Eraldaketa eta alternatiben bueltako hamaika azoka sozial izaten ditugu inguruan. Azaroaren 17an Ordizian izandakoak, baina, aipamen berezia merezi du. Koloretruk kulturen arteko topaketak egun bizi ditugun erronkak modu integralean lantzeko aukera eman zuen. Ez ziren soilik bildu bertan ohiko eragileak (Goiener, Izarkom, Olatukoop…). Pausu bat harago joan, eta Ordiziako eragile sozial anitzek (gaztetxea, mugimendu feminista, gastronomia txokoak…) eta, bereziki interesgarria dena, migratzaileen komunitate zabalak hartu zuen parte bertan. Esperientziak partekatzeko guneak izan ziren, “munduko arrozak” poltsiko guztientzako bazkaria… baita kolektibo ezberdinen arteko elkarrizketa bultzatzeko txokoak ere.
Estitxu Eizagirrek Mbolo proiektua aurkeztu zuen aste hasieran. Inork lanik eman nahi ez, eta garbitzaile kooperatiba sortu duten senegaldarrei buruz aritu zen, eta Argiak beraiekin batera aurrera eramandako proiektua aurkeztu: “Inor ez da ilegala”, edo wolof hizkuntzan “Amul been nit ku leegalul” kamisetak. Zapalduen arteko indarraz hitz egin zuen Estitxuk, goitik beherako harremanez harago, migranteen kolektiboa gure aliatu ikusteari buruz.
Izan ere, zapalduak bi kolektibook gara, euskaldunak zein migranteak, emakumeak zein beltzak. Zapalkuntza hau aitortu, eta kontzientzia horretatik babeserako komunitateak sortzeko beharra azaleratu zuen, alternatibak eraikitzeko zapalduen arteko elkarlanaren indarra azpimarratuz.
Zapalduak garen kolektibook “ahulagoa dena” zapaltzen segitzen dugun bitartean ez dugu gizarte alternatiborik sortuko. Ezinbesteko dugu harreman horizontaletatik sinergiak bilatu eta komunitatea indartzea, txuri euskaldunen hautatzeko eskubidea lehenetsi eta segregazioa bultzatzen segi ordez. Bide horretan, euskarak eta wolof-ak batuko gaituzte.