Hileko artxiboak: ekaina 2008

Kontuz, erdara arriskuan dago

Titularra ez da
broma. Savater eta antzerako pertsonak, intelektualak beraien ustez, manifestu
bat sinatu dute erdara arriskuan dagoela espainiar estatuko hizkuntza gutxituengatik.

Harrigarria dirudien
harren hogei bat intelektualek sinatu dute manifestu hau, guztiak UPyD alderdiaren
hurbilekoak, eta bat egin dute aldi berean Alderdi Popularreko kide batzuek
manifestuarekin.

Gaur Ostiraleko
Goienkarian irakurri dut Savaterrek orain dela hamabi urte kontrakoa idatzi
zuela. Baina orain gauzak aldatu dira, filosofo izatetik politiko izatera igaro
baita Rosa Diezekin batera.

Jende askok B
egiten du politiko denean, hau da, A esaten du politiko izan aurretik eta B ez
dela egin behar edo txarto dagoela. Eta politiko denean berriz B egin behar
dela edo B dela ona eta A txarra dela edo ez dela egin behar.

**BTR**

Eta ni
galdetzen naiz: Zer egin behar da intelektuala izateko? Intelektuala izanda
edozer manifestu egin daiteke? Amak behin esan zidan intelektuala nintzela
liburuak irakurtzen nituelako, intelektuala naiz?

Galderak, galderak, galderak

Gau batean lagun
batekin azterketa baterako ikasten geundela hainbat galdera etorri zaizkidan
burura:

Euskalduna
izateko eta sentitzeko euskaraz jakin behar da? Euskalduna sentitzen den
norbait ez badaki euskaraz euskalduna al da? Euskal telebistan lan egiten duen
norbaitek euskaraz ez badaki Ez Euskal telebista bilakatzen al da? Zergatik
hainbeste polemika gure agintariek egingo duten bi galderengatik? Hain txarra
al da herriak parte har dezala politika munduan? Eta bukatzeko, nolatan
bururatzen zaizkita horrelako galderak erantzun bakar bat ez dutenak izaten
badira?

Azkeni finean
bizitza honetan galderak egiteko eta erantzuteko gaude, azterketetan bezala.

Motibatzeko teknikak (I)

Pertsona asko moralez baxu dabiltzanean bizi
gogoa eta motibatzeko teknika batzuez lagundu behar izaten dira morala
igotzeko. Pertsonaren arabera teknika aldatu egin daiteke.

Adibidez Juan Carlos Higuero atleta
espainiarrak proba bat gauzatu aurretik El guerrouj atleta ohiaren bideoak
ikusten ditu. Edo Jorge Lorenzoren kasua moto lasterketa bati aurre egin baino lehen
Rockyren pelikulak ikusten dituela.

Nik inspirazioa eta motibazioa bilatzeko azken
bi urte hauetan Gasteizen izan dudan armairuari begirada bat jotzen nion.
Bertan oroigarri batzuk itsatsita nituen oroitzapen onak ekartzen zizkidatenak:
dortsalak, irudiak, argazkiak…

Irailera arte armairu gabe geratu naiz, datorren ikasturtean pisuz aldatzen
naizelako. Espero dut datorren irailetik aurrera armairu berri bat izatea non
nire oroitzapen onak itsatsi eta denborak aurrera egin ahala leku hori
inspiraziorako beste toki bat bilakatzen den.

Udako irakurketa

Uda heltzear dago (eguraldiarengatik batzutan
kontrakoa iruditu arren). Jada hasi lanean hasi naiz eta urtero bezala ordu
asko igaroko ditut igerilekuan bakarrik. Festak direla, jendea oraindik lanean
ari delako… hamaika arrazoi daude jendea igerilekura ez etortzeko. Horregatik
askotan mila metro karratuko azalerako ur putzu bat hutsik aurkitzen da nire
aurrean, Iratxeko hotelean.

Ordu horietan irakurtzen egotea gustatzen
zait. Bestela irratia entzuten egoten naiz (Euskadi Gaztea irrati katea eta
Hiru erregeen maila irratsaioak dira gehien entzuten ditudanak). Baina aurten
bi liburu irakurtzea jarri naiz nire buruari helburu gisa (eta ziur lortuko
dudala). Lehenengoa nire gozamenerako, Beterriko 2007ko liburua eta kritikaren
irabazle izan zen Jokin Muñozen Antzararen
bidea
eta bestea unibertsitaterako eta iraileko azterketa baterako prestatu
beharko dudan Thomas F. Glick-en Paisajes
de consquista. Cambio cultural y geografico en la España medieval
.

Uda jada hasi da niretako (bai opor aldetik
baita lan aldetik ere).

**BTR**

Euskara salbatzeko dekalogoa

Euskara salbatzeko dekalogo bat argitaratu zuen Pako Aristi idazleak Berrian igandean. Puntu horietako batean dio, aholku hauek fotokopiatu bitez, sartu Interneten, blogetan… Horrek lizentzia ematen duelakoan, testua osorik kopiatu dute Sustatukoek, nik berdina egingo dut Nire etxeko leihoan.

  1. Euskara politizatu beharra dago, alegia, alderdi guztiek sar
    dezatela euren hauteskunde-programako lehen postuan. PPk promesa
    itzelak egingo ditu bere zabalkundeari buruz; PNV, hori hausteko,
    urrunago joango da; PSOEk, bere tradizio kaskarra ondu beharrez,
    euskara ikastera bidaliko ditu politiko guztiak. Ikus ditzaket EAko
    aseguru-etxeetako langileak besapean Saizarbitoria hartuta. Euskara
    politizatuta balego boto asko legoke jokoan. Politiko guztiek ikasiko
    lukete, eta boto-emaileak elkarren arteko konpetentzian sartuko
    lirateke, zeinek gehiago eta hobeto hitz egin, zorioneko pelean.
  2. Hizkuntzaren legitimazio ez-errebindikatiboa planteatu behar da.
    Errebindikazioak ez daukagun zerbait eskatzea esan nahi du, eta guk ez
    badaukagu, beste batek daukalako ari gatzaizkio eskean. Eta beti eskean
    dabilenak bazter guztiak nazkatu egiten ditu, eta okerrena: bere
    buruari ezer eskatzea eta exijitzea ahazten zaio.
  3. Horrekin lotuta, identifikazio-modu berriak aurkitu behar zaizkio
    euskarari. Hamarkada hauetan asko pobretu dugu gure hizkuntzari,
    inkontzienteki, lotzen zaion iruditeria:
    euskara=ikurrina=trikitixa=manifa.
  4. Horretarako, infiltrazioa praktikatu behar da euskararekin, eta ez
    zokoraketa. ETBk praktikatzen du hizkuntz-zokoraketa, euskara ETB1era
    mugatuz, eta gaztelera ETB2ra, beti ere ekonomikoki euskara
    diskriminatuz. Euskadi Irratia/Radio Euskadi binomioarekin ere halatsu
    gertatzen da. Horrek bi bloke sortzen ditu, gero eta gehiago urrunduz
    hizkuntz-komunitateak. Telebistak bi ibaiertz hurbiltzeko zubi behar du
    izan.
  5. Euskarari buruzko legeak betearazi salbuespenik gabe, lanpostu
    publikoetan, jende aurreko lanpostuetan, maila guztietan. Ez dakien
    jendeak ez dezala pentsa «ba, berdin dio, euskara ez jakiteari ez diote
    garrantzirik ematen», «zu aurkeztu oposaketara, euskarak ez dio axola,
    gero izango dituzu hamar urte ikasteko». Legedi zabala hor dago;
    seriotasun itxura eman beza hori betearazi behar duenak.
  6. Gune estrategikoak garatu, pertsona erreferentzialen konplizitatea
    landu. Gizarte mediatiko honetan komunikabideak ispilu erraldoi bihurtu
    zaizkigu, eta jende masifikatuak imitazioz osatzen du bere nortasuna.
    Lan berezia egin behar du Jaurlaritzak komunikabideetan asko agertzen
    diren sektoreekin: kazetariak, kirolariak, politikoak, sukaldariak,
    reality show-kumeak eta abar. Telebista itzalitakoan gure
    inkontzientean jaso dugun munduaren irudian euskara entzun beza gure
    oroimenaren belarriak, jende famatuak euskara asko hitz egiten duen
    sentipena nagusitu dadin.
  7. Utzi korritzeari euskararen alde. Utzi maratoiak. Karrera ziztrin
    bat prestatzen ematen duzuen denbora piloa, zientoka ordu horiek
    euskarari eskaini ez zaizkion orduak dira. Susmoa daukat zuen alarde
    fisiko eta jendetsuak benetako ardurari ihes egiteko amarruak baino ez
    direla. Hizkuntza batekin lau gauza egin daitezke: hitz egin, irakurri,
    idatzi edota produktuak erosi eta dastatu. Hori bakoitzak egin behar
    du, bere bakardadean, bere etxean, bere baitako indar batez. Euskararen
    alde korrika ateratzen zareten bakoitzean zeuon barruan dagoen
    arduragabekeriari eta gezurrari ihes egiten diozue. Eman aurpegia; izan
    ausartak.
  8. Horretarako, psikomagiako ariketa bat proposatuko dizuet. Atera
    leihora eta esan euskarari buruzko gauzarik nazkagarrienak:
    euskara=koinazoa, euskara=ulertezina, euskara=astuna, euskara=tortura,
    euskarazko egunkaria=urteko harpidetza hartu nuen eguna madarikatzen
    dut. Orain heldu zure buruari, eta kendu lepo gainetik, metaforikoki
    noski. Hartu baloi bat, adibidez, eskuetan, sartu dutxan, ireki ura eta
    eduki hamabost minututan uretan garbitzen. Lehortu, kokatu berriro buru
    garbia lepo gainean, eta leihoari bizkarra emanez esan euskarari
    buruzko gauzarik ederrenak: euskara liluragarria da, beti hitz egingo
    dut, edonorekin, esan behar dudan guztia euskaraz esaten bai baitakit,
    Pello Lizarralderen azken liburua erosteko deseatzen nago, antzerkia
    euskaraz ikusteko irrikan, zer zorte daukadan euskararen eskaintza
    zabalarekin, zirraragarria da, emozionantea…
  9. Madrileko gobernuak Berdintasunaren Ministerioa sortu duen bezala,
    Jaurlaritzak sor beza Hizkuntzen Arteko Berdintasunaren Kontseilaritza,
    Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean.
  10. Aholku hauek fotokopiatu bitez, sartu Interneten, blogetan, jarri
    lantokietako iragarki-tabloietan, pegatinetan laburbildu, Gabonetan
    herrietako megafoniaz errepikatu bitez etengabe, uhin espansibo baten
    moduan gizarte osora irits daitezen.