Errettora

Argazkia: Isidro Etxeberria @estranbotik. Zubigaineko dantza (Lesaka).

Orain dela urte dexente gertatu zitzaidan: Lesakan nengoen, familiarena den etxe baten inguruan nengoen, kanpoaldean. Adineko gizon bat hurbildu zitzaidan, ezagutzen ez nuena, eta zera galdetu zidan: “Hi ‘Errettora’ haiz, ezta?“. Lur eta zur geratu nintzen. Zer adierazten dute gure geneek, pertsona batzuk ikusteko gai direna?

Gero eta jende gehiagok esaten didate aitaren antza hartzen ari naizela, urteekin. Hala iruditzen zait niri ere. Harrigarria zaidana da orduan, askoz gazteagoa nintzenean, gizon hark ukitu hori antzeman izana. Iturriatarren zera hori, ‘Errettora’-tarrena. Izengoitia aitaren aitatxirengandik zetorrela entzunda neukan, Gabriel izeneko gizonarengandik. Erretorea: Apaizburua, abade nagusia, bikarioa, parrokoa.

Gabriel Iturria “Errettora”, argazkiaren ezkerrean. Aitaren aitatxia.

Badakizuenez, gene gainartzaileak (dominanteak) eta azpirakorrak (errezesiboak) ditugu. Nire kasuan, bistan da, “errettora” geneak atera dira gainartzaileak. Ez bakarrik fisikoan, fenotipoan, agure lesakar hura enpirikoki konturatu zen moduan (eta gaur egun gero eta jende gehiago, antza denez).

Lau abizen nagusi ditugu pertsona guztiok, amaren biak eta aitarenak. Nire kasuan, hiru erdaldunak (Peña, Bandrés eta Vicente) eta bakarra euskalduna (Iturria), hain zuzen ere gainartzailea suertatu dena. Eta ez bakarrik hizkuntza kontuetan. Ez dakit zehazki zergatik hasiko ziren deitzen horrela goiko gizon horri, baina kontua da familiaren adar horretan apaiz eta serora anitz izan ditugula. Eta, ondo fijatzen bazarete, duela dozena bat urtetik egiten dudan lana oso gertu dagoela apaiztasun horretatik. Zainketa aringarrietan gabiltzanok apaiz eta serora laikoen rola hartzen dugu, neurri handi batean, eta abadeek eta mojek oraingo jendartean galdu duten espazio hori guk betetzen dugula nolabait, pertsonen bizitzaren amaieran. Hala da. Gainera nik geneetan daramat, eta dominantea da, ez daukat ihesbiderik…

Hau guztia dator laster izango delako aitaren urteurrena, hamaseigarrena, uztailaren 22an (hurrengo larunbatean). Aurten egingo zituen 81 urte, abuztuaren 14an. Hiru asterengatik ez zituen 65 urte bete, 2007an. Hirugarren adinaren marra ofizialera ez zen iritsi, beraz. (Ama behintzat bai, 73 urteko langara ailegatu zen). Zenbat kontu zor diedan, sarritan pentsatzen dut, esker onez. Haiek izan zirelako ni naiz.

Gaur goizeko mendi bueltan, Lesakatik Bianditzera, kontu hauek izan ditut buruan. Agian gaztelerazko hiztuna izango nintzateke, mendizaletasun hau ez nuke edukiko beharbada, akaso ez nintzateke izango mediku paliatibista. Aitagatik ez balitz, eguzkipean kiskaltzea gustukoa izango nuke, eta oporrak hegoaldeko ez dakit non pasatuko genituen. Beragatik ez balitz, espainiar atxikimendu zeozer izanen nuke, ez nuke sentituko tamaina horretako nazka zezenketengatik, auskalo zer bozkatuko nukeen hurrengo hauteskundeetan…

Alberto Peña Iturriagatik izanen ez balitz, hala ere, ilea izango nuke buruan. Hori ere egia da, baina ondo nago nagoen moduan, burusoil eta kaskagogor. Dominantzia hori, zorionez, ez da arlo guzietan islatzen. Zorionez txuri-urdina naiz, eta ez zuri-gorria. Eskerrak!

Edozein modutan, hamasei urte hauetan hutsunea joan naiz orekatzen urtez urte. Bihotza joan zait betetzen urtez urte. Barkatu behar geniona elkarri, bizirik zegoela modu esplizituagoan adierazi ez nion maitasuna, eta eskertzeko dudan guztia, hamasei urte hauetan joan naiz egiten. Dolua egitea zuri-beltzezko goiko argazkiarekin, edertasun horrekin, egin dutena egitea da. Azpimarratzea eta edertzea atal batzuk, eta beste batzuk ez. Eta horrela gorde betirako.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude