Maskor ederrak

Ladron Arana. Asain. Detektibeak.

Amerikako akzio eta thriller film zaharren zaleok dugun arazoetako bat da asko eta txarto ikusi dugula. Zinemaldian interesik eduki gabe, bazkalostean sofak igaroz badakigu artadian ornitorrinko bat ageri bazaigu ezkerretik eta Virginia Woolfen doblea eskuinetik ezin dela kasualitatea izan. Horregatik kasu honetan Ladron Aranaren Film zaharren kluba (Elkar, 2018) nobelako planteamendua irakurrita dezepzioa hartu nuen.

Hala eta guztiz ere liburua ez dago gaizki, une askotan lortzen du intriga eta akzioari esker irakurlea lotzea baina, tamalez, ez dut irrakurri hion aurreneko liburua esku artean edukitzean izan nuen lilurarik. Kontatzen dituen pasarte estereotipatuek batzuetan eta hutsalek besteetan, Artzin kokatua egon arren pasarte esanguratsu bat berdin egon zitekeen Alpeetan adibide bat jartzeagatik, ez naute ase. Are gehiago, Jainkoen Zigorran interesgarri zitzaizkidan elementuak, hala nola forentseak edota judizialak desagertu dira azalkeriatan diluituta: homofobia apur bat, intzesto printza batzuk, bikote harreman eskukada bat etab, baina dosi homeopatikoetan. Sinismena galdu dugunontzat, antzu.

Alde du arin irakurri dudala eta thriller generoaren zaleentzat oso gozagarria dela. Kontra akzio biluzia ere barrenik gabe aspergarria dela, beltza izan arren duela hamarkada batzuetako Arrasateko errege kabalgaten tonua duela narrazioak eta, tristeena, Asiaini buruz gehiago jakiteko gogoa itzali zaidala.

Asiain

Ladron Arana. Foruzaingoa. X-Izpiak.

Alberto Ladron Arana euskal idazle oparoenetakoa dugu eta Leire Asiain gure detektibe behinenetakoa. Merezi baino arreta gutxiago jaso duen egilea, nahiz eta Arotzaren Eskuak liburuak 20 ediziotik gora eduki, eta intelligentsiak menostua. Irakurri dudan liburua Jainkoen zigorra da (Elkar, 2017) eta Leire Asiain protagonista duen hirugarrena. Bertan, Baztango Mendaur tontorrean gertatutako hilketa bitxi eta espektakular bat abiapuntu hartuta Nafarroako geografia eta hainbat gizarte gai lantzen ditu. Blog honetan behin eta berriz azaleratzen den gisara, gizartea x-izpiz behatzea baita nobela beltzaren dohainetako, edo eginbeharretako, bat. Ia hirurehun orrialde pasatan jorratzen dira anorexia, euskal gatazka politikoa, emakumeen trata, haurrek jasandako sexu erasoak, atxilotuei poliziak emandako tratu txarrak, zaintza, muga, lankide arteko mobbinga, epaile mesianikoak, eraso informatikoak… (ADI, SPOILERRA dator) Eta bingo, pandemia eragindako bat ere iragartzen du, konspirazio makur denentzat gozagarri. Harrigarria da egun dakigunarekin irakurtzea duela lau urteko lerroak.

Zerbait nabarmentzekotan erritmo bizia da ezaugarria. Egileak berak dio Itziar Ugartek Berrian eginiko elkarrizketa honetan: misterioa eta erritmoa dira beretzat gakoak nobela beltz on baterako. Nik onartu behar dut oso zaila zaidala bi lerrotako deskribapena ontzea, beti baitut tentazioa hitz anabasan nahasteko. Bere alde ni behintzat zati on batean harrapatu nauela, ikaragarri gustatu zait Asiainen pertsonaia eta oso ondo azaltzen du barrutik daukan sufrikarioa, baina esango nuke azken 50 orrialdeetan nekeak istorioaren garapenari eragiten diola kalterako. Egileak berak dio 300 orrialdeak urte betean idatzi zituela eta hori ezin liteke egin estiloa, pertsonaiak eta espazioa oso ondo ezagutu gabe. Doakiola nire miresmena horregatik.

Asiain listua irensten saiatu zen, baina ohartu zen ahoa erabat lehor zeukala. Balen kontrakoak mugimenduak eragozten zizkion. Bost minutu ere ez ziren Basoko dorrera iritsi zirela. Markarik gabe autoak erabili zituzten, eta lurpeko parkinetik sartu ziren, bahitzaileen arreta ez erakartzeko. Eskaileratan gora joan bitartean, Olanok mugikorrak itzaltzeko agindu zien. Orain agenteak seigarren pisuko eskailera buruan lerrokaturik zeuden, armak prest: ataria, igogailuak eta inguruko solaiurak segurtatzen ari ziren seinalearen zain.

Irakurriz gozatzeko liburua eta, horregatik, guztiz gomendagarria.