Hileko artxiboak: apirila 2006

Aloñako II. igoera

Gaur goizean “Aloñako bigarren igoera”:http://aloinakoigoera.webcindario.com/ jokatu da. 254 korrikalari elkartu gara Oñatiko plazan. Hamar eta erdietan minutuko isilune bat egin ondoren lasterketari hasiera eman zaio. Irabazlea, lehengo urteko berbera, Ionut Zinca gizonezkoetan, nesketan uste dut baita ere, Alicia Olazabal.

Lasterketa oso polita izan da. Ibilbide guztia jendez gainezka zegoen. Lau leku aipatzeko, Urtiagain, Belar, Aloñako gaina eta plaza. Gainera edari eta janari horniketa nahikoa zegoen eta antolatzaileek beraien lana txukun egin dute.

Txalotzekoa da animuak ematera hurbildu diren guztiei eta proba egin ahal izateko mugitu diren jende guztia. Eta masaje zerbitzua lasterketaren ondoren dohainik izatea ideia paregabea iruditzen zait antolatzaileen aldetik.

Nire partetik zorionik beroenak eta eskerrak hain proba ederra, zailtasun handiak ematen dituena hainbeste jenderekin, hain ongi antolatzeagatik.
Beste aldetik, esan beharra daukat ia bi ordu behar izan ditudala proba amaitzeko. Helburua bete dut eta pozik nago. Oso gogorra izan da, bai igoera baita jaitsiera ere. Baina jaitsiera gutxiago kostatu zait, ez baitago indarrik egin behar.

Igotzerakoan Urtiagaineraino beroarengatik nahiko gogorra egin zait, baina ibilbide osoko zatirik errazena zenez erraz egin dugu.

Hortik aurrera hasten zen benetako igoera. Belarreraino igotzea asko kosta zait, baina lortu dut eta atseden txiki baten ondorioz seigarren kilometrotik gaineraino berriro sufritzea tokatu izan zait. Baina ez zen hain gogorra.

Jaitsierak esfortzua eskatzen zuen. Baina lasterketa erdia igarota, burua amaieran izan dut. Pentsamendu positiboz josita nuen burua. Eta tipi tapa, tipi tapa Oñatiraino jaitsi naiz. Poz pozik gurutzatu dut helmuga.

Eguraldiak lagundu digu. Agian urtiagainera iritsi arte ez da batere ona izan bero zapa, baina metroak igotzen joan ahala haizea gero eta bortitzago zebilen eta horrek lagundu egin digu hainbeste bero ez edukitzeko.

Aurtengoz hori izan da guztia. Datorren urtean animu berdinarekin irtengo naiz lasterketa txiki baina handi onetara. Eskerrik asko alboan izan zareten guztioi. Zuen laguntzarik gabe amets txiki hau ez zen posible izango.

Lurraldebus edo Pesa

Azken aste hauetan askotan bidaiatzen dut Gasteizetik Oñatira eta alderantziz. Astearte eta ostegunetan ez dut klaserik edukitzen eta hori aprobetxatuz automobileko gidabaimena ateratzen saiatzen ari naiz.

Oñatira iristeko Gasteizetik edo nire herritik Arabako hiriburura iristeko betik bi autobus hartu behar izaten ditut eta bidaiaren iraupena ordu eta erdikoa da.

Orain dela gutxi Arrasaten hartzen nuen autobusa Oñatira joateko (eta alderantziz) Pesa konpainiakoa zen. Baina ibilgailuak izenez aldatu dira. Orain Lurraldebus daramate aldamenetan ohiko Pesa-ren ordez. Zerbitzua berbera da. Iraupenaren aldetik ere ez da egon aldaketarik. Prezioen aldetik igotzen jarraitzen dute, orain dela gutxi % 5 (KPI-aren gainetik, lapurreta egun argian). Oradin txarteletan Pesa enpresaren izena jarraitzen du. Beraz nire galdera hauxe da: zergatik izen aldaketa ia ezer ez baldin bada aldatu?

Ia ezer. Horretan ezin hanka sartu. Uste dut, eta ez banago oker, Lurraldebus autobusak berriak direla. Baina hala ere nire ustez ez zuten autobusek hobetu behar, zerbitzuek baizik.

Ez delako normala bidaiaren erdian gidariz aldatzea, hori normalagoa da geldialdi batean egitea. Adibidez. Edo norbaitek normal ikusten al du denda batean dendari batek laguntzea zerbait aurkitzen eta hortik bost minututara esatea: joan beharra daukat, hemendik gutxira nire bitartekoa etorriko da eta hark lagunduko dizu, non ikusi da hori? Inon ez, nire ustez.

Tarbes gogoan

Orain dela urte batzuk Aloña Mendiko igeriketa taldean nengoela txapelketa ugari genituen han eta hemen. Urtean bat nahiko berezia zen, Tarbesekoa alegia. Alde batetik atzerrira irteten ginelako, Frantziara, eta beste alde batetik igerileku olinpiko baten ospatzen zelako.

Egun hauetan bueltaka nabil egun horiek gogoratzen. Atzo joan zen berriro delegazio txiki bat gure herriaren izena jakitera ematera. Iragan urtean, oraindik kirol hau praktikatzen nuenean, joateko aukera ez nuen izan azterketen kontuagatik.

Oso giro onean pasatzen genuen astebukaera. Talde bezala hotel baten igarotzea hiru egun guretako gauza berri bat zen. Bizitzan gutxitan pasatzen direnen gauzen artean sartuko nuke esperientzia hau.
Nire garaian gainera Bergarako taldearekin batera joaten ginen. Horretarako beraz autobus handi bat alokatzen genuen. Ez badut gaizki gogoratzen lauzpabost ordu irauten zuen bidaiak, hamaika gauza bururatzen zitzaizkigun ez aspertzeko. Denetarik egiten genuen: xakean jokatu, aldizkariak irakurri, pelikulak ikusi…

Momenturik onena nire ustez larunbat arratsaldea zen. Larunbat jardunaldia bukatu ondoren hotelera joaten ginen eta afaldu baino lehenago bagenituen ordu batzuk libre nahi genuena egiteko.

Frantziako telebistan soilik gure intereserako Eurosport katea zegoen. Eta hor berriro agertzen ziren gure burutazioak monotonian ez jauzteko.

Gainera talde nahiko kosmopolita ginen edadearen aldetik. Generazio desberdinak elkartzen ginen. Kepa Aranbururekin joanda nago (nire baino 4 urte zaharragoa), adibide bat jartzearren.

Txapelketari dagokionez, igerileku olinpiko baten izatean emaitzak ez ziren gure onenak. Baina gogo guztiak uretan uzten genituen.

Nire modalitatea distantzia luzea zen, lehenengo urtean 1500 eta 400 krol egin nuen, 200 bizkar erako proban ere aritu nintzen. Eta bigarrengoz 1500, 400 eta 200 krol egin nuen.

Esan dezaket oroitzapen onak ekartzen dizkidala hiri hori. Eta tourreko etaparen bat hortik igarotzen baldin bada, begiminez ikusten dut egun hori.