Karga jasogailu

Tragedia. Dard. Beltz-beltza.

Poliglota larre motzekoon abantailetako bat da badakigula hitz batzuek indar handiagoa dutela hizkuntza batean besteetan baino. Katalanezko veritat, euskarazko more edota gaztelaniako montacargas berba kolosalak dira aipatu ditudan hizkuntzatan. Karga jasogailu ahularen parean montacargasa irudikatzen duzu altzairu trinkoz egina, zaharra baina bidean utziko ez zaituena eta koipe beltzez zikindutako botoi traketsez hornitua.

Halakoa irudikatzen dut nik Frédéric Darden El montacargas (Siruela 2019, Vanesa Garcíak itzulia) bikaineko aparatua. Nobela labur honetan kontatzen dira espetxetik atera berria den Albert Herbinen gabon gaueko ibilerak, bakardadean eta oinazean murgildua dena bere amagatiko doluan eta zoriak brasserie batean Dravet andrea eta bere alaba txikiarekin batzen dituena. Senak agintzen dionean Alberti ihes egiteko, joateko bere auzotik eta berak geratzea erabakitzen du badakizu tragediare osagai guztiak mahai gainean daudela. Liburuaren kontrazalean argitaletxekoek diote klasikoa dela, Simenonen romain durs-ak konbinatzen dituenak Célineren existentzialismotik. Nik ez dakit hala den Simenon ez baitut ezagutzen, baina bi kolpetan irakurri dut, benetan ederra iruditu zait eta duen fatalitate karga iman oso indartsua da orrialdeei pega-pega egoteko.

Albert gaizoa, z-rekin, Behe Nafarroan ahoskatzen duten lanturu doinuan, zer gertatuko ote zaizu. Honela hasten den liburu batean badakizu argia norberak jarri beharra duela.

¿Hasta qué edad se siente huérfano un hombre cuando pierde a su madre?

Al regresar, tras seis años de ausencia, al pequeño apartamento donde murió mamá, sentí como si alrededor del pecho, me hubieran puesto un inmenso nudo corredizo y lo hubieran estado apretando despiadadamente.

Me senté en la vieja butaca que ella siempre elegía para zurcir, cerca de la ventana, observé a mi alrededor aquel silencio, aquel olor y aquellos objetos que me aguardaban. El silencio y los olores existían con mayor ímpetu que el papel amarillento de las paredes.

Eta hala eta guztiz ere, biziki eskertuta nago Arrasateko Bibliotekako langileei, nobedadeen apalean nire begien parean halako harribitxiak jartzeagatik. Ze ona den norbaiten kriterioan duzun fedeak emaitza bikainak ematen dizkizunean.

Malkarra

Lilura. Cain. Femme fatale.

James M. Cain idazlearen Galbidea (nik Igelaren 3. edizioko alea dut, 2011koa eta Xabier Olarrak itzulia) irakurtzean badakizu zer edo zer ez doala ondo eta amaierak ezin duela ona izan. Gure buruaren alde kontzienteak uler ezin dezakeen zerbait atzematen du alde inkontzienteak halakotan, ekaitz lainoak ikusita geldi geratze hori, eta halere nobelako protagonistetako bat den Walter Huff aseguru saltzaileak ezin du arriskutik aldendu. Zergatik? Idazleak argi du, Phyllis Nirdlingerrena da erru oso-osoa. Ez dio arretarik eskaintzen gizonak duen herio pultsioari. Ezta giza kondizioaren parte den lukurreriari. Txorkatila baten kate-urreak du erru guztia.

Ezin esan James M. Cain topikotan erortzen denik bera denean topiko honen sortzaileetakoa. Femme fatale deritzonaz ari naiz, Wikipediak aipatzen du gaia pintore aurrerafaelitek ere landu zutela baina ez dakar aipu gehiegirik, genero beltzarekin estuki lotua. Zakilez jositako nobelatan emakume manipulatzaileek maneiatutako hariek mugituta egiten dituzte gizonek gehiegikeriak. Gezurra dirudi nola genero honen idazleek ez dieten beraien buruei galdetzen gaizkile asko gaizkile direla nobelako emakume manipulatzaileak ezagutu aurretik ere. Baina onartuz gero generoaren ezaugarrietako bat dela, aurreko batean aipatu nuen Idoia Gartzesen liburua, McCainen lanek kanona ezartzen dute Hammettenek edo maila apalagoan Chanldlerrenek beste.

Liburua motza, erritmo bizikoa eta duda-mudarik gabea da. Aseguru etxeen mundu ilunaren eta klausulen letra txikien azalpen xehea egiten du eta aldi berean krimen burutsu bat planteatu. Peter Collinsek hitzaurrean dioen moduan, Cainen pertsonaiak ez dira inguru-minguruka ibiltzen, harira joan ohi dira eta ez dute berriketan denbora galtzeko joerarik izaten. Horregatik, ia-ia zakar itxura ere izaten dute batzuetan.

Tentsio handiko nobela batekin gozatzeko, pertsonai txirikordatuekin gozatzeko eta hurkoaren (fikzioko) gaiztakeriez plazer hartzeko nobela bikaina da.

Suari begira gelditu nintzen puska batean. Banekien saltsa hartatik aldendu beharra neukala posible den bitartean. Baina neure baitan malkarrera bultzatzen ninduen zerbait neukan; eta berriro bere asmoak ezkutatzen zituela susmatu nuen.

Asiain

Ladron Arana. Foruzaingoa. X-Izpiak.

Alberto Ladron Arana euskal idazle oparoenetakoa dugu eta Leire Asiain gure detektibe behinenetakoa. Merezi baino arreta gutxiago jaso duen egilea, nahiz eta Arotzaren Eskuak liburuak 20 ediziotik gora eduki, eta intelligentsiak menostua. Irakurri dudan liburua Jainkoen zigorra da (Elkar, 2017) eta Leire Asiain protagonista duen hirugarrena. Bertan, Baztango Mendaur tontorrean gertatutako hilketa bitxi eta espektakular bat abiapuntu hartuta Nafarroako geografia eta hainbat gizarte gai lantzen ditu. Blog honetan behin eta berriz azaleratzen den gisara, gizartea x-izpiz behatzea baita nobela beltzaren dohainetako, edo eginbeharretako, bat. Ia hirurehun orrialde pasatan jorratzen dira anorexia, euskal gatazka politikoa, emakumeen trata, haurrek jasandako sexu erasoak, atxilotuei poliziak emandako tratu txarrak, zaintza, muga, lankide arteko mobbinga, epaile mesianikoak, eraso informatikoak… (ADI, SPOILERRA dator) Eta bingo, pandemia eragindako bat ere iragartzen du, konspirazio makur denentzat gozagarri. Harrigarria da egun dakigunarekin irakurtzea duela lau urteko lerroak.

Zerbait nabarmentzekotan erritmo bizia da ezaugarria. Egileak berak dio Itziar Ugartek Berrian eginiko elkarrizketa honetan: misterioa eta erritmoa dira beretzat gakoak nobela beltz on baterako. Nik onartu behar dut oso zaila zaidala bi lerrotako deskribapena ontzea, beti baitut tentazioa hitz anabasan nahasteko. Bere alde ni behintzat zati on batean harrapatu nauela, ikaragarri gustatu zait Asiainen pertsonaia eta oso ondo azaltzen du barrutik daukan sufrikarioa, baina esango nuke azken 50 orrialdeetan nekeak istorioaren garapenari eragiten diola kalterako. Egileak berak dio 300 orrialdeak urte betean idatzi zituela eta hori ezin liteke egin estiloa, pertsonaiak eta espazioa oso ondo ezagutu gabe. Doakiola nire miresmena horregatik.

Asiain listua irensten saiatu zen, baina ohartu zen ahoa erabat lehor zeukala. Balen kontrakoak mugimenduak eragozten zizkion. Bost minutu ere ez ziren Basoko dorrera iritsi zirela. Markarik gabe autoak erabili zituzten, eta lurpeko parkinetik sartu ziren, bahitzaileen arreta ez erakartzeko. Eskaileratan gora joan bitartean, Olanok mugikorrak itzaltzeko agindu zien. Orain agenteak seigarren pisuko eskailera buruan lerrokaturik zeuden, armak prest: ataria, igogailuak eta inguruko solaiurak segurtatzen ari ziren seinalearen zain.

Irakurriz gozatzeko liburua eta, horregatik, guztiz gomendagarria.

Malta

Hammett. Spade. San Francisco.

Sam Spade ez da fidatzeko tipoa. Gogorra, bizia, azkarra, berekoia. Aldi berean, hau dena esanda, ezin esan alproja hutsa denik. Berak eginiko hainbat berari eginikoen erantzun huts baitira. Kontraportadako iruzkinean Nosey Parkerrek dioen bezala, “Bigunkerietatik hain urrun dagoen munduaz idaztean Hammettek heriotzaren begirada hotza ezarri zion bere prosari: gizakiaren ibileren arrazoiak eta barru-barruko motibazioak, era guztietako uste, azalpen eta esplikazioak asmaezinak baitira. Izan ere, gizakia baita bere burua eta besteak engainatzeko sortu den piztiarik trebeena“. Hor dago akaso Hammett eta Chandlerren arteko ezberdintasun behinena, lehenak ekintza gordin eta biluzia erakusten digu eta hitzak amarruaren amu besterik ez dira. Chandlerren detektibeak gogoeta egiten du, bere irakurketak sakonagoak dira, duen sufrimenduaren adinakoa.

Maltako Belatza (Igela 1997, Xabier Olarrak itzulia) izeneko nobela honetan, Bogarti esker aski ezaguna zineman, Sam Spade detektibeak Miss O’Shaughnessy bezeroak endredatuko du. Ustez jarraipen lasaiaz hasi behar zuen mandatuaren ondorioz aurki geratuko da bazkide gabe Spade eta objektu baliotsu baten atzetik mundu erdi zeharkatu duten hiru pertsonen joko erdian: O’Shaughnessy bera, Gutman handi-mandia eta Cairo misteriotsua. Hiru hauek ur handitan sartu diren ur gezako marinel dira Spaden alboan, hauekin ez ezik fiskal nahiz poliziekin norgehiagokan jarduten ohitua baita.

Maskulinitate jakin baten estereotipoa da Spade. Emakumeekiko mira gutxiduna. Egia esan hurkoarekiko, ez bada ofizioko beste kideren bat, gogor askoa da oro har. Eta halere liluragarria da irakurtzea nola bere jokoan sartzen dituen guztiak, nola badirudien detektibea badutela armiarma sarean lotua eta azkenean armiarma bera da Spaderentzat lanean aritu dena. Nobela beltz klasikoa, topiko guztiak erruz kunplitzen dituena, gizarte gogor baten erradiografia bizi eta entretenigarria, bizirauten duten galtzaileen erreinua.

Arte eta parte

Cassandra. Simmonds. London.

Cassandra Darke, itzulpenaren edizioa Ediciones Salamandrak egina 2020an (itzultzailea Regina Lopez), ez da ohiko komikia. Ez zait hala iruditu niri behintzat eta Arrasateko Biblioteka itsumustuan hartu ondorenean gozatu dut irakurketa. Hori du ona biblioteka on batek, fida zintezkeela haien lan profesionalaz.

Natorren harira. Zergatik ez den ohiko komikia? Ez zaidalako antzeko ezer tokatu esku artean aurretik. Badu pertsona baten gainbeheraren, kasu honetan Cassandra Darke arte martxantearen, narraziotik. Baita egungo bizi estiloaren kritika zorrotza ere, bereziki zorrotza delarik artea espekulazio hutsagatik metatze dutenen aurka. Esanguratsua da Cassandraren porrotak, arte iruzurragatik epaitu eta kondenatua baita, baduela kasu askotan krimenak duen kontzientzia ezatik (film txarretan salbu inork ez du altuan deklamatzen <<kriminala izango naiz!>> esaldirik) baina baita sektorea bera bihurtu den engainua handiarekiko kritikatik ere. Hirugarrenik, istorio beltza da, krimen bat eta gangsterrak ageri direlako, sexu indarkerian ez ezik negozio ilunetan sartuak.

Belaunaldi arteko talka ekidinezina (Nicky vs Cassandra), klaseen ardura eza hurkoarekiko eta desklasamenduaren zuloa, harreman familiarren disekzioa… espero nuena baino gehiago eman dit komikiak. Uneren batan pentsatu dut okertu egingo zela gozamenaren bidea baina zorionez sentsazio iragankorra izan da. Hor egon baita gabonen kontrako gezi zorrotzen bat berriz gozarazteko.

Bukatzeko gustatu zaizkit marrazkiak ere, biñeten antolamendua eta baita zuri-urdin eta koloreen arteko jokoa. Arrasatearrok zaretenok zortedun zarete, aurki itzuliko baitut liburua liburutegira. Ez utzi hautsik hartzen.

Zaldien bazka

McCoy. Depresio handia. Gordina.

Espektakuluaren gizartea deritzogun hori guk uste baino zaharragoa da. Pobreziatik irteteko ezintasuna aberatsen denborapasa izatea ere ez da berria. Eta, Garbitasunaren aldeko Elkarteek arrazoia izan dezakete hipokrita izanda ere.

Patuak elkartu ditu Robert Syvert eta Gloria Beatty. Zinemaren munduan egin nahi dute lan, batek zuzendari eta besteak aktore, eta ez dute arrakastarik. Gloriak, sos batzuk irabazteko aukera proposatzen dio Roberti, dantza maratoi batean bikote gisa izena ematea.

Miseriaren pornografia da maratoia. Haurdun dauden emakumeak, mediku tokia duten albaitariak, jate hutsagatik beraien gorputza eta gogoa mugaraino eroateko prest dauden lehiakideak. Horren atzetik enpresagizon bi, kezkatuak hasieran ia inor ez doalako espektakulua ikustera, baina ezkontza martingala eta hiltzaile alprojei esker animatzen doana. Partaideek babesletza lortu beharra dute urratu zaizkien jantzi eta zapatak berrizteko. Aktore eta zinema munduko jende ezaguna doa ikuskizunera. Robert eta Gloriak Layden andre zahar aberatsaren mira dute, haiek dira honen faboritoak. Bera da ikuskizunak duen ikusle fidelenetakoa.

Nobela gordina da Horace MacCoy idazlearen Zaldiak akabatzen ditugu ba… (Igela, 1989, Xabier Olarrak itzulia) liburua. Bertan, epaitua izaten ari den Robertek kontatuko digu nola iritsi den dagoen tokira. 1935 urtea da, Depresio Handian bete-betean sartua da Amerikako Estatu Batuak herrialdea eta txiroak hara eta hona dabiltza biziraun nahian. Zorte ona eta txarra eduki du Robertek elkartu delako Gloriarekin, honen ezkortasun eta patuarekiko gordintasunak bere xalotasuna zaurituko duelako. Liburu bukaeran onartzen baitu Robertek, akaso guztiz esnatu gabea den gaztearen xalotasunez, Gloria ezagutu arte ez zuela ezta planteatu ere egin zineman arrakastarik ez edukitzea. Peter Collinsek, liburuko hitzaurrean, honela laburbiltzen du nobela:

Zaldiak akatzen ditugu ba…” ez da nobela luzea, baina bai bortitza. Garai bateko beste maisu amerikar bat dakarkigu gogora: Ernest Hemingway. Eta hau esatea ez da burugabekeria hutsa. Frantziako idazle existentzialisteak Horace McCoy, Hemingway eta Faulknerrekin batera, garai hartako idazle amerika onenetarikotzat zuten: Camus, Sartre, de Beauvoir eta Malraux idazle handiek McCoy-ren lehen nobela hau Ameriketako lehen nobela existentzialista bezala zeukaten. Izan ere, nobelan agertzen den Gloria pertsonaiaren nihilismoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Pelikula ezaguna egin zuen Sidney Pollackek 1969an liburu honetan oinarrituta (Espainian Danzad, malditos, danzad izenez ezagutua) eta hau ikustea bezain gomendagarria da liburua irakurtzea, planteamendu ausarta baitu, egitura interesgarria eta indar handia.

Deepfake

Black. Marlowe. Chandler.

Lola Floresen iragarkiak jarri du hizpidea. Zilegi da hil diren pertsonen irudia, ahotsa eta presentzia baliatzea publizitatean? The Simpsons telesail genialak landu zuen gaia aspaldi, zuriz jantzitako Johne Wayne hori nola ahaztu, eta bukaeran zeruko famatuek mendekua hartzen dute euren kontura aberasten direnen aurka. Ez dakit hemen noizbait Lazkao Txiki Euskal Sagardoa saltzen jartzeko gai izango den inor, baina hala egiten badu ni aurka nengoke. Ez zait zilegi iruditzen moralki, nahiz eta defuntuaren oinordekoekin tratua egin, hildakoa esangabeak esaten jartzea. Deitu tabu, deitu zuhurtzia. Egun famatu izan nahi duen aski jende bada, literatur kritikariak aurrena, hilobiak astintzeko.

Bestalde deritzot sormenean hori egiteari. Omenalditik gehiago ikusten diot honi probetxutik baino, naiz eta probetxua egon badagoen, Cruzcamporen kasuan ez bezala. Azkenaldian adibide ugari dago eremu honetan, Jean-Yves Ferry eta Didier Conraden Asterix eta Obelixen abenturetatik hasi eta irakurri berri dudan Benjamin Blacken La rubia de ojos negros (Debolsillo Penguin Random House, 2016, itzultzailea Nuria Barrios) nobela. Hemen, Raymond Chandlerren detektibe ezaguna, Philip Marlowe berpizten du 50eko hamarkadan abentura berri bat edukitzeko. Marlowen ilunabarra marrazten du John Banville idazle irlandarraren noir alter-egoak, lanik apenas baituen, dekadentzia betean den eta bere lan nahiz bizitza filosofia zuzenari jarraiki aberasteko aukerei muzin egin dien. Bere zauriak miazkatzen ari dela agertu zaio Clare Cavendish lurrinen industriako oinordeko aberatsa bulegoan eta, edertasunak eta misterioak harrapatuta, beste behin polizia zakar, aberats zikin eta hiri ustelaren erraiak arakatuko ditu detektibeak.

Orrialde batzuetan asko gozatu dut Benjamin Blacken lanarekin, Marlowen abenturak beste behin bizi ahal izatearen poza handia da eta gustatu zaizkit bere irlandar jatorriko erreferentziei eginiko tokia edo hiriko egurats jasanezinaren deskribapena. Beste kontu batzuk ez dizkidate horrenbeste grazia egin, esate baterako poliziekin onberegi iruditu zait, zinema platora eginiko bisitarekin bakarrik uste dut lortzen duela aberatsekiko Chandlerren kritika berezko hori sinesgarri izatea eta aurreko nobela batzuetako pertsonaien presentzia gehiegizkoa iruditu zait.

La temporada estaba siendo muy floja. Había trabajado una semana como guardaespaldas de un tipo que acudió desde Nueva York volando en un clipper. Tenía la mandíbula azulada, un reloj de oro en la muñeca y un anillo en el dedo meñique con un rubí tan grande como un garbanzo. Se presentó como hombre de negocios y yo decidí creerle.

Baina, ikusita ze abiadatan irakurri dudan eta nola egon naizen oheratzeko esperoan liburua berriz irakurtzeko, guztiz gomendagarria da.

Zaldun zurbila

Hammett. Eastwood. Uzta.

Loturak zer diren. Uzta gorria liburua, Dashiell Hammettek idatzia 1929an eta Igelak argitaratua 2018an, Xabier Olarraren itzulpenaz, irakurri ahala Eastwooden Pale Rider (Zaldun zurbila nire itzulpenean) pelikulaz oroitu naiz. Antzekotasunak? Legerik gabeko bi leku, bi protagonista izengabe, sarraskia garbiketarako tresna eta handikien zurikeria. Diferentzietan aldiz Eastwooden pelikulak badituela meatzari on eta zaindu beharrekoak, Hammetten nobela, berriz, zeharka aipatzen da gizarajoen sufrimendua. Egileen filiazio politikoa izan liteke beste ezberdintasun bat, kontserbadorea zinegilea eta komunista idazlea, baina akaso harira ez datorrena.

Liburuaren kontrazalean Peter Collinsen aipua dator eta bertan dio nobela beltzaren aitzindari den lana dela, egilearen onena bere iritzian eta generoak eman ei duen onenetarikoa. Azpimarratzen ditu ere elkarrizketen perfekzioa, erritmo bizia ematen dio horrek, eta baita garai hartako nobela beltzen (lehen belaunaldikoak) ezaugarrietako batzuk: poliziaren ustela, detektibearen bakardadea (kasu honetan paradoxikoa dena, Continental detektibe konpainiakoa baita izatez eta horrela ditu bi laguntzaile, akaso egilea Pinkerton etxe famatuko langile zeneko garaiari keinua), femme fatalaren ezaugarri batzuk dituen emakumea etab.

Gozatu dut irakurketa nahiz eta batzuetan galdu izen artean. Izan ere, Poisonvilleko miseriak erakusten dizkigu egileak goiko agintarietatik hasita alkohol kontrabandoan aritzen direnetaraino, eta nola detektibe honek, enkargatu dioten lana hasi bezain pronto amaituta, justizia senez bide odoltsu bati ekingo dion bidean nor erortzen den axola gabe. Hiria garbitzea nahi du, ustelkeria ezabatu eta ordena ezarri, eta horretarako eskuan duen guztia egingo du gerra lehertuko duen txinparta pizteko. Erritmoa bizia da oso, odoltsua, eta oso ondo lortzen du idazleak irakurlea lehertuko dela jakitun den ekaitzak berez dakarren itolarri sentsazioa sortzea.

Akzioa, tiroak, botilatik zuzenean edandago whiskia, elkarrizketa biziak eta hiri ustelak lehertaraztea gogoko baduzu zure liburua da. Gainera, nola utzi irakurtzeari honela hasten den liburu bat?

Butte hiriko Big Shipen aditu nuen lehenbizikoz Personvilleri Poisonville deitzen, Hickey Dewey zeritzon ilegorri baten ahotik zehazki. Gizagaixo hark “r”ak diptongo bihurtzeko ohitura zuen. Beraz, niri bost axola nola deitzen zion hiriari. Gerora, “r”ak ondo ahoskatzen bazekitenei ere aditu nien hiriari horrela deitzen. Horra jendailak hitz-joko merkeetarako duen zaletasunaren beste erakusgarri bat. Handik urte batzuetara, Personvillera joan nintzenean, ulertu nuen hitzaren esanahi zehatza.

United colors of Black

Alonso. Nobel beltza. Saiakera.

Batzuetan liburu egokia iristen zaizu une aproposean. Orduan, mendeak eta segundua gurutzatzen diren unean, dena borobiltzen da. Zure susmo batzuk betetzen dira, oker batzuk agerian geratu eta mundua ikus dezakezu betaurreko aproposekin. Halako zerbait pasatu zait niri Jon Alonsoren Beltzaren koloreak (Susa, 2016) liburuarekin.

Zergatik ez dudan lehenago bere berri izan? Batek daki, itsasoa goldatzen arituko nintzen akaso. Kontua da irakurri dudala eta benetan gozatu dut bertan esaten direnekin. Izan ere, modu sinple baina eraginkorrean, gaiaz irakurri eta pentsatu duenaren autoritatez baina akademizismotan erori gabe, nobela beltzaren disertazio bikaina egiten du Alonsok. Hasiera batean 2015eko Hilbeltza ziklorako hitzaldi zena ondoren osatutakoa da liburua, egileak berak orriotan aitortzen duenaren arabera. Bertan, generoaren sorreratik abiatuta, Hammett, Chandler, McCoy eta enparauek osatutako lehen belaunalditik, ondorengo Highsmith edo Lew Archerreraino. Lantzen du ere generoak europartzeko izan dituen arazoak eta nola ikusi den literatura genero honetan gizartearen bilakaera poliziarekiko pertzepzioan. Horri esker dakit, besteak beste, Hondar Ahoak sariduna polizia sozialdemokrataren genero beltz aroan kokatzen dela eta deskribatzen du zergatik egiten zaigun zenbaitzuri sinesgaitz Ertzainek gazte eta sindikalistak jipoitzen dituzten egunotan polizia dezente bat dagoena sinestea. Barrenak behar baitira gero horrelako polizia baten parte izanda zuzenbidezko estatuaren alde zaudena esateko. Ojo, eta ez nabil esaten ondo egina ez dagoenik telesaila. Badaezpada ere.

Liburua motza eta irakurtzeko atsegina da, pasarteka antolatua eta zuzeneko zita eta erreferentzia ugareriduna bai nobeletatik bai elkarrizketetatik hartuak. Literaturari buruzko komentario bikainak ere uzten ditu ogi apurren antzera, maitemindu nauen hau modukoak (75 or):

Kritikari batzuek, ordea, sinesgarritasun ezaren zigorra inarrosten dute oraindik, Camilleriren Uraren forma nobelarena bezalako premisetatik urruntzen diren proposamen literarioak epaitu behar dituztenean. Euren eskema ideologikoetan sartzen dena sinesteko gauza ez, eta “sinesteko” gogo gutxi, nonbait. Hau da, konturatuta edo konturatu gabe, kritika ideologikoa egiten ari dira, gehienetan, sinesgarritasunaren mamua paseatzera ateratzen dutenean.

Amen.

Esna

Marlowe. Chandler. Los Angeles.

Kasualitatez bi liburu erosi, Igelakoak biak, eta (H)Ilbeltza elkartekoek argitaletxe beraren Sail Beltza osoa oparitu. Horra patua, laranjarekin jaten dena eta bestea dena batera. Egia esan irakurketaren gozamenaz beste mesanotxearen gizentzeaz plazera hartzen dugunontzat gaindosia eragin dezaeen oparia da, baina, espero dut mesanotxeak eta biok hemendik nola airoso atera asmatuko dugula, baina zer ederragorik beka bat irabazi duenari hitz bitaminak oparitzea baino. Hori bai, irakurle, hil beltza ez ezik katail beltza aurreikusten dizuet blog hau bisitatzen jarraituz gero.

Raymond Chandler idazle handia zen, begirada zorrotzekoa eta horrelako istorio batek behar dituen errail ugariak ondo marrazten dakiena, gero, Armiñongo ordainlekua bailitzan, dena azken orri brillante batzuetan elkartzeko. Protagonista, Philip Marlowe detektibe pribatu zorrotz, bakarti, profesional on, kaustiko, dirudiena bezain gogor ez eta misoginoa da (baita homofoboa ere). Lana Betiko loa da (Igela, 1995) eta euskarazko itzulpena Iñaki Ibañezena. Ez da akaso Adiorik ez lan bikainaren mailakoa, baina oso-oso nobela ona iruditu zait.

Zergatik hori? Batetik nobelak ondo funtzionatzen duelako, indarkeria, misterio eta ageri den pertsonaia galeria oparoak irakurlea gozarazten duelako. Bestetik lanak, Chandlerren estiloa hau da, ondo azaltzen dituelako LA bezaleko hiri batetako aberatsen miseria eta azpijokoak. Gupidagabea da haien dekadentzia bital, estetiko eta moralarekin. Hau guztia, bistan da, ez litzateke posible izango ez balu poliziak ahalbidetuko ustelkeriarako eta aberatsen interesak defendatzeko duen berezko joerarekin. Bukatzeko, nobelak gu interpelatzen gaitu Marlowek egia aurkitzeko duen tema basatiak sufriarazten gaituelako, denok opa diogun bizimodu lasai eta materialki beteari uko egiten diolako aukera duen bakoitzean.

Epekako bitxi-saltzaile segail begi-beltza lehengo arratsaldeko postura berberean zegoen ateondoan. Begirada konplize berbera bota zidan dendan sartu nintzenean. Dendak itxura berbera zeukan. Lanpara berberak argitzen zuen izkinako idazmahai txikiaren gainean eta ile-hori hauskara berbera altxa zen idazmahaiaren atzetik, antezko soineko beltz berbera jantzita, eta niganantz etorri, aurpegian ezbaiko irribarre bera zeukala.

Azkenik aipatu nahiko nuke ere itzulpenaren maila, nabaritzen bada ere hogeita bost urte igaro direla eta horrenbestez normala da aspektu batzuetan zaharxea geratu izana, aberatsa iruditu zait oso hiztegi eta esamoldeetan. Nirekin ondo funtzionatu du bederen eta ez dakit zer gehiago eska dakiokeen itzulpen bati. Espero dut, irakurle, gozatuko duzuna nik beste Marlowen abentura hau.