Sektore estrategikoen publifikazioa

Izenburura publifikazioa hitza eraman arren, zerbitzuen pribatizazioa izan da urte luzez titularrak irabazi dituen politika nagusia, bereziki sektore estrategikoena. Hitz egin genezake garai batean izan genuen telekomunikazioen sare publikoari buruz, sistema energetikoari buruz, sistema finantzarioaz, osasungintzaz, hezkuntzaz…

Urte hasierak, baina, Ayesa taldearen atal teknologikoaren erosketa (lehengo Ibermatica) ekarri zigun titularretara. Urrian hasi zen gaia komunikabideetan azaltzen, eta urtea amaitu baino lehentxeago lortu zen akordioa: aliantza publiko-pribatuak eskuratuko du Ibermatica 480 milioi euroren truke. Publiko egindakoaren arabera, aliantza horren baitan leudeke Eusko Jaurlaritza, Kutxabank, BBK fundazioa eta Teknei aholkularitza teknologikoa. Aurrerago Vital Kutxako fundazioa batzeko aukera egon arren, Gipuzkoako Kutxak baztertu egin du aukera, inbertsioak duen arriskuarengatik eta Teknei enpresaren rolagatik.

Auziak erpin ugari ditu, komunikabideek argituko dituztenak ziur aski. Tartean, EAJri estuki loturiko Teknei enpresaren gainean Kutxak azaleratutako zalantzak. Izan ere, EAJ eta Podemos, biek bozkatu diote ezetz eskaintzari. Baiezkoaren alde, berriz, Gipuzkoako beste alderdi guztiak.

Argi-ilun guztiekin, poztekoa da 1973an aurrezki kutxek eta bertako industriaren kapitalarekin sortutako enpresa bat jatorrizko lurraldera itzultzea. Publifikazioa sustatzetik urrun ziur aski, baina urte luzez epe motzeko irabazi ekonomikoei begira jarraitu diren politikak aldatzeko saiakerak dirudite azken inbertsioek. Baikorra izan nahi nuke, eta behingoaz herri honen oraina eta etorkizuna bermatzeko ezinbesteko politikak bultzatzea erabaki dela sinetsi. Dena den, denborak esango digu ea ez den oraingoa ere gutxi batzuk aberasteko estrategia hutsa.

Artikulu hau Argia aldizkarirako idatzitako kolaborazioa da. Jatorrizkoa hemen dago irakurgai, cc-by-sa lizentziapean.