Etiketaren artxiboa: gasteiz

Gasteizera itzulera

Berriro Gasteizera itzuli naiz. Normalena gabonetako oporrak bukatu ostean eta klaseak berriro hasi direnean. Baina aurten sentsazio arraroarekin etorri naiz.


 


Aspaldi ez dudala igaro bi aste jarraian Oñatin eta horrek sentsazio berezi bat sortu dit nire barrenean oso zaila dena deskribatzen. Familiarekin egoteko aukera izan dut, iloba bisitatu eta paseatzen egon naiz, ondo jateko aukera ez dut galdu… Edozein ikaslek egingo zuena bere herrira bueltatzean nik ere egin dut. Baina oraingoan ia bi aste jarraian egin ditu etxean eta hori niretzako ez denez oso ohikoa arraro sentitu naiz Gasteizera bueltatzerakoan.


 


Zorionez eta ondorioz, nire uste apalean, horrek esan nahi du ni nongoa naizen. Gainera nire defentsan esan beharra daukat hiru urte hauetan ez dudala inoiz ahaztu nongoa naizen. Gasteiz nire oraina da, baina Oñati nire iragana izan da urte askoan eta etorkizunean espero dut nire bizitzako zatirik garrantzitsuenetakoa izaten jarraitzea.

12 hilabete, 12 kirol ekintza

Hemen doa nire urteko laburpen txiki bat. Kirolari
buruz egin dut zerrenda, eta urteko hilabete bakoitzari egin dudan kirol
jarduera bat jarri diot.

Gasteizeko urteko azkeneko astea

Maratoi erdia ordu eta erdian gauzatu ondoren
igandean, astelehenean Gasteizen igaroko nuen 2007ko azkeneko astea hasi zen. Aste
berezia sinbolismo eta alternatiba ugariz betea.

Hasteko astelehenean deskantsu eguna zen,
baina lagun batek gomendatuta gimnasiora joan nintzen bizikleta pixka bat
egitera hankak askatzeko batez ere. Eta hori aprobetxatuz bezperako genituen hamaika
istorioak kontatzeko aprobetxatu genuen egon ginen ordu eta erdia.

Hurrengo egunean korrika egitera eta ondoren
afaria korrikako taldearekin. Afari benetan atsegina. Guztiok irribarre batekin
aurpegian, batez ere igandean korrika egin genuenok (gure helburuak bete
genituelako) eta 2008rako planak egiten. 31 € soberan eta zer egin horiekin, ba
gabonetako loterian, Euromillonesen eta Kinielan jokatu.

Asteazkenean alternatiba polit bat proposatu
nuen, eta lau lagun Floridan kokatuta dagoen aire zabaleko izotz pistara hurbildu
ginen ordubete patinatzera. Oso ondo igaro genuen ordua aurreraka eta atzeraka
ibiltzen, birak ematen, lasterketak egiten… 2008ko abenduan berriro
errepikatuko dugu ekintza.

Ostegunean pisukideekin urteko azkeneko afaria.
Agurtzeko balioko ziguna datorren urtera arte. Eta ondoren ikaslearen legeak
esaten duen moduan, ostegunetan kalera ondo pasatzera.

Eta ostiralean erosketak egitera.
Astelehenerako edo larunbaterako uzten banituen ziur saiakeran agobiatu egingo
nintzela. Erosketak jendea ez dagoenean egitea gustatzen zait (astelehen
goizetan adibidez). Baina aste bukaeratan ez zait batera gustatzen merkataritza
guneetara hurbiltzea dagoen jende pilarengatik.

P.d.: Larunbatean ondo bukatzeko aste osoa, bi lagunekin Gorbeiara joan
ginen. Oraingo honetan gaina egin genuen eta baita ere elurra zapaldu. Esan
dezaket urtea Gasteizen hasi bezala bukatu dudala, Gorbeiara joanaz.

Igandeko paseoa

Ohitura bitxi bat bilakatu zait igande
arratsaldetan Gasteizen egiten dudana. Kasualitatea izan da azken bi aste bukaera
hauetan Gasteizera etorri behar izan naizela eta bietan arratsaldean pasiora
irten naizela zeregin batzuk nituelako.

Gainera kasualitatea diot, bi kasu horietan
goizean zerbait egin izan dudalako. Iragan astean Urduñako mendi duatloia eta
aste honetan San Roman de Campezon mendi bizikleta irteera bat.

Baina hala ere gustura irten naiz bi aldi
horietan eta Gasteizeko haize freskoa aurpegian sentitzea izugarria iruditu
zait. Uste dut aste bukaeratan gehiagotan etortzen banaiz eta zereginik ez
eduki harren kalean, paseo hori ematera irtengo naizela (eguraldiak laguntzen
badu, kar, kar, kar…).

Periostitisa, berriro amesgaizto ez mesedez

Iragan urtean azaro bukaeran eta abendu
hasieran Gasteizeko maratoi erdia prestatzen ari nintzela min galanta jasaten
hasi nintzen peroneetan. Mediku batek esan zidan periostitis izan zitekeela, hasierako
fase bat. Horregatik zapatiletako loturak aldatu behar izan nuen (batzuetan
harritu egiten da jendea nire zapatiletako loturak ikustean).

Gainera ikusten nuen ez nindoala aurrera nahi
bezain arin eta emaitzak ez izan harren onak, denborak mantendu egiten ziren
baina asko sufrituz. Beldurra izan nuen denboraldian lehen aldiz, kolokan jarri
nuen nire parte hartzea Gasteizeko maratoi erdian, baina zorionez deskantsuarekin
min hura pasa zitzaidan eta lasterketan parte hartzeko eta amaitzako aukera
izan nuen.

Orain berriro iazko mamuak itzuli zaizkit nire
barrenera. Min beldurgarri horrekin ari naiz borrokatzen ez galarazteko nire
aurtengo helburuak betetzen (Behobia-Donostia herri lasterketa eta Gasteizeko
Maratoi Erdia besteak beste). Gauetan izotza jartzen hasi naiz. Entrenamendu
gogorrak eta asko egin harren orain bi asteko tarte bat daukat entrenamendu
lasaiagoak egiteko. Ea horrela den eta iazko minak ez zaizkidan etortzen.

Hotz Gasteizen

Badirudi udazkenean eduki dugun txolloa
eguraldiarekin amaitu zaigula Gasteiz aldean. Iragan ostiralean mendiko
bizikleta hartu nuen eta Landara egin nuen joan etorria. Gezurra badirudi ere
kulote motza eta maillot bat mahuka gabekoa eraman nuen. Arratsalde hartan tenperatura
ez zen oso beroa bizikletaz ibiltzeko, ezta ere larregiko hotza.

Gaur ordea eguna goizean goiz lainotuta irten
da eta horrek kalean neguko freskoa jasatea eragin du. Beraz hemendik aurrera
etxetik irteten garenean arropa gehiago eraman beharko dugu.

Hala ere, ni ez naizenez oso normala eguraldiarekin (gehiengoaren kontra
gustatzen zaidalako joatea batez ere) nahiago dut hotza beroa baino, kar, kar,
kar.

Kirol txartela, edo nola burokraziak izugarrizko indarra duen

Gasteizen nagoenetik ikasten urtero unibertsitateko
kirol txartela atera izan dut. Aurten lehen aldiz Gasteizeko udalak kudeatzen
du zerbitzu hori eta nola ez hamaika gauza egin behar dira ditxosozko agiria
lortzeko.

Lehenik eta behin esan beharra dago nire
lehenengo urtean (2005-2006 ikasturtean) txartelak soilik 6 bat euro balio
zuela, eta bigarren urtean izugarrizko gorakada jaso zuela 22 eurora arte.

Aurreko urteetan txartela egiten genuenean Arabako
kanpuseko errektoreordetzan, momentuan ordaintzen genuen bankuko txartelaren
bitartez. Aurten gauzak aldatu egin dira, lehenengo Arabako Vital Kutxara
hurbildu behar zara eta kontu batean sartu aipatutako 22 euroak. Ondoren joan
Herritarraren laguntzarako bulegoren batera eta han egin txartela. Horretarako
diru sarketaren froga eraman behar duzu eta matrikularen orria, baina,
sinatuta!!! Hori da gehien harritu nauena.

Matrikula egiterakoan ez ziguten eman
matrikularen agiririk, helbide elektronikora bidali ziguten, ezer sinatu
gabe!!! Nola nahi dute ba sinatzea soilik matrikularen agiria eskatzen
badute???

Aurten ikusi dut burokrazia handiagotu egin
dela Euskal Herriko Unibertsitatean eta zerbitzu bat oinarrizkoa izan beharko
zena ikasleentzako, abentura batean bilakatu da.

Dortsal gorriarekin Behobia-Donostia lasterketara

Lortu dut. Ordu asko entrenatu ostean denboraldiko
helburu garrantzitsuenetako bat bete dut. Datorren azaroaren 11an ospatuko den
Behobia-Donostia lasterketan dortsal gorriarekin irtengo naiz.

Antolatzaileek irteera kolore desberdinetan
zatitzen dute, horia, berdea, gorria, urdina eta zuria. Gero eta denbora
hobeagoa orduan eta irteeratik gertuago.

Nik igandean gorria lortu nuen. Donostiako
zazpigarren maratoi
erdian 1:33:24 segundoko marka egin nuen eta horrek balio
dit Behobian lehendabizikoz kolore batekin irteteak. Lasterketa ez zitzaidan
zaila suertatu, urduri nengoen baina abian jarri eta gero tentsio guztiak kendu
nituen eta erritmo konstante batean burutu nituen lehen hamar kilometroak. Erditik
igaro ondoren kapaz ikusi nintzen ordu eta erditik behera jaisteko, baina
tenperatura altuek ez zidaten utzi hori lortzen.

Gasteizen hamalaugarren kilometrotik egin zitzaidan
gogorra, oraingo honetan azken hiru kilometroak pasa nituen gaizki. Baina hiru
kilometro 18 pasa eta gero ez da ezer (kar, kar). Okerragoa da Gasteizen pasa
zitzaidana (7 kilometro falta zitzaizkidan eta erritmoa erabat gorabeheratsua neraman).

Denboraldia ia amaitu dut (26an Bilboko
III. duatloiarekin
amaitzen zait lasterketen egutegia), eta oso pozik nago egin
dudan lanarekin. Asko dut eskertzeko batez ere Gasteizen aurkitu dudan lagun
taldeari entrenatzeko. Eskerrik asko ondoan egon zareten guztioi: familia,
taldekideak, ikaskideak… zuei esker nire denboraldia eramangarriagoa egin zait.

Eta ni galdetzen naiz…

Zergatik kontratatzen dituzten maratoi
erdietarako eta maratoietarako erbiak erritmo batean joateko, gero erritmo hori
ez badute betetzen? Zergatik kontsigna hitzak ez du esanahi bera Gasteizeko
maratoian eta Donostiako maratoi erdian? Zer egin behar da jendeak lehenengo
korrikalaritik azkeneraino animatzen egoteko?

Hurrengo astebukaerak kirolaz gozatzeko hamaika aukerekin

Gaurtik hasita eta maiatzaren 27ra arte,
kirolaz gozatzeko hainbat aukera izango ditugu gure lurraldean eta hemendik at
ere. Nik txapelketa batzuetan parte hartuko dut, eta besteak gozatzeko aukera
izango dut ikusiz.
Hemen ikus dezakezue agenda txiki bat datozen
astebukaeretan gertatuko denaz.

Maiatzak 5. Gaur.
Eibarko XVIII. duatloia. 15:30etan.
Maiatzak 6. Bihar.
Gasteizen, Martin Fiz V. nazioarteko maratoia.
09:30etan. Ordu berdinean 10 kilometroko lasterketa herrikoia.
Maiatzak 12.
25. Arrasate-Oñati herri lasterketa. Jantzi
kirola euskaraz! 18:30etan.
Maiatzak 13.
Donostiako maratoi erdia. 10:30etan. Irteera
eta helmuga: Kursaal kuboetan.
Maiatzak 20.
Gasteiz outdoor festival. Espainiako mendi bizikletako txapelketa maratoi
eran. Armentiako basoan.
Maiatzak 26.
Bilboko III. duatloia. 16:00. Esprint
distantzia.

Telebistan kirolaz gozatzeko.

Maiatzaren 12tik aurrera. Giroa.
Txirrindularitzako lehen handia.
Maiatzaren 12tik 13ra. Espainiako 1 formulako
Sari Nagusia
.

Ikusten duzuenez hurrengo larunbat eta
igandeetan kirolaz gozatzeko aukera ugari izango ditugu. Ez ezazue aukera hauek
desprobetxatu!!!

Metro ez da iristen fakultatera!!!

Iaz Metro, dohaineko egunkaria bat, Gasteizen
zehar hasi ziren banatzen egunero. Nire fakultateraino iristen zen. Ia egunero
zeuden ale batzuk edonork hartzeko. Baina aurten gauzak aldatu egin dira.

Ez da iristen Arabako Kanpuseraino egunkaria. Pasa
den ostegunean bazeuden batzuk, baina hala ere denbora luzean ez dugu aukerarik
izan egunkari hau hartzeko. Banatzaileek, aurtengo ikasturtean, ez dute uzten
alerik gure fakultatean ezta ingurukoetan ere, aipatutako salbuespenak jota.

Aukera polita da eguneroko berri
garrantzitsuenak, eta ez hain garrantzitsuak, dohain irakurtzeko. Egia da
informazio ugari urria dela, baina berri nagusiak batzen ditu eta munduan
gertatzen denaz ohartarazten digu.

Pena da egunkari dohain bakarra izatea
Gasteizen. Adibidez Bilbon hiruzpalau egunkari mota honetakoak banatzen dira
egunero. Ea laster berriro bueltan dugun dohaineko egunkari hau gure
fakultatean. Ikasleontzat primeran etortzen zaigu eta.