Hileko artxiboak: apirila 2009

LEHEN GOGOETA SAIOA

Larunbatean 20 bat pertsona bildu ginen Algortako Bertsolari Eskolako kideak eta beste sektore batzuetako eragileak Euskalgintzaz eta bertso-eskolen etorkizunaz hitz egiteko.


Aurretik aipatu bezala, gogoetarako lehen saiora Gotzon Lobera eta Koldo Tapia ekarri genituen.


Fredi Paia eta Gotzon Lobera por ti.


Bi hitzaldiak oso interesgarriak izan ziren. Gotzon Loberak XXI. mendeko Euskalgintzaz hitz egin zigun. Bere iritzia eman zigun kulturaren globalizazioaren inguruan eta ondoren bertsolaritzan eta bertso-eskoletan oinarritu zen. Hizkuntza Politika Zuzendaria izandakoa da Gotzon Lobera, eta aholku asko eman zizkigun instituzioetan nola jardun jakiteko.


Koldo Tapiak Euskalgintzaren hastapenetara hurbildu gintuen. Errepaso bat eman genien Euskalgintzako aroei. Ondoren, Bertsozale Elkarteak duen egitura ezagutu genuen, zer-nolako lanak egiten dituen,… Bere iritzia eman zigun bertso-eskolen etorkizunaz eta nolako pausoak jarraitu behar genituen.


Ondoren, eztabaidarako tarte bat egon zen bi hizlariekin.

GURE NESKAK HERNANDORENA ETA OSINALDE SARIKETETAN FINALISTA!

Aurten ez daukagu Bizkaiko Txapelketarik, baina gazte sariketa askotan parte hartzen dute gure bertso-eskolako gazteek.


Berri pozgarriak helduko zaizkigu Iparraldetik eta Goierritik. Hernandorena Sarian Itxaso Paia eta Arrate Illaro sailkatu dira finalerako. Esan beharra dago, Itxaso Paiak Maulen burutu zen kanporaketa irabazi zuela. Finala larunbatean izango da Aiherran, arratsaldeko 19.30etan eta Arrate eta Itxasorekin batera bertsolari hauek ibiliko dira kantuan: Ximun Cazaubon, Ekhi Erremundegi, Unai Gaztelumendi eta Patxi Iriart.


                Arrate Illaro por ti.             3015_paiai[1]


Goierrin berriz, Osinalde Sariketan, Jone Uriak txartela lortu du finalerako. Larunbatean jokatuko da finala Gabiriako Osinalde elkartean. Kantukide izango ditu: Maddalen Arzallus, Maialen Velarde, Odei Barroso, Miren Amuriza eta Mikel Artola.


                                   4093_uriaj[1]


Zorterik onena opa diegu, egurra neskak!


Bestalde, gogoratu asteburu honetarako zitak:


– Larunbatean, goizeko 10.30etan, Algortako Villamonte Kultur Etxean, ALBEko lehen gogoeta saioa.


– Larunbatean, arratsaldeko 20etan, Kultur Leioako auditorium-ean bertso-saioa: Andoni EgaƱa, Sustrai Colina, Fredi Paia eta Uxue Alberdi. Gai-jartzaile: Aitzol de Castro.


– Igandean, eguerdiko 13etan, Kanpomartxo jaiaren barruan, Erandioko Altzaga auzoan: Iker Zubeldia, Peru Vidal eta Arkaitz Estiballes. Gai-jartzaile: Arkaitz Gomez.

ALBEko GOGOETA SAIOA

Algortako Bertsolari Eskola 1980.urtean sortutako elkartea da. Sorreratik bertsolaritzaren transmisioaren, sustapenaren eta ikerkuntzaren alde jardun dugu Bizkaiko Uribe Kostako eskualdean eta batik bat Getxon. Egun zeregin horretan jarraitzen dugu, bertsolaritzaren alde lan eginez, bertsogintza sustatuz, bertsolariak sortuz eta bertsozaleei euren zaletasunaz gozatzeko aukerak emanez.


2010ean 30 urte beteko ditu ALBEk.Urteurrena bera ospakizun handia izanagatik, eskolak egindako ibilbidearen mugarri eta aurrera begirako pausoen abiapuntu bihurtu nahiko luke data seinalatua. Hori dela eta, 2009ko udaberrian gogoeta-saioak antolatu ditu eta lehenengoa apirilaren 25ean izango da, Algortako Kultur Etxean (Villamonte kalea A-8, 48991).


Lehen egun honetan bi hizlari izango ditugu: Koldo Tapia eta Gotzon Lobera. Bertsolaritzaren eta kulturaren munduan aski ezagunak. Honakoa izango da egitaraua:


EUSKALGINTZA MUNDU GLOBALIZATUAN


Hizlaria: Gotzon Lobera, Bizkaiko Foru Aldundiko Hizkuntza   Politikarako Zuzendari ohia eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea. 


Ordua: 10.30


BERTSO-ESKOLEN ERRONKAK XXI.MENDEAN


Hizlaria: Koldo Tapia, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Idazkari Nagusi ohia eta Itzultzailea.


Ordua: 12.00


Hitzaldi bien ondoren eztabaidarako tarte bat egongo da.

ALBE ERE KORRIKAREN ALDE!

Apirilaren 3an ALBEkide ugari batu ginen Hotela eta Garai tabernaren artean Korrika egiteko euskararen alde. 1958.kilometroa egokitu zitzaigun.



Lekukoa, Aixerrota Institutuak pasatu zion hainbeste urtetan bertso-eskolako buru izan den Joseba Santxori. Erritmo polita jarri zuen Josebak eta nahiko zaila egin zitzaigun bere atzetik korrika egitea.



Giro polita izan genuen lekukoa hartu baino lehen, guztiok gogotsu euskararen aldeko lasterketan parte hartzeko. 2011rako zin egiten dugu askoz hobeto prestatuko garela!


TIPI-TAPA, TIPI-TAPA KORRIKA!!!


P.D: Argazki gehiago gure argazki galerian.