Ia-ia ez dit lotsarik ematen idazteak: tarteka amodiozko filmak gustuko ditut (ikusi argazkia), eta Gabonetakoak. Batzuk gainera Eguberritakoak eta maitasunezkoak dira. Amaiera zelakoa izango den jakinda ere, eramaten lagatzea. Korapiloak egon arren, desegingo direla ziur jakitea.
Tarteka ikus-entzuten ditut “Omaha” bezalakoak (aste honetan bertan), gordinak, bukaera (latz-)latzak dituztenak. Badaude hain tragikoak ez direnak, orain dela gutxi ikus-entzundako “Rebuilding” bezala. Eta prefosta, Zainketa aringarriak eta zinema zerrenda ere joaten naiz osatzen, iruzkinak irakurrita, filmak eurak ikus-entzunda. Hausnartzeko eta ikasteko iturririk hoberena dira. Geuk ere gure hondar aletxoa ipini dugu ekoizpen horretan, eta jarraituko dugu. Betetzen nauen zinema da.
Baina, hain zuzen ere honengatik, heriotzarekin, sufrimenduarekin eta minarekin egunero harremanetan nagoelako, gustatzen zait lantzean behin zinema arina dastatzea, izozki baten moduan, ordu bat eta erditan murgiltzea olaturik gabeko itsaso batean.
Uda apokaliptiko honetan, Ekialde Hurbileko etengabeko genozidioa, Inperio estatubatuarra bere lotsagarrienean (Munduko football txapelketan ere), bero itogarriak eta suteak, selektibitatean horien inguruan muntatutako zirkua, airez, lurrez eta itsasoz gure hizkuntza gutxitua are gehiago txikitzeko saiakerak eta kontu itsusi gehiagoren lekuko izan garenean, neuk edertasuna bilatu dut berriz ere.
Bihotz oneko familia bati buruzko aspaldiko serie baten remake-a ikus-entzun dut: “The little house on the prairie” (“La casa de la pradera”). Gogoan izango duzue Ingalls familia, 1974 eta 1983 artean mundu honetan baldin bazeundeten. Melissa Gilbert eta Michael Landon… Ba arnasa hartzeko haizea izan da, Maiderrek ahoa bete hortz begiratzen nau horrelakoetan, baina zer nahi duzue? Zarauzko itsasoa asko maite dut, egunero sartzen saiatzen naiz, baina bestelako ur lauetan bainatzea ere ondo dago.
Ilea neukanean, kardiologoa eta poeta zen gizon bat ezagutu nuen Gurutzetan. Mediku adjuntu espezialista zen bera, espezialista izateko bidean zegoen egoiliarra ni. Arreta eman zidan, posiblea zela ikusi nuen. Zientziek eta letrek bat egiten duten eremu hartan nenbilen orduan ere, nire moduan. Horri buruz hitz egin genuen pasa den ekainean, lurralde misto horiei buruz, “Narratiba eta medikuntza” izeneko uda ikastaro dotorean.
Aitzindari batzuk topatu ditzakegu Nafarroa Garaia eta Beherearen arteko muga haietan, duela 100 urtetik pasa, XIX. eta XX. mendeen arteko Euskal Pizkunde hartan: Pablo Fermin Irigarai “Larreko” (1869-1949) eta Jean Etxepare “Medikua” (1877-1935). Auritz eta Aldude, 22 km euren artean. Bazter haietan gora eta behera ibili gara uda honetan, atzo bertan izan ere. “Larreko”, Jose Angel Irigarairen aitatxi, sendagilea eta idazlea izan zen, Jose Angel ilobaren moduan, eta Etxepare “Medikua” bezala. Olerkiak, saiakerak, narrazioak, artikuluak. Lehen Mundu Gerra, bidaiak, Herria, eritasunak, natura, eskuara.
Eta 100 urte geroago hemen jarraitzen dugu, zientzien eta arteen mugalariak. Oñatiko A.M. pazienteak esan zidan pozik zegoela mediku “ye-yé” bat tokatu zitzaiolako. Lore handiagorik? Eta bagaude batzuk, adibidez Iñigo Suberbiola Arrasaten egon zen bolada labur batean, Donostian dabil bestela, aspaldiko bidelaguna da eta “Makulu Ken” musika taldean jardun izandakoa. Euskal afrobeat. Medikuntza eta musika.
Ane Negueruela (argazkian) Etxeko Ospitalizazioaren sendagilea da halaber, Arantzazu Ugarte (laster entzungo duzue “Hamabostean behin” podcastean) eta Iñigo bera legez. “Nøgen” talde ezagunaren abeslaria da, berriki Jazzaldian egondakoa eta arestian M. bizilagunaren ama etxean atenditzen, haren bizitzaren amaieran. Musika eta medikuntza. Bizitza eta heriotza. Hil eta biziko kantak. Gonbidatu beharko ditugu ba Iñigo eta Ane podcastera, ea zer kontatzen duten.
Gustura irentsi dut beste lan hau, Jon Artanoren “Juana” liburua. Hizkuntza ederra darabil gizon honek, eta mamiari dagokionez istorioa kontatzeko moduko horietakoa da, harrapatzen zaituen istorio interesgarria eta bitxia. Zer eta emakume kolonbiar bat, euskal jatorrikoa, bizitza laburra baina trinkoa izan zuena.
Kolonbiako mendebaldean dagoen departamendu batean kokatuta dago, Chocó izenekoan. Eta grazia dauka, pare bat udatan bertan egon nintzelako ilea neukanean, 1990eko hamarkadan. Kooperazio lanetan ibili ginen handik, lehenengo aldian karrera amaitu baino lehen, eta bigarrena MIR azterketa egin ondoren. Abentura handia izan zen, errealitatearen zaplazteko bat, bi pertsonekin partekatu nuena. Haietako batekin bereziki gaur egun ere harremana mantentzen dut, bizipen benetan eraldatzaileak baitira hauek, pertsona horiekin elkarbanatu dituzunak eta betiko batzen zaituztenak.
Pablo Escobarren Medellín-en egon ginen, Manuel Elkin Patarroyoren Bogotá-n eta Simon Bolibar biluziaren Pereira-n. Baina batik bat Chocó-n pasatu genuen denbora, munduko lekurik euritsuenetarikoa, ekaitz ikusgarriak egunero eskaintzen dituena (zituena?). Dena oihana zen, berdea, ura edonon, emankorra naturaren aldetik. Pobrezia zen hango gizakien marka, hala ere, gehien-gehienak afroamerikarrak, esklaboen ondorengoak. Afrikan geundela ematen zuen, baina gazteleraz. Pazifikoko kostaldea ere ezagutu genuen. Bizitza markatzen dizun esperientzia izan zen, zalantza barik.
Ba Chocó hartan kokatu du Jon Artanok liburua, oinez ibili zuena. Kolonbia oraindik astintzen duen gatazka odoltsua eta amaigabea da azken finean istorioaren fondoa, narkobiolentzia, talde armatuen botere saihestezina. 2012-16 tartean bake prozesu modukoa abiatu bazuten ere, indarkeriak jarraitu izan du herrialdean. Ondorengo urteetan kokatuta dago Juanaren istorioa, hain zuzen ere. Interesgarria da haren familiaren jatorria Euskal Herrian, Espainiako Gerra Zibiletik ihes egin zutenak. Zer eta belaunaldi batzuetara beste gerra batekin berriro topo egiteko, Kolonbiakoa. Familien zikloak, patua? Sarritan aipatzen da dolu horiek belaunaldiak zeharkatzen dituztela, eta kontuak errepikatzen direla. “Kolonbia isilik egoten ohitutako herrialdea da. Hemengoek asko ikusi eta jasan dute, bortxakeria konstante bat da bere bizitzan. Horregatik ez dute kontu horietaz hitz egiten”.
Interesa duen atal bat dago, hileta erritoei dagokienez, “entierro chocoano” izenburukoa. Egin kontu afrikar antzinako tradizioak eta kristautasuna nahasten dituen ohiturak direla zonalde hartakoak. Liburuaren beste puntu bat da hau.
Liburuen erraiak gehiago erakusteko asmorik gabe, hor duzue gomendio bat, udako irakurketa moduan bikaina. Baita negurako edo udazkenerako ere, bidenabar faltan botatzen ditudanak.
Bizi gara!
PD.- Kuriositatez, Jon Artanok Tene Mujika Bekari esker idatzi du liburu hau. Irabazleen zerrenda begiratuta, Ramon Olasagasti agertzen da, nire bizitzan oso garrantzitsua izan den “Mendiminez” liburuagatik. Halaber, asko disfrutatu dudan beste bat ere: “Bidasoan gora” (Eneko Aizpurua). Baita “Loiolako hegiak” ere (Imanol Murua).
Angel Katarain Zumarragako urte haietan ezagutu nuen. Urte ilun haietan esan behar nuen, baina argia ere han eta hemen topatu nuen. Argia ez bakarrik mendiko txango haietan, edo ezagutu nituen lankide jatorrekin (are maitagarriekin). Ahaztuko ez ditudan hainbat paziente eta familia garai hartantxe topatu nituen. Haien artean Amaia Apaolaza, eta Angel.
Jakin nuenetik bere biografiarekin liburu bat argitaratu zutela, luze barik Garoan enkargatu eta etxera ekarri nuen. Irakurri baino irentsi dut, ez da askotan gertatzen zaidan zerbait, baina biografiekin zera bat daukat. Eta Angelen irudia beti misterio handi xamarra izan da niretzat. Yoyes arrebaren irudia, eta Imanol abeslariarena, erraldoiak dira erabat. Eta eurei buruz egindako dokumentalak ikus-entzun eta hainbat testu irakurri (irentsi) ditut. Angelen ikuspuntua, neba eta lagun moduan, liburuan ederto jasota dago. Hauek dira azpimarratu ditudan esaldiak (gaztelaniaz):
“La venganza no te dará razón ni paz”.
“La ignorancia y la violencia caminan de la mano, hombre pequeñito te puede matar (…) Hay personas que son cabestros y van a morir cabestros, hombres pequeñitos de astas grandes. Aléjate o te dañarán”.
“La familia nos retrajimos, en vez de enrabietarnos públicamente”.
“ETA no supo adaptarse a los tiempos y pasó de ser el sueño de un pueblo y una esperanza de libertad, a una burda pesadilla (…) Muchos se quedaron veinte o treinta años atrás”.
“Aquella primera ETA, aún sin degenerar (…) Cuando ETA comenzó a no reconocer errores y tal, Imanol se fue distanciando”.
“Una marca imborrable de muertes que seremos incapaces de explicar a nuestros hijos”.
Iara izeneko alaba dauka Angelek, ez nago ziur jaiota zegoen Amaia bisitatzera joaten ginenean, haren bizitza amaitzen ari zenean. Egun haietaz dudan zaporea ezin baketsuagoa da. Ordiziako plaza nagusian bertan zegoen etxea, herriaren erdi-erdian. Han sartzen ginenean musika zegoen airean, giro barea. Eta Amaiaren irribarrea, indarrik gabe zegoen arren. Eta hortxe Angel, alboan. Hitz gutxikoa baina hantxe presente.
Bizitzaren txiribueltak, AH dokumentala egin genuenean, audioetan pasarte zikin batzuk geneuzkan, eta Angeli eskatu zion Artemanek garbiketatxo bat egitea. Ohore hori izan genuen. Katarain beti izan da erreferentziazko norbait euskal musikaren munduan, soinuaren maisu bat (Jean Phocas ere hortxe egon den beste bat izan da, edo Jonan Ordorika, Ruperren anaia, liburuan leku berezia duena). Hor goian, Azkarateko estudio famatuetan, Argiñanean. Ez nekien trinkete bat egon zela baserri hartan, eta etxe haren istorioa. Gaur oso gertu egon naiz hortik, Malloetan eman dudan mendi bueltan.
Kontua da Katarainek (eta Amaiak) egindako lana erraldoia izan dela gure Herri txiki honetako musikaren mundu handian. Eurekin lan egin duten artisten zerrenda luze-luzea da. Gure bizitzen soinuak. Galdera da ea nor ez den estudio horietatik. Ruperrek ederto jaso zuen hor goian egotearen sentsazioa, ‘Hargiñenean’ abestian: “Goizean goizik jeikitzen naiz hemen, Aireak dakarren kanpai urrunak entzuten. Hemen ederki egoten da apartean”. (Kantu bat bizipozaren alde, Otsagabiako geure ezkontzarako Maiderrek eta biok hautatu genuen balsa).
Joseba Sarrionandia liburuan agertzen den beste munstro bat da, eta Angelek berarekin Kuban egindako dokumental sortaren istorioa zoragarria da. Bere burua definitzeko, anarko-punk eta astronauta hitzak erabiltzen ditu Katak. Benetako outsider bat, goitik behera. Gaztetan kobazuloetan ibilitako hippya. RRV-ren burrundak dena astintzen zuenean, bestelako musikak dastatzen zituen martzianoa.
Amaitzeko, SB prestatzen ari ginenean, proiektua zenean, berarengana jo nuen aholku eske. Donostiako tren geltokiaren kafetegian gelditu ginen, eta tarte bat egon ostean, labur erantzun zidan: “Ez saiatu jende guztia kontent lagatzen (lubakiaren alde batekoak eta bestekoak). Gozatu bidearekin eta saiatu zaitezte zuek pozik gelditzen emaitzarekin”. Amen.
Begiz jota neukan iaztik Pako Aristi-ren liburua, “Iñaki bota daue” (Erein 2025). Bertan, Iñaki EtxabeOrobengoa arrasatearraren erailketaz zehaztasun posible guztiekin idazten du Aristik, 50 urte lehenago gertatutako atentatu ilunaz. Urte haietan, akzio-erreakzio eskemak zalantza gutxirekin funtzionatzen zuen. Diktaduraren amaiera ofiziala gertatzear zegoen, eta hainbat gertakari argitu barik gelditu ziren, besteak beste Etxaberen erailketa.
Begia begi truk. Kronologikoki, gertaerak sekuentzia honetan etorri ziren: 1973ko abenduaren 20an ETAk erail zuen Luis Carrero Blanco, frankismoaren agintaria. 1975eko irailaren 27an, Frankismoak Juan Paredes “Txiki” eta Angel Otaegi fusilatu zituen. Urte bereko urriaren 5ean, goizean ETAk Juan Moreno, Esteban Maldonado eta Jesus Pascual guardia zibilak erail zituen Arantzazu aldean (Oñati), eta arratsaldean goian aipatutakoIñaki Etxabe erail zuen “Batallón Vasco-Español” delakoak Kanpazarren (Elorrio). Astebete geroago, urriaren 12an German Agirre taxilaria erail zuten hiru ezezagunek, Legutioko kuarteletik oso gertu. Azaroaren 20an, Francisco Franco diktadorea hil zen, kausa naturalez. Azkenik, 1985eko abenduaren 23an Juan Atarés erail zuen ETAk Iruñean, Guardia Zibileko burua izandakoa 1975 ilun hartan.
Begirada Iñaki Etxaberengan, bai eta Isaias Carrascorengan ere, ipinita daukat 2017tik. Orduan SB obra eszenikoa estreinatu genuen Arrasaten, Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco alabak protagonistak direlarik. Egun hauetan Pako Aristiren liburuak lagundu dit apur bat gehiago sakontzeko Etxabetarren gurutzebidean, Juan Jose, Joakin eta Luis anaien ibilbideak ezagutzeko (1996an, 2003an eta 2025ean hil zirelarik, hurrenez hurren, modu naturalez). Halaber, istorio honekin zuzenean edo zeharka lotutako beste izen batzuk ere agertzen dira liburuan, Manuel Hidalgo guardia zibila alde batetik, eta Juan Zelaia enpresari oñatiarra bestetik.
Begi-bistakoa da zenbat buelta ematen duen bizitzak sarritan. Trilogiaren bigarrena egin eta urte batzuetara, Jesus Valle eta bere familia ezagutu nituen ospitalean, Zainketa Aringarrietako kontsultan. Burgosko iparraldetik Arrasatera etorriak 1960-70eko hamarkada haietan. Orduan topo egin zuten Etxabetarrak, Iñaki ezagutzen zuen Jesusen emazteak arraindegitik, astero bat egiten zuten “donde las bermeanas”. Bestela, Arantzazun 1975ean eraildako guardia zibilen lankidea zen Jesus, berari ez zitzaion tokatu atentatu hura pairatzea orduan. Gure ospitalean hil zen 2022an, heriotza ona eta naturala izan zuen. Haritik tiraka, Jokin Garmilla (Jesusen suhia) eta Radio Valdivielso ezagutu nituen. Eta Angela Sedano (Jesusen alarguna) 2022 hartan elkarrizketatu zuen Jokinek, hemen entzungai duzuen audioan: “Angela Sedano: de Valdivielso a la Casa Cuartel”. Bizitzaren txiribueltak, Angela ikusten ari gara orain kontsultan, berriro topatu gara bidean familia honekin.
Begitu zenbat kontu eta nola dauden gertakariak eta pertsonak lotuta, hainbatetan guk jakin gabe ere. Garrantzitsua da begiak (eta belarriak) prest edukitzea.
PD.- Isaiasen erailketaz profil bateko idazle euskaldun batek inoiz idatziko luke? Eta Iñakiren erailketaz beste profil bateko idazle erdaldun batek?
Azken bi saioetan, podkastean, amankomunean aitaren ausentziaren presentzia egon da. Blog honen aurreko testuari jarraipena ematen diogu horrela, “Nola erraten zaio agur aita bati”.
#22 Izaskun Arriaran lankidea izan genuen irratian lehengo egunean (argazkian). Ez da soilik lankidea, aspaldiko mendi-laguna baizik. Erizaina da, aditua zauri konplikatuetan, sekulako konpromisoa dabil erakusten bailaran azken urteotan esparru honetako pazienteekin. Miresgarria iruditzen zait bere lana, baita Aita Mari itsasontzian denbora luzez egindakoa ere. Honi buruz egin genuen berba, haren aitarekin hasita. Playlist-ean, Mañukorta, Pavarotti, Gatibu, Gorka Urbizu eta Eñaut Zubizarreta, azken hau “Mendian hil. Hirian hil”-en piezarik ezagunenarekin.
#23 “Vois sur ton chemin”, “Les Choristes” (“Los chicos del coro”) filmaren soinu-bandatik aukeratutako kantuarekin, frantses hizkuntza (azkenean!) gehitu diegu podkastaren zerrendan euskara, latina, katalana, galiziera, ingelesa, gaztelera eta italierari. Musikak gaiztotutako burmuinak pizteko duen magia bizi izan genuen kantu honekin, gure aitaren azken asteetan. Eta musika hau eta une horiek gogora ekarri nahi izan ditut. Ausentzia presente egiteko.
Leintz Gatzaga (205 biztanle). 2014. urtea izango zen. “Aulki Hutsak” estreinatu berritan, garai bat egon zen astero proiekzio bat egiten genuela. Debagoienako herri guztietan egon zen dokumentala, Elgetan, Antzuolan, guzti-guztietan. Baita Gatzagan ere. Egun hartan matxura bat izan nuen autoan herrira iristean, eta handik ateratzeko garabia etorri behar zen, arku horretatik eta kale estuetatik pasa eta gero. Ez daukat ahazteko. Proiekzioa leku txiki batean izan zen, tabernaren ondoan. Publiko gutxi, eta haien artean Gasteiztik etorritako bikote bat. Irakasleak ziren, jakin zuten emanaldia zegoela eta haraino hurbildu ziren. Istripuren bat gertatu berria zegoen, euren ikastetxeko norbait hil zen, eta kezkatuta zebiltzan doluaren gaia nola landu ikasleekin. Gasteiztik Gatzagara etorriak dokumentala ikus-entzuteko. Gatza.
Arantza (628 biztanle). Bortzirietako lau herritan egon naiz urte hauetan guzietan, borzgarrena Igantzi bisitatu gabe geratu delarik. Bertzela, Beran AH-ekin, Lesakan, Etxalarren eta Arantzan MHHH-ekin ibili izan naiz. Azken honetan egindako emanaldia bereziki gogoangarria izan zen, bertako liburutegian egin genuen, udazkena edo negua zen, eta berogailua piztuta zegoen. Ez baduzue tokia ezagutzen, txikia eta xarmagarria da, goxo-goxoa, sekulako oroitzapena daukat eta horregatik gaur ekarri dut blogera. Oroitzen naiz hor egon ginen dozena bat pertsona horiekin, gerora piztu zen solasaldiaz. Amaitu eta gero Lesakarat joan nintzela, kanposantura, bertan gauaz orduan bakarrik egon naiz. Aita, ama, amatxi eta abuelo bisitatzen. Xarma.
Ozeta (217 biztanle). Arabako Lautadan, behin bakarrik egonda nengoen trilogiarekin. SBrekin Zalduondon, Aitor, Naia eta Koldo taldekideekin batera. Lehengo egunean Barrundiako liburutegia bisitatu nuen (ikus argazkia), trilogiaren liburua aurkezten, Arantzako bizipena gogoan. Natalia laguna Ozetan dabil liburuzain, proposamena egin eta berehala lotu genuen. Gogoa neukan txoko txiki batean errepikatzeko, eta bete-betean asmatu genuen. Arantza arrebarekin eta Kairekin ibili nintzen goizean Elgeako mendilerroan, Larrean bazkaldu eta arratsaldean tarte oso atsegina pasatu genuen. Beste dozena bat pertsona. Itziar etorri zen Ozetaraino, eta Alberto Zalduondotik. Igone lankidea. Mikel eta Ainhoa Araiatik (elkarrekin afaldu genuen Mendizurren, eguna borobiltzeko). Borobila.
Podkastean egin dugun laugarren elkarrizketa entzungai duzue gaurtik. Mediku egoiliar moduan ezagutu nuen elkarrizketatua aspaldian, eta orain osasun-zentro bateko burua da. Bitarte honetan, komunikazio argia eta zuzena (izan) dudan lankidea da, lanean. Kanpoan, ezkontzaren batean kointziditu gara, azken Korrikaren edizioan lekukoa elkarbanatu genuen, Egunean Behinen gupidarik gabe lehiatzen gara egunero…
#21 Argiñe Ibarguren, Aretxabaletan familia-mediku dabilen bergararra, izan genuen estudioan lehengo egunean. Ekarritako musikaren artean, lehendabiziko aukeraketak harritu ninduen onerako (nortasuna!): Luis Mariano. Idoia berriro entzungo dugu podkast honetan, izan ere berarekin estreinatu genuen “Hamabostean behin” saio hau orain dela ia urtebete. Ken Zazpi eta Sorotan Belerekin borobildu genuen elkarrizketa Argirekin, sumatuko duzue zein atsegina izan zen.
Bonus track-a, orain dela urtebete grabatutako pieza bat da. Egun hartan, Mariví Q izeneko paziente ahaztezinaren eutanasia izan nuen Gasteizen, lehenengoa niretzat. Hortik Iruñera joan nintzen, Mikel Idoaterekin “pilota partida bat jolastera”. Eta eguna Gasteizen amaitu nuen, Baskoniaren partida ikusten Alberto Melendezen konpainian. Mikel Izarra tanatorioaren arduraduna da, MHHH-en proiekzio batzuk eurekin ditugu, eta 2025eko urtarrilean elkarrizketa mamitsua izan genuen, hortaz eta hartaz.
Zein izango da lagako dugun ondarea hil ostean? Hilgo direnean, zer esango du munduak donald j. trump edo benjamin netanyahuren aztarnei buruz? (Aipatzen ditut, letra txikiz, XXI. mende hasiera honetako Satan guztien artean zital-zitalenak aukeraturik, letra handiz).
Eta @basafauna Joseba Alberdi naturan murgildu zen, eta argazkietan jaso zuen ikusi, entzun, usaindu eta ukitutako guztia. 2025eko maiatzean hil zen, gazteegi. Mendian bizi, hirian hil. Eta, gure zorionerako, edertasuna oparitu digu liburu batean, “Basafauna argitan”, eskuratu daitekeena bide hauetatik: info@basafauna.eus / 653012011 Ainhoa / 655719437 Amaia.
“Edertasuna bilatu, protestatzeko modurik hoberena da mundu nazkagarri honetan” R. Trecet.
PD.- Edertasunaz hizketan, argazkia Xoxote mendian aterata dago eta Maider da erdian agertzen den ibiltaria.
Aretxabaletan“Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat” liburua laugarren aldiz partekatu genuen azaroan, eta orain abenduan Berrizen bosgarren aurkezpena egin dut, Aitor Monje eta Karmen Amezuaren alboan. Otsailean argitaratuta, bidea egin du amaitzear dugun 2025 honetan. Pozik.
Abendua hilabete emankorra izan da niretzat, pertsonalki, azken urte hauetan. Trilogia osatzen duten hiru pelikulak abenduan estreinatu genituen: AH Elgetan 2013an, SB Arrasaten 2017an eta MHHH Bilbon 2020an. 12, 8 eta 5 urte egin dituzte beraz, hurrenez hurren. Adinez zaharrena, gezurra badirudi ere, oraindik eskatzen digute. Lehengo egunean, liburua aurkezteaz gain, “Aulki Hutsak” proiektatu genuen Berrizen. Oso pozik.
Abendua da Mendi Film zinemaldia eta Durangoko Azoka, halaber. Eta aurten ezin izan naiz egon ez batean ez bestean ere. Mikel Lizarraldek berrituko zituen iazko bizipenak, “Zazpi” aurkeztu eta euskarazko pelikularik onenaren saria jaso zuenean, aurtengo edizioan. (Ez baduzue ikus-entzun, linkean klikatuta duzue aukera, “Primeran” plataformaren bidez). Aurten, “Izarren zaunka”-k irabazi du saria. Adi egongo naiz ikus-entzun ahal izateko datorren urtean, Mendi Tourrean.
Eta abendua da Gabonak, noski. Eta etxe guztietan dauden aulki hutsak, gogoratuak eta ohoratuak izan ala ez. Aretxabaletan, aste honetan Eider Otxoaren ondoan egon naiz berak gidatutako saioan, gai hau hartuta. Berrizen datorren astean egingo dute eta gurean ere bai, Zarautzen, aurten Aizpea Manterola taldekidea hizlari izango dugularik (asteartean gazteleraz eta ostegunean euskaraz). Antoniano aretoan izango dira bi saioak, 18:00etan. Asteartean Zarautzen eta ostegunean Mallabian egongo naiz, Anakotz Lasarterekin batera. Eurek ere euren saioa prestatu dute, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala.