Aberri galduak

Haurtzaroko Gabonak gogoratzen dudan aberri kuttunetakoa dira niretzat. Sutondoa eta etxekoak, ez daudenak eta badaudenak. Aberri galdua baina ez ahaztua. Kandela itzaliak eta piztuak. Aulki beteak. Etxe berriak, ihes egiteari utzi, finkatu Zarautzen. Diskoak. Goroldioak. Gariak. Liburuak. Gorostiak. Gutunak.

Ainielle guztiak. Berpiztutako Otsagabiak, otsorik gabekoak. Desagertutako elurra Abodin eta Orhipean. Berreraikitako bordak. Berreskuratutako hizkuntzak. Ezkutatzen diren oreinak, hala ere ikus ditzakegunak, baita behe-lainoan ere. Nostalgiak gidatutako itzuliak, marka zurigorriek lagunduta, eskerrak!

Ulertu dezaket zure mina. Sumina atzean utzi duzu, eta ez zen erraza. In-darkeria, in-diferentzia eta in-justizia berdin hasten dira. Eseri hementxe, adi nauzu. Grinch-ena ez dizut erosiko, loteria ezta ere, baina ondo egingo dit entzuteak, entzun nahiko ez nukeena ere. Ongi eginen dizu zuri ere erran behar duzuna erratea.

Betleem, Nazaret, Jerusalem, Galilea, Samaria, Judea, Filistia. Herodes berriek hildako haur guztiak. Sehaska hutsak. Galdutako aberriak, baina ez ahantziak. Oraintxe da momenturik aproposena Mesias etortzeko. Oraintxe. Zain dago ama, zain aita, zain andre eta lagunak.

Hator hator Haendel, hator hator etxera. Itxaropena isiotuta dago supazterrean, begi-begira egonda ere ulertzen ez duguna. Itxungita gupida. Otsoak hemen zeuden, iparraldeko mendietan baino hegoaldeko basamortuetan.

Baina kontatu iezadazu berriro nola ezagutu zineten, nolakoak izan ziren zeuen umezaroak. Zelan zen iparraldean eta zelan hegoaldean. Zoriontsuak izan zineten orduan? Eta orain, zaudeten lekuan zaudetela? Zer ikusten duzue handik? Egia da energia ez dela sortzen ezta suntsitzen ere, eraldatzen dela?

Eraldatu gaitezen. Barre egin dezagun. Kanta egin dezagun. Dantza egizu, gura baduzu. Besarkatu gaitezen. Eskua eman eta goazen mendira. Goitik ikusten dira itsasoa eta lakuak. Goitik hegan doaz arranoak. Behetik errekak, azkonarrak eta ur-jauziak.

Ikusten su-mendia piztuta, sutan? Atzo gauean lehertu zen, lo zeundenean, ez zinen esnatu. Soinuak ikaragarriak ziren, eta zu lo. Haurtxo txikien moduan. Ba, gezurra badirudi ere, laba guztia kanporatuko duenean, hor, barru-barruan, bakea topatuko dugu. Eta musika. Topa!

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude