Marko propiotik, hobe

Datorren urriaren 15ean palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzeko geldialdia egingo dugu, indartsu. Itxiko ditugu enpresak, elkarteak, egoitza publiko zein pribatuak, industrialdeak. Zaharren egoitzak edo ospitaleak ez, zerbitzu minimoak % 100ean jarriko dituztelako, zerbitzu ohikoak ez baitira minimora ere iristen. Hortxe, greba egunetan hain nabarmen geratzen zaigun errealitatea.

Euskal langileriak “nahikoa da!” esango du urriaren 15ean, berriz ere. Oraingoan ere bihotza birrinduta, elkartasunak ematen duen minez, inpotentziaren amorruaz. Eta irtengo gara kalera, ziurrenik nahi baino isilago, oihu egitea biolentoa dela barruan sartu digutelako akaso. Baina hain beharrezkoa da molestatzea, hain beharrezkoa da batzuen bakea oztopatzea, bestela aldarrikapena ez delako aldarrikapen, soilik geure barrenak baretzeko modua baizik.

3 edo 4 orduko deialdia egin, agenda propioari lehentasun txikiagoa edo handiago eman, urriaren 15a ez da soilik genozidioa salatzeko eguna izan behar. Ezinbestekoa da boikota aldarrikatzea, Israelgo gobernuarekin harremanak eteteko eskatzea, CAF bezalako enpresei interpelazio zuzena egitea. Iruñean Israelgo estatua estatu kriminala dela aldarrikatu genuen moduan, urriaren 15ekoa ezin da izan postureoak babesteko mobilizazioa. Gobernuen postureoak salatu egin behar ditugu, benetako neurriak, blokeoak, boikotak exijitu behar ditugu. Praktikatu behar ditugu, Carrefour moduko kateei iskin eginez.

Urriaren 15ean ez da izango marko propioa aldarrikatzeko eguna, difuminatuko delako Espainiako mobilizazioekin. Baina urriaren 16tik aurrera, marko propioaren aldeko borroka berreskuratu behar genuke. Euskal gehiengo sindikala, euskal gehiengo sindikala izan dadin. Galtzen ari garena gehiago gal ez dezagun, gure txikientzat gizarte justuago bat eraikitzen segi dezagun.

Artikulu hau Argia aldizkarirako egindako kolaborazioa da. Jatorrizkoa hemen dago, cc-by-sa lizentziapean.