Lanpostuz aldatu dut ikasturte hasierarekin batera. Lanki utzi, eta ELA sindikatura egin dut jauzi. Aldaketa orok dakartzan beldur eta urduritasunei aurre egin, eta Bilbora joan-etorriak hasi nituen irailaren 14an.
A8ko bihurgunez betetako bi asteotan, bilera informal eta formalez bete zait agenda. Eta errealitate ezberdinez bete zait koadernoa.
Besteak beste, garbikuntza sektoreko bilera batean egoteko aukera izan dut. Lan-baldintza gogorrak eta bidegabeak sufritzen dituen sektorea da. Ikusezina. Eta emakumeena, nola ez. Ez da sektore bakarra, baina ikaragarri eragin didan errealitatea izan da. Ez nuen orain arte bere gordintasuna ezagutzen.
Langileen parte-hartzeari buruz hitz egin dut txoko honetan, eraldaketa sozialari buruz, alternatibei buruz… baina barneak ez dit halakorik egiten uzten gaurkoan. Ezin da langileen parte-hartzeaz hitz egin garbikuntza sektoreko errealitatetik (besteak beste). Balio kooperatiboak, formazio kooperatiboa, interkooperazioa… Zein urrun geratzen zaizkidan bat-batean hitzok. Eta ze gertu aldarrikapena, borroka, duintasuna eta… eskubideak. Irribarrez eta indarrez berreskuratu beharreko eskubideak.