Loturak

Lizarra aldekoa izan nuen paziente bat Arrasaten, ahaztezin horietakoa. Lekeition igarotzen zuen uda partea familiarekin, nire moduan, eta behin elkar topatu genuen. Eskolapen zegoen, izkin batean, eskelak ipintzen dituzten lekuan, haiei begira. Amarekin nengoen, eta guztiz espontaneoa eta nafarra izan zen haren erreakzioa ustekabeko topaketagatik: “Me cago en los cojones!”. Hitzez hitz. Irribarre bategaz gogoratzen diren pasadizo haietakoa da.

Aste honetan Lizarran eta Lekeition, batera, eman dugu dokumentala, egun berean. Txikitan eta gaztetan “beraneantiek” izan gara udalerri bizkaitarrik dotoreenean, guretzat hondartza baino askoz gehiago izan den herria, lotura esanguratsuak ditugunez. Besteak beste, hizkuntza neureganatzeko gakoa izan den lekua izan da Lekitto. Desagertu den Aralde liburudendak zerikusi handia dauka honetan, baina lehenik eta behin Juan Jose Barbarias lekittarra izan zen influentziarik nagusietakoa, gurasoen lagun mina eta neuretzat aittitte modukoa. Berari esker hara joaten hasi ginen, eta berari esker naiz naizen bezalakoa, neurri handi batean. Gugan bego.

Egueneko emanaldia Nere Erkiagaren bitartez atera zen aurrera, bera “de cuerpo presente”  bertan egon ezin izan bazen ere. Beste modu batean egon zen Ikusgarri zinema areto txukunean Nere. Koldo Leniz eta Oier Gorosabel egon ziren publiko artean, beste pertsona batzuen artean, bi pertsona oso interesgarri horietakoak biak ala biak. Koldok Benito Ansola handia aurkeztu zidan duela urte mordoa. Erkiaga tabernan egon ginen zinemari buruz berbetan, “Aulki Hutsak” proiektu hutsa zenean, eta dokumentala egiteko nondik norakoetan ederto lagundu zidaten Koldok eta berak. Halaber, On Benitok egin zuen gure aitaren aldeko meza 2007ko uda hartan, Lekeitioko Basilikan. Udatiarren aldeko mezak ere egiten dira, bai horixe, eta niretzat behinik behin oso oroitzapen ona izan da.

Estellan, bitartean, Mikel Idoatek MHHH aurkeztu zuen, elkarrekin egiten dugun bigarren kolaborazioan. Azkena ez dena izango (Inshallah!).

Sorionegu!

 

 

 

Behin behintzat

Bizitzan behin musulmanak Mekara edo kristauak Santiagora joateko dauden aginduak bezala, badaude Asturiasen pare bat leku bisitatzeko derrigorrezkoak,  Iberiar penintsulako iparraldean bizi garenontzat behintzat ezinbestekoak.

Lehendabizikoa, Covadonga eta inguruak dira. Nonbaiteko erdigunean egoteko sentsazioa hartzen duzun toki berezi-berezia da, Arantzazuren oso antzekoa. Bigarrena Sella ibaia da, eta zehazki bertan piraguetan egindako jaitsiera, “hil baino lehen nahi dut…” zerrendan apuntatu beharrekoa. Kantauri itsasoko ertzean bizi baldin bazara eta erdi sasoian baldin bazaude, behinik behin.

Duela urte mordo bat zerrendatik kendu nuen kanoen plana, ilea neukanean. Eta pasa den asteburuan bigarren aldiz igo nintzen Cuadongako santutegira eta aintziretara, aurrenekoa txikitan izan zelarik. Zorte handia izan nuen eguraldiarekin eta, euria lagun, ganorazko bisita suertatu zen. Bezperako sargoriaz libratu eta freskura itzuli zen paradisu hartara larunbatean, orbayu azpian ia-ia Vega de Arioko aterpetxeraino iritsi nintzen Ercina lakutik abiatuta, 5 orduko ibilbidean.

Peña Santa mendi-taldeak antolatuta, “Mendian hil. Hirian hil” proiektatu behar genuen Cangues d’Onís-en ostiralean, eta hara abiatu nintzen autokarabanaz. Asturiasen lehenengo aldia zen trilogiako dokumental bat aurkeztu ahal izaten genuela, horren aldetik beraz oso pozgarria. Goiko paragrafoan kontatutakoa ere gertatu zen, bigarren poza. Eta hirugarrena, domekan egindako mendi buelta dotorea, Pongako natura parkean, Peña Santakoek lagunduta eta Picu’l zorru gailurreraino igota. Azeririk ez, baina oreinak, sarrioak eta igaraba moduko bat topatu genituen.

Paradisuarena ez da amu turistiko soila, behin eta berriz familiarekin itzuli naizen lurraldea da hau, eta hiru Galeusca ere antolatu ditugu bertan (Horcaos Roxos, Picu Tesoreru, Peña Ubiña, Fontanes, Picu’l Vientu eta Cantu’l Osu). Hitzez hitzekoa da kontua.

Bestela, bizitzan behin eta berriz bidegurutzeetara iristen gara, eta bide bat edo bestea aukeratu behar dugu. Aurreko asteburuan benetan konplikatua zen hautua, Bilbon lagunekin sekulako musika plantzarra neukalako. Osasunaren alde egin nuen, itxura guztien arabera.

 

PD.- Santiago de Compostela edo Covadonga euririk gabe bisitatu baduzu, hobe duzu bueltatzea zorte klimatiko handiagoa izango duzunean. Eta, jakina, gauza bera aplikatu dakioke Bilbori. Gero eta zailagoa da kontua, baina ez ezinezkoa.

Sorionegu

Iaz gehien aipatutako hitzen artean egon zen Arangurenen aurkitutako berba fosil zoragarria. Aurtengo negu harrigarri honek ekarritako elurragatik bizitako zorionarekin nahastuta, testu honen izenburua dator. Ekaitz Zilarmendiri irakurri niona, bertzalde. 

Negua, hotza eta euria, hala ere, postmodernitateak saihestu nahi dituen eleak dira. Heriotza eta zahardadea bezala. Ezkutatu beharrekoak, ahoskatuz gero erakarriko bagenituzkeen bezala. Pack berean ikusten ditut aspalditik, bizitzaren kontu itsusien artean sailkatutakoak. 

Jendartearen gehiengoak alde itsusia besterik ez die ikusten kontzeptu hauei. Batzuk, bitartean, beste aldea ere erakusten bagabiltza. Atzo, adibidez, MHHH dokumentala aurkeztu genuen Elizondon. Doluei buruzko trilogia honen dokumental batekin, lehendabiziko aldia izan da Baztanen egon naizela. Dolores Redondo bezala, trilogia eta guzi! 

Mikel Idoate eta Izarra tanatorioarekin batera egindako lehenengo kolaborazioa izan da, eta zorionez azkena ez da izanen. Ba atzo Mikelek, emanaldiaren promoa egitean Xorroxin irratian, “arratsalde polita” pasatzea espero zuela erran zuen. Eta hala izan zen, heriotza eta doluari buruz mintzatzen arrasti hotz-hotz polita igaro genuen. 

Beroa pertsonek ipintzen dugu, geure presentzia eta bihotzarekin. Milesker Mikel, Amaia eta Aizpeari, bakoitzari berea, badakizue zergatik. 

Sorionegu! 

Soinu paisaiak

Argazkia: Jana Winderen.

Aurreko astean Irratiaren Mundu Eguna ospatu genuen. Gizakiek inoiz egindako asmakizun handienetarikoa. Ezinbesteko bidelagun hura hainbat etxetan eta kotxetan. Gure etxean bai behintzat, gurasoenean eta oraingoan.

Azken hamarkada parean, kontu batengatik edo bestearengatik, deskubritzen ari naiz irratia gertuagotik, mikrofonoaren aurrean. Tarte ederrak pasatu ditut, egia esan, kate potoloagoetan (Euskadi Irratia bezala), edo txikiagoetan (Bilbo Hiria Irratia, Segura Irratia edo duela gutxi ezagututako harribitxia, Burgosko iparraldean, Radio Valdivielso).

Gazteleraz askoz saio gutxiago egin ditut, baina aurreko astean grabatu nuen Patxi del Campo lagunarekin “Distrito Euskadi” irratsaiorako Radio Euskadi): “Nosotros en cuidados paliativos vamos en segunda y, muchas veces, en primera”. (eitb.eus)

Programa horretan, duela urtebetetik gora, Patxi ari da osatzen soinu paisaien inguruko puzzle handi bat, bereziki isiltasunaren inguruan, entzute aktiboaren garrantzia nabarmentzen. Horri buruz egin genuen berba, hain zuzen ere, lehengo egunean, goian dagoen linkaren bidez entzun dezakezuen moduan.

Soinu paisaiak… Izenburu horrexekin idatzi zuen Samara Veltek artikulu ederra “Berrian”. Amaieran, honela idazten du: “Oxala guk ere datu basetxo intimoa sortu bagenezake, denborarekin bizitzatik galdu ditugun ahots-doinuak, desagertutako lagun bakoitzaren adierazpen bereziak eta hitz egiteko moduak noiznahi erreproduzitu ahal izateko“.

Horixe bera proposatzen du Jorge Nagorek, “Mendian hil…”-en pasarte hori gogoratzen baduzue (gaztelaniaz jaorrizkoan): “Gauza bakar bat: Grabatu ezazue, baldin ez badaukazue, zeuen amen, aiten, seme-alaben, bikotekideen eta abarren ahotsa. Grabatu itzazue. Haiek jakinda edo jakin gabe ere. Hori gutxienekoa da“.

Izarra

Luna izeneko kontzejua dago Kuartango udalerrian Arabako mendebaldean. Izen zoragarria, entzun nuen lehendabiziko aldian txunditu ninduen. Bilbon bizi ginenean, sarriagotan ibiltzen ginen bazter haietan, gertuago zeudenez.

Ilargia… eta izarrak. Aurreko astean, aspaldiko partez, itzuli nintzen zonalde hartara. Ondoko udalerria bisitatu nuen, Urkabustaiz. Bertan dago Goiuriko ur-jauzi ezaguna (argazkian). Gainetan, elurra zegoen lehengo egunean, baina jauzian ur asko ez zen amiltzen. Euria faltan.

Izarrako Kultura Etxean proiektatu behar genuen aurreko ostegunean MHHH. Urteko lehenengo proiekzioa. Nerea lankide ohiak eta Murgiako osasun zentroan dabilen jendeak antolatu zuten emanaldia. Jende ugari etorri zen, besteak beste Alberto, Arantza eta Miren bidelagunak. Heriotza eta bizitzari buruzko hausnarketak sustatu nahi dituzte Gorbeialdeako txoko haietan, Death Café bat ere antolatu dute. Eta gai hauek hartuta gustura ibili ginen solasean, euskaraz gainera.

Hortik gertu, urte batzuk lehenago, AH-ekin egon nintzen, Zigoitian. Orduko giroaz gogoratu nintzen. Orduko ilargiaz, eta orduko izarrez.

“Doluan daudenengana hurbiltzeko beldurra galdu behar dugu” (Alea aldizkaria).

Hiru batean

(DV egunkariaren argazkia).

Askoz kontu gehiago ezin dut aurreratu, baina hurrengo urratsa martxan dagoela esan dezaket. Aurreko hiru urratsak batu eta borobilduko duen proiektua badabil itxura hartzen.

Hiru dokumentalen gidoiak batuko dituen gidoia. Etxean lasai irakurtzeko, gaika sailkatuta, argazkiek ondo apainduta. Protagonistak euren artean bestelako solasaldietan ipiniko ditugu. Bibliografia, filmografia eta diskografiarekin.

“Heriotzaren trilogia” honetan, bestela, ez duzue eskandinaviar nobela beltzaren libururik topatuko. Fikzioaren arrastorik ez dago. Gainera, hainbeste jende testigantza emateko animatzen ibili eta gero, neure txanda bazela erabaki dut. Eta neurea ere emango dut, nondik etorri zitzaidan hau guztia lasai kontatzeko, dokumentalen solasaldietan, irratiko elkarrizketetan eta abarretan atera diren kontuak.

Azkenik, hiru haitz horiek, argazkian agertzen direnak, leku nabarmena izango dute. Neure biografian izan duten moduan.

Adi segi.

Lehenengo urtea

Opari zoragarri hau egin dit Ana Etxeandiak. Bertan agertzen dira blog honen etapa berriaren azken 12 hilabeteetan erabilitako argazkiak eta irudi esanguratsuak. Olentzerok ez du itxaron gaua arte.

2022ari buruz zer esan? Urte ona izan dela, eta txarra. 2023a izango den moduan. Aurten jende anitz konturatu dela klima aldaketa etorkizuneko konturik baino oraintxe jada martxan dagoen arazo potoloa dela. Ziur aski potoloena, lotuta dagoena beste hainbat auzirekin.

Txanpon guztiek bi alde daukatenez, gelditu gaitezke daukagunarekin, ez daukagunarekin baino. Baita hego haizeak menperatutako enegarren Eguberri honetan ere. Onartzea da hitz gakoa, batzuetan alferrik da hormaren aurka jotzea.

Onartu behar da horma zeharkaezina dela, eta bertan margo edo argazki polit bat eskegi. Onartu ez daudenak ez daudela, eta kandela bat piztu eurak gogoan. Aulki hutsak ditugula, baina bihotzak bete-beteta. Bizi garela, eta betetzen gaituena egin ahal dugula. Gure esku dagoela hainbat kontu oker zuzentzea. Telefonoa hartzea, bisita hura egitea, mezu hori idaztea, uretara dzanga egitea.

Leku horretara bidaiatu, mendi hartara igo, musika entzun, eta isiltasuna. Elurra ez badator, geu elurretara joan. Ingurukoak zaindu. Hitz berriak ikasi. Liburu zaharrak ostera ere irakurri. Adinekoei arreta handiagoarekin entzun. Dakienaren aurrean adi. Geure buruekin errukia izan. Esker ona adierazi. Asko abestu. Berriro jaio. Eta maitatu. Garaiz gaude.

Eskerrik asko Anari eta Eguberri on guztiei!

Hemen neure oparia zeuei: Christmas In The 1930’s Playlist | Old Time Radio – YouTube

Radio Valdivielso

Sukaldeko soinu paisaia nagusia irratia da neuretzat, goizean goiz albistegia, iluntzean musika irratsaioa, asteburuetan kirol zirrarak. Eta geure etxean Euskadi Irratia dugu bidelagun azken 26 urte hauetan, duela 40 urte abiatutako irrati katea (zorionak urtebetetzean!).

Irudizentrismoan bizi gara. Argazkietan jasota ez dagoena ez da existitzen. Ikusten ez dena bazterrekoa da. Atera kontuak entzule kopuru apala duen irrati txiki batekin, herri txiki batekoa. Audioen balioa nabarmentzen duena, soinuen ondarea aldarrikatzen duena, izan pertsonen ahotsak (bizidunena eta hildakoena), izan ahaztutako jotak, ipuin zaharrak edo istorio garaikideak.

Txikitan idazlea izan nahi nuen, eta nolabait egia bihurtu dut, hiru dokumentalen gidoien idazlea izan naizenez. Are gehiago, hiru gidoi horiek eta beste hainbat kontu jasoko dituen liburuaren idazlea izango naizenean. Bada “Mendian hil…” hirugarren dokumentalean, pasa den martitzenean Villasana de Menan Juanjo San Sebastián-ekin batera aurkeztu nuena, badago Jorge Nagoreren pasarte bat, esaten duena: “Aholku bat: Grabatu itzazue zeuen amen ahotsak, aiten, seme-alaben, bikotekideen edo senideenak. Grabatu itzazue. Haiek jakinda edo jakin gabe, hau gutxienekoa da“.

Ahotsaren garrantzia. Soinu paisaiak biltzen dituen irratiaren presentzia. Ikusezina baina hor dagoena. Hirugarren aldiz egon naiz azken pelikularekin Burgosko probintzian, orain dela 51 urte amak bertan munduratu ninduen, elurtutako azaroaren 19 batean. Eta egun hauetan berriro murgildu naiz hango paisaietan, mendietan, gastronomian eta eliza erromanikoetan.

Gaztetan landa-medikua izan nahi nuen, eta neurri handi batean lortu dut izatea. Enkarterrietan garai batean eta Debagoienean orain. Hala ere, nolabait bakarrik, zeren eta adorea behar da hiriko bizimodua atzean laga eta herri txiki batera bizitzera joateko. Zer eta irrati txiki bat martxan jartzeko, On Kixotek berak sinatuko zuen proiektu zoragarria egia bihurtzeko. Radio Valdivielso-taz hizketan ari gara, eta Jokin Garmilla-taz (argazkian). Orain dela 21 urte abiatu zuen irrati katea Burgosko Merindadeetan, eta goiko linkean klikatu besterik ez duzue egin behar landa-mundu liluragarri batean sartzeko. “Txikiaren indarra”. “Mitxoletak baino landatarragoak”.

Jokinekin izandako elkarrizketa hemen duzue entzungai, eta amaitzeko eskerrak eman berarekin igarotako une ederragatik, baita Jesus Valle-ren familiari mahaia partekatzeagatik eta ibilaldiagatik. Baita, noski, lehen aipatutako Juanjo San Sebastian eta Villasanako antolatzaileei, hain saio polita prestatzeagatik.

Bizi gara!

Adina eta bizipoza

Nilesh J. Bhange-ren argazkia.

“Mendian hil. Hirian hil” dokumentalak ekarri didan poz handienetarikoa izan da Felipe Uriarte eta Juanjo San Sebastián mendizale mitikoekin kontatu ahal izana. Gaintzan eta Bilbon (Pagasarri) grabatu genituen elkarrizketak pelikularako, eta biak asko disfrutatu nituen. Gainera, ia bi urteko ibilbide honetan hainbat aldeko komentario entzun ditut biek eskainitako pasarte batzuk direla-eta.

Halaber, Andoni Ormazabalek laga zigun esaldi gogoangarri hura, biei zuzenduta: “Zahartzaroak bizipozarekin ez du zertan borrokatu behar. Hor daukagu Feliperen adibidea, edo Juanjorena“. Eta pelikularen pasarte horretan uztartu ditugu Felipe eta Juanjoren aportazioak, denboraren igarotzeari buruzkoak, balio handikoak.

Gaia aspalditik interesatzen zait, gero eta gehiago denbora igaro ahala, eta bereziki jorratu genuen “S(u/a)minetik bakera”-n ere. Arantxa Urretabizkaia-k testu ederrak idatzi zituen “Bidean ikasia” liburuan, aprobetxatu genituenak trilogiako bigarren dokumentalerako. Eta orain amaitu berri dudan “Azken etxea” liburuan ere gaia hortxe bertan dago: “Kaskagorriak esaten dio irautea bizitzea dela, iraun nahi duenak bizi nahi duela eta horrek ez duela ezer txarrik, berak luzaroan bizi nahi duela“.

Asteburu honetan, Jon aitaginarrebak eta ‘Kilinka’ haren mendi taldeak 1.000 igoera egin dute, Legate tontorrean, Baztan aldean. Kide guztiak 65-70 urtetik gorakoak dira, batzuk bidean gelditu dira, eta besteak honainoko bide luzea egitera iritsi dira. 2-3 aldiz eurekin ateratzeko zortea izan dut, eta hitz bakar bat aukeratu beharko banu, zalantzarik gabe, bizipoza izango litzateke, euren artean sumatutakoa definitzeko.

Antzeko bizipoza nabaritu dut, azken 20 urte hauetan, Debagoienean ezagututako hainbat adineko pertsonaren artean, gehien-gehienak gaixorik edo oso gaixorik zeudenak. Zerrenda luzea da, ez naiz saiatuko izen-abizenak hona ekartzen, baina idatzi bitartean euren aurpegiak gogora etortzen zaizkit. Aste honetan bertan Oñati aldean haietako hirurekin egon ahal izan naiz, baita erretiratu diren bi lankide ohi kuttunekin batera ere.

Amaitzeko, azken dokumentalaren aipatutako pasarteak eta beste mordo bat ere ikus-entzuteko parada izan dezakezue Goizuetan (urriaren 28an) eta Villasana de Menan (azaroaren 17an), hurrengo asteetan. Azken honetan Juanjo alboan izatea espero dut.

Oñati – Obanos

Batzuetan pertsona bat oso denbora tarte laburrean ezagutzen dugu baina, hala ere, intentsitateari dagokionez bizi-bizia izan daiteke harremana. Are gehiago, pertsona horren bizitzaren amaieran gertatzen denean.

Horrela gertatu zitzaidan Jexux Zufiriarekin, Zarautzen, 7 hilabetekoa izan zen denbora tartea eta kalitatearen aldetik askoz luzeagoa, sakonagoa eta zabalagoa izan zen harremana.

11 hilabetekoa izan da Joxe Zuluetarekin, Arrasateko ospitalean. (Fijatu zarete bi izenen eta bi abizenen lehenengo letretan?). Jexux ni baino urte bat lehenago jaio zen, Joxe nire urte berekoa zen. Jexux auzokidea zen, Joxe pazientea.

Joxe Oñatitik kontsultara bidali zidan medikua bera presente egon da azken egun hauetan ere, berez haren familia sendagilea izan ez zen arren. Elkarlanean ibili gara biok azken egun hauetan eta, bizitzaren zorioneko kasualitate batzuei esker, presente egon ahal izan naiz ospitalean Joxerekin azken une haietan.

Urteetan zehar Madrilen bizi izan zen Joxe, nire moduan. Musika eta mendia konpartitzen genituen zaletasun moduan. Eta hain zuzen mendian, Oñatin, Sanmigeletan murgilduta, egin ahal izan diot neure agurreko errituala. Araotzeko bazterretan, euripean (azkenean!), behelaino artean. Une hauek ere garrantzitsuak dira, dolu hauek ere egin behar ditugu. Denbora hartu horretarako, eta ez laga sentipen hauek pilatzen. Garrantzitsua da.

Herrialde berdetik horira egin nuen egun berean, zertarako eta doluari eta mendiari buruz hitz egiteko. Erreniegako menditik behera ez du euririk egin egun hauetan, zoritxarrez, eta oraindik ikus daitezke pasa den uda latzeko suteen aztarnak, nonahi. Obanosen ere pairatu behar izan zituzten “eguraldi onegia”ren ondorioak.

Baina bitxia izan da, horitasun horizontal hartan, jende euskalduna topatzea eta geure dokumentala konpartitzea. Erdi diskulpatzen esan didate gutxi direla, baina gertatu da publiko gehiago egotea gure pelikularekin Obanosen herri oso euskaldun eta berde batean baino. Solasaldia ere kategoriakoa, denetarik atera zen, baita eutanasiarena ere (oso gutxitan gertatu dena orain arteko proiekzioetan).

Bizitza bera bitxia da.

“El duelo por la muerte de un paciente es parte del quehacer cotidiano, que un médico no puede elaborar por falta de tiempo. Aunque no se percibe, tanto dolor acumulado lo afectará emocionalmente. Es la cara oculta de la profesión”. Juan Carlos Giménez (@infomedicos)