Hileko artxiboak: apirila 2007

Aloñako igoerarik gogorrena

Gaur goizean Oñatin Aloñako III igoeran parte
hartu dut. Lasterketa hau urteko garrantzitsuenen artean daukat sartuta
(besteak Oñatiko Duatloi, Donostiako Maratoi erdia, Behobia-Donostia eta
Oñatiko San Silvestreak dira).

Iaz egin nuen denbora eta postua hobetzea
lortu dut.
Nire marka 10 minutu eskas hobetu dut eta 170. postuan amaitu. Aurten
gainera esan beharra dago parte hartzaile kopurua gainditu egin dela, 271
korrikalari irteeran.

Bero izan da nire etsai nagusia. Hasieratik
tenperatura altuekin irten gara eta bide gora joan ahala ez du asko freskatu. Igoera
gogorra izan arren, batez ere Urtiagainetik aurrera eta Gurutzera iritsi baino
azken kilometroa, indarra erabiltzen denez eta gainera iristea nuenez helburu,
tenperaturak ez dit egin min handia. Hori bai, iaz baino askozaz likido gehiago
edan behar izan dut ibilbide guztian zehar.

Baina jaitsiera igoera baino gogorragoa izan
da. Ni ez naiz oso trebea eta tenperatura altuak gogaitu egin nau momentu
batzuetan. Gainera ezker abduktorea asko kargatu zait Gurutzetik Belarrera eta momentu
batzutan ia geldirik nioan. Baina hala ere Oñatiko plazara iristea lortu dut
asko sufrituz eta oso pozik.

Herrian korrika egitea oso berezia da. Aste
batzuk lehenago hemen egindako lasterketekin gogoratzen naiz motibatzeko. Gainera
familia ikusteko aprobetxatzen dut.

Esan dezaket, bihar seguruenez izugarrizko mina izango dudala baina gaur
egindakoarekin oso pozik nago.

Eguraldi ona etsai ikasleentzat

Udaberrian gaude orain dela hilabete batetik.
Aipatu nuen negua hotzarekin agurtzen zela. Eta aste santuko oporrak pasa arte
esan dezakegu eguraldia orokorrean oso petrala izan dela.

Baina orain eguraldi ona egiten du. Momentuz
aste osoan zehar eguzkia izan da nagusi Gasteizeko zeruan. Hori ez da oso ona
unibertsitateko ikasleentzat.

Alde batetik irakasle askok ez dute eskatzen
beraien klaseetara joateko. Horrek eta kanpoan eguraldi onak egotea, klaseetara
faltatzearen arrazoi nagusietako bat da. Beste alde batetik gelak asko berotzen
dira, eta giro horretan bat izerditan jartzen da asko gogaituz.

Onartu behar dut alde onak ere badituela
eguraldi honek. Aire librean egoteko eta gauzak egiteko aukera gehiago ditugu.
Baina benetan esaten dizuet ikasleentzako eguraldi hau oso gogorra dela.

Mikel Astarloza, blogari ona izango litzatekeen txirrindulari bat

Mikel Astarloza 1

Tipo jatorra benetan Astarloza.
Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariak batzuetan hitzez betetzen ditu Berria
egunkariko txokoak. Kirola eta idaztea ezin direla lagun onak dioen mitoa
apurtzen du lagun honek.

Oso gustura irakurtzen dira berak idatzitako
artikuluak. Egun hauetan gure lurretan 47. Euskal Herriko itzulia ospatzen ari
da eta ohikoa denez, Mikelek bere apurra jartzen du egunkariko orriak betetzen.

Asteartean, Oñatin egun batzuk egon zirela eta,
horri buruzko artikulua argitaratu zen, gaur berriz atzoko gertakizunen berri
ematen ditu. Beti ere ikuspuntu desberdin batetik, hau da, pelotoi barrutik eta
ez kazetari batek kanpotik ikusi dezakeenaren arabera. Beste batzuetan
anekdotei so egiten die. Behin 2006ko Vueltako etapa batean Markel Irizar
oñatiarrak nola jakin zuen bere semearen sexua kontatu zigun.

Gauza anitzez hitz egiten digu txirrindulariak.
Eta askotan kirol handi bat eta aspektu askotatik ezezaguna zaigun mundu bat hurbiltzen
gaitu bere artikuluen bitartez Pasaitarrak.

Eskerrik asko Mikel eta segi horrela. Ea noiz ikusten zaitugun euskal
blogosferan zure garaipenei buruz hitz egiten!!!

Mikel Astarloza 2