Adi ALBEkideok!
Imanol Lazkanoren hitzaldia aste bete atzeratu da.
Gorde agendan datorren asterako zita:
Asteartean, 20.00etan, Aldai Patronatuan.
Martitzenerarte!
Adi ALBEkideok!
Imanol Lazkanoren hitzaldia aste bete atzeratu da.
Gorde agendan datorren asterako zita:
Asteartean, 20.00etan, Aldai Patronatuan.
Martitzenerarte!
Imanol Lazkano bertsolari azpeitiarra, datorren maiatzaren 3ko martitzeneko eskolan gurekin izango dugula adierazi nahi dizuegu. Bai martitzenetako bertso-eskolan parte hartzen duzunoi, zein gainontzeko egunetan bertso-eskolara zoazienoi eta orotara, albekide guztiei, Imanol Lazkanoren jakinduriaz disfrutatzeko eta ikasteko gonbitea zabaldu nahi dizuegu.
Hitzordua, maiatzaren 3a, asteartea, Aldai Patronatuan, 20.00etan.
Atzo gure gazteak ederto ibili ziren eta berriro ere eskuratu dute BBK Txapelketa. Aurrekoan azaldu genizuen bezala, txapelketa hau eskualdeka jokatzen da. Gure eskolak Ipar Uribeko eskualdea ordezkatzen du. Bi kategoria daude: 18 urte arte eta 18tik 25 urte artekoak.
Finala Lea-Artibai eskualdearen aurka izan zen. Errebantxa usaina zeukan finalak (aurreko urtean bi eskualdeak finalera iritsi ziren eta Lea- Artibaik irabazi zuen), ia guztiek aipatu zuten agurrean errebantxarako gogoa zutela. Eta balantzak, Ipar Uriberen alde egin zuen.
Aipatzekoa da, txikien kategorian Imanol Uriaren lana. Puntu erantzunean, bertsoa ederto ekarri zuen:
Euskalakari asko
jabilkuz korrika,
ta ezin gara egon
sofan jesarrita.
Igandean Donostin
badaukagu zita,
herria euskalduntzeko
gugandik hasita.
Nagusietan aipagarria izan zen Beñat eta Peru Vidalek erakutsitako umorea ofizioetan. Arrate Illaro ederto ibili zen kartzelako lanean.
Zorionak guztioi!
Joan zen apirilaren 7an Korrikari hasiera eman zitzaion Trebiñun. Euskararen alde Euskal Herria osoa zeharkatzen du Korrikak ttipi-ttapa!!! Eta datorren larunbatean, hilaren 16an, euskararen aldeko lasterketak Getxo zeharkatuko du.
Bere kilometroa korrituko du ALBEk eta deialdi berezia zabaldu nahi dizuegu parte aktiboa hartzeko. Xabi Payak lekukoa hartuko duelarik, Korrikarekin denok bat egitea dugu helburu. Horretarako, datorren larunbata, 16an, Algortako Mariandresena kalean, UK tabernaren ondoan ikusiko gara, goizeko 10.15ean.
Korrika badator… animatu eta zatoz Korrikara ALBEren eskutik!!!
Maitatu, ikasi, ari… euskalakari!!!!!
ALBEn harrobi bikaina daukagu! Oraingoan ere BBK Txapelketa finalerako txartela lortu dute. BBK Txapelketa eskualdeka jokatzen da, eta gure bertso eskolako gazteek Ipar Uribeko eskualdea ordezkatzen dute.
Aurkari moduan, eta aurreko urtean bezala, Lea Artibaiko taldea izango dute.
Finala, datorren ostegunean izango da, hilak 14, Bilboko Kafe Antzokian, 19.00etan.
Zorte on!
Jakingo duzuen moduan, zapatutik Gabi gure artean da. Eta honen berri emateko, Josu Landetak bertso sorta eder hau bidali digu. Ongi etorri Gabi eta eskerrik asko Josu!
GABIREN ETORRERAREN BERTSO KRONIKA
Doinua: Mutil koxkor bat
Goizean goizik itxi genduan
gure etxeko oskola,
eta Sopelan parrandarako
presta ginen edonola.
Aurkezle batek hasiera emon
zeuen hala edo nola,
halako baten harexek bor-bor
imini euskun odola,
danori esanik Gabi Basañez
jada kalean egola.
Egun osoan kantu ta bertso,
ta esaeren arretan,
barrutik siku ez ginen egon
inor bez egun horretan.
Guk motiborik bagendun alai
egoteko kaleetan,
arratsaldean iragarri zan
gure arteko barriketan
ongi etorria izango zala
gabeko bed(e)ratziretan.
Ehunetik gora edo berrehun bat
batu ginen kale hotzean,
hantxe presturik kanta egiteko
gure Gabi etortzean.
Soinu giroan han bertso eskola
egon urduri antzean,
hantxe hasi ginen kantuan eta
jarduera amaitzean
Gabi apur bat hunkitu eikigun
esker ona agertzean.
Baina onenak ez zeuen iraun
nahiz falta ez ziren gogoak,
halako baten asma genduzen
mogimendu latz zoroak.
Goiko partetik etorko ziren
mozorrotu arraroak:
han Hanka Biko Txakur Gorriak
jend(e) artetik igaroak,
ozpin puntu bat hartuko zeuen
gabeko geure giroak.
Oihu ozenak, “alde hemendik”,
entzungo ziren tarteko,
baina ikusi gendun musikaz
ibilko ginela hobeto.
“Eusko gudari”, “lepoan hartu”
beste horreekin ederto,
une batean Katxo handiak
esan eutsen hau (eg)iteko:
gure artera hurbildu ezkero
bertsoren bat botateko.
Algara eta poza tentsio
puntu batez ezarrita,
halandabere ez gendun euki
hantxe agoa itxita.
Hodei baltz eta pozoitsu latza
izan zan hango bisita
baina aurrera segitu gendun
alaitsu (e)ta ez etsita,
denbora aurrera joan ahala dana
doinuz ta tragoz jantzita.
Komitearen barruan izan
zan gure hurrengo jarduna,
leku txikerra jende artean,
soinu, pandero bilduma.
Duda gaberik ha zan taberna
alaitsua baina estuna,
harexegaitik argi izan gendun
kanbia behar genduna,
eta segitun bisita gendun
“Ocejo gure laguna”.
Ocejonean ezin sarturik,
ta handik kalera atera;
kanpoan bazan leku handia
ta dantzarako sobera,
gure doinuaz izan euden ta
batzuk hartarako aukera;
beste batzuek kantuz jardunik
ebizen gora ta behera,
algara ozena zabaldu gendun
Katea auzo aldera.
Eta Joanesen bigarren sorta!
1) Ixim Ulew-ko bertso euria
ezin da egon aterri,
nahiz ta noiz kristo botako duen
Maldonadok ez igerri.
Berriro ere idatziko dut
makina bat bertso berri,
ta emango dut Jon Maia hauen
erlijioaren berri.
2) Igande baten xukulem maia
bat ikusten egon nintzen.
Hor egon nintzen kristautasunan
liturgia konparatzen,
kristautasunan antza zerk duen
esaten hasi gaitezen:
lau terdietan iratzartzea
penitentzia izan zen.
*Xukulem = zeremonia maia.
3) Lau terdietan iratzartzea
sekula ez dugu lirain,
baina seietan ailegatzeko
ardura nuen nire gain.
Iximcheuherriko katedralera
denboraz helduta bikain,
hor egon nintzen ezezagun bat
plazan noiz agertuko zain.
4) Ez zen erraza Aurelino hau
aurkitzeko ahalegina,
jende piloa zebilen plazan,
benetan pentsa ezina.
Ordu horretan ez da esnatu
oraindik ama birjina,
nola demontre egon liteke
elizan over booking-a?
5) Cita a ciegas baten bezala
bilatzen nenbilen bero,
eskerrak horko jende guztia
zela Jesusen bezero.
Goizeko seiak emandakoan
meza hasi zenez gero,
tipo bat baino ez zen gelditu
denak joan eta gero.
6) Nire laguna bera ote zen
deskubritzeari ekin,
ez zela bera azaldu zidan,
ta hizketan hasi berdin.
K’ula-n azpitik zerbezatxo bat
hortxe atera zuen fin.
Gaupasero bat aurkitu behar
lehenengo espuelarekin!
*K’ul=pontxoa.
7) Denbora baten plaza hortara
ez zenez agertu inor,
elizarantza begiratuta
kontatzen hasi zen jator
urte luzetan gitarra jotzen
ibili zela bera hor,
15 urtez katolitro ta
5 urtez evangelicor.
8) Hor egon ginen Aurelino hau
bila etorri zen arte,
Fausto gurekin apuntatu zen,
zahartasunean gazte.
15 tipo pick up batean
ia mundutik aparte.
Euskal Herriko ahuntzek sarritan
bide hobeak dauzkate.
*Fausto=gaupaseroa.
9) Jende nahikotxo aurkitu nuen
paraje urrun horretan,
hango aq’ij-ak beso zabalik
hartu gintuenak bertan.
Bere etxeko atmosfera zen
gustagarria benetan,
intsentsu pila sudurrean ta
marinba belarrietan.
*Aq’ij=gida espirituala.
10) Sinesmen maian ri ati’t ik’-a
gu guztion ati’t-a da,
qatata’ ri q’ij, qate’ ri ulew
guraso zaharrak jada,
animali ta landare denak
beraien seme alaba.
Ta gizakiok famili hortan
ume gazteenak gara.
*Ri ati’t ik’=ilargia; Ati’t=amama; Qatata ri q’ij=eguzkia gure aita da;
Qate’ ri ulew=lurra gure ama da.
11) Denok kanpora atera eta
ataria jendez lepo.
Kanpoaldean borobiltxo bat
jarria zuten ederto.
Azukre eta zerealekin
bete genuen konpleto,
arbasoei bizitza eta
janaria eskertzeko.
12) Borobil hori bete genuen
zereal eta azukrez,
ta xukulem-ak jarraitu zuen
denari sua emanez.
Kea ta sua xukulem-eko
erdigunea da berez,
arbasoekin hitz egiten da
erdiko suan bitartez.
13) Arbasoei eskerrak eman
gero guztiok batera.
Iparraldera, hegoaldera,
sartalde ta sortaldera.
Hala ere lau norabideak
haientzako dira zera:
eguzkiaren ta haizearen
sarrera ta irteera.
14) Guzti guztiok mugimenduan
batera ta besterantza,
katolikoen estatismoaz
galdua baitzuen antza.
Zeremonia bat edo jaia zen
hartua nuen zalantza,
aldi berean egiten ziren
liturgia eta dantza.
15) Aldi berean erabilita
arima eta gorputza,
igarri gabe helduak ginen
amaiera alderuntza.
Amaierarik onena beti
txokor handi bat ta kuxa,
nahiz ta ardoa nahiago dudan
kuxa baita alkohol hutsa.
*Kuxa=zeremonietako edaria.
16) Xukulem-a hor amaitu arren
handik eskapatu ezin.
Nimaq’ij-a zen denontzat eta
han dantzatzeari ekin.
Hango marinba orkestra eta
kuxa ta zerbezarekin,
zeremoniaren osteko jaia
hasi baino ez zen egin.
*Nimaq’ij=egun handia/ jai eguna
17) Suak berotzen gintuen eta
ezin ginen gelditu hotz.
Eliza baten ez da egoten
hain giro onik kauen zotz.
Nahiz ta etxetik hain urrun egon
ez ginen sentitzen arrotz,
iauastelehena egin artean
man xojb’e ta roj pa qochoch.
*Man xojb’e ta roj pa qochoch=gu ez ginen etxera joan.
18) Faltan izaten zaituztet baina
ez zait hainbeste axola,
mundu urrun hau ezagutzea
behar bainuen behinola.
Badakizue ederto baten
ta zoriontsu nagola,
tichajij iwi’ iwonojel ta
choyan chik bertso eskola.
*Tichajij iwi iwonojel=zaindu zaitezte zuek guztiok; choyan chik=ikusi arte.
* Doinua: Javi Ocejo gure laguna doinuan, edo beste edozein zortziko nagusitan. Hirugarren denborako komandoko beteranoek badakite zein den “Javi Ocejo gure laguna” doinua.
ALBE internazionala dela aspaldi dakigu. Birmighamen enbaxadorea izateaz gain, Mexiko aldera ALBEkide bat bidali dugu. Handik dabilkigu Joanes Igeregi sopeloztarra. Ez dabil geldu gure Joanes eta bere ibileren berri eman digu bertso sorta hauen bidez.
Bejondeizula Joanes!
1) Urte berria maia artean
hasia dudanez aurten,
lengo urteko azken eskola
izan da niretzat azken.ti
Inguru hontan bertso ekina
ez da erreza izaten
baina arkatza eta papera
hartuta halako baten
saiatuko naiz bertso hauetan
hemengo berri ematen.
2) Astiro baina gorantza doa
nire kaqchikel-an maila:
xsaqer egunon, xokoq´a gabon
sartu behar diot tralla,
aditza zelan erabiltzen den
behar dut gogor entsaila,
lau “K” ezberdin dituzte eta
nik lautik zortzitan falla.
Gauza bat argi ikasia dut
euskara ez da hain zaila.
3) Asteburu hau ondo pasa dut
Hara bidean nindoalarik
Lemoa lakua bertan,
Urizar eta Ortuzartar bat
dabil alkate lanetan,
eta herriko fundatzailea
Echenique zen benetan:
Kolonia gara Europan baina
kolono ameriketan.
4) Convitea ta dantzaldia da
hemengo jaietan ginda,
maskaradaren gure ohitura
guztiz aldatu egin da.
Dantzan atera nahiko nituzke
hamaika patoja linda,
hasieretan bizkar hezurra
ondo mugitu ezinda,
baina banabil dantzan ikasten
merenge eta marinba.
5) Dantzaldi baten boliche zar bat
hurbildu zitzaidan hara,
berba ta berba hasi zitzaidan,
gero eman besarkada,
K´iche´ hizkuntza ote zen hori,
latina ala euskara?
Bolo erdiak bertan jausita
lotan pasa zuten gaba.
Astearteko gure jarduna
oso moderatua da.
6) Zuek utz awätz? galdetuz gero
utz matyox esan beharko,
zelan nagoen galdetuz gero
ederto eskerrik asko.
Askoz gehiago ez dut ikasi
baina ez daramat txarto.
Bertsoa maiaz osatu arte
saiatu behar dut bapo.
Chwaq chik denoi, zaindu zaitezte
gehiago hurrengorako.
*Kaqchikel= bizi naizen inguruko hizkuntza maia.
*Convite= herriko jai guztietan maskarak eta mozorroak jarrita egiten duten kaleko dantza/desfilea. Bertako batek “esta costumbre viene de una tradición europea llamada mascarada” esan zidan. Zuberoakoa ala Italiakoa ote?
*Patoja= neska
*Boliche/bolo=zutik egoten lanak dituen mozkorra
*K´iche´=Chinique inguruko hizkuntza maiatza
* Doinua: Mutil koxkor bat itsu aurreko edo hamarreko nagusiko edozein.
Atzo banatu ziren “Aixe Getxo” sariak Fadurako polikiroldegian. Jende andana batu zen kulturari lotutako saridunei gorazarre egiteko.
Aurreko post-ean azaldu genuen bezala, ALBEk Kultura Ondarea, Hautemangarri eta Hautemangaitza kategorian eskuratu zuen saria. Trino Azkoitiak gure herrian bereizten duen Aixerrota jaso zuen. Gure esker ona adierazteko, jarraian transkribatuta duzuen bertsoa bota zuen:
Eskerrik asko sariagatik
baina beste hau be entzun:
gu ez garela besterik gabe
sari honen bila jardun.
Bada sari bat nahi gendunkena:
Getxo herria euskaldun.
Denon saria degu hau eta
ea irabazten dugun.
Link honetan daukazue bideoa ikusgai.
Ia denon artean lortzen dugun Getxo euskaldun bat. ALBEn horretan jarraituko dugu tinko!
Lehen urtea da Getxoko Udalak Aixe Getxo sariak banatzen dituela. Udalerrian kultur munduaren hainbat arlotan, pertsonek eta ekimenek sortutako jardueren lana, konpromisoa eta zabalkundea azpimarratzeko asmoarekin sortu dira.
Epaimahaia kulturaren munduarekin harremanak dituzten hainbat getxoztarrek osatu dute. 12 kategoria ezarri dira.
Algortako Bertsolari Eskolak Kultura Ondarea, Hautemangarri eta Hautemangaitza kategorian saria lortu du.
31 urte bete ditugu Bertsolaritza zabaltzen, hedatzen eta ezagutarazten Getxon eta gure eskualdean. Bide beretik jarraituko dugu beste 31 urtetan!
Sari ematea, martxoaren 21ean izango da Fadurako Areto Nagusian. Saria, gure eskolako lehendakaria den Trino Azkoitiak jasoko du.
Eskerrik asko ALBE posible egiten duzuen guztioi! Zorionak!