Greben kontzeptua, gaur egungo planteamendua, egokia den ala ez, askotan izan dut buruan. Gogoan dut ikastola eta unibertsitate garaietan zein zen greba egitearen arrazoia eta ondorioa, kasu gehienetan, esango nuke. Izan ere, baziren batzuk arrazoia bera txiste moduan hartzen zutenak, gutxiengoak. Baina gehiengoa zen greba egin eta kafetegira joan edota atzeratutako lanak egiteko aprobetxatzen zutenak. Neure buruari harriak botatzen nabil, ni ere inkoherente xamarra izan nintzen-eta.
Hala ere, inkoherentziak inkoherentzia, jendartearen dinamika orokorra dela esango nuke. Baina zeintzuk dira benetako arrazoiak? Askotan mugatzen gara “gainbehera soziala” aldarrikatzera, “balore eza”, eta halakoak. Bai, hori ere ezaugarrietako bat da. Eta faktore eragile garrantzitsua da. Baina, bestalde, ez al da egia jendarteak greba egiteko arrazoia ez duela bere sentitzen? … um… Arrazoia beharbada bai, baina bere borroka ez dela pentsa dezake… Ez dakit, edo borrokarako moduek desilusionatu egingo du jendartea. Edo beste batzuren esku uzten du.
Hasi nintzen, orain dela urtebete inguru, Joseba Azkarragaren liburu bat irakurtzen (unibertsitateko irakaslea, ez politikaria), azkena dela uste dut (bukatu? ez, flojo xamar nabil irakurketa munduan…). Bertan borroka sozialak instituzionalizatu egin direla aipatzen zuen, baita argudiatu ere. Urruti gelditzen zaizkit bere arrazoitzeak, memoriako leku urrun baten gordeta, baina gogoratzen dut homosexualen eskubideak aipatzen zituela. Nolabait, ezkontzerako orduan dituzten eskubide berberak bere egin ondoren, jendarteak borrokarako arrazoiak atzean gelditu direla uste du. Eta listo. Normalizazioan dagoen hutsunea aintzakotzat hartu gabe. Eta horrela, hainbat alderdi eta arlotan.
Egungo problematika, aldiz, instituzionalizatutako eskubideen ukatze gisa deskriba genezake. Hau da, langile eta biztanle gisa lortu ditugun eskubideak instituzionalizatzearen ondorioz, eta bankuen hegemonia eta gidaritzaren eraginez, eskubideak galtzen ari gara. Eta badirudi ez diola inori axola.
Ez dakit zein den iraultzari hasiera emateko bidea, baina topatu egin behar dugulakoan dago. Borroka literalean oinarritutako iraultza, edota iraultza isila. Baina iraultza, edonola ere. Izan liteke komunitate kooperatibo eta autoeratuak sortu eta bultzatzea, hori delako nire lanerako esparrua, nire “bizilekua”, baina bide bat liteke.