Ikasturtea bukatzear dagoela eta, aukera izan dugu Peio Arondorekin hitz egiteko, bertso-eskolako gazteen taldeko partaidearekin. Peioren lehen kontaktua bertsolaritzarekin San Nikolas Ikastolan izan zen, hezkuntza arautuko programaren barruan.
Hemen Peiok kontatu diguna:
– Noiz hasi zinen bertsotan?
Pasa den kurtsoan hasi nintzen bertso-eskolan, 14 urterekin.
– Zer ematen dizu bertsolaritzak?
Bertsolaritzak jendea ezagutzeko aukera bikaina eman dit: udalekuak, saioak, bidaiak,… etengabe jende berriarekin harremanetan egon naiz sartu nintzenetik.
– Zer egiten duzue bertso-eskolan?
Astean behin elkartzen gara bertso-eskolan, bertan hitz egin, kotilleatu, merendolak eta planak egiten ditugu. Bertsotan ere bai.
– Nola animatuko zenituzke gaztetxoak bertso-eskolara?
Nire ustez, gaztetxoek bertsolaritzari buruz duten ideia aldatu behar da: bertsolaritza ez da tripadun gizon bat baserriari buruzko bertsoak botatzen txapela buruan duela, ahots ozen eta aspergarri batekin. Bertsolaritza bat-batekotasuna, freskotasuna eta umorearekin lotu behar dute.
– Eta bukatzeko, bertso bat eskatuko dizugu.
Bertsolaritza sozialki dago
liburuetan gordeta:
bertsolariak jarrita dauka
txikitero etiketa.
Los Angelesko raperoa, berriz,
ei da kaleko poeta,
errimaz, doinuz, umorez eta
errebeldiaz beteta.
Hip-hop, Rap zein bertsolaritza
eginda konparaketa,
txapela eta raper-bisera
da dagoen aldaketa.
Eminemek ta Andoni EgaƱak
antza badaukate eta.
Milesker Peio!