Erosketak bukatuta, etxera bidean Famarekin elkartu naiz. Jaiegunetan Senegalgo arropa biziak janzten ditu, baina gaur ez zuen horretarako indarrik. Kontatu dit Ordiziako zaharren egoitzan “bere aiton-amonak” hiltzen ikusten dituela tantaz tanta. Ez dit esan zabor poltsak erabiltzen dituztela babeserako, baina bai beldurtuta dagoela. Oso. Baina zaindu egin behar dituela, “zeinek egingo du bestela”.
Etxean jada, “osasunaren eta ekonomiaren arteko oreka” bilatu behar dela entzun diet agintari politiko eta ekonomikoei. Famaren begi negartiak ditut buruan. Etxetik ezin irten dauden gure guraso eta aiton-amonak. Bakarrik hiltzen diren horiek, eta beraien familiak. Eta ezin dut. Ezin dut sinetsi bizitzaren gainetik ekonomia dagoela entzun izana, guztiok ulertzeko moduan gainera.
Arnasa sakon hartu, eta haserrea eta mina alde batera uzten saiatu naiz. Ez da erraza, Zaldibarko zabortegiaren suak ere gogoan segitzen baitu. Baina noizbait etxetik irtengo gara, eta une horretarako indarra gorde behar dugu. Topatuko ditugulako miseriak, pasa beharreko doluak, galdutako eskubideak. Eta barruraino sartutako beldurra. Krisi ekonomikoari, langabeziari, bankuko zorrei.
Baina aizue, etxetik irteterakoan bizitza ospatzeko aukera ere badugu. Asko ikasi dugulako hilabeteotan. Ikasi dugu bizitzak behar duela erdigunean. Ikasi dugu esker txarreko lanak direla oinarrizkoenak: osasungintzako langileena, egoitzetakoena, dendariena, garbitzaileena, garraiolariena. Eta ikusi dugu elkar behar dugula. Elkar zaindu behar dugula.
Ezer ez da berdina izango, ez. Lehengoak ez garelako. Lehentasunak aldatu zaizkigulako. Egoera gogorrenei kolektiboki aurre egiten ikasi dugulako. Jostun lanetan segitzeko ordua da, babes-sarerik ez dutenengana iritsi eta guztion artean bizitza erdigunean jartzea lortu arte.