Iruzurra aitzakia

Lanbidek Diru-sarrera Bermatzeko Errentetako iruzurraren aurkako kanpaina jarri du martxan, salaketetarako buzoi anonimoa sortuz. Jaso dituen kritikei erantzunez, adierazi du buzoi hau salaketak eta jakinarazpenak ordenatzeko tresna huts bat dela. Ez du ez klase irakurketarik, ez du zaurgarriekiko kriminalizaziorik bultzatzen, eta ez du, nola ba, herrikideon artean polizia lanak egitea sustatzeko helbururik.

Egia esan, azken kanpaina honek ez nau bereziki harritu. Ez nau harritu, sistemak kolektibo zaurgarriak kriminalizatzeko saiakera behin eta berriro egiten duelako; erraza, merkea eta segurua delako. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentetako iruzurrarena kontu zaharra da, oso hedatua, eta faltsua. % 0,7ko iruzur tasarekin, ke laino huts bat da.

Akaso, Lanbideren kanpainak zerbait ona badu, kexa eta salaketetarako tresnei buruz hitz egiteko aukera eman izana da. Izan ere, 2023 urte amaieratik legez araututa daude “salaketetarako kanal etikoak”. Kanal hauek enpresen eta erakundeen gardentasuna eta jarrera etikoak bultzatzeko helburua dute, horretarako salatzailearen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatuz. Oso tresna baliagarria izan daiteke antolaketa sindikal baxuko erakundeetan edota zaintza eta jazarpen protokoloetan hutsuneak dituzten kasuetan. Izan ere, jazarpena salatzeko muga handietako bat izaten da salatzeko beldurra.

Dena den, ez dut uste Lanbideren ekimenaren atzean halako helburu onik dagoenik. Gehiago du, neure ustez, eskuin muturraren diskurtsoa bultzatzetik eta klase borrokatik, gizarte kohesio eta zaintza komunitariotik baino.

Artikulu hau Argia aldizkarirako egindako kolaborazioa duzue. cc-by-sa lizentzia erabilita ekarri dut blogera. Jatorrizkoa: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2895/iruzurra-aitzakia

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude