Etiketa honen artxiboa: bidaiak

4 urte

Gaur, 2009ko
maiatzaren 18a, 4 urte bete ditut goiena.net-eko blog komunitatean nire lehen
artikulua idatzi nuenetik. Gogora etortzen zait Lor euskal taldearen Zure
doinuaren kantaren hasiera: Euri asko egin du neska, lehenengo laztanetik…
Balada tristea baina kantu bakoitzari gertatzen zaion bezala, pertsonaren
arabera esanahia aldatu egiten zaio. Niri kanta horrek oroitzapen onak ekartzen
dizkit baina aurrera begiratzeko indarrak ere ematen dizkit.

Euri asko egin du
lehenengo artikulu horretatik. Garai onak eta ez hain onak bizi izan ditut lau
urte hauetan. Lau uda pasa ditut lanean Lizarra inguruan. Selektibitateko
probekin hasi nuen ibilbide hau eta orain unibertsitatean nago historia
ikasten. Kirol lehiaketa ugaritan parte hartu dut. Aloñako bi igoera,
Arrigorriagako distantzia luzeko bi duatloi (bietan hirugarren postua
lortuta)… Bidaia garrantzitsuak ere burutu ditut denbora tarte horretan: Done
Jakue bidea, Lisboara egindako 2008ko udaberrian, aurtengo otsailean
Budapestera joan nintzen astebete…

Artikulu bat
aukeratu beharko banu ezingo nuke hori egin. Guztiak hartu beharko nituzke bere
osotasunean baloratzeko. Guztiak izan dira garrantzitsuak. Baliteke batzuk
beste batzuk baino hobeagoak izatea baina guztietan izan dut sentsazioa idazten
nuen bitartean zerbait esaten ari nintzela.

Agian garairik
bereziena azken hilabete hauetan izan zen beste goiena.net blog komunitateko
beste blogari bati omenaldi txiki bat egin nionean izan da. Hark izandako ideia
jarraitu nuen, hain zuzen ere, maratoira begira egindako jarraipen berezi bat
egitea.

Horregatik sartu
nintzen mundu honetan. Uste nuelako zerbait nuela esateko munduari. Hemeretzi
urteko gazte baten ikuspuntua egunero ematea zen nire helburua. Inguratzen
zidanaren berri ematen nuen. Hemeretzi urteko mutil gazte hura hogeita hiru
urteko gizona bilakatu da. Ikuspuntuak, ideiak… aldatu zaizkit baina idazteko
gogoa inoiz baino handiagoa da.

GOTBn botatako
saio bati esker jakin nuen blogen inguruan lehen aldiz. Ideia nagusia gustatu
zitzaidan eta aste batzuetara goiena.net blog komunitatean blog propioa nuen.
Uste dut inoiz ez dela berandu hasteko eta hemendik jende guztiari animatzen
diot euskal blogosfera haztera eta beraien bloga abiarazteko. Beldurrik ez izan
eta animatu interneteko komunitaterik interesgarrienetako batean parte hartzea.

4 urte izan dira,
espero beste lautan jarraitzea gutxienez. Gaurkoa egun berezia da, ez soilik
urtemugarengatik, eta hau primizia bat da irakurleentzat, lehen aldiz nire
bizitzan literatur lehiaketa batean sari bat emango didatelako. Gaur Euskal
Herriko Unibertsitateko Arabako kanpuseko Letren fakultatean Galiziar letren
eguna ospatzen da eta bertako arduradunek literatur lehiaketa bat antolatu
zuten. Bertan parte hartu nuen eta euskarako sailean irabazlea irten naiz.
Beraz gaur letra idatziek ematen didaten poza bikoitza dela esan dezaket.

Zortzi kilometroa

Bidaiak

Bidaiatzea asko
gustatzen zait. Lasterketetara ere asko gustatzen zait joaten batez ere
lagunekin. Lasterketen parte direlako eta bidean ongi pasatzen dugulako. Bidaia
guztiak dira ezberdinak eta orokorrean politak eta dibertigarriak izaten dira. Batez
ere egun horretan elkartzen garelako aspaldiko partez eta hamaika kontu
ditugulako esateko. Barre ugari botatzen dugu, gai ugari ukitzen ditugu. Hasi
kiroletik, politikatik igaro ostean pixka bat (beti ere giro itzelean eta
haserretu gabe noski) eta etorkizuneko planak egin arte.

Ziurrenik bueltak
izaten dira gogorragoak joanak baino. Lehiatu ostean nekatuta gaude, berandu
izaten ohi da, gogo asko izaten dugu etxera iristeko… Baina ezin naiz kexatu
egiten ditudan bidaietaz lagunekin.

Donostiara oraindik ez dakit nola joango naizen. Ziur gurasoak ikustera
joango direla baina oraindik ez daukat garbi trenean joan Zumarragatik edo
autoan joan Donostiaraino gero arratsaldean Gasteizera joateko zuzenean. Hori
oraindik pentsatzeko daukat.

Gasteizera itzulera

Berriro Gasteizera itzuli naiz. Normalena gabonetako oporrak bukatu ostean eta klaseak berriro hasi direnean. Baina aurten sentsazio arraroarekin etorri naiz.


 


Aspaldi ez dudala igaro bi aste jarraian Oñatin eta horrek sentsazio berezi bat sortu dit nire barrenean oso zaila dena deskribatzen. Familiarekin egoteko aukera izan dut, iloba bisitatu eta paseatzen egon naiz, ondo jateko aukera ez dut galdu… Edozein ikaslek egingo zuena bere herrira bueltatzean nik ere egin dut. Baina oraingoan ia bi aste jarraian egin ditu etxean eta hori niretzako ez denez oso ohikoa arraro sentitu naiz Gasteizera bueltatzerakoan.


 


Zorionez eta ondorioz, nire uste apalean, horrek esan nahi du ni nongoa naizen. Gainera nire defentsan esan beharra daukat hiru urte hauetan ez dudala inoiz ahaztu nongoa naizen. Gasteiz nire oraina da, baina Oñati nire iragana izan da urte askoan eta etorkizunean espero dut nire bizitzako zatirik garrantzitsuenetakoa izaten jarraitzea.

Done Jakue bidea 2007 (V)

5.
etapa. Carrion de los Condes – Leon. 100 km.

4h 46
min. 21,2 km/h. Irailak 21, ostirala.

Azkar gauzatutako etapa, gehienbat ibilbideak
zituen zuzengune lau amaigabeetan haizea alde izan nuelako.

Goiz goizetik izan nuen eguraldi bikainaz
gozatzeko aukera. Irten baino lehenago ondo gosaldu nuen eta ondoren
Larrionetik hurrengo herrira abiatu nintzen, 15 kilometrora kokatua zegoena. Zati
hori izan zen agian eguneko zailtasunik handiena, batez ere gorputza ez nuelako
bero. Bestela egun guztian zehar ez nuen aparteko arazorik izan.

Aipatzeko bi ezbehar bakarrik. Lehenengoa erle
batek ziztada bat eman zidala ezkerreko belarrian eta ondorioz ziztu bizian
joan behar izan genuela gertuen zegoen farmaziara amoniako pixka bat erostera. Eta
bigarren arazoa Leonetik bost kilometrora, hiriaren sarreran, zulatu bat izan
nuela atzeko gurpilean. Zorionez bi atzerapen txiki horiek konpontzea lortu
nuen.

Leonera iritsi nintzenean ez nuen aparteko
arazorik izan aterpetxea bilatzeko. Eta nolako aterpetxea. Young international
aterpetxe sareen barruan aurkitzen da Leongoa. Denetarik dauka: internet,
prentsa, dutxa beroak, telebista gela, garbigailu eta sikagailuak… Hori guztia
hiru euroren truke. Gainera e zuen ordurik ezartzen ateak ixterakoan eta
goizeko hamarrak arte egon zitekeen bertan.

Arratsalde gehiena igaro nuen bertan
deskantsatzen. Bost egun nindoan bizikletari eman eta eman, eta ordurako nekea
nabaritzen hasi zen. Vuelta Espainiako etapa ikusteko aukera izan nuen eta
interneten email batzuk bidaltzeko ere. Azken orduan katedrala eta hirigunea
bisitatzera hurbildu nintzen ondoren inguruan afaltzeko eta poliki-poliki
aterpetxe ingurura bueltatzeko.

Pasio luze baina polit baten ostean lortu nuen aterpetxera iristea. Hurrengo
egunerako gauzak prestatuta utzi eta hamaikak aldera oheratu nintzen.

Done Jakue bidea 2007 (IV)

4. etapa. Burgos-Carrion de los Condes. 85 km.


19 km/h. Irailak 20, osteguna.


Etapa lasaia eta zailtasun handirik gabekoa. Burgoseko probintzian gauzatzen zen zati bat eta Palentziara igarotzen nintzen. Azkeneko aldapa gogorrenetik helmugara 40 kilometro lau izan nituen, horren erakusle da nolakoa izan zen eguneko etapa.


Eguneko giroa hasierako orduetan ohi bezala freskoa zen baina orduak aurrera egin ahala tenperatura igotzen hasi zen.


Hiruretarako Carrionen nengoen. Bidean erdian hamaiketako gozo bat egiteko eta freskagarri bat hartzeko aprobetxatu nuen. Goiz guztian zehar ez nuen arazorik izan. Etapako azken hogei kilometroak errepidearekiko paraleloa zen eta zuzengune amaigabeak zituen, amaigabeak egin zitzaidanak.


Aipatutakoa beraz, hiruretarako Carrionen. Aterpetxe publikora hurbildu nintzen lehenik eta bidaian lehen aldiz ezin izan nuen leku hartu beteta zegoelako. Pribatu batera joan nintzen, herriko mojen esku zegoena, sei euro ordaindu behar izan nuen eta 14 pertsonenatzeko lekua zegoen logela batean hartu nuen leku.


Dutxa bero bat hartu ondoren aspaldiko partez eta arropak garbitu eta eseki ondoren, zegoen bero zapa aprobetxatuz, arratsalde osoa nuen aurretik. Horretarako aurreko egunean erositako liburu bat irakurtzen jarraitu nuen aterpetxeko patioko itzalpean, baina hara non nire sorpresa monjetako batek saskibaloiko baloi bat eta gitarra bat atera zuenean italiar baten eskaerari erantzunez. Horregatik jaurtiketa batuk egiten hasi ginen italiarra eta biok, ondoren britainiar bat gehitu zen taldera. Ez oso sutsu, energiak hurrengo egunerako gorde behar zirelako. Azkenean bi lehiaketa txiki egin genuen. Bata hirukoen marratik, hirurok berdindu egin genuena, eta beste bat distantzia motzagotik, italiarra eta ni garaile irten ginela.


Ondoren italiarrak bere trebezia erakutsi zigun gitarrarekin bere lurraldeko kantu batzuk eskainiz. Gero txanda malagako lagun batek hartu zuen eta flamenkoaz gozatzeko aukera izan genuen.


Horiek horrela arratsaldea azkar igaro zen eta konturatzerako afaltzeko ordua iritsi zen. Afaldu ondoren goiz oheratu nintzen hurrengo egunean azkeneko hiriburua bisitatuko bainuen Galizian sartu aurretik, Leon.

Done Jakue bidea 2007 (I)

Gaurtik aurrera hemen astero kontatuko dizuet nolakoa izan zen nire Done Jakue bidean izan nituen gora beherak. Irailaren bigarren hamabostaldian burutu nuen eta astero etapa baten kontakizuna jarriko dizuet blog honetan.


1. Etapa. Orreaga-Aiegi 97 km.


6 h. 39 min. 15 km/h. Irailak 17, astelehena.


Euria barra-barra egingo zuela esaten bazuten, arratsalderaino ez zen erori tantan bat ere ez nafarroako lurretan.


Eguna goiz hasi zen niretzat eta planeatuta nuen bezala bi erbi bikainek lagundu zidatzen etapa honetan eta kotxeko laguntzan ere pertsona oso garrantzitsu bat zegoen, nire ama. Erbietako bat nire aita zen, etapa amaieraraino lagundu zidana, eta bestea aldiz Javieriko Abarzuzarra, nire aitaren lagun on bat Zubiriraino lagundu ziguna.

Beste alde batetik esan etapa oso polita izan zela, nafarroako pirinioetatik erdialderaino. Teknikoki erdi-altua baina zorionez pisu gabe ateratzeak on egin zida. Hala ere eguna oso nekatuta amaitu nuen. Aiegiko etxean afaldu eta lo egiteko aukera izan nuen hurrengo egunean ongi deskantsatuta irtetzeko.

GPS

Azken aste hauetan Euskal Herritik zehar kilometro
ugari egiten ari naiz gora eta behera korrikako lasterketak direla eta. Askotan
Gasteizeko lagunekin joaten naiz, baina batzuetan bakarrik joatea tokatu zait
(Izoriara eta Bilbora adibidez).

Orain automobila daukadanez ez daukat
lasterketetara joateko arazorik. Autobusez ez bada, autoan joan naitekeelako.
Lehen nire gurasoen menpe nengoen eta iaz lasterketa gutxi burutu nituen arazo
hau zela eta. Baina orain kotxe propioarekin gustura asko nabil.

Honi guztiari esker Euskal Herriko herri
berriak ezagutzen ari naiz. Lehen ezagutzen ez nituen herritan egin dut
lasterka eta orain dela hilabete batzuk galdetzen bazenidan ea non sartzen
nintzen astebukaeratan, ziurrenik erantzungo nizula Gasteizen, Lizarran edo
Oñatin
egongo nintzela.

Leku hauetara joateko GPSa erabiltzen dut (tom
tom go
), jakinda nora joan behar naizen askotan berak agindutakoa baino
motzagoa egiten ditut ibilbidea, baina ez dakidanean non nagoen kasu egitea
tokatzen zait eta zuzenean bidaltzen dit nahi dudan herrira.

Polemikaz inguraturiko aparailu bat da ordea. Topiko
handi bat oso hedatua dago despiste ugari sortzen dituela, eta DGTk kanpaina
bat abiarazi du esanez GPSa erabiltzen dugunean, geldi gaudenean erabiltzeko
eta bidean gaudenean irratia itzaltzeko edo kopilotuak esateko guri aparailuak
diktatzen duena.

Hau guztia kontuan hartuta, nik harri bat
botako dut GPSaren alde. Objektu guztiak (eta objektu esaten dudanean mapak,
liburuak, mugikorrak… esan nahi dut), GPS bezain edo arriskutsuagoak dira.
Cervantesen On Kixote irakurtzen baldin baduzu gidatzen zoazela ziur istripu
bat izateko aukera handiak dituzula, berdina gertatzen da GPSarekin, edo ez?
Gidatzen bazoaz eta aldi berean horrelako aparatu batean herri bat bilatzen,
errazagoa izango da istripu bat izatea.

Horregatik norberak hartu behar du erantzukizuna teknologia berri hauek ongi
ikasten erabiltzeko. Eta ea horrela ez dugun kruzifikatzen laguntza berri hau,
errepideak ezagutzen ez eta asko bidaiatzen dugunontzat oso baliagarriak egiten
baitzaizkigu.