Virginie Despentes-en King Kong Teoria liburua hasi berri dut. Lehen kapitulutik gogor hasten da: baieztatzen du estatuak, bere komunikazio eta aisiaren industriarekin, amatasuna gainbalioesteko mezuak zabaltzen dituela, baina ez emakumeekiko eskuzabaltasunez, baizik eta norbanakoak anulatu, menpeko bihurtu eta estatu totalitariorako bidea leuntzeko baizik.
Kapitulua bukatu eta hara! EAJk berriz ere PPren aurrekontuak onartu ditu, IBEX35-eko Ciudadanos-ekin batera. Estatutua eta konpetentziak kentzea nahi duten horiekin. Presoak urrun mantendu eta bakea oztopatzea helburu dutenekin. Hori bai, guztia Euzkadiren hobebeharrez omen.
Despentesen hitzak gogorarazi dizkit EAJren justifikazioak. ‘Guk dakigu zer den zuentzako ona, utziguzue zuen partez erabakitzen’. Hori da beren gizarte eredua: botere ekonomiko eta politikoa baldintzatuko ez duen herria, anulatua eta boterearekiko autonomiarik ez duten erakundez osatua. Horretarako, erosoak ez direnak isilarazten dituzte, sare sozialetako kontuak fiskaltzan salatuz (horra hor Gipuzkoako Foru Aldundi ekintzailea), turismoaren hiriburuaren aurkako protesta baketsua egurtuz edota sindikatuak ilegalizatzen saiatuz.
Aitortu dezagun: EAJren zuzendaritzak ez du ez independentziarik, ezta erabakitze eskubiderik nahi (ez bada kontu sinbolikotarako). Ezin diogu etengabe itxaron, eskua noiz emango digun. Burujabe izan nahi badugu, subjektu politikoa indartzea izan behar dugu ipar. Burujabetza integralki ulertuta: pobrezia energetikoarekin amaituko duen energia burujabetza, finantza eredu kooperatiboak, eraldaketarako tresnak, ekintzailetasun soziala (ez-neoliberala)… Ekainaren 2an beste aukera bat dugu herria burujabetzara bidean saretzeko: zatoz Iruñera, Alternatiben Herrira, gaurko Margaret Thatcher-i alternatibak baditugula erakustera!