Nire tesia aitzaki hartuta, non krisiaren kudeaketa kooperatibetan aztertu nahi dudan, lehenengo aldiz EHUko Uda Ikastaroetara etorri naiz. Krisian agente ekonomiko ezberdinek duten eragina aztertu da honako izena duen ikastaroan: “Crisis y agentes económicos: un marco mundial en crecimiento“.
Zein zen nire helburua? Nire formazioa hobetzea jakina. Izan ere, informatika arlotik etorrita, arlo ekonomikoan ez nago oso jantzia. Hala ere, kooperatibak eguneroko kontu izan ditut txikitatik, eta Arrasatekoa izateak industria munduarekiko nolabaiteko lotura ere eman dit. Hala ere, nire tesia gauzatzeko hori ez da nahikoa.
Interesgarria izan da ikastaroa, ekonomikoegia baina. Esan nahi dut, ekonomialariei bideratutakoa izan da, gauza batzuk ulertzea ezinezkoa zen kasik. Baina beno, nonbaitetik hasi behar!
Zorrei buruz hitz egin da, Txinaren eta garapen bidean dauden herrialdeen rola, finantza munduko desorekari buruz, euroari buruz, kredituei buruz… Interesgarria, hitzaldi batzuk teknikoegiak ziren arren (niretzako, jakina).
Hala ere, bada zerbait faltan bota dudana. Arlo soziala ez da jorratu. Kooperatibismoarekiko dudan loturagatik izango da, baina ez dira beroiek aipatu ere egin (kontuan izan EAEko ekonomian garrantzia handia dutela), ez dira Fiare bezalako proiektuak aipatu alternatiba gisa, ez da ikuspegi “iraultzaile-alternatiborik” planteatu, guztia merkatuaren inertziaren baitan kokatu da. Eta hori izan da gauzarik makalenetarikoa.
Noiz hasiko dira planteatzen, serioski, beste egitura ekonomiko bat?