Ez, honako mezua ez da ETB2-ko arratsaldeetako pelikula mitiko baten bertsio moderno bat. Jarraian txertatu dudan bideoan ez da Clint Eastwood azalduko pistola handi batekin, telebistako injustiziei aurre eginez. Pistola esan dut? Beharbada gaur egungo erasorik garrantzitsuena hitza bera litzateke, hitza hartzea, telebistako agintariei (€ eta $ jaunak, besteak beste) aurre egiteko modu egokiena, botere politiko-mediatiko-ekonomikoei aurre egiteko tresna garrantzitsu hori.
Jarraian azalduko zaizuen bideoa Paul Riosen twitter kontutik lortu dut. Lehenik eta behin Espainiako Estatuko ekonomia eta jendartearekin (sar gaitezen, ekonomikoki bada ere, kolektibo horretan) gertatzen ari denaren beste ikuspuntu bat jaso dut. Informazio horrek beste mezu luzeago bat merezi duenez, lehenengo mezu honetan bertan topatu dudan bideoa txertatzea erabaki dut.
Aspaldikoa da berria, niri behintzat ezaguna egin zitzaidan. Greziarrek orain dela hilabete batzuk jasan zuten erasoari egiten dio erreferentzia: eraso ekonomikoa = gainbehera soziala. Irakasle talde batek, gobernuaren neurriak kritikatzeko asmoz, telebista publikoko saio baten sartu ziren, “asaltatu” egin zuten, piratak bailiran. Asaltatu, egoera larriaren aurrean protesta egiteko. Isilik ez geratzeko. Bideoa ikusgarria da. Poliziaren presentziaren gainetik programan parte-hartzea nola lortu zuten azaltzen da. Oihu asko, baina mezu argiak.
Bertatik lortutako perla bat: “Pueblo, no bajéis la cabeza, no hay oro camino que resistir y luchar”. (itzulpena, jakina)