Harmailatik baino, pistatik egindako kronikarekin natorkizue. 40 urteren ondoren, Iñazio Elorza Ping Pong txapelketaren 2. edizioa izan genuen Arteaga jatetxean.
Izena ematera goiz iritsi ziren parte-hartzaileak, atzerritik batzuk, baina eskualdetik gehienak. Zapatila erosoak jantzita, batzuk entrenamendu saioak eginda zetozen, Zegama-Aizkorri txiki uzten baitzuen deialdiak.
Izena emateko mahaian, 1984ko urtarrileko argazki zaharrak. Tartean, jada gurekin ez ditugun gehiegi. Malkotxo bat edo beste masailetik behera erortzen utzi, arnasa sakon hartu, eta etxeko guztiok eman genuen izena. Haurrak, umeak, gurasoak, amandreak, aittajaunak… Guztiak kategoria berberean lehiatuko ginen, hala zion txukun-txukun inprimatutako araudiak.
Zozketarako bolatxoak prest, batzuk entrenamendurako aprobetxatu zuten bazkal aurreko tartea, palak berotzen. Diotenez, ping-pong mahaia normala baino estuagoa zen, kanpinetako estandarretatik kanpo. Horregatik akaso, uste baino urduriago ikusi genituen batzuk.
Postrea amaitu bezain pronto, Joshe eta Joxerra falta zitzaizkigula gogoratu ziguten han agertu ziren bi espontaneok. Barre algara artean, kafea hartu, kopak eskatu eta antolatzaileen agindutara jarri ginen guztiok.
Han zeuden Bixentiko-tiko-tiko txapeldunordea eta Anton Il Padrone di la Tabola jokalariak, prest, duela 40 urteko balentriak errepikatzeko desiratzen. Baina ez, medailak lortzetik urrun xamar gelditu ziren. Akaso eguraldiagatik, euri zaparradak eta haizeak txapelketa zaildu baitzuen.
Julen eta Igor iritsi ziren final handira, txalo artean, izar handien gisara. Lehengusuen artean geldituko zen azkenean lehia.
Total. Antolatzaileek irabazi zutela. Tongo salaketak egon arren, emaitza duintasunez onartu, elkar besarkatu eta domina jantzita joan zen etxera Tiko-tiko Junior.