Ispilu aurrean

Ayllon. Zoriontasuna. Ipuinak.

Ez dakit galdera terribleagorik badagoen. Batek bere burua jar dezakeen ataka estuagoren batean. Zoriontsua naiz? Zer da zoriontasuna? Gure bizitzen zentrotzat jotzen dugu batzuetan; baina, gehienetan, lur harroak salatzen duen zuloan gordetzen dugu zoriontasuna bilatzea.

Izan ere, zoriontasunak gauza arraroak egitera garamatza. Dena utzi, lana, familia, estatua -Anestesiaren agur kantan bezala-, eta zure maitalearen bila hegazkin bat hartzera zaramatza. Kimioterapia saioei uko egitera. Maitasuna esklabotzarekin konfunditzera. Tren bidaia batean gizontasunaren ezerosotasuna sumatzea. Eta halako beste hamaika bidegurutzera iritsi dira bederen Mikel Ayllonen Zoriontsuak izatea aukeratu genuen (Elkar, 2020, Donostia Hiriko Kutxa Literaura Saria) liburuko ipuinen protegonistak.

Prosa soila, eraginkorra eta trebea du idazle arabarrak. Ipuin bildumaren atmosfera ere oso ondo deskribatzen du, Anjaren bulegoa lehen ipuinean aparta da, akaso liburuko ipuin onenetakoa, azken ipuineko Ainhoa harakinaren jarduna untxia zatitzen, ze potentea den irudia, Rosaliaren ibilbide kaskarra… Gozatu dut irakurketarekin, atsegina izan da ahalegina edukia garratza izan arren une batzuetan, eta osotasunak ematen digu zoriontasunari buruzko intuizio sorta sendoa. Zoriontasunak batzuetan korronteari aurre egitea dakar berarekin, zoriontasuna erosotasunarekin nahas dezakegu, zoriontasunaren bilaketak ez du ulermenaren uztarik jasotzen. Zoriontsu izatea aukeratza maiz zoroa izatea baita, ipuin batean bikain aldarrikatzen den normal izatearen etsaia.

Hanna hiru minutu eta berrogeita bost segundo egon da komunean. Zortzigarren aldiz, bulegora etorri denetik. Atzo berandura arte edate egongo zen, etxean, bakarrik, biluzik. Edo argaltzeko biderik bihurriena hautatu du. Anjak galdetu nahiko lioke, asmatu zer arazo duen, lagundu, eta haren ondoan esertzen hasi da jantokian. Baina isilik jateko ohitura dute. HIrurak eta hogeita lau, ordenagailuaren pantailako erlojuan. Svenek ia hogeita bost minutu daramatza leihotik begira. Nagusiak badaki, baina utzi egiten dio. Lan gutxi egiten du. Egun batzuetan, batere ez. Emaztea suizidatu zitzaionetik, leihoen beste aldean bilatzen ditu erantzunak. Edo gorputz batek lurreraino iristeko zenbat denbora behar duen kalkulatzen du. Esate baterako, hirurogeita bat kiloko gorputz batek, emaztearenak, haizerik gabeko egun batean, zerua laino. Bi minutu eta hamalau ehunen, bosgarren pisutik. Gutxi gorabehera. Bizilagunen oihuak, anbulantziaren sirena. Anjari iruditzen zaio anbulantziak oraindik bizirik daudenentzat gorde beharko liratekeela.

Honela hasten da Ayllonen liburua. Espero dut ni bezain zoriontsu izatea berarekin.

Poligonoa

Belamuno. Industriala. Ipuina.

Gure zibilizazioa aztertuko dutenean, plastikoaren aroa deituko diote gure lotsarako, biribilgunea joko dute lorpen nagusitzat. Bidegurutzeek bide aukera handiagoak eskaini arren, bada Arrasaten Azuela edo Sietecaminos deritzon eremua, biribilgunea baino malguagoa da. Bidegurutzeak badu erabakimena atzetik eta garaiotan zer hobe biribilgunean bueltaka aritzea baino. Ez da metafora berria, badakit. Telesforok biziko balitz Ander Gortazarren artikuluak baliatuko lituzke Maltzagaz jarduteko. Biribilguneen erdiguneak dira gure artearen zulo beltza. Eta ez nabil Zornotzaz, bakarrik.

Biribilguneen ondoren industri poligonoak dira gure lorpenik handiena. Lana hirietatik atera ondoren etxebizitza espekulazioaren urrezko aroa ahalbidetu dutelako batetik, ekosistema oso berezia sortu dutelako bestetik. Poligonoetan daude alderdi politikoen egoitzak, argitaletxeak, pvc leihoak eta emakume nigeriarrak prostituitzen dituzten proxenetak. Eta, poligono hauetako giroa inork gutxik deskribatzea lortu du Julen Belamunok bezain ondo. Azpeitiar honek liburua argitaratu berri du Hotz industriala izenekoa (Susa, 2020) eta bertan jasotzen ditu bost ipuin eder. Hizkuntza oso aberatsa du, pasada bat Amaren errautsak ipuineko lorategiaren deskribapena (zer esanik ez bikote harremanaz), eta prosa dotorea. Honen adibide nola hasten den lehen ipuina, liburuari izena ematen diona, nire ustez borobilena dena:

Egurrezko banko batean eserita dago Lezeta, auzoko plaza bakarretako batean, inguruan dituen platano erdi biluzietatik eroritako hosto ihartuen zirimolei begira. Goiz-goizetik atera du gaur haizea, eta plazaren alde batetik dator indarrez, lurrean bildutako orbelak eta paper puskak astinduz eta orain alde batera eta gero bestera eramanez. Begirada altxatu du, eta argia piztu berria den lihora joan zaio, zerua argitzen hasi bada ere, oraindik ez du eguna zeharo zehabaldu, eta gero eta gehiago dira bistako adreilu gorriko fatxadetan ikusten diren argi zuri eta horixkak.

Ipuinen ongi garatzen ditu, mintzagaiei buruz informazio ugari eta aberatsa eskaintzen du, erudizio eta dokumentazio lanaren adibide, baina esango nuke, bainarik jartzekotan, lehertzen ez den galernak grazia egiten duela udan behin, baina, barren-barrenean, denok garela uretan plisti plasta jardun nahi dugun haurrak.

Hau esanda, liburu gomendagarria, bereziki onak hotz industriala, amaren errautsak eta ahaztutako pintoreak ipuinak. Bere beste liburuak irakurtzeko gogoa piztu dit eta igandea gozagarri bihurtu Belamunoren narraziotan murgiltzeak.

Kristo

Irak. Gerra. Blassim.

Bigelowren The Hurt Locker, Greengrassen Green Zone edota zalantzagarriagoak diren, ez horregatik gozakaitzagoak, The A Team edo American Sniper filmak ikusiak baditut. Batzuk sentiberagoak sufrimenduaren esportazioarekin eta beste batzuk patriotikoagoak, baina denak hara gerra egitera joan denaren ikuspuntutik eginak. Gutxi dira ordea Irakeko gerra bertakoen ahotik kontatzen duten pelikulak eta hori Irak ez zela preseski herrialde txikia. Dezente gehiago kostatuko dira Black Hawk Down filmaren ifrentzu somaliarra topatzea.

Liburuak asmakizun aparta dira. Izan ere, nahiz eta ikusentzunezko eta pirotekniaren garaian bizi garen, gauza gutxi liburua bezain demokratikoak. Ez da askorik behar, norbera da lekuko, liburu bat argitaratzeko. Adorea, diru poxi bat eta papera. Horregatik liburuen unibertsoa beti da anitzagoa zeluloidearena baino, zapalduek eurek ere argitaratzen dutelako.

Baliteke erredukzio hutsa izatea egin dudana, azken urteotako film edota telezailen euskal pizkundea lekuko. Handi nahiz txiki, gauza dotoreak ari dira ekoizten inguruotan. Baina susmoak bizirik dirau nire baitan eta kostako zait ebidentzia sendoak ikusi ezean berau aldatzea.

Irakurri dudan azken liburua Hassam Blasimen El cristo iraquí (Galaxia Gutenberg 2019, Amelia Pérez de Villarrek itzulia) ipuin liburua da. Bertan, gerrak (gerrek) zartatutako gizartea ageri da, Estatuaren desintegrazioa (ze ondo erakusten duen hau ospitalean girotutako La ventana de la quinta planta ipuin paregabeak), indarkeriak bizitzatan uzten duen arrasto odoltsua, migrante-errefuxiatuen drama… Ipuin sortan batzuk oso onak iruditu zaizkit eta beste batzuk aldiz apalagoak, azpimarratzekoak aurretiaz aipatu dudanaz gain El canto de las cabras, El cristo Iraquí edota Los mil y un cuchillos. Ipuinek unibertso propioa garatzen dute, nahiz eta badiren euren artean erreferentzialaka diren bizpahiru, eta galaxia oso bat. Diktadura eta gerrak zapuztutako herrialde bateko ahotsak ageri dira, mutilatuak diren pertsonak, indarkeria ez beste biderik aurkitzen ez dutenak edota hilkutxei segizioa egiten diotenak egun horretan auzoan nor hil den jakiteko. Bitxiak dira ere Finlandian kokatutako pasarteak, Blassim beraren biografia ezagututa ulertzen dena, han baita idazlea errefuxiatua.

Liburuaren idazkera aberatsa iruditu zait, batzuetan azidoa tonuan eta sufremendduak dakarren umore beltzez blaitua. Niri bereziki gordinak egin zaizki atentatu suiziden pasarteak, idazleak egunorokotasunaren absurduarekin nahasten dituenak. Hau da esaterako liburuko lehen ipuineko lehen pasartea:

La gente esperaba, haciendo cola, para contar sus historias. La policía intervino para poner orden entre la multitud, y la calle principal, frente a la emisora de raddio, quedó cerrada al tráfico. Entre la gente circulaban carteristas y cigarreros ambulantes. Les ddaba mucho miedo que se infiltrase un terrorista entre la multitud y convirtiera todas esas historias en una pulpa de sangre y fuego.

Bada euskaraz liburua Ana Isabel Moralesek itzulia eta Pasazaitek argitaratua. Niri eskuetara salto egin zidan gaztelaniazko itzulpen liburuak pandemia garaietan kalean egotetik babesteko Arrasateko Bibliotekan gorde nintzenean, berandu ohartu nintzen honezkero euskaraz itzulia bazela. Halere, sorpresa atsegina izan da Hassam Blassimen obra ezagutzea. Liburuak asmakizun aparta badira, zer esan liburutegiez?

Basiliskoa

Bilbao. Mendebaldea. Muga.

Euskarazko Wikipediak honela definitzen du basiliskoa: Europakobestiario eta kondairetanbasilisko (grezieraz: βασιλίσκος basilískos, “erregetxo;” latinez: Regulus) alegiazko animalia da, suge gorputza, hegazti hankak, hegal arantzadunak eta lantza itxurako isatsa dituena, begirada hutsez hiltzeko ahalmenaz hornitua[1]. Beste Europako herrialdeetan bezalaEuskal Mitologian ere badu bere esparrua. Aurrerago jartzen duenaren arabera, Arabako Martioda herriko Urrialdo baselizan ba omen zen Basiliskoaren pintura gotikoa. Sute batek suntsitu zituen hango aberastasunak eta sute txiki bat marrazten du Jon Bilbaok bere Basilisco (Acantilado, 2020) nobela/ipuin bilduman.

Izan ere, ez dago argi zer duen irakurleak esku artean formari dagokionez. “Cápitulo autoconclusivo” gisa deskribatzen da liburuaren bizkarrean obra. Nik esan dezakedana da bi karril dituela, bata garaikidea bestea duela mende eta erdi Amerikako Estatu Batuetako far-westean girotua, eta tartean idazle izan nahi duen protagonistaren obra laginak. Badu haria, jakina, protagonistak abiatu duen bidaia ingeniari ohi izan eta idazle bihurtzeko eta dakigunez bidaia orok du atzean uzten den zerbait. Kasu honetan, Katharina bikotearekin eta bere guraso nahiz seme-alabekin duen harremana da bidean uzten duena gizonak. Berekoikeriak dakarren krudeltasunez.

Ez dut alferrik idatzi gizon hitza. Gizonen nobela baita hau. Haserre diren gizonak, ume haundi diren gizonak, bikote harreman bat azken orduan salbatzeko zikoitzak diren gizonak. Eta gizontasun honek isolatu egiten ditu, zarpaildu, gogortu eta gaiztotu. Protagonista haserre dago, ukabilka egin nahi lioke munduari. Jelosiak jota dago finean maite ez duen emakume baten bikote ohia agertzean. Mundua eta ingurunea arrotzak, krudelak eta gogorrak dira. Izan Utah parajeko basamortuan edota Kantauriko hegian. Horregatik jostailuzko hegazkinaren eszena mundiala da, oso ondo idatzia. Zer esanik ez western berantiar ezaugarriak dituen fikzio karrilaz, arketipikoa dena eta berria trebezia handiz nahasten baititu, egiazkotasun handia erdietsiz.

Liburu guztiz gomendagarria, irentsi egin dut apenas bi egunetan, eta ezagutzen ez nuen autore bat orbitan jartzeko modua. Western zalea izanik asko gozatu dut kapitulu horiekin, baina goia kontakizun garaikideak jotzen duelakoan nago. Irakasle ohiari eginiko bisita, Ribadesellako etxea edota idazle gisa erditzeko egin beharrekoa apartak dira. Izugarria, beldurra emateko modukoa, protagonistak bere amarekin duen elkarrizketa. Ileak puntan jartzeko modukoa.

Bukatzeko, hemen hasierako pasarte bat, ezezagunen arteko bazkari bateko giroa eta giza kondizioa ezin hobeto deskribatzen duena:

¡Vamos, Oscar! ¡Es muy divertido!

Antes de que su madre pudiera decir algo, el niño corrió a la cama elástica. Sylvia no reaccionó hasta después de que el niño se lanzar a saltar. Le ordenó que se bajara de allí, pero fue Katharina la que contestó.

Dijiste que una cama elástica solo para él era demasiado. Ahora ya no es solo para él, así que puede jugar un poco.

Es cierto, dijo Manuel.

Sí,eso fue lo que yo entendí, dijo Diana.

Con cada salto, a Katharinase le subía la minifalda dejaba a la vista unas bragas amarillas amarillo limón. Oscar se reía y chillaba.

El marido de Sylvia y Manuel no despegaban los ojos de Katharina. El primero intentaba disimular; el segundo la miraba abiertamente. Manuel había apoyado un codo en la mesa y cruzado las piernas. Cada vez me caía mejor. Si no estaba cómodo no disimulaba; si lo estaba, tampoco.

Lautada

Rulfo. Kristeroak. Miseria.

Lautadaz ari garenean, euskaraz bederen, Araba datorkit burura. Akaso gehiagori ere pasatuko zaizue. Mundu ikuskera txikiaren fruitu izan liteke, batek daki. Berdin dit. Panpa hezean besteko lautadarik ez dut ezagutu, bihurgunerik gabeko ehun kilometroko errepidea Saladillon, baina lautadari nahiago diot Araba toponimoa erantsi. Osabak diost ardiak behatzen ikasi duela munduaz dakien guztia. Ba hori.

Halere, orain, lautada berbari baliteke galdera bat eranstea. Lautada handiaz ari zara edo Elgeaz bestalde hasten denaz? Izan ere, lautada handia, bere itoan, Juan Rulfori esker ezagutu baitut. Hogeigarren mendeak astindu zuen Mexiko eta Mexikok astindu zuen iragan mendea iraultzari esker. Astindu horren ertzean daude partida “karlista” mexikar edo kristeroak, jite askotariko alprojak, itzainak eta miseriak blaitutako lurrak, euriak ere ihes egiten duen mortua.

Ipuin bilduma da El llano en llamas, Juan Rulforena (Cátedra 2018, Françoise Perusen edizioa) eta bere Pedro Páramo obran abiatutako unibertsoa handitzen du. Hara eta hona dabiltzan gizon-emakumeak, pobreak, fededun hipokritak eta alproja handiak, semeen ardurarik ez duten gurasoak eta ihesi doazen emakumeak. Edizio ona iruditu zait, ezinbestekoa den oin-ohar sorta mardula dakarrena egilearen nekazal hiztegi herrikoia ulertzerko.

Bitxikeria gisa, amaitzeko, bitxia eta ederra egin zait Rulfok nola deskribatzen duen gure inguruotan horren ezaguna den kaliza harrizko mendi bat: De los cerros altos del sur, el de Luvina es el más alto y el más pedregoso. Está plagado de esa piedra gris con la que hacen la cal, pero en Luvina la nomabran Cuesta de la Piedra Cruda. El aire y el sol se han encargado de desmenuzarla, de modo que la tierra de por allí es blanca y brillante como si estuviera rociada siempre por el rocío del amanecer; aunque esto es un puro decir, porque en Luvina los días son tan fríos como las noches y el rocío se cuaja en el cielo antes que llegue a caer sobre la tierra.

…Y la tierra es empinada. Se desgaja por todos lados en barrancas hondas, de un fondo que se pierde de tan lejano. Dicen los de Luvina que de aquellas barranccas suben los sueños, pero yo lo único que ví subir fue el viento, en tremolina, como si allá abajo lo tuvieran encañonado en tubos de carrizo.

Eguratsa

Carver. Maitasuna. Gordina.

Aire garbiak bira nazan. Hala zioen duela urte batzuk, badirudi bizi oso bat igaro dela zaborraren gerra egin zenetik, Zero Zabor taldeko haize erroten kulunkak. Egungo eguratsa garbia ez dugunaren seinale, beti eguzki gosez den herri batean zer espero liteke, korronte apurreko aire astun biziatua.

Haize korronteak egon badaude gurean, bortitzak askotan, trumoitsuak gehienetan, baina ez dakit eguratsa garbitzen duten leiho nahiz ateak itxita direla sortutako korronteek. Batek ez daki zer pentsa askotan. Haizeak estatua batzuk bota ditu eta beste batzuk laztandu. Zaila da batzuetan logika aurkitzea horri. Haizeak isiltzera zaramatza, hori bai, ez dakizula egurats hau arnas bihurtu.

Raymond Carverren De qué hablamos cuando hablamos de amor, Anagrama 2019, ipuin sorta itogarrian maitasuna deritzon horren fotogramak erakusten zaizkigu. Bizitza zati solteak, bortitzak, gordinak, errealak, gogorrak eta irakurtzea merezi dutenak.

Estaba el coche de Vera, y ninguno más, y Burt dio gracias por ello. Subió por el camino de entrada y se detuvo junto a la tarta que se le había caído la noche anterior. Seguía allí; el recipiente de alumino volcado, el halo de relleno de calabaza sobre el pavimento. Era el día siguiente a Navidad.

Padura

Hezegunea. Xomorroak. Hendaia.

Karearrian sustraiak botatzeko hautua egin dugunontzat padurak badu ezezagunaren xarma. Indefinizioak karratutasunari eragiten zauri, ur eta era beran lur. Guretzat lurra sendoa da, koba eta osinak salbuespen. Paduran, biguna, aldakorra, mesfidatia da lurra. Pausoa ez da ziurra. Padura igurtzi-eremua da. Horregatik gure tema herriz herri padura guztiak lehortzen? Padura iragana da.

Gure Euskal Herri honetako atzoko, gaurko eta biharko urbanisten alde zerbait esateagatik xomorro habia ere bada padura, Juan Antonio Urbeltzek “Cromlech vasco y zorro japonés. De Jorge Oteiza a Akira Kurosawa” liburu ederrean aipatu legez. Padura, xomorroen bazka eta gure kezka. Dantzak, ofrendak, urtero errepikatzen den izua. Eritasun iturri, animalia erreinuko ogasun. Sedentarioon etsai dugu, horra paradoxa, ur geldoa.

Liburu hezearen traza hartzen diot ere Eider Rodriguezen Bihotz Handiegia ipuin liburu ederrari. Itsaskorra. Hendaia padura zen, padura da eta badirudi padura izango dela. Ipuinetako pertsonaiak, hezur-haragizko pertsonen antzera, plisti-plasta ari dira mugaldean. Zaintza lanetan, ipuin gehien-gehienetan. Baina baita familia barruko harremanetan, lapurtar eginiko gipuzkoarren eta iparralde barnekaldeko pertsonen arteko erlazioan, bikote bizitzatan, iraganean. Eta egiari zor temati Hendaian soilik kokatzen dudan arren, norbere bizipenen zerga, liburua bada Donostia, bada Orereta, bada Sara. Hendaiaren aldiri. Liburutzarra bada.

Hendaia ez da toki txarra berriro hasteko. Ipuin denak dira gomendagarriak, baina ni Urtebetetze festak hunkitu ninduen.

Hendaia ez da toki txarra berriro hasteko. Muga. Irun. Gipuzkoar saldoa lorategidun etxeetan. “Hendaia ez da Lapurdi”, entzun nion behin baionar artzain bati.

Jakina. Hendaia padura da.