Zaldien bazka

McCoy. Depresio handia. Gordina.

Espektakuluaren gizartea deritzogun hori guk uste baino zaharragoa da. Pobreziatik irteteko ezintasuna aberatsen denborapasa izatea ere ez da berria. Eta, Garbitasunaren aldeko Elkarteek arrazoia izan dezakete hipokrita izanda ere.

Patuak elkartu ditu Robert Syvert eta Gloria Beatty. Zinemaren munduan egin nahi dute lan, batek zuzendari eta besteak aktore, eta ez dute arrakastarik. Gloriak, sos batzuk irabazteko aukera proposatzen dio Roberti, dantza maratoi batean bikote gisa izena ematea.

Miseriaren pornografia da maratoia. Haurdun dauden emakumeak, mediku tokia duten albaitariak, jate hutsagatik beraien gorputza eta gogoa mugaraino eroateko prest dauden lehiakideak. Horren atzetik enpresagizon bi, kezkatuak hasieran ia inor ez doalako espektakulua ikustera, baina ezkontza martingala eta hiltzaile alprojei esker animatzen doana. Partaideek babesletza lortu beharra dute urratu zaizkien jantzi eta zapatak berrizteko. Aktore eta zinema munduko jende ezaguna doa ikuskizunera. Robert eta Gloriak Layden andre zahar aberatsaren mira dute, haiek dira honen faboritoak. Bera da ikuskizunak duen ikusle fidelenetakoa.

Nobela gordina da Horace MacCoy idazlearen Zaldiak akabatzen ditugu ba… (Igela, 1989, Xabier Olarrak itzulia) liburua. Bertan, epaitua izaten ari den Robertek kontatuko digu nola iritsi den dagoen tokira. 1935 urtea da, Depresio Handian bete-betean sartua da Amerikako Estatu Batuak herrialdea eta txiroak hara eta hona dabiltza biziraun nahian. Zorte ona eta txarra eduki du Robertek elkartu delako Gloriarekin, honen ezkortasun eta patuarekiko gordintasunak bere xalotasuna zaurituko duelako. Liburu bukaeran onartzen baitu Robertek, akaso guztiz esnatu gabea den gaztearen xalotasunez, Gloria ezagutu arte ez zuela ezta planteatu ere egin zineman arrakastarik ez edukitzea. Peter Collinsek, liburuko hitzaurrean, honela laburbiltzen du nobela:

Zaldiak akatzen ditugu ba…” ez da nobela luzea, baina bai bortitza. Garai bateko beste maisu amerikar bat dakarkigu gogora: Ernest Hemingway. Eta hau esatea ez da burugabekeria hutsa. Frantziako idazle existentzialisteak Horace McCoy, Hemingway eta Faulknerrekin batera, garai hartako idazle amerika onenetarikotzat zuten: Camus, Sartre, de Beauvoir eta Malraux idazle handiek McCoy-ren lehen nobela hau Ameriketako lehen nobela existentzialista bezala zeukaten. Izan ere, nobelan agertzen den Gloria pertsonaiaren nihilismoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Pelikula ezaguna egin zuen Sidney Pollackek 1969an liburu honetan oinarrituta (Espainian Danzad, malditos, danzad izenez ezagutua) eta hau ikustea bezain gomendagarria da liburua irakurtzea, planteamendu ausarta baitu, egitura interesgarria eta indar handia.