuten hainbatek.

2003an idatzi zuen Edorta Jimenezek Kilkerren hotsak nobela (Susa, 2003) Alejandro Mallona alkate jeltzalearen fusilamendua ardatz. Fikzioan zahartzaro betean den Uriarte gudari eta espioi oihari bisita egiten dio ezezagun batek. Elkarren arteko elkarrizketek hainbat hari ateratzen dituzte eta Jimenezek hari bakoitzari tiraka onduko du eleberria: zahartu den gudari ohiaren nahia berarekin ezagutza gal ez dadin, arbaso denak gaurko begiz eredugarri ez izatearen zama, gerran Jaurlaritzak xaloki eginiko akatsak, jende gazte eta fin askoren eskuzabaltasuna, ezinezko maitasunaren zauria, laguntasuna… Dena kresal zaporez, Intxortako historia ezagutu duen irakurle honentzat liluragarri eta esker oneko. Gutxi egongo da euskaraz itsasoari buruz egun hain ondo idazten duenik.

Vox eta Desokupa gurean diren egunotan liburu bukaerako pasartea dakart. Musakola nire auzoko agure batzuei gauza bera entzun nien umetan: xaloegiak izan ginen, ez genuen gerra egiten jakin. Muga estua dago noblezia eta tentelkeriaren artean. Ez da indarkeriarako deia nirea, Arestik etakideen amez dioena maiz dut gogoan, baina ez dut espero gizatasunik faxisten artean. Horrek galdu zuen Mallona eta hori erakutsi ziguten anarkista, akzioko, sozialista eta komunistek

-Halaxe duk, bai. Baina zer nahi duk?- barrea bareturik esan nion-. Hortxe daukak, eskutitzean, Falangeren definizioa -eta solemne jarraitu nuen-. Falange, abnegazio handiz eta sentimendu onen aldekoa zen gazteriaz beterik jaiki zen partidua da; baina era berean Falange justizia hotz eta motz egiteko ere sortu zen; hala bada, ni orain ordezkari nauten juezen aldetik, berori zigortu edo errugabe aitortu behar duten juezen aldetik, inongo bidegabekeriarik izango denik ez du zertan uste izan behar berrorrek.

Ikerketa lan handia dago Jimenezen lanaren atzean, ezagutza. Datuak, kazetariak, giroa, toponimoak. Harrapatu nau istorioak ere, jakin arren, 36ko altxamendu faxistako kontakizun oro legez garratz amaituko duena. Galdera bakarra izan da nola une batean, bukaeran, aholkatzen dion Uriartek bisitariari ahazteko iraganeko Mallonak eta egungoetan jartzeko arreta. Ez zaio arrazoirik falta, eta, halere, ezin diogu ihes egin 1936ko uda sargoriari. Ziur erantzuna interesgarria dena.

United colors of Black

Alonso. Nobel beltza. Saiakera.

Batzuetan liburu egokia iristen zaizu une aproposean. Orduan, mendeak eta segundua gurutzatzen diren unean, dena borobiltzen da. Zure susmo batzuk betetzen dira, oker batzuk agerian geratu eta mundua ikus dezakezu betaurreko aproposekin. Halako zerbait pasatu zait niri Jon Alonsoren Beltzaren koloreak (Susa, 2016) liburuarekin.

Zergatik ez dudan lehenago bere berri izan? Batek daki, itsasoa goldatzen arituko nintzen akaso. Kontua da irakurri dudala eta benetan gozatu dut bertan esaten direnekin. Izan ere, modu sinple baina eraginkorrean, gaiaz irakurri eta pentsatu duenaren autoritatez baina akademizismotan erori gabe, nobela beltzaren disertazio bikaina egiten du Alonsok. Hasiera batean 2015eko Hilbeltza ziklorako hitzaldi zena ondoren osatutakoa da liburua, egileak berak orriotan aitortzen duenaren arabera. Bertan, generoaren sorreratik abiatuta, Hammett, Chandler, McCoy eta enparauek osatutako lehen belaunalditik, ondorengo Highsmith edo Lew Archerreraino. Lantzen du ere generoak europartzeko izan dituen arazoak eta nola ikusi den literatura genero honetan gizartearen bilakaera poliziarekiko pertzepzioan. Horri esker dakit, besteak beste, Hondar Ahoak sariduna polizia sozialdemokrataren genero beltz aroan kokatzen dela eta deskribatzen du zergatik egiten zaigun zenbaitzuri sinesgaitz Ertzainek gazte eta sindikalistak jipoitzen dituzten egunotan polizia dezente bat dagoena sinestea. Barrenak behar baitira gero horrelako polizia baten parte izanda zuzenbidezko estatuaren alde zaudena esateko. Ojo, eta ez nabil esaten ondo egina ez dagoenik telesaila. Badaezpada ere.

Liburua motza eta irakurtzeko atsegina da, pasarteka antolatua eta zuzeneko zita eta erreferentzia ugareriduna bai nobeletatik bai elkarrizketetatik hartuak. Literaturari buruzko komentario bikainak ere uzten ditu ogi apurren antzera, maitemindu nauen hau modukoak (75 or):

Kritikari batzuek, ordea, sinesgarritasun ezaren zigorra inarrosten dute oraindik, Camilleriren Uraren forma nobelarena bezalako premisetatik urruntzen diren proposamen literarioak epaitu behar dituztenean. Euren eskema ideologikoetan sartzen dena sinesteko gauza ez, eta “sinesteko” gogo gutxi, nonbait. Hau da, konturatuta edo konturatu gabe, kritika ideologikoa egiten ari dira, gehienetan, sinesgarritasunaren mamua paseatzera ateratzen dutenean.

Amen.

Poligonoa

Belamuno. Industriala. Ipuina.

Gure zibilizazioa aztertuko dutenean, plastikoaren aroa deituko diote gure lotsarako, biribilgunea joko dute lorpen nagusitzat. Bidegurutzeek bide aukera handiagoak eskaini arren, bada Arrasaten Azuela edo Sietecaminos deritzon eremua, biribilgunea baino malguagoa da. Bidegurutzeak badu erabakimena atzetik eta garaiotan zer hobe biribilgunean bueltaka aritzea baino. Ez da metafora berria, badakit. Telesforok biziko balitz Ander Gortazarren artikuluak baliatuko lituzke Maltzagaz jarduteko. Biribilguneen erdiguneak dira gure artearen zulo beltza. Eta ez nabil Zornotzaz, bakarrik.

Biribilguneen ondoren industri poligonoak dira gure lorpenik handiena. Lana hirietatik atera ondoren etxebizitza espekulazioaren urrezko aroa ahalbidetu dutelako batetik, ekosistema oso berezia sortu dutelako bestetik. Poligonoetan daude alderdi politikoen egoitzak, argitaletxeak, pvc leihoak eta emakume nigeriarrak prostituitzen dituzten proxenetak. Eta, poligono hauetako giroa inork gutxik deskribatzea lortu du Julen Belamunok bezain ondo. Azpeitiar honek liburua argitaratu berri du Hotz industriala izenekoa (Susa, 2020) eta bertan jasotzen ditu bost ipuin eder. Hizkuntza oso aberatsa du, pasada bat Amaren errautsak ipuineko lorategiaren deskribapena (zer esanik ez bikote harremanaz), eta prosa dotorea. Honen adibide nola hasten den lehen ipuina, liburuari izena ematen diona, nire ustez borobilena dena:

Egurrezko banko batean eserita dago Lezeta, auzoko plaza bakarretako batean, inguruan dituen platano erdi biluzietatik eroritako hosto ihartuen zirimolei begira. Goiz-goizetik atera du gaur haizea, eta plazaren alde batetik dator indarrez, lurrean bildutako orbelak eta paper puskak astinduz eta orain alde batera eta gero bestera eramanez. Begirada altxatu du, eta argia piztu berria den lihora joan zaio, zerua argitzen hasi bada ere, oraindik ez du eguna zeharo zehabaldu, eta gero eta gehiago dira bistako adreilu gorriko fatxadetan ikusten diren argi zuri eta horixkak.

Ipuinen ongi garatzen ditu, mintzagaiei buruz informazio ugari eta aberatsa eskaintzen du, erudizio eta dokumentazio lanaren adibide, baina esango nuke, bainarik jartzekotan, lehertzen ez den galernak grazia egiten duela udan behin, baina, barren-barrenean, denok garela uretan plisti plasta jardun nahi dugun haurrak.

Hau esanda, liburu gomendagarria, bereziki onak hotz industriala, amaren errautsak eta ahaztutako pintoreak ipuinak. Bere beste liburuak irakurtzeko gogoa piztu dit eta igandea gozagarri bihurtu Belamunoren narraziotan murgiltzeak.

Putzua liburutegian

Estankona. Arrieta. Plisti-plasta.

Lagun on baten oparia izan da Igor Estankonaren Moskito, Susa 2020, liburua. Tarteka irakurri dut pandemia deritzogun garaiotan. Seaskako egutegiko izendegia eta Igorren olerkiek borroka egin dute ertzean pertzibitzen ditugun letren podiumen.

Gustatu zait? Bai. Horregatik dastatu dut gutxinaka. Horregatik bakarrik? Ez. Badu zerbait basa liburuak, hitzekin ondo deskribatzen asmatzen ez dudana.

Bideo bat ikusten ari naizela ematen du

behinola nirea zen herriarena:

zergatik sufriarazten didazu horrela?

Noiz hilko zara guztiz?

Zaila egiten zait barrunbeetatik datorren zerbait, poesia, deskribatzea. Gustatu zait “Minxoriak” atala, naturari egiten zaizkion erreferentzia negutiarrengatik ziur asko. Baina nola azaldu gustatze hau?

Hor sartzen da mesanotxean luzez izan dudan beste liburua, Agustin Arrieta Urtizberearen Gogoeta-bide irekiak lana, EHU 2019. Liburu honetan filosofia irakasleak eskuzabaltasun ariketa egiten du oso aktualak diren hamaika gairi buruz bere iritzi zuhurra eskainiz. Arrieta ondo ulertu badut, arteari kritika egin behar zaio ustez gustua dena egitateetara ekarriz. Horri men eginaz eta aurreiritziak albo batera utziz erdietsiko du arrakasta arte kritikariak.

Ez nago guztiz ziur. Egitate hitzak kirrinka eragiten baitio zuzenbidean lizentziadun honi, epaiketa batean egitateak eurak finkatzea baita auziaren muinetako bat. Eta halere, ustez egitateak auzittegiak finkatuta ere, ez dira argi geratzen batzuetan. Zer gertatu zen Koxka tabernan gau fatidiko hartan? Argi dago askok ikusten ditugun egitateak ez zituela bere egin auzitegiak, ezta Guardia Zibilak berak ere (jakina, interes handiz). Horregatik egitate hitzak suposatzen duen eztabaidarritasunari egoztea kritika on baten funtsa zalantzagarria zait.

Bestalde, ez dut uste aurreiritziak direnik kritikari batek zaindu beharreko galtzagorri bakarrak. Norbere interesak ere hor daude, are gehiago kritikari asko nor direnean (edo nor izan nahi dutenean) artea deritzogun gertakizun ekonomiko horretan. Karrera egiteko norbait zapaltzea ez ote den kritikari batzuen modua ikusgarritasuna lortzeko, adibideak aurkitzea ez da zaila.

Nik badut interesa, kasu honetan, bi liburu hauek gomendatzeko. Blog txiki batean izan arren hitzezko lekukotza uztearena. Igor Estankona poeta handia iruditzen zait eta bihotzetik idazten duela esango nuke. Agustin Arrieta Urtizbereak gai oso garrantzitsuak lantzen ditu bere azken obran. Biak ala biak irakurri beharrekoak, gogoeta bide irekietan moskito lainoen artean trabatuta geratuko ez bagara.

Ura erori zait liburutegiko zorura eta putzuakzorua kartografiatu du. Ura da bizia eta lizunaren sorburu. Eskerrak zelulosak ondo xurgatzen duen.

Iturria

Europa. Elorriaga. Hibridoa.

Bitxia da E. deritzon Herria. Munduko toki txikiena eta zabalena izan baitaiteke aldi berean. Kritikarako askatasuna aldarrikatzen da, horrek aurrerabidea omen dakar, kritikoak eurak aske balira bezala. Gutxi hitz egiten da horri buruz. Bokazio herria E., baita jokalari-entrenataile izateko ere. Kritika gehiago behar da, zentzu guztietan. Niri horrek gogorarazten dit bere auzorako polizia gehiago demandatzen duen hiritarra, jakitun berari ez diotela ezer egingo. Jakitun ez duela hotzikararik sentituko komisaldegiaren itzalaz bat egin duen unean. Pribilegio guztien jabea denak eskatzen du indarkeria instituzionala eta antzera gurean kritika. Lagun talde samalda baikara, ahaide nagusi eta ahaide txiki, eta hortik abiatzen ez den hausnarketa putza da.

Hau esanik, Unai Elorriagari kariñoa diot behin AEDk gonbidatuta hitzaldia eskaintzera Arrasatera etorri zenetik. Hori gizonaren apala eta jakinduria, sariek tirabidetik atera gabea. Sinpatia hortatik abiatuta irakurri eta gozatu dut bere obra, baina sinpatia hori gabe ere ziur asko berdin gozatuko nukeen. Izan ere, gutxik daki Europa erdialdeko hotsekin euskarazko melodiak osatzen berak bezain ongi.

Soro Barturen, aberats argi eta eszentrikoa, bere Watson edo Erroman propio eta guzti Pedro Iturria idazlearen arrastoaren atzetik doa. Iturria, misterioz josia, behiala ezagutu zuen heriotza hurbil dakusan Barturenek eta berri hitz egin nahi luke berarekin. Haren literaturari buruz itaundu, urteen igarotzeak zuhaitzei eginiko zauriei esku ahurra gainetik pasa.

Iturriak ipuinak idatzi eta argitaratu ditu Europan barrena. Herrialde bakoitzean bi, hango hizkuntzatan. Mugituz doa azeriaren pare, arrasto gutxi utzita. Barturenek bere ondasunak xahutzen ditu arrasto horien bila, ipuinak itzultzen ditu komentatzeko, itzultzaileei ordaintzen die horiei buruz solasteko ere, alabaren konplizitatez detektibe jolasean.

Barturen pertsonaia aparta da, bizia bere elkarrizketatan, sumendia bere gogoetatan eta bitxia zeharo. Heriotza hurbil sumatzen du eta horrek abiada ematen dio liburuari. Erromanek kontrapuntua eskaintzen dio, Kixote orok behar duen Santxo Pantza. Iturriaren ipuinak aldiz ezberdinak dira, politak gehien-gehienak, balio artistiko handikoak.

Hiltzen ari da Soro Barturen, horregatik ari gara pertsonak erosten. Gazteak erosten ditugu batez ere, baina zaharrak ere erraz erosten dira, besterik ematen duen arren… Katedradunen bat ere erosi izan dugu inoiz. Erosi, erabili eta bota. Batzuetan ez ditugu botatzen, berrerabili egiten ditugu, dirua nahi dutelako. Horretarako etorri gara Pragara.

Unai Elorriagaren Iturria, Susa 2019, liburu eder-ederra da. Nobela eta ipuin sortaren hibridazioa, horregatik ere aski interesgarria. Niri pertsonalki bukaerak utzi nau apur bat hotz, baina merezi du berau irakurtzeak inolako zalantza izpirik gabe.