Arantzazu

Arantzazun sartzea bizipen paregabea da, santutegiaren barrunbeetan esan nahi dut. Eliza bera ere bisitatzea gomendagarria da, inoiz ez bazara egon, baina muinean egotea beste koxka bat da. Neuk zorte hori izan dut birritan: Lehenengoa, 2008an, Maiderren amona Isabel Elizegi hil zenean. Izan ere, neba bat fraide izan zuen bertan urteetan, Frai Juan Elizegi. Ixabelen errautsak tenpluaren atzealdean barreiatu zituen familiak, emakume dotorea benetan.

Bigarrena, 2013an izan zen, “Aulki Hutsak” grabatu genuenean. Orain 10 urte betetzen ari dira estreinatu genuenetik. Arantzazu Ibarrondori egindako elkarrizketa atzealde horretan izan zen, amildegiei begira, pribilegio hutsa.

Arantzazu basilika da, baina baita Zelai Zabal, Goiko Benta eta Sindika ere. Gomiztegiko gaztak. Duru aldeko txabolak, Eskista eta Urbixa, jakina. Arrola, Kortakogain, Bellotza, Elgea eta Urkillako gainak, Aloña eta Aizkorrikoak eta bidegurutze guztiak. Baina niretzat Arantzazu (Peña) nire arreba da. Baita Izaskun Andonegi eta Marije Goikoetxea ere, haietaz sarritan gogoratzen naiz han goian nagoenean.

Zorteduna izan naiz, halaber, OEEko jardunaldiak 2010 eta 2018an bertan Gandiaga zentroan antolatze lanetan ibili izanagatik. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundean. Horiek oroitzapen ederrak ordukoak!

Aurten, Durangoko Azokan egun bakar batean egon ahal naiz. Eta “Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri 1” dokumental bikaina ikus-entzuteko izan zen. Ez galdu aukera zuen herrian edo inguruetan ematen baldin badute. Pello Sarasuak zuzendu eta Arteman-ek ekoitzitako lana da, Mikel Serratoren eskutik. Josu Txintxurreta eta Eider Ballina, halaber, honen atzean daude, eta harrotasun puntua sentitze dut nik ere eurekin lan egiteko zortea izan dudalako. Baita Izaskun eta Marijerekin ere, goian aipatutakoak eta lan honetako protagonistak ere badirenak.

Harribitxia da dokumentala. Jon Sarasua-k pare bat metafora oparitzen digu bertan. Espiritualtasuna definitzeko, munduan leku guztietan dagoen ura dela, gu ere ura garela, eta erlijioak mendeetan zehar ibaiak izan direla, norabide eta ibilbide jakin batean, azken hamarkadetan lehortzen ari diren ibaiak, bestalde. Beste metafora bat, kristautasunari lotuta, erditze batekin konparatuz: Ez ditzagun ur zikinekin batera umea bera ere errekara bota. Gainbehera horren lekukoak izaten ari gara garai historiko honetan, eta ondo islatuta gelditzen da filmean.

Eta etorkizunean zer izango da Arantzazu? Zabalik dago erantzuna. Espiritualtasun epizentro bat izango dela pentsatu nahi dugu batzuk. Kristau ondarrak nolabait gordeko dituen gune ekumenikoa. Espiritualtasun laikoaren hiriburu bat. Gutxi gehiago etortzen zaizkit burura, tamaina honetakoak, Montserrat akaso. Nepal eta Tibet aldeko beste baten bat.

Misterioa.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
1 comment
  1. Precioso lugar que evoca tanto a tantos.
    Gracias Iñaki!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude