Etiketaren artxiboa: sustatu

Euskara salbatzeko dekalogoa

Euskara salbatzeko dekalogo bat argitaratu zuen Pako Aristi idazleak Berrian igandean. Puntu horietako batean dio, aholku hauek fotokopiatu bitez, sartu Interneten, blogetan… Horrek lizentzia ematen duelakoan, testua osorik kopiatu dute Sustatukoek, nik berdina egingo dut Nire etxeko leihoan.

  1. Euskara politizatu beharra dago, alegia, alderdi guztiek sar
    dezatela euren hauteskunde-programako lehen postuan. PPk promesa
    itzelak egingo ditu bere zabalkundeari buruz; PNV, hori hausteko,
    urrunago joango da; PSOEk, bere tradizio kaskarra ondu beharrez,
    euskara ikastera bidaliko ditu politiko guztiak. Ikus ditzaket EAko
    aseguru-etxeetako langileak besapean Saizarbitoria hartuta. Euskara
    politizatuta balego boto asko legoke jokoan. Politiko guztiek ikasiko
    lukete, eta boto-emaileak elkarren arteko konpetentzian sartuko
    lirateke, zeinek gehiago eta hobeto hitz egin, zorioneko pelean.
  2. Hizkuntzaren legitimazio ez-errebindikatiboa planteatu behar da.
    Errebindikazioak ez daukagun zerbait eskatzea esan nahi du, eta guk ez
    badaukagu, beste batek daukalako ari gatzaizkio eskean. Eta beti eskean
    dabilenak bazter guztiak nazkatu egiten ditu, eta okerrena: bere
    buruari ezer eskatzea eta exijitzea ahazten zaio.
  3. Horrekin lotuta, identifikazio-modu berriak aurkitu behar zaizkio
    euskarari. Hamarkada hauetan asko pobretu dugu gure hizkuntzari,
    inkontzienteki, lotzen zaion iruditeria:
    euskara=ikurrina=trikitixa=manifa.
  4. Horretarako, infiltrazioa praktikatu behar da euskararekin, eta ez
    zokoraketa. ETBk praktikatzen du hizkuntz-zokoraketa, euskara ETB1era
    mugatuz, eta gaztelera ETB2ra, beti ere ekonomikoki euskara
    diskriminatuz. Euskadi Irratia/Radio Euskadi binomioarekin ere halatsu
    gertatzen da. Horrek bi bloke sortzen ditu, gero eta gehiago urrunduz
    hizkuntz-komunitateak. Telebistak bi ibaiertz hurbiltzeko zubi behar du
    izan.
  5. Euskarari buruzko legeak betearazi salbuespenik gabe, lanpostu
    publikoetan, jende aurreko lanpostuetan, maila guztietan. Ez dakien
    jendeak ez dezala pentsa «ba, berdin dio, euskara ez jakiteari ez diote
    garrantzirik ematen», «zu aurkeztu oposaketara, euskarak ez dio axola,
    gero izango dituzu hamar urte ikasteko». Legedi zabala hor dago;
    seriotasun itxura eman beza hori betearazi behar duenak.
  6. Gune estrategikoak garatu, pertsona erreferentzialen konplizitatea
    landu. Gizarte mediatiko honetan komunikabideak ispilu erraldoi bihurtu
    zaizkigu, eta jende masifikatuak imitazioz osatzen du bere nortasuna.
    Lan berezia egin behar du Jaurlaritzak komunikabideetan asko agertzen
    diren sektoreekin: kazetariak, kirolariak, politikoak, sukaldariak,
    reality show-kumeak eta abar. Telebista itzalitakoan gure
    inkontzientean jaso dugun munduaren irudian euskara entzun beza gure
    oroimenaren belarriak, jende famatuak euskara asko hitz egiten duen
    sentipena nagusitu dadin.
  7. Utzi korritzeari euskararen alde. Utzi maratoiak. Karrera ziztrin
    bat prestatzen ematen duzuen denbora piloa, zientoka ordu horiek
    euskarari eskaini ez zaizkion orduak dira. Susmoa daukat zuen alarde
    fisiko eta jendetsuak benetako ardurari ihes egiteko amarruak baino ez
    direla. Hizkuntza batekin lau gauza egin daitezke: hitz egin, irakurri,
    idatzi edota produktuak erosi eta dastatu. Hori bakoitzak egin behar
    du, bere bakardadean, bere etxean, bere baitako indar batez. Euskararen
    alde korrika ateratzen zareten bakoitzean zeuon barruan dagoen
    arduragabekeriari eta gezurrari ihes egiten diozue. Eman aurpegia; izan
    ausartak.
  8. Horretarako, psikomagiako ariketa bat proposatuko dizuet. Atera
    leihora eta esan euskarari buruzko gauzarik nazkagarrienak:
    euskara=koinazoa, euskara=ulertezina, euskara=astuna, euskara=tortura,
    euskarazko egunkaria=urteko harpidetza hartu nuen eguna madarikatzen
    dut. Orain heldu zure buruari, eta kendu lepo gainetik, metaforikoki
    noski. Hartu baloi bat, adibidez, eskuetan, sartu dutxan, ireki ura eta
    eduki hamabost minututan uretan garbitzen. Lehortu, kokatu berriro buru
    garbia lepo gainean, eta leihoari bizkarra emanez esan euskarari
    buruzko gauzarik ederrenak: euskara liluragarria da, beti hitz egingo
    dut, edonorekin, esan behar dudan guztia euskaraz esaten bai baitakit,
    Pello Lizarralderen azken liburua erosteko deseatzen nago, antzerkia
    euskaraz ikusteko irrikan, zer zorte daukadan euskararen eskaintza
    zabalarekin, zirraragarria da, emozionantea…
  9. Madrileko gobernuak Berdintasunaren Ministerioa sortu duen bezala,
    Jaurlaritzak sor beza Hizkuntzen Arteko Berdintasunaren Kontseilaritza,
    Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean.
  10. Aholku hauek fotokopiatu bitez, sartu Interneten, blogetan, jarri
    lantokietako iragarki-tabloietan, pegatinetan laburbildu, Gabonetan
    herrietako megafoniaz errepikatu bitez etengabe, uhin espansibo baten
    moduan gizarte osora irits daitezen.