Etiketaren artxiboa: algorta

BERTSO MARATOIA

Portu Zaharreko ajearekin gauden arren, hona hemen gure eskolako Josu Landetak Algortako Bertso Maratoia buruz egindako kronika ederra!


Eguerdiko hamabiak eta erdiak aldera, Algortako Kasino plaza apurka -apurka betetzen doa, zer eta jaietako egun orotan eguerdiko ordu batean ospatu ohi den bertso saioa entzuteko. Egun honetan kartel ederra dugu (Andoni Egaña, Amets Arzallus eta herriko Xabi eta Fredi Paia: gai jartzailea Maite Berriozabal), eta jai egun nagusia izateaz gain horrek jende asko erakarri du plazara. Inguruko jendearen algara  eta alboko errepideko burrunbada gorabehera, bertsoak plazan zehar erraz zabaltzen dira, eta zale handienon artean egunean zehar asetzea kostatuko zaigun halako gose antzeko bat sortu dute.


 


Gose hori ase guran, hirurak aldera plaza bereko Pipers tabernan batu gara bazkari bat egiteko asmoz, mahai luze bi bakoitzean hogei bat lagun,  Andoni Egaña eta Amets Arzallus anfitrioi. Hasieran bazkarietako ohiko berba jarioa nagusitzen da,  eta gu bazkaltiarrok berbak jaurti eta harrapatu guran gabiltza, baina hori bai, platerean dugun janariari muzin egin barik. Berba jario aberatsa dabilkigu inondik ere, baina benetako berba jokoa gure anfitrioien eskutik etorriko da laster, harik eta Gibel (oraindik) Urdinak musika taldeak pieza pare batekin sarrera eman eta gure bertsolariek hor gaudenon  belarriei atsegina ematen hasi direnean. Bertan lekuko asko dugu, eta beroietako batzuk bertsotan aipatzeak saioari tonu umoretsua eman dio.


 


Bazkaria bukatu da bere postrea eta guzti, baina guretzat hori aperitiboa baino ez da izan.Izan ere plater nagusiak etortzear daude, eta gure sabelak oraindik leku handia du bertso eta dantza sorta irentsi eta pilatu ahal izateko. Gibel Urdinek kalejira ezin alaiagoan garamatzate, eta lehen geltokia Katilu taberna dugu. Inguruan jende askorik ez dago, baina gurekin daramagun multzoak kalearen zati garrantzitsu bat betetzen du. Bertsozaleok bertan  gustura, kaleko lehen saioa arretaz segitzen  dugu, eta ingurukoon artean bertsolariek bertsotan lehen irudi barregarriak aipatzeko aukerarik ez dute galduko. Hala da ze, jendearen arreta handitu egingo da. Aspertzeko aukerarik ez.


 


Bigarren geltokia The End tabernan. Oraingoan, guk daramagun jende multzoaz gain, bertako bezeroen arreta aberasgarri suertatuko zaigu. Tenperatura gora eta gora doa eten barik, eta bero hori Lainoan (orain tabernak Unai izena du antza) mantentzen da, eta aipamenak leihoetara zabaltzen dira. Handik Sustraira goaz, eta hori leku garrantzitsu eta estrategiko bezain txikia da: batetik lekuak publiko zabalaren aukera eskaintzen digu, baina bestetik kaletar ezaxolatiekin halako nahasmen bat sortuko zaigu, bai fisikoki bai algara aldetik. Edozelan ere askotxo dabil arretaz, eta agerraldiak merezi izan du.


 


               


 


Ondoren Txiki eta Otaegi Plazaren txanda, lehenengoz Ajurian bigarrenez La Plazan, eta saioak hemen lortu du bere tenperaturarik altuena, jendearen multzorik handiena, jaietako gogoaren atsegin handiena. Oraingoan dantzak izango ditugu bertsoen atari, eta herri lanek zigortutako plazan erromeria bat ospatu da aspaldiko partez, erromeria gure jende multzoaz gain inguruko tabernako zein auzokoen arreta erakartzen duena. Bertso saioa hasi eta eguzkiak utzi egingo gaitu gaua bere eremua aldarrikatzera datorren bitartean. Edozelan ere, gure arteko beroak bertan dirau, eta bero horrek Ereatxuko geltokira lagunduko gaitu, modu apalagoan bada ere.


 


Ereatxun bukaturik, azkenez ez dugu Mamarroraino heltzeko astirik, ezen oraindik aurretik beste geltoki batzuk geratzen zaizkigun. Oraingoan herriaren zati handi bat gurutzatu behar izango dugun arren, Gibel Urdinek zeharkaldia erraztuko digute bere musikaz gozaturik, bere martxaz kutsaturik. Konturatu orduko Kateara heldu gara, bertan Galtzagorri eta Patxeko 2 tabernen arteko gunean pausaturik. Jendea batzeko leku ederra dugu hemen, bai eta gora eta behera igarotzen direnen arreta erakartzeko aukera ere, eta ezaugarri biez ederto aprobetxatzen gara. Gauak eremu osoa hartu du beretzat, baina horrek mehatxu baino aukera izango da guretzat: iluntasunak ez du bertako beroa hain erraz galduko, eta gainera ordura arte izan ez dugun anonimatua erantsiko digu. Gauden egoeran hori estimatu egiten dugu.


 


Beheraxeago komitera sartu gara, eta hori da barruan ariko garen leku bakarra. Halako batean taberna bete dugu, eta musika piezen martxak luze barik izerditan paratzen gaitu. Gero gure anfitrioien saioak patxada apur bat eman digu. Hala ere, denok nekatuta gaude dagoeneko, eta bertsolariak zeresanik ez. Hala da ze, agurrak kanpoan botatzea deliberatu dute. Gaueko hamabiak pasata jende gutxixeago geratzen gara, eta oturuntza erraldoi horren betekada nabaria delarik batzuk hormatxoan besteok errepide bazterrean eseri gara. Oraindik postrerako lekurik badugu. Bertsolariak agurra botatzen dabiltzala,  gure eskolako bertsolari batzuk kantuan hasi dira saioa luzatu guran. Haiek agurra eta guk egurra.


 


Azkenez betekada itzela dugu, baina egurra emateko gogo horrek oraindik Billamonte aldean espuela egitea ekarriko digu: Gibel (jada ez hain) Urdinek aldapa behera pieza bat joz, jende multzo txiki bat daramate gure gaurko azken porturaino.  Bertan dauden herriko ilustre batzuen astrapalaz gain, orain moteltasuna da nagusi; gure nekea nabaria denez, gure anfitrioek giroa pizteko ahal dutena egiten dute. Hantxe gaudenok pizteko indarrik ez dagoela  ematen ez duen arren, azkenean miraria gertatzen da Xabi Paia Pello Joxepe erritmodundoinu batez inprobisatzen hasten denean. Orain anfitrioez gain, eskolako hainbat ere bagabiltza bertsolari lanean. Bukaera hurbil dago, eta hamaika barre eta txantxa eginik azken agurren txandan, Amets Arzalluzek gure ibilbidean nabaria den zerbait bota digu: maratoiak 42 kilometro eta 42 bertsolari izan ditu. Eta atzamarrekin konta ezin daitezkeen geltoki (plater) kopurua ere bai.


Goizeko hiruretan maratoiari amaiera ofiziala ematen zaio, eta diotenez ordutegiari dagokionez markak hautsi ditugu. Alabaina, kantitateaz gain kalitateaz ere berba egin behar dugu, ezen nekeak eta irentsitako lurrinen efektuak gainbeheran sartu bagaituzte ere jendearen artean aho zapore ezin hobea geratu baita.  Giroa ederra izan da, eta harrezkeroztik Algorta ere apur bat ederragoa da. Hurrengo urtean gure kaleak berben eta doinuen harribitxiz beteko ahal ditugu berriz.


 


ALBE, KORRIKAREKIN!!!


Joan zen apirilaren 7an Korrikari hasiera eman zitzaion Trebiñun. Euskararen alde Euskal Herria osoa zeharkatzen du Korrikak ttipi-ttapa!!! Eta datorren larunbatean, hilaren 16an, euskararen aldeko lasterketak Getxo zeharkatuko du.

Bere kilometroa korrituko du ALBEk eta deialdi berezia zabaldu nahi dizuegu parte aktiboa hartzeko. Xabi Payak lekukoa hartuko duelarik, Korrikarekin denok bat egitea dugu helburu. Horretarako, datorren larunbata, 16an, Algortako Mariandresena kalean, UK tabernaren ondoan ikusiko gara, goizeko 10.15ean.

Korrika badator… animatu eta zatoz Korrikara ALBEren eskutik!!!
Maitatu, ikasi, ari… euskalakari!!!!!

ABRA SARIA 2010

2010a indartsu hasi zitzaigun Santa Agedari koplatzen, baina oraingoan beste proposamen batekin gatozkizue.


Larunbatean, hilak 27, Abra Sariaren IX.edizioa jokatuko da Algortako Villamonte Kultur Etxean. ALBEk hainbat ekitaldi antolatzen ditu, baina garrantzia ematen diegu gazteei, eta horregatik sortu zen Abra Saria.


     


Aurten parte hartuko duten bertsolariek, eskarmentu handia daukate herrialdeetako eta Euskal Herriko eskolartekoetan, eta ziur gaude, zeresana emango dutela gerora. Hauek dira aurten parte hartuko duten bertsolariak:


Peio Ormazabal – Arrigorriaga (Bizkaia)
Amaia Iturriotz – Urretxu (Gipuzkoa)
Saioa Alkaiza – Antsoain (Nafarroa)
Ekaitz Samaniego – Gasteiz (Araba)
Ane Labaka – Lasarte (Gipuzkoa)
Jone Uria – Algorta (Bizkaia)


Epaile lanetan, honakoak arituko dira:


Martin Aramendi
Iñaki Aurrekoetxea
Eneko Bidegain
Asier Ibaibarriaga


Eta gai-emaile lanetan, Miren Loizaga arituko da.


Gogoratu zita: otsailak 27, 19:00etan, Algortako Villamonte Kultur Etxean. Zapaturarte!

MARTIRIAK EMAN ZUENA

Santa Ageda joan da, baina hemen gatoz egunak eman zuenaren errepaso txiki bat ematera.


                  


Goizetik hasi ziren ALBE, AEK eta Egizuko lagunak koplaka Martiartu aldetik, baserriz baserri, antzinako erara. Bertako baserritarrei ibili ziren kantuan eta baten bat ere animatu zen haiekin.


                      Santa Ageda 2010 por Algortako Bertsolari Eskola II


                    Santa Ageda 2010 por Algortako Bertsolari Eskola II


Arrastian, Getxoko estradetatik ibili ziren kantuan, alai eta arrastiko azken orduan Algorta aldera etorri zen taldea, erdigunetik abesteko. Batzuk goiz bukatu zuten eta beste batzuk gaueko ordu txikitan. Datorren urtean, askoz gehiago!


Eskerrik asko Ukberri.net eta Guillermo Uriari egindako argazkiengatik!


                Santa Ageda 2010 por Algortako Bertsolari Eskola II


 


                Santa Ageda 2010 por Algortako Bertsolari Eskola II


            


              Santa Ageda 2010 por Algortako Bertsolari Eskola II

SANTA AGEDA, AGEDA,…

Sante Ageda, Ageda
biher da Sante Ageda…


Bertsozaleok! Bihar Santa Ageda bezpera dugu eta denok batera aterako gara Getxoko kaleak alaitzera. Hemen dituzue kedadak gurekin elkartu nahi baduzue martiriari abesteko eta koplatzeko. Bi aukera dituzue:


– 16.00etan Getxoko La Benta tabernan.
– 20.00etan bertso-eskolako egoitzan.


Bihar arte! Iiiieeeeuuup!


Santa Ageda por Albe. Algortako Bertsolari Eskola.


 

UDA BUKAERARA HELDU DA

Erandioko San Agustinak bukatu dira eta abuztuaren 29an izandako saioa ederra izan zen bertsozaleontzat. Irailaren 23ko plaza jendez gainezka egon zen, erandioztarrak bertso-gosez zeuden eta ez dute galtzen bertsolariekin duten zita.


Bertsotan Arrate Illaro, Maddalen Arzallus, Miren Amuriza eta Unai Iturriaga ibili ziren, Unai Elizasu gai-jartzailearen esanetara.


Ohiko ofizioez gain, ariketa bereziak egon ziren. Aprobetxatuta tenperatura hozten hasi zela honako gaiak proposatu zien Elizasuk: Tenperatura hoztuz doa eta esaiguzue berotzeko zein modu egon daitezkeen. Hori bai, mikro batetik umeek entzungo dute, bestetik umeek ez lukete entzungo. Lau bertsolariek ale politak bota zituzten.


Puntuka aritzeko orduan, bertsolariek Erandio aipatu behar zuten bertso guztietan. Bertso batzuetan ahaztu zitzaien Erandio sartzea eta publikoa builaka hasi zen bertsolariak konturatu zitezen.


 Laburbilduz, saio ederra!


Erandioko jaietako saioarekin, bukatutzat ematen ditugu udako jaietako saioak. Uda potentea izan da eta bertsozaleak asetzeko moduko saioak izan dira, bai Getxon zein eskualdeko beste herri guztietan ere.


Baina lasai bertsozale, hemendik aurrera saio ugari izango dira eta blog honen bidez behar besteko informazioa izango duzu.


Milesker saioetara hurbildu zareten guztioi!

JAIRIK JAI, BERTSOZ BERTSO

Herriko jaiak bukatu dira eta horrekin batera, ALBEk jaietan antolatzen dituen bertso-saioak auzoetako jai-batzordeekin elkarlanean.


Algortako jaiak


San Inazioetako saioak galdu behar ez den zita bihurtu da Algortan eta baita eskualdeko herrietan. 13.00etan Kasinoko plaza jendez gainezka egon da. Urtero legez, jendea gerizpe bila ibili da eguzkitik babesteko eta plaza ertzak beteta egon dira.


Aipatzekoa da lehen eguneko saioa, bertsolari beteranoekin: Mixel Aire, Joxe Agirre, Loidisaletxe eta Xabier Amurizarekin. Saio antologikoa, gutxitan izango dugu horrelako aukera guztiak batera bertsotan ikusteko.


Aurten bideo batzuk grabatu ditugu eta beteranoen saioko bertsoaldi batzuekin gozatu nahi baduzue hemen daukazue aukera:


Lehen agurrak


Joxe Agirre Xabier Amurizaren puntuei erantzuten


Mixel Aire eta Xabier Amuriza 1967ko txapelketaz


San Inazio eguneko bertso-maratoia txapela kentzeko modukoa izan zen. Goizean saioarekin hasi ginen, ondoren bertso-bazkaria Egaña eta Fredi Paiarekin eta ondoren bertso-jira herriko tabernetan zehar. Goizeko ordu txikitan bukatu zen maratoia.


Erromoko jaiak


Aurten bertso-saioaren ordua eta tokia aldatu da, Ganetatik Santa Eugenia plazara aldatu da eta hortxe egon da gakoa. Azken urteetan baino dexente jende gehiago eta saio polita Estiballes, Arzallus, Lekue eta Uriak eskeinitakoa.


Larunbatean bertso-poteoa egon zen herriko tabernetan zehar Elortza eta Xabi Payarekin. Saio ederrak egin zituzten herriko tabernetan zehar. Pena izan zen euritan hastea eta jendea berandu hurbiltzea tabernetan. Hala ere, giro ezin hobea egon zen!


Portu Zaharreko jaiak


Portu Zaharreko jaietako saioa beti izaten da berezia, ez da ohikoa izaten. Aurten ere berezitasunak egon dira. Itxaso Paiak ibili zen gaiak jartzen, baina laguntzaileak izan zituen: bere kuadrilakoek puntuak bota zizkieten bertsolariei. Saio arina, baina intentsoa. Nahiz eta euri jasa itzela bota, jendea ez zen Etxetxu plazatik mugitu bertsoekin gozatzeko.


Getxoko jaiak bukatu dira, baina gogoratu Erandioko jaietako saioa abuztuaren 29an izango dela!

SAN JUANAK ALGORTAN

Urtero bezala, herriko hainbat elkarte batuta, <A href="http://www.blogari.net/egizu/2009/06/30/umeen_san_juan_suaren_irudiak“>Umeen San Juan Sua antolatu genuen San Nikolas plazan. Nola ez, bertsoak ez ziren faltatu!


Aurtengoan bertsolari gaztetxuak izan ditugu guztiak, 9-11 urte bitartekoak. Adina ez zen traba izan ale ederrak botatzeko. San Nikolas Ikastolan hasi dira aurten bertsotan Itxaso Paiaren eskutik.


Sua piztu baino lehen abestu zuten eta gogotsu daude bertsotan jarraitzeko. Eutsi goiari!