Loti Ederraren lehen bertsioa Italian argitaratu zen, 1634. urtean. Giambattista Basile-ren Eguzkia, Ilargia eta Talia ipuinean, printze batek Talia lo topatu, eta bera esnatu gabe bortxatu egin zuen. Haurdun gelditu, eta artean esnatu gabe, bikiak erditu zituen Taliak. Dio ipuinak haurtxo horietako batek esnatu zuela ama, atzamarra miaztu eta kalamuzko ezpala kenduz. Printze bortxatzailea, errege bihurtuta jada, berarengana itzuli zen, eta maitasun istorio eder bat hasi zuten.
Ipuina aldatzen joan zen, ez baita batere elegantea bortxatu zaituenarekiko maitasun erabatekoa sentitu behar duzula esatea. Mezuak sotilagoak bihurtu dira, printze urdinaren zain egon behar dugula iradokiz, laranja erdiak zoriontasuna emango digula sinestaraziz.
Urte luzeotako emakumeon eskubideen aldeko borrokari esker, baina, laranja erdiarena ere atzean uzten ari gara pixkanaka. Baina patriarkatuak beste gol bat sartu digu: maitasun erromantikoa formaz aldatu, eta seme-alaba forma eman dio printze urdinari. Ama izan behar dugula diosku, ama perfektua, emakume “oso” izan nahi badugu. Ama, emakumearen gainetik.
Eta erromantizismoz beteta, arrakasta profesionala izango duen gizon maskulinoa heziko dugu, edo lan erreproduktiboak prekarietatean egingo dituen emakume femeninoa.
Kapitalismoak alabari prestigio sozial txikiena duten lanpostuak emango dizkio, zaintzarekin erlazionatutakoak: erresidentziako langile (patronalentzako “ipurdi garbitzaile”), garbitzaile ikusezin, etxez etxeko langile… Arrakasta izatekotan, gizonak baino oztopo gehiago gainditu beharko ditu, indizeaz harago doan soldata arrakala sufrituz.
Patriarkatua, baina, larritzen hasi da: loti ederrok esnatu gara. Nazkatu gara beldurrez bizi eta zapalduta egoteaz, emakume izateagatik eskubide gutxiago izateaz.
Bizi nahi dugu, ez biziraun.