BERTSO BARRIAK, IXIM ULEWtik (artoaren lurraldea) JARRIAK II

Eta Joanesen bigarren sorta!


1)       Ixim Ulew-ko bertso euria


ezin da egon aterri,


nahiz ta noiz kristo botako duen


Maldonadok ez igerri.


Berriro ere idatziko dut


makina bat bertso berri,


ta emango dut Jon Maia hauen


erlijioaren berri.


 


2)       Igande baten xukulem maia


bat ikusten egon nintzen.


Hor egon nintzen kristautasunan


liturgia konparatzen,


kristautasunan antza zerk duen


esaten hasi gaitezen:


lau terdietan iratzartzea


penitentzia izan zen.


*Xukulem = zeremonia maia.


 


3)       Lau terdietan iratzartzea


sekula ez dugu lirain,


baina seietan ailegatzeko


ardura nuen nire gain.


Iximcheuherriko katedralera


denboraz helduta bikain,


hor egon nintzen ezezagun bat


plazan noiz agertuko zain.


 


4)       Ez zen erraza Aurelino hau


aurkitzeko ahalegina,


jende piloa zebilen plazan,


benetan pentsa ezina.


Ordu horretan ez da esnatu


oraindik ama birjina,


nola demontre egon liteke


elizan over booking-a?


 


5)       Cita a ciegas baten bezala


bilatzen nenbilen bero,


eskerrak horko jende guztia


zela Jesusen bezero.


Goizeko seiak emandakoan


meza hasi zenez gero,


tipo bat baino ez zen gelditu


denak joan eta gero.


 


6)       Nire laguna bera ote zen


deskubritzeari ekin,


ez zela bera azaldu zidan,


ta hizketan hasi berdin.


K’ula-n azpitik zerbezatxo bat


hortxe atera zuen fin.


Gaupasero bat aurkitu behar


lehenengo espuelarekin!


*K’ul=pontxoa.


 


7)       Denbora baten plaza hortara


ez zenez agertu inor,


elizarantza begiratuta


kontatzen hasi zen jator


urte luzetan gitarra jotzen


ibili zela bera hor,


15 urtez katolitro ta


5 urtez evangelicor.


 


8)       Hor egon ginen Aurelino hau


bila etorri zen arte,


Fausto gurekin apuntatu zen,


zahartasunean gazte.


15 tipo pick up batean


ia mundutik aparte.


Euskal Herriko ahuntzek sarritan


bide hobeak dauzkate.


*Fausto=gaupaseroa.


 


9)       Jende nahikotxo aurkitu nuen


paraje urrun horretan,


hango aq’ij-ak beso zabalik


hartu gintuenak bertan.


Bere etxeko atmosfera zen


gustagarria benetan,


intsentsu pila sudurrean ta


marinba belarrietan.


*Aq’ij=gida espirituala.


 


10)    Sinesmen maian ri ati’t ik’-a


gu guztion ati’t-a da,


qatata’ ri q’ij, qate’ ri ulew


guraso zaharrak jada,


animali ta landare denak


beraien seme alaba.


Ta gizakiok famili hortan


ume gazteenak gara.


 


*Ri ati’t ik’=ilargia; Ati’t=amama; Qatata ri q’ij=eguzkia gure aita da;


Qate’ ri ulew=lurra gure ama da.


 


11)    Denok kanpora atera eta


ataria jendez lepo.


Kanpoaldean borobiltxo bat


jarria zuten ederto.


Azukre eta zerealekin


bete genuen konpleto,


arbasoei bizitza eta


janaria eskertzeko.


 


12)    Borobil hori bete genuen


zereal eta azukrez,


ta xukulem-ak jarraitu zuen


denari sua emanez.


Kea ta sua xukulem-eko


erdigunea da berez,


arbasoekin hitz egiten da


erdiko suan bitartez.


 


13)    Arbasoei eskerrak eman


gero guztiok batera.


Iparraldera, hegoaldera,


sartalde ta sortaldera.


Hala ere lau norabideak


haientzako dira zera:


eguzkiaren ta haizearen


sarrera ta irteera.


 


14)    Guzti guztiok mugimenduan


batera ta besterantza,


katolikoen estatismoaz


galdua baitzuen antza.


Zeremonia bat edo jaia zen


hartua nuen zalantza,


aldi berean egiten ziren


liturgia eta dantza.


 


15)    Aldi berean erabilita


arima eta gorputza,


igarri gabe helduak ginen


amaiera alderuntza.


Amaierarik onena beti


txokor handi bat ta kuxa,


nahiz ta ardoa nahiago dudan


kuxa baita alkohol hutsa.


*Kuxa=zeremonietako edaria.


 


16)    Xukulem-a hor amaitu arren


handik eskapatu ezin.


Nimaq’ij-a zen denontzat eta


han dantzatzeari ekin.


Hango marinba orkestra eta


kuxa ta zerbezarekin,


zeremoniaren osteko jaia


hasi baino ez zen egin.


*Nimaq’ij=egun handia/ jai eguna


 


17)    Suak berotzen gintuen eta


ezin ginen gelditu hotz.


Eliza baten ez da egoten


hain giro onik kauen zotz.


Nahiz ta etxetik hain urrun egon


ez ginen sentitzen arrotz,


iauastelehena egin artean


man xojb’e ta roj pa qochoch.


*Man xojb’e ta roj pa qochoch=gu ez ginen etxera joan.


 


18)    Faltan izaten zaituztet baina


ez zait hainbeste axola,


mundu urrun hau ezagutzea


behar bainuen behinola.


Badakizue ederto baten


ta zoriontsu nagola,


tichajij iwi’ iwonojel ta


choyan chik bertso eskola.


*Tichajij iwi iwonojel=zaindu zaitezte zuek guztiok; choyan chik=ikusi arte.


* Doinua: Javi Ocejo gure laguna doinuan, edo beste edozein zortziko nagusitan. Hirugarren denborako komandoko beteranoek badakite zein den “Javi Ocejo gure laguna” doinua.

1 thought on “BERTSO BARRIAK, IXIM ULEWtik (artoaren lurraldea) JARRIAK II

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude