Gogoan dut duela hilabete batzuk Herri Ekimen Legegilea (HEL) ekarri nuela izenburura. Gutxieneko pentsioei buruzkoa izan zitekeen, edota gutxieneko soldatari buruzkoa. Bata edo bestea izan, amaiera berbera izan dute biek. Gobernuetan dauden alderdiek bideak itxi dizkiete milaka sinadura bildu zituzten ekimen legegileei.
Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bultzatzeko sindikatuek 138.000 sinadura bildu zituzten. Nafarroan, txosten juridikoen aitzakia erabili zuten eztabaida atzera botatzeko. Eusko Legebiltzarrean, EAJ, PSE, PP eta VOX alderdiek eskutik helduta itxi diote bidea. Hortxe, oinarrizko bizi baldintzei buruz hitz egiterakoan alderdi politikoen ideologiaren ispilua.
Gutxieneko soldata lekuko errealitate sozioekonomikora egokitzeko saiakerak ez dira berriak. Zenbakia garrantzitsuena ez den arren, oraingoan 1.500 euroko langa jarri du euskal gehiegi sindikalak aldarri gisa. Ekimenak blokeatu dituztenen soldatetatik aski urrun dagoen zenbakia, ziur. Eta negoziazio mahaiak sortzeari uko egin zioten EAEko Confebask eta Nafarroako CEN patronaletako ordezkarienetatik are urrunago, jakina.
Mugimendu natural gisa hartu beharko genuke, beraz, sindikatuena (ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde dira, oraingoz, deitzaileak). Alderdi politikoak presionatzeko bidea, patronalei “nahikoa da!” esateko era, langileak antolatzeko eta kontzientziatzeko tresna, borroka egituratzeko modua, indibidualizazioa gainditu eta ahalduntze kolektiborako aukera. Horixe guztia delako greba orokorra, egun bakarreko mobilizazioa baino harago.
Hurrengo hilabeteotan sindikatu eta eragile sozialek erronka ederra daukagu: ustez lanbidearteko gutxieneko soldatak eragiten ez dietela uste duten milaka langileak mobilizatu eta ideologizatzea. Olentzero etxe guztietara iristea ere badago jokoan.
Artikulu hau Argia aldizkarirako egindako kolaborazio bat da. Jatorrizkoa hemen dago irakurgai, cc-by-sa lizentziapean.

