Malenkonia

Aurreko domeka goizean, guardiatik bueltan, Arrasatetik Zarautzerako tartea ohiko moduan egin nuen, irratia lagun. Amaren eguna zela eta, entzuleek proposatutako abestiak pintxatzen ibili ziren, norberaren amei dedikatuta. Jakina, amataz gogoratu eta zein kanta dedikatu niokeen pentsatuz joan nintzen A-8an gora (edo behera). Eta jakina, bat baino gehiago etorri zitzaizkidan burura. Triniren gustuko abeslari eta taldeen artean Mocedades, Paloma San Basilio eta Ainhoa Arteta zeuden, baina kantu bakar bat aukeratu behar izanez gero, ABBAren “Chiquitita” izango litzateke (irratiko entzule batek ere hautatu zuena).

Txikitako oroitzapenak ekartzen dizkit oroimenera, 1970-80ko hamarkada urteak, Madrilen eta Valladoliden bizi izan ginenak. Han ospatu genituen Errealeko bi ligak eta Athleticeko beste biak. Diaspora hartan 1987ko Kopako final haren lekukoak ere izan ginen, oraingo 2026ko honetan egon diren aurkari berdinekin, emaitza eta txapeldun berarekin. Zirkulu oso bat, orduan gurasoekin ospatutakoa orain Pello eta Aiora seme-alabekin eta Maider emaztearekin.

Bestela, malenkonia hitza irakurri dut gaurko egunkarian, Carlos Garaikoetxearen heriotza dela eta:

«Malenkoniarako joera bat, bizi guztian iraun didana, eta musikan, literaturan eta denean erromantizismoaren zalea izatera eraman nauena. Alde positiboen artean, berriz, existentziaren ikuspegi transzendentea, nahiz eta fedearen eta arrazoimenaren arteko borroka unamunotar horrekin izan, agnostizismoaren eta fedearen arteko talkan. Fededuna naiz, eta eskatzen dut arrazoimenarekiko borroka horretan federa makurtu nadila».

Horrela idatzi du Elixabete Garmendiak, Garaikoetxearen hitzak transkribatuz. Urte haietan, txikiak ginela, irratian lehendakaria hizketan ateratzen zela, gure aitaren ahotsa entzuten genuela iruditzen zitzaigun, zinez antzekoak zirela. Fisikoki ere ukitu bat zeukaten. Gainera, Carlosen jarraitzailea zen Alberto. Eta goiko pasartean deskribatzen denarekin bat zetorren, arlo espiritualean. Bai eta ni ere, urteekin, gero eta gehiago.

Gure etxean ere norbait miretsia zen, hainbat eta hainbat familiatan bezala. Eta egun hauetan ere dolu kolektibo moduan antzematen ari naiz. Dolu kolektibo malenkoniatsua. Egia esan, Herri moduan pertsona gutxik eragin ahal izan duten maila honetako sentimendu partekaturik. Esanguratsua iruditu zait gaur goizean Arrasaten, kontsultan, paziente batek gaia ekarri izana. Ez da batere ohikoa kontu politikorik ateratzea, baina hau ziur aski politikatik askoz haratago dago. Eta esanguratsua begitandu zait arratsaldean, Zarautzen, pareko bizilagun batek ikurriña bat paratu izana xingola beltzarekin.

1980 eta 1985 artean egon zen Ajuria Enean, eta bitarte hartan ABBAk “Super Trouper” (1980) eta “The Visitors” (1982) albumak kaleratu zituzten, Mocedadesek “Desde que tú te has ido” (1981), “Amor de hombre” (1982), “La música” (1983), “La vuelta al mundo de Willy Fog” (1984) eta “15 años de música” (1985, zuzenean). Bernardo Atxagak “Etiopia” (1983) eta “Bi anai” (1985) argitaratu zituen, eta Arantxa Urretabizkaiak “Maitasun magalean” (1982), “Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik” (1983) eta “Albaniaren konkista” pelikularako gidoia (1983). Alan Parkerrek “Fame” musikala zuzendu zuen (1980), Hugh Hudsonek “Chariots of Fire” (1981), Steven Spielbergek “E.T.” (1982), Monty Pythonek “The Meaning of Life” (1983), Wes Cravenek A Nightmare on Elm Street (1984) eta Robert Zemeckisek “Back to the Future” (1985).

Etorkizunerako itzulera, nostalgia ote?

Zer moduz?

Badaude moduak eta moduak pertsona bati “zer moduz?” galdetzeko. Eta modu haien arabera, norberak era batean edo bestean erantzun dezake. Benetakoa baldin bada galdera, benetakoa izan daiteke erantzuna ere.

Asteazkenean izan dugu herrian, azkenean, “Aitatxo” dokumentala. Kostatzen duen guztiak balio erantsia hartzen du normalean, eta horrela izan da Anakotzen lanarekin ere. Gainera, ilusio berezia zeukan berak Zarautzen aurkezpena egiteko, herriarekin daukan loturagatik. Hemen piztu zen proiektua zelabait, ugariak eta ederrak dira hemen hartutako irudiak, zarauztarra eta itsastarra da pelikula neurri handi batean.

Eszenatokian, Arkaitz eta Aitor izan genituen erdian, sofan (argazkian). Eurekin batera, Saioa egon zen, “Esku Hutsik” elkartea ordezkatzen, baina baita testigantza pertsonalekin ere, Arkaitz et Aitorrekin batera. Jario ona egon zen solasaldian hirurekin, eta amaieran Anakotzek bat egin zuen gurekin. Momentu batean, Aitorrek bota zuen harribitxia, jendeak “zer moduz?” galdetzen digunean aipatzean. Hain zuzen ere, gakoa da erantzuna entzuteko prest egotea, ala ez. Eta entzutea gaitasun handi bat da, errukia bezala, garatuta eta entrenatuta eduki dezakeguna, ala ez.

“Zarautz Herri Zaintzailea” ekimenean jorratzen dugun arloetako bat dolu perinatala da, eta hortik aste honetako zine foruma “Aitatxo” pelikularekin. Halaber, helburua dugu Santa Klarako parkean oroimeneko leku bat izatea bidean gelditutako umeak ohoratzeko. Bi urtez, urriaren 15aren inguruan, ekitaldi bat egin izan dugu parke hartan. Aurten hirugarrena izango da. Eta espero dugu Zarautz laster sartzea Euskal Herriko udalerri haien zerrendan, dolu perinatalaz ohartzeko leku bat finkatu dutenak. Inshallah!

Eta egia da, gizonezkoak ere egon beharko ginateke esparru hauetan presenteagoak. Seme-alabak guri begira hazten dira, eta hemen ere eredu izan beharko ginateke aitok. Pagoetako Mendi Elkartean ere honen inguruan ibili ginen ostiralean, “Heriotzak eta doluak” liburuaren aurkezpenean. Gizonezkoen ezin emozionalari buruz jardun genuen, bereziki maskulinoa den mendizaletasunaren mundu honetan. Zahardadeari, hauskortasunari eta heriotza berari begiratzeko ezinaz. “Zer moduz?” horiei “ondo” baino zerbait sakonagoa eta benetakoagoa erantzuteko ezinaz.

Nola erraten zaio agur aita bati

Argazkia: “Argia”.

Dolua adierazteko modu maskulinoak eta femeninoak daude. “Nola erraten zaio agur ama bati” (Uxue Razquin) oso adibide ona da bigarrenarena. “Izen baten promesa” (Hedoi Etxarte) Aitor Etxarte aitaren heriotza eta gero idatzitako liburua da, bihotzetik baino burutik idatzitakoa. Emozioak ere zirrikituetatik askatzen ditu Hedoik, baina plano kognitiboan, ideologikoan eta historikoan zentratzen da liburua. Nik ere antzeko zerbait idatziko nuke aitari buruz, burutik gehiago bihotzetik baino.

1970eko hamarkadara egindako bidaia bat da liburua. Erabat erakargarria egiten zait garai hura, jaio nintzena, zuri-beltzekoa. Bizardunen garaia, “Mejor la ausencia” (Edurne Portela) zoragarrian jasotzen den giroa, 1980ko hamarkadako Ipar Euskal Herria. Edo 70etako Iruñea, Hedoik dotore deskribatzen duena. 1978ko Sanferminak (argazkian), Liga Komunista Iraultzailea, Leon Trotski, Gabriel Aresti… Aitaren lagunei egindako elkarrizketen bidez Aitor Etxarteren erretratoa osatzen du semeak.

Arrasate ere osagai garrantzitsu bat da kontaketan, familiaren adar bat hortik etorri baitzen. Amatxi Pilar hortik joan zen Iruñera, eta grazia egin dit elementu hauen kointzidentziak. Gure amatxi ere Pilar zelako, bere bidaia bertzelakoa izan zen arren: Lesaka – Burgos – Leioa – Mungia. Gure historia familiarrean Iruñea eta Ipar Euskal Herria ere presente daude, modu lausotuan bada ere. Azken hamarkada hauetan behe-laino hori uxatu eta paisaia biografiko haiek askoz modu gardenagoan ikusten ari naiz. Erranen nuke horixe bera dela Hedoik bilatu duena “Izen baten promesa”-rekin.

Doluaren inguruan solasaldi hagitz erakargarria antolatu zuten duela aste batzuk Bilbon, Gutun Zuriaren barruan, solasaldi literarioa eta zinematografikoa: “Dolua sormen”, Uxue, Hedoi eta Lur Olaizolarekin. “Bariazioak” deitzen da Lurrek egindako film laburra, doluen bariazioei buruzkoa. Aitaren Eguna ospatu dugu aste honetan, modu anitz dago horretarako. Eta modu anitz daude aita bati adio errateko.

“Harriak hegan” (Bide Ertzean, “77”).

Amaitasuna

Jon Maia handiaren berba da: amaren maitasuna = amaitasuna. Eta “Ama” artefaktuaren hitzaurrean agertzen da, Urtzi Ugaldek asmatutako sorkuntzan. Mara-Mara liburudendan aurkeztu zuen atzo Gasteizen (argazkian), eta bere hitzetan “poeta, artista, kazetaria eta marrazkilaria ez den” arren, horietatik eta gehiagotik badauka Urtzik. Liburuko hiru pasarte azpimarratuko nituzke: “Hutsa” poeman galdera: “Eguzkirik al da ilargirik gabe?”. “40” poeman, hiru elementu terapeutiko: sorkuntza, kirola eta musika. Eta “Astekaria”-n, 12. astean duintasun terapiaren elementu garrantzitsuak: argazki albumak ikustea eta agurraz eta amaieraren antolaketaz hitz egiten hastea.

Bestela, Naiz Irratian abiatu du “Azken kafea” podkasta, heriotzari, doluari eta lotutako gaiei buruzkoa. Lehenengo kafea Pili Kaltzada kazetariarekin izan da, linkaren bidez entzun dezakezuena. Amaren heriotzak lotzen ditu Pili eta Urtzi, eta solasaldi atsegina sortu dute.

Uxue Razquinek ere amaren heriotzari buruz idatzi zuen (“Cómo se le dice adiós a una madre”), eta bere galderari erantzutea ez da hain erraza. Zaila den moduan amaitasun horrek amairik ote duen ala ez jakitea. Ama hilda egon arren.

Izan Iñurri elkartekide bat ere egon zen atzoko aurkezpenean (podkastean hurrengo asteetan agertuko da Julene Illarramendi beste elkartekidearekin egindako saioa). Ekimen interesgarria, astintzailea eta ezinbestekoa, “Ama” artefaktu zazpikaletar honetan parte hartzailea. Liburua izateaz gain, QR baten bidez abestien playlist luze batean sartzeko aukera dago, Urtzik prestatutakoa. Kanta horien artean, oso gustukoa daukadan “Hau dena” (Fermin Muguruza) dator.

Amaitzeko, zorionekoa ni proiektu honetan parte hartu dudala, “Azken kafea” Urtzirekin hartu nuelarik (laster argitaratuko da gure saioa, uste dut). Eta zorionekoa ni, despiste baten ondorioz, bi aldiz dedikatuta daukadala “Ama” liburua. Bizi gara!

Entzuteko: “Ama hil zaigu” (Amorante). Hamabostean behin podkastean.

Gizonezkoak ere

Urtea amaitzen ari zen, orain bezala, 2012ko abenduan piztu zitzaidan lanparatxoa eta besapean proiektu batekin jo nuen Gorka Espiauren atean Bilbon, dokumental bat nola egiten den galdetzeko. Naomi Hasson aspaldiko bidelagunaren bidez iritsi nintzen berarengana. Urte bat geroxeago “Aulki Hutsak” jaio zen eta, protagonisten artean, Iker Barandiaran eta Eider Otxoa izateko zortea izan nuen, Izaskun Andonegirekin batera. Dolu perinatala zer zen ikasi nuen, guretxikixak.org bloga ezagutu eta, koadrila horretan, Kristina Pavo antzuolarra topatu nuen.

Urte batzuk geroxeago, zehazki ez dut gogoratzen zenbat, Bidegin elkarteko ekitaldi batean, Okendo Kultur Etxean, Anakotz Lasarte eta Iratxe Uribelarrea entzun nituen lehenengo aldiz. Bi dolu perinatalen ibilbidea egin behar izan zuten, eta euren testigantza iritsi zitzaidala ondo daukat gogoan. Beste urte batzuk pasatu ziren, eta Anakotzekin lehendabiziko aldiz egon nintzen aurrez aurre. Mallabian antolatu zuten ekitaldi bat, Gabonak eta aulki hutsen inguruan, eta bertan egon nintzen, Anakotz, Iratxe eta Inhar semearekin batera. Azkenik, orain dela pare bat urte, nik Gorkaren atean jo nuen moduan, Anakotzek neurea jo zuen Zarautzen, besapean proiektu batekin, dokumental bihurtzeko asmoarekin.

“Aitatxo” dokumentala munduratu da hilabete honetan, Gasteizen lehenik eta Mallabian bigarrenik (ikus argazkia). Besteak beste, lehen aipatutako Kristina topatu nuen bigarren honetan, baita Aitor Monje laguna eta Karmen Amezua, Izan Iñaki eta Asier Ibaibarriaga bidelagunak ere. Aurkezpen lanak egitea eskatu zidan Anakotzek, eta berarengan antzeman nituen dokumental bat estreinatzean sentitzen diren emozio horiek guztiak. Bertan zeuden Fernando Alonso, Mikel Perez eta Igor Aldazabal, filmeko beste hiru protagonistak. Gizontasunez, barnekoa erakusten, ahuldadea eta indarra, tristezia, poza, bakardadea, elkartasuna, bihozmina, itxaropena. Izan ere, oso gizona izan behar da norbera gogortasunaz gain horiek guztiak adierazteko.

Lehen aipatutako Izanek ondo daki bide latz hauetan ibiltzeaz, gizontasunez. Anakotzek, Fernandok, Mikelek, Igorrek, Aitorrek, Ikerrek, beste hainbatek eta nik neuk legez. Izan ere, gizonezkoak ere esparru honetan egon behar gara, gure bikotekide, seme-alaba eta etxeko besteen alboan. Sendo eta bigun. Eredu. Hortxe. Ihes egin barik. Ondare moduan ez da gutxi hau lagatzen baldin badugu.

Zorionak gizonezkoen isiltasuneko ahotsak entzunarazi dituzuenoi. Bihotzez. Eta Eguberri on.

Lorezaina eta heriotza

Bulgariako literaturatik hauxe da irakurri dudan lehenengo liburua. Georgi Gospodinov nor zen ere ez nekien, noski, nola idazten duen edo Nobel Sarirako proposatu dutela. Bulgariaz ere gauza gutxi dakit, Istanbul hiria egon naizen lekurik hurbilena da. Orain esan dezaket idazle hau izan dela niretzat aurtengo ustekabe nagusietakoa, Jon Fosse norvegiarrarekin batera. Bere bitartez herrialdeari eta hizkuntzari buruz detaile batzuk heldu zaizkit, baita komunismoaren garaiari buruzkoak ere.

Hasiera potentea dauka gaur komentatuko dugun liburu dotorea, Garoa-koek ederki gaztigatu zidaten:

Nire aita lorezaina zen. Orain lorategia da.

Doluaz doa, ez heriotzaz:

Hau ez da heriotzari buruzko liburua, baizik eta joan den bizitzagatik tristeziari buruzkoa.

Hortik aurrera, gozamena izan da irakurketa. Bikaina idazkera, desberdina (testua itzultzean eta “zurtoina” hitza irakurtzean Jagoba Errekondotaz gogoratu naiz, ezinbestean):

Nire buruari galdetzen diot ea loreak ez diren benetan euren azpian dauden hildakoen periskopio sekretuak, horrela mundua begiratu ahal izateko haien zurtoinen bidez.

Asko identifikatu naiz pasarte askotan, nola mintzen digun munduak aurrera jarraitzea eta jendea haien bizitzak egitea gure dolutik erabat aparte:

Munduaren amaiera ez dator guztiontzat aldi berean. (…) Nire aita badoa eta munduak ez daki, jakina.

Nola agertzen zaizkigun hildakoak edozein momentutan:

Lantzean behin (aita) agertzen zait beste pertsona batzuen aurpegien bidez ere bai.

Gaixotasunari (minbiziari) ezin dio barkatu bere aita izan zen gizon sendoa zimeldu izana:

Ahal zenuen eraman umiliatu gabe. (…) Nire aita fardelekin. Gizon errespetagarri hori, kementsua, handia, altua, segaila eta sentibera.

Hilurren daudenen tristuraz:

Tristezia hori elikatzen da ez bakarrik iraganaldiarekin, baizik eta etorkizunarekin. Batez ere etorkizunarekin. (…) Heriotza da zu gabe onduko den gereziondoa.

Minbiziaren estigmaz, oraindik badagoena:

Susan Sontagek idatzi zuen ‘Gaixotasuna eta haren metaforak’ liburuan ematen duela minbizia jendearen begiradatik ezkutatu behar dugula. (…) Tuberkulosiaz ari garenean, ordea, poesia daukagu eta ‘Mendi magikoa’ (Thomas Mann).

Zer den azken aztarnei eta hildakoei nola edo hala heltzea:

Egunkari batzuk gorde ditut azken egunetan nire aitak ebatzi zituen gurutzegramekin. (…) Nire aitari agur esaten ari nintzaion eta ateraino behintzat lagundu nahi nuen, bizirik gaudenok ahal dugun lekuraino. (…) Nora doaz doazenak?

Gabonei buruz, nola ez. (89. atala honi buruzkoa da osorik):

Badakit aurten ez dela Eguberririk egongo. Izan ere, Eguberri berririk ez da sekula egongo aurrerantzean. (…) Lehenengo Gabonak bera gabe. Gabon gauean mahaia ipinita lagatzen dugu, horrela lagatzen da hildakoentzat. Lehenengo Gabon Zaharra ez dudala bere ahotsa entzuten hamabiak baino bost minutu lehenago.

Bestelako datei eta gertakariei buruz:

Lehenengo telefono dei eza nire urtebetetzerako. Lehenengo bidaia ez dakit nora ez didala hegaldi ona opatzen.

Haurtzaroaz (eta zahartzaroaz):

Bakarrik hor, haurtzaroan, hilezkorrak gara ia. (…) Haurtzaroa bertikala da. Zahartzaroa horizontala.

Antzinako ohituretaz, naturarekin hain lotuak:

Beste garai batean, lurralde hauetan, etxearen jabea hiltzen zenean albistea partekatu behar zen abereekin.

Hileta elizkizunetaz, Jaungoikoaren inguruan baino zergatik ez garen zentratzen hildakoarengan. Hauxe bera sentitu nuen nik ere aitaren hiletan:

Gizonari berari buruzko hitz xumeak dedikatzea, besterik ez.

Bizitza ospatzeaz, zendutakoa omentzeaz:

Bildu gaitezen bere bizitza aparta ospatzeko.

Zuhaitz genealogikoetaz:

Nire alabak eta biok erabaki genuen zuhaitz genealogiko bat egitea. (…) Azalpenak eta kontsolamendua eskaintzen ditu. (…) Zuhaitza bizirik dago, haren adarretatik hainbeste hildako eskegita dauden arren. (…) Nire aita zen haren sorbaldetan iraganaldiaren tonak eusten zituen Atlas hura.

Arimari buruz:

(Bulgarierazko) hitza ‘arima’ esateko ‘eulia’ izendatzeko berdina da: ‘mujá’, ‘mushka’, ‘mushiche’.

Zer den gogorra izan behar izatea, kulturalki Bulgarian ere oso errotuta. Hunkigarria da liburuaren 50. atala, non kontatzen duen aitaren aitonaren egunerokoan agertutako aztarna minimoa, 4 urtez hildako alabaren aipamena, emozioei erabat eusten. Bi hitz bakarrik: “neskato maitea”.

Aita guztien ausentziei buruz:

Ez al da ausentzia aita guztien ezaugarria kultura unibertsal osoan?

Eta bizitzak aurrera jarraitzen du, harrigarriki:

Zein arraroa, nire aita ez dago, baina udaberria iritsi da. (…) Eta inork ez dit irakatsi zer egin jaio berri den aita moduan. (…) Nire aita joan da. ez dakit zer egin. (…) Ez dakit zer egin nire amarekin, ez dakiena zer egin nire aitaren arroparekin eta astero garbitzen jarraitzen duena. Ez dakit zer egin Dzhako txakurrarekin, haren zain jarraitzen duena eta jarraituko duena amaiera arte.

PD.- Edvard Munch margolari norvegiarraren koadro bat aipatzen du Gospodinovek liburuan, linkaren bidez ikus dezakezuena, benetan adierazgarria, hamaika hitz baino: “Umea eta heriotza”.

Zelan esan agur ama bati

Zarautzera bueltan oporretatik, egin nituen lehenengo gauzen artean, Garoa liburudendaren gune berria zelan gelditu den ikustera joatea izan zen. Bisita hartatik bi libururekin itzuli nintzen etxera (mila esker Olatz eta Imanol), eta gaurkoan lehendabizikoa komentatuko dut, Uxue Razquinena.

Ikusita neukan egunkaritik eta sareetatik, sekulako izenburu erakargarria zeukan, harrigarria gazteleraz izatea, eta harrigarriagoa fisikoki ikustea, hain txikia. Bai, atal laburrez osatutakoa da, harribitxiz betetakoa. Zati esanguratsuak azpimarratzeko ohitura daukagunok, gero errazagoa dugu topatu, komentatu eta zabaltzeko.

Lehenengoarekin asko identifikatu naiz, horixe bera sentitu nuen anaia-arrebekin gure ama hil zenean: “La pérdida que compartíamos nos alejó de inmediato” (jatorrizkoan mantenduko ditut aipuak, aldatzeagatik). Zorionez, bizitzak beti ekarri ditzake topaguneak eta birtopatzeak, eta gure kasuan berriki topatu genuen oso on bat.

Aukeratutako bigarren aipua, ahaztearen aldeko ihesbidea da: “Los mejores días son aquellos en los que no recuerdo que he tenido madre“.

Hirugarrenarekin, doluaren pasarte baten deskribapen bikaina dator, nire ustez askok zeuen bizipenarekin identifikatuko duzuena: “Recuerdas todo lo que viviste de forma menos nítida cada vez, porque pertenece a otro tiempo, como si fuera la vida de otro, y eso te duele, te entristece“.

Barrearen eta pozaren aldeko aldarria: “El día que me permití reir como no lo había hecho desde que murió mi madre“.

Beldurraren irudi ezin hobea: “El miedo es un balón enorme en una habitación minúscula“.

Jorge Nagoreren aholkuarekin (MHHH) oroitu naiz bertze honekin: “Ahora no soy capaz ni de escuchar de nuevo tu voz, tenía que haberte grabado“.

Hauxe sentitu dut nik bereziki ama hil zenetik, duela 10 urte: “Ahora cada vez que hago algún viaje, por ejemplo, pienso ojalá llegar a casa y poder contártelo o poder llamarte, como hacía antes“.

Aurten ere ezin izan diot amari deitu udako bidaiatik bueltan. Aurten liburu hau topatu dut. Imanolek erran zidan Uxue Garoara ekarri nahi duela honen inguruan solasteko eta Flor Illarramendi (haren ama) modu batean omentzeko.

Inshallah!

PD.- “Ama hil zaigu” (“Hamabostean behin” podcast #7)

Zoriona, edo antzeko zerbait

On Lake Atter (Gustav Klimt)

Goiko izenburua du Karmele Mitxelenak idatzitako liburuak, oraintxe disfrutatu eta amaitu dudana. Udarako irakurketa bikaina, goitik-behera gomendagarria. 60 urte inguruko emakume baten barne-bidaia, Empordà-ko kostaldera egindako kanpo-bidaia ere badena.

Abiapuntua bel-beltza da, ezin beltzagoa: emakume protagonistaren senarrak itsasoan egindako suizidioa. Eta horrek eragindako doluaren deskribapena, zehaztasunez eta edertasunez idatzitakoa. Egia esan, aspaldian ez nuen hain desberdin idatzitako zerbait irakurtzen.

Minaren deskribapena, saminarena, modu honetan egiten du:

“Inoiz ez dut jakin nola den zehazki. Ez dakit ekaitzaren ondoren datorren barealdia edo barealdiaren ondoren ekaitza. Gaur bareago dago dena, ni batez ere.

Zakarrontzian ez dira aterki apurtu gehiago kabitzen. Hondartza makilaz, adarrez, eta algaz beteta dago, eta itsasoa zikin, ohi duen gardentasunik gabe. Tabernetako itzalkinak lurretik altxatu ezinda daude, eta edozein bazterretan plastikozko aulki herrenak abandonatuta.

Antzera irudikatzen dut neure barrua, atzoko indarrarekin txikituta. Bihotz eta birika zatiak erraietan, ixten ez diren zauri zaharrak odoletan, zauri berriak gorri”.

Funtsean, liburua zorionaren aldeko aldarrikapena da, zauritutako zorionarena beti ere. Doluan dauden pertsonek berriz zoriontsuak izateko duten eskubideaz datza liburuak, edo horrela interpretatu dut behintzat: “Batzuetan hondamendia behar da berriz hasteko, zati guztiak bildu eta haiekin zerbait eraikitzeko”.

Aita erailda, ama minbiziak hilda, ahizpak bere buruaz beste eginda, anaia mendi istripu batean hilda, semetxoa edo alabatxoa jaiotzean zenduta… galdu eta gero zoriontsua izateko eskubidea.

(Eskerrik asko, Aizpea, liburua gomendatzeagatik).

Ez dago berbarik

Hona hemen beste liburu bat zerrendan zain neukana, eta aste hauetan irakurri dudana (gaztelerazko itzulpena). Francesc Torralba filosofo eta teologoari buruz entzunda neukan, batez ere nola duela gutxi Oriol semea hil zela istripu batez, berarekin batera txango bat mendian egiten ari zenean, Picos de Europa aldean.

Liburuaren hasieran, kontatzen du nolakoa izan zen Marian izeneko emakume ezezagunaren erantzun errukitsua, semea hilda topatu zutela jakin zuenean: “Entzun genuen, berriz ere, helikopteroaren zarata, eta ziztu bizian atera nintzen aterpetxetik. Marianek ez ninduen bakarrik laga ezta une batean ere. Mahaian platera utzi eta nirekin irten ze. Nire alboan egoteko ardura sentitzen zuen, eta kontsolatzekoa”.

Dimentsio erraldoia duen gertakaria izan zen Oriolen heriotza Francesc, emazte eta familiarentzat, zalantzarik gabe. Norberaren biografia markatzen duten gertaera nagusi horiek dira gertakariak, gutxi horietakoak. Hemen ekintzen eta gertakarien arteko desberdintasunak: “Gosaltzea edo txangoa egitea ekintzak dira, baina pertsona batekin azken aldiz egiten duzunean, gertakari bihurtzen dira. Modu berean, seme gaztea lurperatzea gurasoentzat gertakari (tragiko) bat da, baina ekintza soila izan daiteke lurperatzailearentzat”.

Besarkada baten definizioa: “Itxuraz keinu sinplea da, bi gorputz elkarri estutzea. Baina, izatez, hurkoarekin hurbiltasun emozionala adierazteko modurik enfatikoena da”.

Espiritualtasuna presente dago lan guztian, ezin zen bestela izan idazlea zein den kontuan hartuta: “Sinestunek aurre egin behar die galdera handiei, baina baita ateoek ere. Krisialdi espiritual handiak eragin ditzake muturreko egoera batek, norabide batean edo bestean: pertsona batzuk federantz biratzen dira, haurtzaroan abandonatutako otoitzak berreskuratzen dituzte, Jaungoikoaren babesaren bila”.

Ez daudenak gogoratu, ohoratu eta gurekin beti eramaten ditugu, baina bizi behar gara egon badaudenekin, merezi duten lekua ematen haiei ere: “Gure inguruan guretzat pertsona esanguratsuak daude, alde batetik, eta bestetik pertsona ezezagunak, gure albotik pasatzen direnak, euren amets eta planekin, baina anonimoak direnak guretzat. Dolua bizitzen dugu pertsona garrantzitsu horietako baten hutsunea sentitzen dugunean. Baina ez dugu laga behar ez daudenek daudenak itzaltzea, hemen eta orain badaudenak”. Halaber: “Gauzak elkarri esan beharko genizkioke heriotza baino lehen, ez itxarotea haren ostean esateko (esker ona, maitasuna…)”.

Zer da ahula izatea eta zer ausarta: “Esanguratsua da gizonen ausentzia dolu taldeetan, indarra erakutsi behar dugulako. Baina ausardia handia behar da gure ahulezia eta barne-barneko sentimenduak adierazteko, lotsak gainetik kentzeko”.

Hau txikitatik ikasi genuen, oinarrizkoa da, baina ondo dator behin eta berriz gogoratzea: “Bakarrik gelditzen da gugandik ematen duguna, bakarrik gara ematen. Bakarrik gure burua husten hazi gaitezke, eta besteak haztea”.

Umorea bizitza hau edertzen eta erlaxatzen duen indar horietakoa da. Baina zer da seriotasuna? “Seriotasunaren muina da gure burua hilda ikustea, irudikatzea. Bizitza ez dela (soilik) jolas edo komedia bat konturatzea da seriotasuna”. Halaber: Heldutasuna dator zoritxarrei aurre egiten ikasten dugunean, gaitasun batzuk hartzen ditugunean”.

Mugiarazten gaituzten emozioak daude, bai eta geldiarazten gaituztenak ere: Tristezia puntu estatikoa da doluan, emozioak eteten dira, geldirik geratzen gara”.

Gaur egungo egoera globala: “Zoriontsuak izan gaitezke mota guztietako indarkeriak inguruan ditugunean, kolapso ekologikoa gero eta gertuago dagoenean?”.

Medikuntzaren historia amaiezina: “Medikuntzaren aurrerakuntzak hor daude, gaur egun ez gara hiltzen gure arbasoak hiltzen ziren zergatiengatik. Gaixotasun batzuk menperatu ditugu, baina beste batzuk agertu dira. Sisiforen mitoa bezalakoa da”.

Zerrendan dauden zeregin garrantzitsuak: “Zer egin nahi dut gelditzen zaidan bizitzarekin? Zer da lantzeko daukadan gauzarik baliotsuena? Aurrean daukadan bidaiaren tartea norekin ibili behar dut? Zein leku bisitatu behar dut? Zein pertsona agurtu? Zein maisu-maistrari eskertu behar diot ikasitakoa? Zeini barkamena eskatu? Zer irakurri behar dut? Zein artelani so egin?”.

Eta amaitzeko, hiru bertute nagusiak: “Maite dugun norbaiten hilobiaren aurrean, gizakion hiru bertute handiak ikasten ditugu: umiltasuna, errukia eta arima-handitasuna*”.

*Azken hau “magnanimidad” moduan itzuli behar dugu.

Gizonok ere zaintzaile

Manex Beristain Zarauzko ikastolan.

Ez dut Angeles Casoren libururik irakurri, bai ordea artikuluren bat edo beste. Baina lehengo egunean berari egindako elkarrizketaren izenburuak harrapatu ninduen: “Ser cuidadora ha sido mucho más valioso para la humanidad que ser guerrero”. Goitik behera merezi du irakurtzeak, hemen hortik arrantzatutako perla batzuk ekarriko dudan arren: “Cuidar de tu hija o de tu padre que se está muriendo es algo increíblemente bello y bueno, y te enriquece muchísimo como ser humano. Perderse eso porque eres hombre y no te toca, me parece que es muy triste para ellos“. (…) “Lo que quiero es que los hombres nos acompañen en ese proceso”. (…) “El arte hace que la vida sea muchísimo más rica y más bella. Yo creo que quien disfruta conscientemente del arte se lo pasa mucho mejor en la vida”.

Manex Beristainek ez zuen elkarrizketa irakurriko, baina lehengo egunean Salbatore Mitxelena ikastolan eskaini zigun emanaldiak hari horietatik bat egin zuen. Gizona eta zaintzailea izateaz, eta arteaz. Zehazki, haren bikotekidearen zainketa eta semearena modu artistikoan plazaratzea. Minbiziari nola begiratu, nola heriotzari. Dolua nola landu zure buruarekin, eta zure seme txikiarekin. Aita eta gizon moduan.

Ederra baino ederragoa izan zen, gogo handia eta jakinmina neuzkan “Azken galdera amari” ipuinaren aurkezpena ikus-entzuteko. Eta harribitxia da benetan. Egun ezin aproposagoa izan zen aurreko astelehena, gainera. Neguko arratsalde fresko eta euritsua, barnealde goxo batean egoteko ezin hobea. Manexek piztutako sutondoan, gitarra, ahotsa, txotxongilo eta irudiekin lagundutakoa.

Aukera baldin badaukazue, ez galdu. Facebooken eta Instagramen zabaltzen ari da emanaldien egutegia, eta, ondo ulertu banion, askoz gehiago ez ditu egingo.

Bizi gara!