Lohikeria

‘Sordidness’ hitzaren itzulpena zikinkeria edo lohikeria izango litzateke. Baina hori baino gehiago da: gristasuna, pobrezia, bakardadea, ahultasuna, kutrekeria… Desolazioa, dekadentzia, degradazioa,… Indarkeria. Heriotza.

Elementu horiek partekatzen dute azken Zinemaldian aurkeztuta ikus-entzun ditudan bi pelikulek. Alde batetik, “Mis muertos tristes”. Berez, seriea da pelikula baino. Bertan Kursaalen egon nintzen, lehenengo aldiz horrelako batean, 3 ordu 45 minutuko 4 ataleko serie bat ikus-entzuten leku publiko batean, etxean baino. Ezohiko bizipena. Pablo Larrain txiletarra da egilea (“Post mortem”, “Jackie”, “María”…) eta Argentinan kokatutako “naturaz gaindiko drama” bat da, umore beltzez zipriztindutakoa. Naturaz gaindikoa da pertsonaia nagusiak (Mercedes Morán) hildakoak ikusten dituelako eta haiekin harremanetan dagoelako. Halaber, beste pertsonaia batek (Carolina Álvarez) hildakoekin harreman sexualak izaten ditu… (?!)

Begoña del Tesori esker jakin dut nola deitzen den seriean agertzen den etxe multzoa, Piedra Buena du izena lekuak eta Villa Lugano auzoan dago (Buenos Aires). Tokia 1950-70eko hamarkadetan eraiki zuten, eta itxura kartzela handi batena da, haren dorreekin, barrakoiekin eta ur biltegiekin. Atsekabegarria eta dekadentea. Taxiak ez omen dira sartzen bertan, eta Mileiren garai hauetan egoera are okerragoa da, zinemagileak aprobetxatzen du haren inguruko kritika lausoa egiteko.

Bestea bai, filma da, “Azken agurra”. Komedia beltz existentzialista, Koldo Almandozena (“Oreina”, “Hondar ahoak”, “Zeru ahoak”,…). Estetika oso almandoztarra du, kitsch osagaiekin, abandonatutako tokiekin, ezlekuekin, poligonoekin, txoniekin, boxeolariekin (Errenteriako ‘Látigo’ gimnasioa!) , bazterreko etorkinekin… Trintxerpen kokatuta dago, besteak beste, baina izan zitekeen Zorrotza ere (argazkian), Kontxatik eta Guggenheimetik urruneko periferiak. Iñigo Azpitarte aktore zarauztarra eta Izaro Nieto ordiziarra dira pertsonaia nagusiak. Ezin aproposagoak, Josean Bengoetxea handiarekin eta beste hainbat aurpegi ezagunekin batera (Iraia Elias, Jose R. Soroiz, Sara Cozar, Iñaki Beraetxe…). Aipamen berezia merezi du soinu-bandak ere, Aitor Etxebarriarena.

Iruñeko Golemetan ikus-entzun nuen, astean zehar, udazkeneko egun gris zoragarrian. Solasaldian, zuzendariak heriotza eta hileta zibilak bigarren plano bateko elementuak direla esan zuen arren, pozgarria iruditu zitzaidan erabili izana pelikula hau egiteko. Pozgarria ere izan zen moduan Marian Fernandez besarkatzeko aukera eduki izana, eta ezagun pare bat ere agurtu izana, Manu eta Iñigo.

Bizi gara!

Jaungoikoa. Zientzia. Frogak.

(Adimen artifizialak sortutako irudia)

Death kafeak (DC) antolatzen hasi ginenean Zarautzen, Alameda hotelean, pare bat pasadizo gertatu zitzaizkigun. Moderatzaile moduan, taldean dauden pertsonek hitz egitea eta haiei entzutea da gure zeregina, gutxitan moderatze lanak egin behar izaten ditugu. Egun batean, hala ere, parte hartzaile baten jarduna moztu behar izan genuen hasieratik. Modu oso sutsuan, adierazi zuen zientziak probatuta zeukala jaungoikoa ez zela existitzen, erabat konbentzituta gizona. Zientziak inoiz ezin izango duela ez hori ezta kontrakoa ere probatu erantzun nion, serioak izan gaitezela. Dogmarik ez, alegia.

Bigarren pasadizoa bi ahizpa izan ziren, bata bestearen atzetik etorri zirenak egin genituen hasierako DC guztietara. Ez zuten asko parte hartzen, entzun gehiago egiten zuten, etorri ziren azken topaketa arte. Hitza hartu eta bota zuten bilera askotara etorri zirela, eta oraindik ez genuela kontatu heriotzaren ostean zer dagoen.

Jaungoikoa hil genuen, edo saiatu ginen, Nietzsche, Marx eta Freudek (argazkian) horretan jardun zuten, beste batzuen artean. Baina Alameda hoteleko bi ahizpa horien moduan milaka edo milioika pertsona daude munduan. Deitu Jahve, Allah, Elohim, Brahma, Krishna, Baha, Shiva, Visnu, Zeus, Viracocha, Sugaar, Urtzi, Amalur… Misterioaren aurrean, ezer ez dagoela entzuteak balio ez dien milioika herritar horien artean nago ni. Ziur aski beti egon naiz, baina bizitzak aurrera egin ahala, gero eta gehiago nago.

Horregatik, lehengo egunean paziente baten ohearen ondoan “Dios, laciencia, las pruebas” liburua ikusi nuenean sekulako arreta deitu zidan. Hainbesteraino, non pazienteak eskaini zidan liburua irakurtzeko etxera eramatea (mila esker, Kepa!). Michel-Yves Bolloré eta Olivier Bonnassies dira egileak, frantziarrak, zientziekin oso lotuta lehenengoa, teologiarekin bigarrena. Mardula da liburua, tarteka zorabiagarria ematen duten informazio uholdeagatik. Ondo irakur daiteke, hala ere, ongi egituratuta dago. Hasieratik hasita, izan behar den moduan, zientziaren bilakaera zelakoa izan den XVI. mendetik hona: Copernico – Galileo – Newton – Laplace – Lamarck – Darwin – Marx – Freud – Clausius, Kelvin… – Planck, Bohr… – Einstein, Friedmann… – Gödel – Watson & Crick…

Liburuaren argudioen artean lehendabizikoa eta funtsezkoa Big Bang teoria kosmologikoa dago. Eta horrekin lotuta, XX. mendeko lehenengo laurdenetik aurka egindako suntsipen mugimendu guztia, kreazioaren mitoa suntsitzeko bereziki sobietar komunistekin eta alemaniar naziekin erabilitako indarkeria guztia kosmologoen aurka. Ikaragarria da hainbat orrialde irakurtzea bi erregimen horiek egindako triskantzak auzi honen inguruan, unibertsoaren sortzaile baten existentziaren ideia guztien kontra, hala erlijioen nola zientzialarien kontra. Hil da Jainkoa! Eta berarekin batera ehundaka zientzialari, boltxebikeen edota nazien etsaiak. Stalin eta Hitler gurutzada berean. Horien arabera, unibertsoa betierekoa da, ez dauka ez hasierarik ezta amaierarik ere. Materialismoaren tesiak izan ziren.

Liburuaren bigarren zutabea printzipio antropikoa da, edo unibertsoaren doikuntza finak. Hau da, planeten, orokorrean naturaren, gizakien eta animalia guztien makinaria perfektuen aurrean pentsatzen eta sentitzen duguna, bertigo ikaragarri hori. Zelan da posible bikaintasun hori? Ausazkoa ezin da izan, izpiritu edo indar sortzaile bat barik, doikuntza horiek egin dituena, hauxe bigarren argudioa. Liburuan ematen dituzten zenbakiak zorabiagarriak dira, Fisikaren deskubrimenduek ondorioztatuta. Nola unibertsoan hazten eta zabaltzen ari den, ergo bai, hasiera bat egon zen eta amaiera bat egonen da. Hau guztia kasualitatez eta zoriz gertatutako zerbait izatea zein inprobablea den erakusten duten zenbakiek bertigo itzela eragiten dute. Txundigarria benetan liburuaren hainbat pasarte leitzea. Beste atal batean, multibertsoen teoria berria analizatzen dute, mundu anizkoitzen planteamendua. Eta esaldi honekin gelditu naiz: “Multibertsoak agertzen dira, azken finean, galdera metafisikoak ekiditeko ihesaldiak bezala”.

DNA eta RNAren konplexutasun sinestezinaren aurrean, adibidez, bitxia da hainbat zientzialariren testigantzak, ateismotik bilakaera bat eginda bestelako jarreratara, honen guztiaren azpian inteligentzia moduko bat aitortuta. Esaldi honekin gelditzen naiz: “Norbera Unibertsoaren ordenaren eta edertasunaren aurrean dagoenean, bai eta naturaren kointzidentzia bitxien aurrean ere, tentagarria da federako jauzia ematea, zientziatik erlijiora. Ziur nago fisikari askok nahi izango zutela ematea. Onartzea bada ere gustatuko litzaidake“. Unibertsoaren mirariez ari gara, azken finean. “Agur nihilismo ilunari eta izoztutako adierazpen horiei, ezerk ez daukala zentzurik esaten dutenak”. Edo beste hau: “Lan bizitza baten ostean, burmuinak izpiritua nola azaldu dezakeen deskubritu nahian, harrigarria da orain topatzea, azkenik, hipotesi dualista (gorputza eta arimarena) posibleena eta zentzuzkoena dela”.

Beste atal batean, estatistika interesgarriak ematen dute zientzialarien ateismoaz edo materialismoaz, portzentualki zenbat dira hauek eta zenbat zerbaitetan sinesten dutenak: nahiko parekatuta dago kontua. Interesgarria da baita ere Albert Einsteinen dualtasuna, bi jarreren artean. Stephen Hawking, bestela, lehenengo multzoan kokatu zuen bere burua modu argiagoan.

Hor laga ditzakegu liburuaren iruzkinak. Mamitsua zinez, eta nahikoa argigarria niretzat behintzat. Berriz ere, mila esker Kepa.

Hamabostean behin: #33, #34 eta #35

#33 “Hileta kantu nafarra” pintxatu dugu saio honetan, Zetak proiektu sakanarrarena. “Mitoaroa III” lana aurkeztu zuten San Mamesen ekainean eta, gustuko estiloa izan ala ez, EHko musika garaikidearen adibide ezagunenetarikoa da. “Agur. Arakiletik dator Herio. Behar baino lehenago”. Goizuetatik dator Maixux Zugarramurdi, bestela, abesti honetan parte hatzen duena Pello Reparazekin batera.

#34 “Los muertos” hil eta biziko kantu dotorearekin, Delorean talde zarauztarra gogorarazi dugu. 2001ean argitaratu zuten lehenengo diskoa (“Silhouettes”), bereziki gustukoa izan nuena, eta saio honetan entzun dugun abestia bigarrenean kaleratu zuten (“Delorean”, 2004). Garai hartan batik bat jarraitu nuen banda, Tomás Palomo Lertxundi laguna bertan zegoelarik. Haren anaia eta biok gazteak ginenean.

#35 Aitor Monje (argazkian) grabaketa estudiora ekarri genuen. Ingeniaria, musikaria (“Yakuzi”, “Dorre” eta “Mudoh”) eta laguna. Halaber, Death Kafeak antolatzen eta heriotzaren inguruko pedagogia egiten dabil Aitor Bilbon eta Berrizen. “S(u/a)minetik bakera” obra eszenikoaren soinu-banda errepasatu dugu berarekin, egilearekin, 2017tik hona pilatutako bizipenak gogoratu eta lan hau egiteak guretzat suposatu duena komentatu. Gustura.

Zurt

Pertsona berari buruz bi testu irakurri ditut egunotan “Larrepetit” atalean. Lehendabizikoa, Ander Perez Argoterena: “Horregatik egin duzu alde, txistulari. Bizitza hau ez zelako zuk maite zenuena. Gehiegi estimatzen zenuelako bizitza, halako zerbaitekin konformatzeko”.

Bigarrena, Hedoi Etxarterena: “Zergatik ez gara inplikatu makal zebilenarekin? Zergatik pentsatu dugu minenak direnekin aski izango zela? Zer gara ez bagaude minenak ez direnekin ahalegintzeko prest?”.

Iker Aristu Etxeberria “Txistu” gizon iruinxemeari buruz ari dira, torturak eragindako minak bere buruaz beste egitera eraman zuelarik, agidanean.

Irailaren 10ean izan da suizidioa prebenitzeko nazioarteko eguna, eta hori dela-eta Getxoko komunitate errukitsutik ekitaldi ederra eta jendetsua antolatu zuten Aixerrota edo Punta Galea aldean (go raibh maith agat, Naomi Hasson), gure lurraldearen puntu beltz horietakoan. Miriam Mendoza eta biok hurbildu ginen, Zarauzko komunitate errukitsutik, eta parte hartu genuen giza katean (500 pertsona?). “Zurt” izena ipini diote suizidioaz arreta deitzeko eta zurt egoteko gai unibertsal honekin. Lan eskerga ari dira egiten Biziraun elkartean, Eva Bilbao eta Agustin Erkizia buru. Baita Donostia aldean Bidegin elkarteak ere, Izaskun Andonegi, Txema Ormazabal eta bertze taldekideek. Zarautzen ere gure urteroko aportazioa egiten dugu, Salbatore Mitxelena ikastolarekin batera. Eta interesgarria da gure lurraldeko beste ekimenak ezagutzea eta interakzio horiek, tarteka bada ere, edukitzea.

Hedoiren hitzetara itzulita, makal dabiltzanekin inplikatzeko.

Ikigai

Bizitza luzea eta zoriontsua? Luzea, ez dakit, aurrekari onak ez ditut-eta gurasoen aldetik. Zoriontsua bai, horra denok apuntatzen garela uste dut. Kalitatea kantitatea baino garrantzitsuagoa delako, zainketa aringarrietako kontsultan sarritan errepikatzen dugu, sinestuta.

Munduan badaude bost gune urdin, bizitza bereziki luzea duten biztanle kopuru handia dutenak, alegia: Nuoro eta Ogliastra probintziak (Sardinia), Loma Linda hiria (Kalifornia), Nicoyako penintsula (Costa Rica), Ikaria uhartea (Grezia) eta Okinawa uhartea, Ogimi herria zehatz-mehatz. Azken honetan zentratu dira liburu honen egileak, Héctor García (Kirai) eta Francesc Miralles.

Kontatzen dutenez, Pandemiaren ostean The Great Resignation delakoa gertatu zen AEBetan eta beste herrialde batzuetan, lana laga eta askatasunaren bila joan. Nolabait, norberaren ikigai bila abiatzea. Hau da, norberaren bizitzako helburu nagusia, nork bere pasioa, misioa, bokazioa eta profesioaren arteko hori. “Aktiboa izateko zoriona”.

Izan ere, hauek izango ziren puntu nagusiak, laburbilduta: aktiboa mantendu, lasaitasunez hartu, ez jan asetu arte, lagun onekin inguratuta egon, irribarrea egin, naturarekin bat egin, esker ona adierazi, orainaldian bizi eta zure ikigai-ri jarraitu.

Victor Frankl psikiatrarengana egin behar dugu, logoterapia delakora: bizitzaren zentzua aurkitzea eta arlo espiritualean sakontzea, psikoanalisia iristen ez den epizentro horretara ailegatzea. Eta horretarako, meditazioa lantzea, “mindfulness”, yoga, tai ji, qigong eta abar (milesker azken honekin kuriositatea pizteagatik Jexux Zufiriari, eta praktika batzuk egitearren Anjel Irastorzari eta Xanti Garateri). Estresa murriztea. Jariatzea, zailtasun ez hain handiko erronkak ezarri, helburu zehatzak izanik eta banan-banan jorratuta. Eta, lehen esan bezala, aktiboa izan gorputza, burua eta arima. Jubilazioa bai, baina erretiroa ez.

Japoniara itzulita, Ogimi herrira, komunitatearen garrantzia, ortuetan jardutea eta ospakizunak presente eduki. Erlijioen sinkretismo batetik, taoismo, konfuzianismo, budismo, sintoismo, xamanismo eta animismoaren arteko zerbaitetik.

Erresilientziaren balioa sinbolismo berezia hartzen du Okinawan gainera, Munduko Bigarren Gerraren bataila odoltsuenetarikoa jasan zuena. Estoizismoa. Iraunkortasun eza oso presente izatea. Eta, azkenik, wabi-sabi kontzeptua: inperfekzioaren edertasuna.

Honaino japoniar sekretuak.

Ondarea ederto lagata

[Argazkia: Irutxuloko Hitza / J.P. San Sebastian]

Tiago Pitthan brasildarra ezaguna egin da uda honetan haren hileta ekitaldia edo beilaldia antolatu zuelako, bertan bera ere presente egon zelarik, bizirik. Agur festa bat, hil baino aste batzuk lehenago. “Bizitza ona izan nuen eta hori da dena. Irabazi nuen”, haren hitzetan. Bizialdi betearen sentsazioarekin hiltzea, asebeteta, zer gehiago eskatu dezakegu?

Oso galdera espiritualak eta existentzialak dira. Zein ondare utzi nahi dugu atzean, senideentzat, lagunentzat, are gehiago gizartearentzat? Tiago gogoratua izango da egindako festa bitxi harengatik. Dolly Parton-ek country musikan utzitako arrastoa nabarmena da, eta AEBetan lortu du inor gutxik lortu dezakeena gaur egun, alde batekoek eta bestekoek bere ibilbidea goraipatzea, enperadore laranjaren aldekoek zein aurkakoek. Bonnie Tyler abeslari galestarra, Glen Hansard musikari irlandarra, Franco Baresi futbolari italiarra eta Oihane Mateos euskal kazetaria, besteak beste, hil dira uda honetan ere, eta bakoitzak bere arlotik eta bere esparru geografikoan (zabalagoa ala mugatuagoa) aztarna utzi dute mundu honetan.

Sabino Ormazabal (argazkian) ez nuen aurrez aurre ezagutzeko aukerarik izan, baina bere ekarpen utzi zuen nire biografian, modu oso diskretuan utzi ere: izan ere, “S(u/a)minetik bakera” obra eszenikoa Donostian aurkeztu genuenean, Izaskun Andonegiren eta Bidegin elkartearen eskutik, Sabino bertan egon zen. Bakegintzaren esparruan jo eta ke ibilita, interesgarria iruditu omen zitzaion gure proposamena, eta atzetik beste aurkezpen batzuk etorri ziren Buruntzaldean, “Baketik” elkartearen bidez, baina Sabinori esker. (Susmatzen dut orain, denbora pasatu delarik, Txema Ormazabal anaia ere oso urruti ez zela egongo…).

Sabino ezagutu gabe ere, desobedientzia zibilean egindako lana ezagutu nuen orain dela 30 urte, Joxemi Zumalabe fundazioaren hainbat kide atxilotu zutenean, “dena ETA da” lelopean hainbat bidegabekeria egitea hain ohikoa zenean. Sabino ere kartzelan eduki zuten bidegabeki hainbat hilabetez, terrorismoaren kontrako borrokak utzitako biktima ere izan zen, “albo-ondorio” tamalgarri horietako bat. Askatasuna modu arbitrario horretan kendu zioten.

Orain dela egun batzuk hil da Sabino, eta deigarria izan da nola lubaki guztietako jendeak goraipatu duen haren ekarpena bakeari eta elkarbizitzari (giza eskubideei, ekologiari, literaturari, dokumentalgintzari, musikari…). Txalogarria arrasto adeitsu hau laga izana gure Herri txiki eta handi honetan.

Geugan bego eta mila esker aunitz.

Hamabostean behin: #30, #31 eta #32

#30 “Mah o Maji” ekarri genuen podcastera, Hojat Asrafzadeh musikari irandarraren eskutik, galdera bat plazaratzeko: pertsona bat tristuraz hil daiteke? Baiezko erantzunarekin batera. Hain zuzen ere, Marjane Satrapi komikigile irandar-frantziarra ekainaren hasieran tristeziaz hil zen, Mattias Ripa senarra hil eta urtebete pasatxora. Marjane nagusiki “Persepolis” obra autobiografikoagatik ezagutu genuen, Iran garaikidearen erretratua egin zuelarik. GB.

#31 “Argia zara” abestiarekin, berriz, Maite Arroitajauregi “Mursego” artista eibartarra podkasteratu dugu, azkenean. Bakardadeaz. John Trollope bakartiari buruz jardun genuen 6. saioan, “Hamabostean behin” abestiaren haritik, hain zuzen txoko honi izena ematen diona. Edo Roland Barthesen hitzetan: “Bakardadea: etxean inor ez edukitzea zeinari esan ‘halako ordutan itzuliko naiz‘”.

#32 Arantzazu Ugarte (argazkian) gurekin izan dugu, Etxeko Ospitalizazioko medikua, ama, alaba, ahizpa eta Ganbara abesbatzan kantari, besteak beste. Bitxia da, baina lehenengo txantxikua da mikrofono hauetatik pasatu dena. Bitxia da 31 saio igaro izana oñatiar bat ekarri arte, herri hori maite dudanarekin, baina tira, konponduta. Arantzazuk Eric Clapton-ekin hasi zen, seme-alaben heriotzek ekartzen duten dolu latzak kontuan hartzeko. ACDC etorri zen ondoren, gertuko senide baten oroimenez, oroimen hunkituaz. Imanol handiarekin desio bat, norbera hiltzean bake sentsazioa laga ahal izatea ingurukoengan. Tina Turner-ekin, aldiz, erresilientzia eta emakumearen powerra jorratu genituen. Eta, amaitzeko, “Los Domingos” pelikularen soinu-bandaren azken abestiarekin itxi dugu saioa.

Dolu migratorioaz

Lehengo egunean Elirekin honi buruz hizketan egon nintzen, oso gutxitan aipatzen den dolu mota honetaz ibili ginen. Berak eta nik migrazioak bizi izan ditugu gure biografietan edo gure senideenetan. Diaspora, morriña, herrimina, saudade, deserrotzea, nongotasun / identitate zalantzatia. Ondo sustraitutako zuhaitzak izan arte basamortutik egindako ibilaldi luze hura.

Literaturan, gutxi islatu dute (galiziar) diasporaren errealitatea Castelaoren moduan (“Cousas”). Hain ezagunak ez ditugu irlandar idazleak, honi buruz idatzi dutenak, Colm Tóibín (“Brooklyn”), Éilís Ní Dhuibhne (“The Dancers Dancing”) eta Joseph O’Connor (“Star of the Sea”). Ameriketako euskal diasporaz, William A. Douglass (“Amerikanuak: Basques in the New World“), Robert Laxalt (“Sweet Promised Land”), Bernardo Atxaga (“Soinujoleraen semea”), Asun Garikano (“Far Westeko Euskal Herria”), Kirmen Uribe (“Bilbao-New York-Bilbao”),…

Beti ere, dolu gehiago edo gutxiagorekin, urrun gaur egungo drama garaikideetatik, Amets Arzalluzek maisuki islatu duena “Miñan” erreferentziazko eleberrian, euskal literaturan mugarri izan dena, antzerkira ere salto egin duena, Ibrahima Balde ginearraren istorio latza kontatzen duena. Katalunian, antzeko testigantza jaso dute “Viatge als país del blancs” pelikulan (ikusi argazkia). Ousman Umar ghanatarraren gurutze-bidea islatzen dute lehengo egunean Zarautzen ikus-entzun genuen filmean. In crescendo joaten da obra, hasierako ataletan naif eta dena antzeman dezakezu tarteka, baina bukaerak kolpatzen zaitu bai ala bai.

Eroso bizi gara Lehen Munduan, sarritan ahazten dugun arren, nahiz eta baso bat uretan itotzen garen, benetan itotzea zer den ez dakigun arren, zinez sustrairik gabe bizitzea zer den susmatu ere ez dugun arren. Atzean lagatzen duzun etxeagatik, jendeagatik eta herrialdeagatik duzun doluari gehituta, indarkeriak ekarritako heriotzak dituzu, pilatzen. Arraza beltzekoa eta pobrea izateagatik. Ezer ez konparatu ahal dena zurien gure herrialdeotan bizi dezakeguna.

Zenbakiak dira, 10 pertsona dira Fermin Muguruzak egindako “Bidasoa 2018-2023” dokumentalean aipatzen direnak, Bidasoa aldean hildakoak muga zeharkatu nahian. Zenbakiak, izen-abizenekin: Yaya Karamoko, Abdoulaye Koulibaly, Sohaïbo Billa, Ibrahim Diallo, Abderraman Bas, Jean-Pierre, Moussa, Ahmed Belghazi, Fayçal Hamadouche eta Youssef Elioz.

Goian beude.

PD.- “El moment just” (Kelly Isaiah).

Bukaera zoriontsuak

“My Oxford Year”.

Ia-ia ez dit lotsarik ematen idazteak: tarteka amodiozko filmak gustuko ditut (ikusi argazkia), eta Gabonetakoak. Batzuk gainera Eguberritakoak eta maitasunezkoak dira. Amaiera zelakoa izango den jakinda ere, eramaten lagatzea. Korapiloak egon arren, desegingo direla ziur jakitea.

Tarteka ikus-entzuten ditut “Omaha” bezalakoak (aste honetan bertan), gordinak, bukaera (latz-)latzak dituztenak. Badaude hain tragikoak ez direnak, orain dela gutxi ikus-entzundako “Rebuilding” bezala. Eta prefosta, Zainketa aringarriak eta zinema zerrenda ere joaten naiz osatzen, iruzkinak irakurrita, filmak eurak ikus-entzunda. Hausnartzeko eta ikasteko iturririk hoberena dira. Geuk ere gure hondar aletxoa ipini dugu ekoizpen horretan, eta jarraituko dugu. Betetzen nauen zinema da.

Baina, hain zuzen ere honengatik, heriotzarekin, sufrimenduarekin eta minarekin egunero harremanetan nagoelako, gustatzen zait lantzean behin zinema arina dastatzea, izozki baten moduan, ordu bat eta erditan murgiltzea olaturik gabeko itsaso batean.

Uda apokaliptiko honetan, Ekialde Hurbileko etengabeko genozidioa, Inperio estatubatuarra bere lotsagarrienean (Munduko football txapelketan ere), bero itogarriak eta suteak, selektibitatean horien inguruan muntatutako zirkua, airez, lurrez eta itsasoz gure hizkuntza gutxitua are gehiago txikitzeko saiakerak eta kontu itsusi gehiagoren lekuko izan garenean, neuk edertasuna bilatu dut berriz ere.

Bihotz oneko familia bati buruzko aspaldiko serie baten remake-a ikus-entzun dut: “The little house on the prairie” (“La casa de la pradera”). Gogoan izango duzue Ingalls familia, 1974 eta 1983 artean mundu honetan baldin bazeundeten. Melissa Gilbert eta Michael Landon… Ba arnasa hartzeko haizea izan da, Maiderrek ahoa bete hortz begiratzen nau horrelakoetan, baina zer nahi duzue? Zarauzko itsasoa asko maite dut, egunero sartzen saiatzen naiz, baina bestelako ur lauetan bainatzea ere ondo dago.

Aldatzearren.

Zientziak eta arteak

(Goiberriren argazkia).

Ilea neukanean, kardiologoa eta poeta zen gizon bat ezagutu nuen Gurutzetan. Mediku adjuntu espezialista zen bera, espezialista izateko bidean zegoen egoiliarra ni. Arreta eman zidan, posiblea zela ikusi nuen. Zientziek eta letrek bat egiten duten eremu hartan nenbilen orduan ere, nire moduan. Horri buruz hitz egin genuen pasa den ekainean, lurralde misto horiei buruz, “Narratiba eta medikuntza” izeneko uda ikastaro dotorean.

Aitzindari batzuk topatu ditzakegu Nafarroa Garaia eta Beherearen arteko muga haietan, duela 100 urtetik pasa, XIX. eta XX. mendeen arteko Euskal Pizkunde hartan: Pablo Fermin Irigarai “Larreko” (1869-1949) eta Jean Etxepare “Medikua” (1877-1935). Auritz eta Aldude, 22 km euren artean. Bazter haietan gora eta behera ibili gara uda honetan, atzo bertan izan ere. “Larreko”, Jose Angel Irigarairen aitatxi, sendagilea eta idazlea izan zen, Jose Angel ilobaren moduan, eta Etxepare “Medikua” bezala. Olerkiak, saiakerak, narrazioak, artikuluak. Lehen Mundu Gerra, bidaiak, Herria, eritasunak, natura, eskuara.

Eta 100 urte geroago hemen jarraitzen dugu, zientzien eta arteen mugalariak. Oñatiko A.M. pazienteak esan zidan pozik zegoela mediku “ye-yé” bat tokatu zitzaiolako. Lore handiagorik? Eta bagaude batzuk, adibidez Iñigo Suberbiola Arrasaten egon zen bolada labur batean, Donostian dabil bestela, aspaldiko bidelaguna da eta “Makulu Ken” musika taldean jardun izandakoa. Euskal afrobeat. Medikuntza eta musika.

Ane Negueruela (argazkian) Etxeko Ospitalizazioaren sendagilea da halaber, Arantzazu Ugarte (laster entzungo duzue “Hamabostean behin” podcastean) eta Iñigo bera legez. “Nøgen” talde ezagunaren abeslaria da, berriki Jazzaldian egondakoa eta arestian M. bizilagunaren ama etxean atenditzen, haren bizitzaren amaieran. Musika eta medikuntza. Bizitza eta heriotza. Hil eta biziko kantak. Gonbidatu beharko ditugu ba Iñigo eta Ane podcastera, ea zer kontatzen duten.

Bizi gara!