Aurrekontuak eta urteko kontuen itxiera, ez da besterik urteko garaiotan; etxeko ekonomiatik hasita, partekatzen ditugun espazio sozioekonomiko gehienetara. Enpresa handiak hasi dira kalkulagailuak ateratzen eta 2025ari begira asmo handiak martxan jartzen. Erakunde eta eragile txiki eta ertainak ere, hementxe, sosak eta erronkak nondik atera asmatu nahian. Proiektu eta amets handiak ditugulako, eta gehiegitan zuloz betetako poltsikoak.
Urte berriari begira panorama eskasa dugu inguruan: Siemens Gamesak 423 behargin kaleratuko ditu, Astilleros Balenciaga hartzekodunen konkurtsoan sartuko da, Gasteizko SDA Factoryk ateak itxiko ditu, BSHk Eskirotzeko 660 langile kaleratuko ditu… eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko ekonomia sozial eraldatzaileko enpresak baztertzea erabaki du. Besteak beste, Olatukoop sareak bultzatutako Koopfabrika ekintzailetza programa ez babestea erabaki du, eta formakuntza zein ahalduntze kooperatiboari labankada eman dio. Neguko hotza hezurretaraino sartu zaigu, hainbat proiektu kooperatibo eta eraldatzaile arriskuan jarri baitituzte.
Dirulaguntzei esker, termino kapitalistetan bideragarritasun zalantzagarria duten hainbat eta hainbat proiektu aurrera atera ahal izan dira. Txikiei eta sareei emandako laguntzek alternatibak eraikitzeko baldintzak sortu dituzte. Baina laguntzekiko dependentzia ikaragarrizko arriskua da burujabe izan nahi duten proiektuentzat. Horregatik dira hain garrantzitsuak Koop57 moduko sareak, eraldaketa soziala eskuin politiken menpe egon ez dadin.
Artikulu hau Argia astekarirako egindako kolaborazioa da. cc-by-sa egile eskubideekin ekarri dut blog propiora. Esteka: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2899/negu-gorria
Honekin doakizue, beraz, Koop57ra batzeko gonbidapena, baina baita negu honetan elkar babesteko eta indartzeko deia ere. Ekonomia sozial eraldatzaileak zaintza behar duen moduan, langile borrokak guztion indarra behar duelako. Eutsi!