Diasporako urteak izan ziren 1980ko hamarkada guretzat. Erreala eta Athletic Valladolidera joaten zirenean, han egoten ginen geu, “neumoniaren estadioan”. Behin Errealaren atzetik Salamancara ere hurbildu ginen, zuri-beltzak Lehen Mailan egon ziren denboraldiren batean.
Baneukan lagun bat Valladolideko ikastetxean, saskibaloi zalea zena, nire moduan. Miguel zuen izena. 19 urte zituenean, trafiko istripu bat izan zuen, eta berarekin batera zihoazen bi lagunak ere hil ziren. Garai hartan, beste lagun pare bat ere istripuz hil ziren, modu desberdinetan. Markatzen zaituzten gertaerak izan ziren, baita aurretik familian izan nituenak ere.
Kontua da Miguelen heriotzak bereziki ukitu ninduela, hainbeste non oraindik sinesten ez dudan zerbait egin nuen. Haren gurasoak etxez aldatu ziren, semea hil ondoren, eta gu lehenago bizi ginen etxeetara etorri ziren. Neu ordurako karreran nengoen, Madrilen, ez nintzen han bizi. Baina, ez dakit zelan, jakin nuen zein ataritan bizi ziren. Ezagutzen ez nituen arren, idatzi nien gutun bat, doluminak adieraziz eta neuk sentitzen nuen atsekabea konpartituz (!). Ez galdetu nondik atera nuen adorea, ez dakidalako. 19 urterekin, saskibaloian jokatzea eta kalera ateratzea gustatzen zitzaion mutil gaztea nintzen, nire ingurukoak bezala. Ezohikoa izan zen gutunarena, baina esan bezala heriotzarekin neukan nik zerbait ordurako.
Urteak igaro ziren ordutik, ez zeuden telefono mugikorrak edo posta elektronikoa garai haietan, beraz ezin izan zidaten erantzun Miguelen senideek. Baina, duela 4 urte, haren amak topatu zuen gutuna, garbiketak egiten edo horrelako zerbait. Eta Miguelen arreba harremanetan ipini zen nirekin Facebooken bidez, Laura. Neure arrebarekin ikastetxe berean egon ziren biak, Miguel eta biok legez. Eta jakinarazi nahi izan zidan, mezua idaztean, gutunarena zerbait berezia izan zela eurentzat eta esker ona adierazi. Bizitza tarteka harrigarria eta ederra da.
Telefonoz hitz egin genuen, baita inoiz elkar topatzeko nahia konpartitu ere. Lehengo egunean, Salamancatik bueltan, lortu genuen. Bizi gara!
Etika izan da pasa diren egunetako SECPALeko jardunaldien ardatza. Filosofiarekin hain lotutako arloa, Unamunori hain lotutako hirian. Geure amari hainbeste gustatzen zitzaion hirian. Udazkenaz eta ganoraz jaso ninduena, fresko, euritsu eta eder.
Aurretiazko borondateak eta partekatutako plangintza izan zen jorratutako gai nagusietako bat. Iñaki Saralegui eta Tayra Velasco izan ziren hizlari mahai-inguru bikain batean. Kalean bizi testamentua deitzen dena, normalean, formatu standard batean dator, aukera handiago edo txikiagoarekin dokumentua sinatzen duenak gauzak gehitzeko. Osakidetzan erabiltzen dena, horren aldetik, nahiko zurruna da. Zarautzen ekainetik gabiltza dokumentuak egiten eta horretan konturatu gara. Eta horren aurrean, eredu narratiboa deiturikoa idealena izango litzateke, testu libre irekiarekin. Hau da, dokumentuaren egileak hasi eta buka idatziko duena, aurrez diseinatutako inolako formaturik gabe.
Etikari buruzko jardunaldi batean, honetan maisua den Diego Gracia handiak ezin zuen falta. Mallorcan ere egon zen iaz, eta orduan bezala aurten ere nola zahartzen ari den nabarmena da. Nik betiko gordeko dudan irudia beste bat da, nire unibertsitate ikasle garaikoa, bera izan bainuen irakasle Madrilen. Orduan izango zuen Gracia jaunak nik orain dudan adina, gutxi gora-behera. Denok goaz zahartzen, hala da. Lehengo eguneko hitzalditik, esaldi batekin ere geldituko naiz: “Ondo egindako lana gelditzen da, beste guztia igari eta desagertzen da”.
Bestela, mahai-inguru zinez interesgarri batean murgildu nintzen lehengo egunean, zainketa aringarri goiztiarrei buruzkoa. Borja Mugica psikoanalistak oso kontu oinarrizko bat ukitu zuen: Subjektiboa dena ezin dugula objektibatu, sufrimendua edo heriotza ezin ditugula sistematizatu edo kuantifikatu. María González medikuak gure espezialitateak daukan estigma gogorarazi zigun, kaputxa beltza eta segarekin lotzen gaituena. Sedazioak ipintzeaz gain hainbat lan egiten ditugun arren, are gehiago paziente eta familiekin azken hilabetean baino askoz lehenago hasten baldin bagara.
Esker onarena izan zen beste puntu gako bat mahai-inguru horretan, Daniel Fernández-ek osatu zuena. Gune terapeutikoak sortzen ditugulako gizartean aipatu ezin denaz hitz egin ahal izateko, senitartekoak ere kontuan hartzen ditugulako, denbora eskaintzen diegulako, entzuten ditugulako. Amaitzeko, komunikazioa indartzeko garrantzia jorratu zuten, talde-lana sendotzeko, burn-out gutxitzeko. Bikaintasunaren bila aritu behar garela esaten du Etikak, eta profesional bikainak izaten saiatu behar gara, baina agian nahiko edo oso onak izatea ere bikaina da. Perfektutasunean nik behintzat ez dut sinesten.
Beste mahai-inguru batean, egoera zailei buruz jardun zuten hiru esparrutatik. Neurologiatik, gaixotasun neuroendekatzaileak izan ziren aipatutakoak (Dolores Calabria): Alzheimer, ELA, Parkinson eta Creutzfeld-Jakoben gaixotasuna (azken honen gaixorik ez dut ikusi nik orain arte, “behi eroen” gaixotasuna da). Esaldi batekin gelditzen naiz. “Baliotsua dena ez da produktiboa”, zainketen balioa aipatzean.
Ana Ayesta-k, Kardiologiatik, askotan ikusten duguna ekarri zuen: Errazagoa da gauzak egotea ez egitea baino. Adibidez, errazagoa da bihotz kateterismo bat egitea ez egitea baino. Komunikazioa lantzea zaila delako, proba bat zergatik ez den egin behar ondo azaltzeko denbora hartu eta eseri behar garelako eta ondo ahalegindu ulertarazteko. Zerbait egitea alferrikakoa baldin bada, egokia ez bada, ahalegin terapeutikoa mugatu behar dugu. Depreskripzioarekin egiten dugun moduan, edo odol-transfusioekin.
Azkenik, Miguel Angel Cuervo (hizlari eta gizon aparta) Neumologiatik aritu zen, nire arlo kuttunetik. BGBK-ko gaixoei buruz, zehazki. Arnasestuaz gain, ez dugula ahantzi behar sintoma psikiatrikoak, hain ohikoak dituztenak, antsietatea eta depresioa bikotea, alegia. Arnasestua bera tratatzeko, kortikoideak, nebulizazioak eta morfinaz gain, farmakologikoa ez den tratamendua azpimarratu zuen, nik behintzat erabiltzen ez ditudan teknikak.
Aurten ere posterra eraman dut, “Consulta de Cuidados Paliativos en un hospital comarcal. Evaluación de una trayectoria de 7 años”. Ez dakit 200era iritsiko ziren aurkeztutako posterrak, baina 150etik gora zeudela ziur nago. Horietako asko mamitsu eta interesgarriak, hainbat jenderen hilabeteetako lanaren ondorioa direnak. Ederra izan zen amaiera Mónica Lalanda-rekin eta komikiekin. Ederra da mugimendu hau guztia ikustea, 500 pertsonatik gora jardunaldi hauetan izena emanda. Hain bakarrik eta hain martziano ez sentitzeko balio dute foro hauek, zalantza barik. Eta gure bizitzetatik igaro diren pertsona ederrak gogoratzeko eta omentzeko, Juan Pablo Leiva bezala, SECPAL-eko presidentea izandakoa eta orain dela gutxi batzuk bat-batean hil zena. Gugan bego.
Hurrengo postean kontatuko dizuet Salamancatik nentorrenean, Valladoliden gelditu nintzenean, gertatutakoa. Bizitzak tarteka ekartzen dizkiguten gauza handi horietakoa izan dela esan dezaket.
Orain dela urte dexente gertatu zitzaidan: Lesakan nengoen, familiarena den etxe baten inguruan nengoen, kanpoaldean. Adineko gizon bat hurbildu zitzaidan, ezagutzen ez nuena, eta zera galdetu zidan: “Hi ‘Errettora’ haiz, ezta?“. Lur eta zur geratu nintzen. Zer adierazten dute gure geneek, pertsona batzuk ikusteko gai direna?
Gero eta jende gehiagok esaten didate aitaren antza hartzen ari naizela, urteekin. Hala iruditzen zait niri ere. Harrigarria zaidana da orduan, askoz gazteagoa nintzenean, gizon hark ukitu hori antzeman izana. Iturriatarren zera hori, ‘Errettora’-tarrena. Izengoitia aitaren aitatxirengandik zetorrela entzunda neukan, Gabriel izeneko gizonarengandik. Erretorea: Apaizburua, abade nagusia, bikarioa, parrokoa.
Badakizuenez, gene gainartzaileak (dominanteak) eta azpirakorrak (errezesiboak) ditugu. Nire kasuan, bistan da, “errettora” geneak atera dira gainartzaileak. Ez bakarrik fisikoan, fenotipoan, agure lesakar hura enpirikoki konturatu zen moduan (eta gaur egun gero eta jende gehiago, antza denez).
Lau abizen nagusi ditugu pertsona guztiok, amaren biak eta aitarenak. Nire kasuan, hiru erdaldunak (Peña, Bandrés eta Vicente) eta bakarra euskalduna (Iturria), hain zuzen ere gainartzailea suertatu dena. Eta ez bakarrik hizkuntza kontuetan. Ez dakit zehazki zergatik hasiko ziren deitzen horrela goiko gizon horri, baina kontua da familiaren adar horretan apaiz eta serora anitz izan ditugula. Eta, ondo fijatzen bazarete, duela dozena bat urtetik egiten dudan lana oso gertu dagoela apaiztasun horretatik. Zainketa aringarrietan gabiltzanok apaiz eta serora laikoen rola hartzen dugu, neurri handi batean, eta abadeek eta mojek oraingo jendartean galdu duten espazio hori guk betetzen dugula nolabait, pertsonen bizitzaren amaieran. Hala da. Gainera nik geneetan daramat, eta dominantea da, ez daukat ihesbiderik…
Hau guztia dator laster izango delako aitaren urteurrena, hamaseigarrena, uztailaren 22an (hurrengo larunbatean). Aurten egingo zituen 81 urte, abuztuaren 14an. Hiru asterengatik ez zituen 65 urte bete, 2007an. Hirugarren adinaren marra ofizialera ez zen iritsi, beraz. (Ama behintzat bai, 73 urteko langara ailegatu zen). Zenbat kontu zor diedan, sarritan pentsatzen dut, esker onez. Haiek izan zirelako ni naiz.
Gaur goizeko mendi bueltan, Lesakatik Bianditzera, kontu hauek izan ditut buruan. Agian gaztelerazko hiztuna izango nintzateke, mendizaletasun hau ez nuke edukiko beharbada, akaso ez nintzateke izango mediku paliatibista. Aitagatik ez balitz, eguzkipean kiskaltzea gustukoa izango nuke, eta oporrak hegoaldeko ez dakit non pasatuko genituen. Beragatik ez balitz, espainiar atxikimendu zeozer izanen nuke, ez nuke sentituko tamaina horretako nazka zezenketengatik, auskalo zer bozkatuko nukeen hurrengo hauteskundeetan…
Alberto Peña Iturriagatik izanen ez balitz, hala ere, ilea izango nuke buruan. Hori ere egia da, baina ondo nago nagoen moduan, burusoil eta kaskagogor. Dominantzia hori, zorionez, ez da arlo guzietan islatzen. Zorionez txuri-urdina naiz, eta ez zuri-gorria. Eskerrak!
Edozein modutan, hamasei urte hauetan hutsunea joan naiz orekatzen urtez urte. Bihotza joan zait betetzen urtez urte. Barkatu behar geniona elkarri, bizirik zegoela modu esplizituagoan adierazi ez nion maitasuna, eta eskertzeko dudan guztia, hamasei urte hauetan joan naiz egiten. Dolua egitea zuri-beltzezko goiko argazkiarekin, edertasun horrekin, egin dutena egitea da. Azpimarratzea eta edertzea atal batzuk, eta beste batzuk ez. Eta horrela gorde betirako.
Argazkian anaiak ematen dugu, eta izan zitekeen, urte bateko diferentzia bageneukan. Bestela, tximak berdinak genituen, bizarra hortxe, bizizaletasuna berdin-berdina. Orain neuk jarraitzen dut aurrera, eta zeu gelditu zara hortxe, 47 urterekin.
Gaurko egunez, txupinazoa bota zuten Iruñean. Urtero moduan, esango duzu, baina egon dira pare bat urte festarik gabe. Zu mundu honetatik joan eta hurrengo bietan ez da jairik egon ez Nafarroan, ez Zuberoan, ezta Trebiñun ere. Inon ere ez. Jai geneukan! Koronabirusarena latza izan zen, izango zenuen zuk ba teoriaren bat honi guztiari buruzkoa…
Gauzak apurka-apurka normaltzen joan dira, baina normaltasuna ere zer den, e? Ba horixe. Zarautzen ere, urtero moduan, hondartza jendez betetzen badabil. Urte arraro haietan hesiak ipini zituzten bertan, bai, bai, hesiak! Hondarretara zenbat jende sartzen zen kontatzeko gaztetxo batzuk ipini zituzten, horretarako sarleku zehatz batzuk jarri, eskailera batzuetatik sartu, besteetatik atera. Toailen arteko distantzia bat gorde behar… Galdu duzuna!
Orain Iñurritza obretan dago, baita herria bera ere. Salberdinen beste auzo bat dago eraikia, berri-berria. Hasi dira ezkiak mozten Nafarroa kalean, ez dakit oso ondo zergatik, baina zati batean itzalik eta babesik gabe gelditu gara. Bestela, Marina Txiki-k hor jarraitzen du, zorionez. Parrandaren bat edo beste egin izan dugu bertan. Mendi batzuk igo ditugu, Txufoekin batera. Familia mundiala duzu, aizu! Eta bai, oraindik ez dut hika egiten ikasi. Bizkaieraz segitzen dut, eta galegoz ere animatzen naiz. Horrelako batean, ea ba…
Bestela, zer esango dizut ba? 6 hilabete izan ziren, baina markatuta laga ninduten. Mundu bat bizi genuen tarte horretan. Ez dakit zenbat bidaia izan ziren, tokitik mugitu barik. Zuretzat (hiretzat), erraza zen (zuan?) gainera. Arranoa hintzen, hegan egiteko gaitasun horrekin eta horrela. Beautiful bald eagle.
Igandean goazak Pagoetara, bazter eder horretara. Begizak, hasi nauk hika, trakets baina tira. Goizean goiko argazkia bidali zidak hire arrebak. Bazegok akats bat, hala ere, nabarmena gainera. Txapelduna hi haiz, Jexux. Beti izango haiz. Hire 47 urte haiekin. Maite haut.
Koloretako argazki zaharra, kolore lausotutakoa. 1978 edo 1979. urtea. Hiru ume, berdin jantzitakoak, irribarretsu. Haurtzaroko poza. Atzean lokomotor zaharra, beltza eta berdea (edo gorria, ez naiz gogoratzen). Tren geltoki zaharraren ondoan , kalea zeharkatuta, Sancti Spiritus unibertsitate zaharra. Argazkikoak Alberto, Arantza eta hirurok gara. 7 edo 8 urte izango nituen. Diasporan bizi ginen orduan, Madrilen, eta urtero-urtero etortzen ginen udan Lekeitiora eta Gabonetan Leioara. Argazkia udan ateratakoa izango da, janzkeragatik. Egun hartan Arantzazura ere igo ginela gogoratzen naiz. Eta futbol jokalari ile luze eta horikoa eta biboteduna zebilen garai hartan Errealean, oñatiarra zena. 1981eko Ligako txapelduna izan zen, baina hurrengoan beste talde batera joan zen, nora eta Mexikora. Oroitzapen lausotuak ditut horrenak, argazkiko koloreak bezain higatuak.
Norbaitek esango bazidan 1978 edo 79 hartan ingurune horietan amaituko nintzela lanean, ez dakit zer pentsatuko nukeen. 1997an, bestela, Bilbo aldeko lagun batekin pasatu nuen asteburua Aramaio eta Oñati artean. Aizkorrira lehenengo aldiz igo nintzenekoa izan zen. Mendian egon ostean, gau hartan Ruper Ordorikaren kontzertua zegoen Santa Ana aretoan, oroimenean iltzatuta gelditzen den horietakoa. Gogoratzen naiz, halaber, Bilborako bidean, Arrasateko bariantetik pasatzean, ospitalea ikusi genuela. Eta lagunari bertan gustura lan egingo nuela aipatu niola, ospitale txiki batean, mendien artean, ingurune euskaldunean,… Norbaitek entzun zidan, burutazioak egia bihurtzen dituen norbaitek.
Nork esango zidan, bestela, Santa Anara itzuliko nintzela, baina eszenatoki gainean egoteko. Kantu bat gara, baina ez zidaten eskatu abesteko. Eskakizunei kasu egiten dieten soinu eta argi-teknikaria izan genuen, eta “Amour eta toujours” ipini zigun, xuabe-xuabe, hasi baino lehen. Zainketa aringarriak eta musika. Horri buruz ere hitz egin genuen, ezin bestela izan. Joxe Zulueta gogoan izan genuen, pertsona ahaztezinekin horixe gertatzen da, ezin dituzula ahaztu. Iraileko Festiomen, Etxalarren, badakit zein abesti dedikatuko diodan Joxeri. Ruperren disko kubatar horretan dagoen bat da.
Zainketa aringarriak eta umorea. Gero eta argiago daukat hau guztia, hilurren dagoena zaintzearena, kobazuloetan hasi zela. Santimamiñen, Paleolitoan. Eta behin paziente oñatiar baten senide batek horrela deitu zituen, Zainketa paleolitikoak (cuidados paleolíticos esan zuen, zehazki). Hiztripu bat, baina zein ona! Umorea, egia esan, da bide bakarra.
Zainketa aringarriak eta bakea. Horretarako ‘jende tunela’ behar dugu inguruan, babesa eta lasaitasuna sentiarazten dizkiguna. Kontzeptua Zaldieroa handiak jaso zuen komiki tira batean, egunkarian, eta izugarri gustatu zitzaidan. Euria gogor erortzen denean kotxearen gainean, dena ilun dagoenean eta apenas ikusten dugunean, tunel batean sartzean jasotzen dugun sentsazioa, horixe da. Tarteka behintzat, tuneletan sartzen garenean, isiltasuna dago, eta argia. Bada sentsazio horiek transmititzen dizkigun pertsonak bilatu behar ditugu, bakea zabaltzen diguna, jende tunela.
Kontu hauek eta beste batzuk ukitu genituen Santa Anan, zertan datzan gure lan eder hau. Beste ezergatik aldatuko ez nukeena. Nork esango zidan 1978an, edo 1997an?
Nork esango zigun Bernardo Atxagaren herrian SBrekin egongo ginela? Nork esango zigun 2017ko abenduan SB Arrasaten estreinatu genuenean? Eta nork esango zigun Atxaga bera ia-ia egongo zela emanaldian bertan?
Izan ere, “Obabakoak”-etik ateratako “Bagdadeko morroia” ipuina erabiltzen dugu obraren lehenengo atalean, “Hilezkortasunaren fantasia”-z ari garenean. Ezin egokiagoa. Eta laugarren eta azken atalean, “koexistentzia baketsua” kontzeptua ekartzen dugu, Atxagak erabilitakoa, jatorriz berea ez den arren. Elkarbizitzaren edo bizikidetzaren ordez proposatutako kontzeptua da, “Higatutako hitzetatik haratago”-z gabiltzanean.
Bernardoren herria, edo bizi den herria, Albertorena eta Mari Joserena den bezalakoa. Alberto Meléndez eta Mari Jose Almaraz orain dela urte mordoa ezagutzeko plazerra izan nuen, zainketa aringarrietako bidean hasi nintzenean. Mari Jose izan zen nire irakaslea Txagorritxuko ospitalean, bolada batean, Elena ere izan zen moduan. Hortik aurrera etorri zen Arinduz elkartearen jardunaldiak ezagutzea (Euskadiko zainketa aringarrietako elkartea), Alberto bertako lehendakaria delarik. Berehala proposatu zidaten jardunaldi horietako batean parte hartzea, Gasteizko Europa jauregian, zer eta Bernardo Atxagaren hitzaldia aurkezten. Ederrak oroitzapenak. Nork esango zidan Arinduz-eko zuzendaritza batzordean amaituko nintzela, urte batzuetara?
Orain dela urte mordoa eduki nuen bolada luze bat, Bilbon bizi nintzenean, kotxea hartu eta Arabako Lautadako herriak ezagutzen joan nintzela. Ez ahaztekoa daukat lehenengo aldiz igo nintzenean hango auzo batetik, Barriatik hain zuzen, Elgeako haizerrotetara, eta hortik goitik Arantzazuko santutegia ikusi nuenean. Momentutzar horietako bat, zalantza barik, betiko hor nonbait gordetzen dudana. Bake lau hartatik abiatuta, hainbat txango egin izan ditut ordutik, Ozaeta, Larrea, Arriola, Galarreta, Zalduondo, Araia, Egino eta Durruma/San Román-etik. Azken aldiotan, hori bai, Oñati aldetik egiten ditut Elgea eta Urkillarako txangoak, Arantzazu, Araotz edo Urkulu aldetik. Goian eolikoak, azpian bake laua, hegoaldean.
Aurreko ostiralean han egon ginen beraz Aitor, Naia, Koldo eta lauok, Alberto, Mari Jose, Aurkene eta hainbat zalduondarrekin batera, Araiako Mikel eta Ainhoa lagunak barne. Nork esango zigun Celedón-en herrian egongo ginela hitz higatuei buruz berbetan? Festaz baino heriotzaz, doluaz, indarkeriaz, enpatiaz, errukiaz, traizioez, adiskidetasunaz, eraldaketaz, saskibaloiaz. Baina baita festaz ere, bertako inauterietaz, jakina.
Eta amaitu ginen gure herrialde txiki honetan normalean amaitzen garen lekuan. Sozietatean, afari legearen bake ederrean. Horrela bai. Lautadako bakean.
(Berez, amaiera hurrengo eguneko Aizkorrirako ibilaldia izan zen, baina tira. Post honen amaiera izango da behintzat).
Ama bizirik zegoenean, bidaia berezi bat egiteko gogoekin gelditu nintzen. Bera Marokoko iparraldeko kostaldean jaiotakoa zen, Rif aldean, eta zonaldea berarekin eta anaia-arrebekin batera bisitatu izana amets polita izan zen. Mundu onirikoan gelditu zen asmoa.
Behin bakarrik egon naiz Marokon, urte mordoa dela. Atlas mendikatearen aldean ibili ginen trekking bat egiten, eta Marrakex hiria ere bisitatu genuen, Bilbotik atera eta Penintsula guztia zeharkatu, ferry-az Gibraltargo itsasartea igaro eta Marokoko puxka handi bat korritu ondoren. Bazter ikusgarriak eta jende interesgarria, berbereak. Esan bezala, ama han jaio zen, baina iparraldean, Al Hoceima aldean. Melillatik 130 km-tara kokatuta dago, eta Tetuan hiritik 230 km-tara. Urte batzuk eman zituzten han, amonak kontatzen zizkigun animalia exotikoak agertzen ziren istorioak. Riftarrei buruz hitz egiten zigun, haiek ere berbereak, Atlas aldean bizi direnak bezala. Arabiera ere ikasi zuen amonak, behin tren bidaia luze batean bat egin genuen bagoian magrebtar batzuekin, eta txundituta entzun nuen zelan mintzatzen zen haiekin.
Hango istorioak kontatzen zituen Joseba Sarrionandiak ere liburu mardul hartan, amaitzerik izan ez nuena. Eta hango istorioak kontatzen ditu Iratxe Fresnedak“Tetuán” filmean, aste honetan Giza Eskubideen Zinemaldian ikus-entzun dudana, Donostian. Migrazio istorioak dira funtsean pelikulan jasotakoak, Iratxeren familiarena eta gaur egungo protagonista migratzaileena. Neure amaren istorioa bezala, kontatzea luze hartuko zuena, baita neure istorio propioa ere, neurri txikiago batean.
Migrazio orotan doluak daude atzean, galerak alde batetik, eta irabazteak bestetik. Horien arteko orekaren emaitza gara gu guztiok, horren ondorioa gara. Joan eta etorriena. Naguib Mahfouzek dioen bezala, ihes egiteko gure saiakera guztiak amaitzen diren arte. Hor eta orduan, gure etxea dago.
Abuelo Salva Peña Burgosko ur biltegiaren arduraduna zen, eta hiriko goialdean bizi ziren, gazteluaren hondakinen inguruetan. Amatxi Pilar Iturriak abizenean zeraman, baita aitak ere, baita nik ere. Ama Mediterraneoaren ertzean jaio zen, Serraten abestian bezala. Bere kasuan, Marokoko iparraldeko hiri batean. Haren ama Ebro ibaiaren ertzetan jaio zen, Zaragozan, eta aita, Gállego eta Aragoi ibaien artean.
Ur jendea, itur jendea, itsas jendea, ibai jendea. Zerrenda osatzeko Arlanzón, Nerbioi-Ibaizabal eta Onin erreka (Bidasoaren adarra) eta Lekeitio eta Zarauzko itsasertzak apuntatu behar ditut. Bai, hidrofiloak izan gara gure familian, eta ni behintzat erabat zalea naiz, edozein ur putzutan sartzekoa, hotza izan ala beroa. Mundua sailkatu daiteke modu honetan ere, eta gaur egun hidrofoboak dabiltza goleatzen nagusitasun osoz. Euriarekiko fobiari dagokionez, behintzat, aldarri ozena da. Oso gutxi gara hidrofiloak, eta geure artean ahapeka egiten dugu berba, klandestinoki.
Eta hau guztia dator “Jende likidoa” liburua irakurri dudalako (Nerea Arrien, 2021). Txunditu nau bere idazteko moduak, haize freskoa izan da. Poesia liburua iruditu zait, prosan idatzia. Istorio solteak ematen dutenak lotuta daude, gainera. Ibai guztiak itsaso berean amaitzen dira. Lekeitiorekin konektatu nau ostera ere, halaber.
Liburuaren mamia eta post honek daukana nahiko desberdinak dira, baina Katixa Agirreren “Sua falta zaigu” gogora etorri zait, eta aldaketatxo bat egin dut, garai idor hauetara egokituta.
Aldarri xuxurlatua izan da hauxe, gogorarazi nahi duena zuhaitzek, loreek eta landareek, argiaz gain, ura behar dutela bizitzeko. Guk jendeak bezala, baina ez esan inori.
Lizarra aldekoa izan nuen paziente bat Arrasaten, ahaztezin horietakoa. Lekeition igarotzen zuen uda partea familiarekin, nire moduan, eta behin elkar topatu genuen. Eskolapen zegoen, izkin batean, eskelak ipintzen dituzten lekuan, haiei begira. Amarekin nengoen, eta guztiz espontaneoa eta nafarra izan zen haren erreakzioa ustekabeko topaketagatik: “Me cago en los cojones!”. Hitzez hitz. Irribarre bategaz gogoratzen diren pasadizo haietakoa da.
Aste honetan Lizarran eta Lekeition, batera, eman dugu dokumentala, egun berean. Txikitan eta gaztetan “beraneantiek” izan gara udalerri bizkaitarrik dotoreenean, guretzat hondartza baino askoz gehiago izan den herria, lotura esanguratsuak ditugunez. Besteak beste, hizkuntza neureganatzeko gakoa izan den lekua izan da Lekitto. Desagertu den Aralde liburudendak zerikusi handia dauka honetan, baina lehenik eta behin Juan Jose Barbarias lekittarra izan zen influentziarik nagusietakoa, gurasoen lagun mina eta neuretzat aittitte modukoa. Berari esker hara joaten hasi ginen, eta berari esker naiz naizen bezalakoa, neurri handi batean. Gugan bego.
Egueneko emanaldia Nere Erkiagaren bitartez atera zen aurrera, bera “de cuerpo presente” bertan egon ezin izan bazen ere. Beste modu batean egon zen Ikusgarri zinema areto txukunean Nere. Koldo Leniz eta Oier Gorosabel egon ziren publiko artean, beste pertsona batzuen artean, bi pertsona oso interesgarri horietakoak biak ala biak. Koldok Benito Ansola handia aurkeztu zidan duela urte mordoa. Erkiaga tabernan egon ginen zinemari buruz berbetan, “Aulki Hutsak” proiektu hutsa zenean, eta dokumentala egiteko nondik norakoetan ederto lagundu zidaten Koldok eta berak. Halaber, On Benitok egin zuen gure aitaren aldeko meza 2007ko uda hartan, Lekeitioko Basilikan. Udatiarren aldeko mezak ere egiten dira, bai horixe, eta niretzat behinik behin oso oroitzapen ona izan da.
Estellan, bitartean, Mikel Idoatek MHHH aurkeztu zuen, elkarrekin egiten dugun bigarren kolaborazioan. Azkena ez dena izango (Inshallah!).
Gaurko egunez, abuela ekarri gura dut gogora, bizitza erraza ez zuena eduki. Batetik bestera bizitokia aldatzen joan zena. Garai hartan senarrarengandik (abuelorengandik) banatu egin zena, geure ama aurrera atera zuena.
Gaurko egunez, amaz gogoratzen naiz. Gai izan zena gidatzeko baimena ateratzeko, zer eta hiri erraldoi hura gurutzatzeko eta geu txikitan eskolara kotxez eraman ahal izateko, Madrilen.
Gaurko egunez, arrebaz oroitzen naiz. Gai izan zena Albaitaritza ikasketak odolez, izerdiz eta malkoez aurrera ateratzeko. Gaur egun ez dakit albaitari hobeagorik topatu ahal izango duzuen Bizkaia aldean.
Gaurko egunez, amatxi oroimenera erakarri nahi dut, oroimena galdu zuena. Baina hitzak guztiz ahaztu baino lehen, hizkuntza berarengandik niregana iritsi zitzaidan. Opari erraldoi hau egin zidan.
Gaurko egunez, izebaz gogoratu nahi dut. Erizaina izanda, gure etxeko medikua izan zena. Berak hartutako lekukoa orain nik eramaten dut. Oroimena galdu baino lehen, berriro gogorarazi nahi diot.
Gaurko egunez, lehengusina gogoan dut. Bera ere bizilekua aldatzen joan da. Berak ere ikasketak odolez, izerdiz eta malkoez aurrera atera ditu. Zenbat pozten naizen berriro bat egin dugulako.
Eta gaurko egunez, azkenik, alabaz oroitu nahi dut. Enbor haietatik eta Errenteriakoetatik etorritakoa. Geu egongo ez garenean, espero dut mundua oraindik leku bizigarria izatea. Eta berak nahi duena izan ahal izatea.