Jakina da lan ikuskariak falta ditugula geurean. Hala ere, azken egunotan datu argigarriak ematea lortu dute: lan ikuskaritzaren arabera, EAEko enpresen % 64ak ez du ordutegien kontrolean legedia betetzen. Era berean, lehendakari ordeak gaitzetsi du absentismoaren eta oinarrizko soldataren inguruan kexatzen aritzen diren bitartean, enpresek ez dituztela lan eskubideak, araudiak eta osasun eta segurtasun neurriak betetzen. Ez da ohikoa gobernukide baten ahotik patronalaren aurkako hitzak entzutea, ez horixe.
Azken asteotan komunikabideetan protagonismoa irabazi du patronalak, ezin dugu hori ukatu. Aspaldiko adostasun zabalenarekin eskatu dute sindikatuek gutxieneko soldata igotzea, ezohikoa den argazkia eskainiz. Begiak itxi, eta saiatu naiz mahaiaren bueltan imajinatzen patronala eta sindikatuak. Alde batean trajeak, gizonak eta gaztelania, ingelesezko hitzak tartekatuz. Beste aldean, kaleko arropa, ziur aski sindikatuen pinen bat tarteko, eta emakumeak eta euskara presentzia irabazten. Astiro, astiroegi.
Baina ez, Confebaskek mahaiari uko egin dio, Nafarroako patronalak egin bezala. Sindikatuekin serioski negoziatzeko beldurragatik, akaso. Milaka familien ongizatea ahaztuta, ziur aski. Kapitalaren ekonomian kapitala dagoelako erdigunean, eta ez bizitza. Ez bizitzako oinarrizko elementuak, ez duintasuna, ez segurtasuna, ez ekitatea.
Alderdi politikoengan jarri beharko dugu berriz ere fokua, Herri Ekimen Legegilea onartu eta oinarrizko soldata duina errealitate bihur dadin. Hor ez du Patronalak beto eskubiderik, alderdi politikoek erakutsiko digute zein den beraien hautua: Martxoaren 8an ikusten dugun itxurakeria gisakoa edo benetako neurriak hartzea. Funtsean, arrakalak eta desorekak hautu politiko eta sozioekonomikoak baitira, ikuskariak ez izatea erabaki politikoa den gisara.
Artikulu hau Argia aldizkarirako egindako kolaborazioa da, cc-by-sa lizentziarekin blogera ekarria. Originala, hemen.