M15: eredu parte-hartzailea aldarri

Zenbat hashtag; #nonosvamos, #spanishrevolution, #acampadasol… baita #acampadaLacoste ere (gustatuko litzaidake Donostiako Lacoste fenomenoa ikustea ba…). Zenbat twitter-eko mezu. Zenbat bideo eta argazki, facebook eta twitter bidez zabaldu direnak, eta komunikabide “ofizialetan” zabaldu ez direnak, orokorrean. Eta zenbat gai hausnarketak egiteko.

;-)

Mezu honetan “sare sozialetako iraultzari” buruz hitz egin ahalko nuke, baina horretarako badaude adituago diren beste batzuk (gaurko Irlen sarea-ko artikulua kasu). Era berean, partidokraziari buruz ere hitz egin ahal izango nuke, gaur Martxelo Otamendi eta besteak aritu diren gisara, Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Espainiako iraultza faltari buruz ere hitz egin nezake, eta demokrazia “errealaren” alde maiatzaren 5ean Bilboko kaleak eta plaza nola hartu genituen aipatu (barre egiteko aukera ere izan genuen, animalien kontura! ). Zenbat kontu.

Baina horiek guztiak alde batera utzi, eta gaurko lehenengo tweet-ari helduko diot, demokrazia erreala, krisia eta eredu parte-hartzaile sistematizatu eta arautuari.

Ez dakit tesiarekin eta blogarekin nabilen denbora honetan guztian bankuen eta krisiaren sortzaileen (Julio Anguitaren hitzetan Espainiako Estatuan 1000 ei dira, izen-abizenekin)  diktadura ardatz hartu dudan. Ez dakit “diktadura” hitza bera erabili dudan. Hala pentsatu arren.

Diktadura horri aurre eginez demokrazia erreal eta parte-hartzailea da (batak bestea dakarrelakoan nago), Madrilgo asanbladetan egindako hausnarketetan lortutako emaitzen oinarria. Hasiera batean zalantzak nituen, ez nekien krisiaren kudeaketarekin erlazio zuzena zuen ala ez. Beharbada, pentsatzen hasi ez nintzelako izango zen (RTak egitera mugatuz?). Baina gaur argi ikusi dut. Egin dezagun atzera, aurreko paragrafoan aipatutako diktadurara. Espainiako gobernuak (nazioarteko beste gobernu gehienen gisara) azken urteotan hartutako erabakiak merkatu finantzarioen eskakizunei erantzuteko asmoa izan dute, asmo huts hori. Moduak ezberdinak izanda ere, azken finean egungo egoera sozioekonomiko-politikoan edozein alderdik hala egingo luke. Eta ez dakit benetan “boterera” iritsitako beste alderdiek ez luketen gauza berbera egingo.

Eta nola ekidin daitekeen hori? Boterearen banaketarekin. Hau da, imajina dezagun krisi honen hastapenetan gaudela. Goazen Espainiako Estatuko gobernuak hartutako neurrietako bati erreferentzia egitera: bankuen “erreskaterako” emandako milioika euro horiek. Eta estrapola dezagun kasu hori gure auzora, gure herrira, gure auzo-elkartera. Logika hutsa erabilita, ez al litzateke logikoena gure auzo-elkartea biltzea, egoera ekonomiko konplexua azaldu eta aztertu, alternatibak planteatu eta eztabaidatu, eta horren arabera gure baliabideak nola kudeatu denon artean erabakitzea, norbanakoen arteko berdintasuna ardatz hartuta? (Gauza bera gertatuko litzateke hozkailua hondatzean ere)

Hori da, azken finean, demokrazia parte-hartzailea, eta hori da gure herrialdean aplikatu beharko genukeena. Hala, lortuko genuke, hein batean behintzat, kanpoko presioak ekiditea, eta gure interesen araberako kudeaketa egitea. Langileon interesen araberakoa, pertsonena, eta ez kapitalarena. Ez 1000 pertsona horien interesen araberakoa. Horretarako baina, zenbait muga ekonomiko, sozial eta politiko gainditu behar dira. Eta hemen interneten eta sare sozialen eragina ere aipa liteke, informazioaren gardentasuna eredu hartzen badugu. Herriaren boterea, iraultzarako ahalmena, ezagutzan oinarritzen baita, formazioan eta informazioan.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude