Gure bizitzen soinuak

Angel Katarain Zumarragako urte haietan ezagutu nuen. Urte ilun haietan esan behar nuen, baina argia ere han eta hemen topatu nuen. Argia ez bakarrik mendiko txango haietan, edo ezagutu nituen lankide jatorrekin (are maitagarriekin). Ahaztuko ez ditudan hainbat paziente eta familia garai hartantxe topatu nituen. Haien artean Amaia Apaolaza, eta Angel.

Jakin nuenetik bere biografiarekin liburu bat argitaratu zutela, luze barik Garoan enkargatu eta etxera ekarri nuen. Irakurri baino irentsi dut, ez da askotan gertatzen zaidan zerbait, baina biografiekin zera bat daukat. Eta Angelen irudia beti misterio handi xamarra izan da niretzat. Yoyes arrebaren irudia, eta Imanol abeslariarena, erraldoiak dira erabat. Eta eurei buruz egindako dokumentalak ikus-entzun eta hainbat testu irakurri (irentsi) ditut. Angelen ikuspuntua, neba eta lagun moduan, liburuan ederto jasota dago. Hauek dira azpimarratu ditudan esaldiak (gaztelaniaz):

  • “La venganza no te dará razón ni paz”.
  • “La ignorancia y la violencia caminan de la mano, hombre pequeñito te puede matar (…) Hay personas que son cabestros y van a morir cabestros, hombres pequeñitos de astas grandes. Aléjate o te dañarán”.
  • “La familia nos retrajimos, en vez de enrabietarnos públicamente”.
  • “ETA no supo adaptarse a los tiempos y pasó de ser el sueño de un pueblo y una esperanza de libertad, a una burda pesadilla (…) Muchos se quedaron veinte o treinta años atrás”.
  • “Aquella primera ETA, aún sin degenerar (…) Cuando ETA comenzó a no reconocer errores y tal, Imanol se fue distanciando”.
  • “Una marca imborrable de muertes que seremos incapaces de explicar a nuestros hijos”.

Iara izeneko alaba dauka Angelek, ez nago ziur jaiota zegoen Amaia bisitatzera joaten ginenean, haren bizitza amaitzen ari zenean. Egun haietaz dudan zaporea ezin baketsuagoa da. Ordiziako plaza nagusian bertan zegoen etxea, herriaren erdi-erdian. Han sartzen ginenean musika zegoen airean, giro barea. Eta Amaiaren irribarrea, indarrik gabe zegoen arren. Eta hortxe Angel, alboan. Hitz gutxikoa baina hantxe presente.

Bizitzaren txiribueltak, AH dokumentala egin genuenean, audioetan pasarte zikin batzuk geneuzkan, eta Angeli eskatu zion Artemanek garbiketatxo bat egitea. Ohore hori izan genuen. Katarain beti izan da erreferentziazko norbait euskal musikaren munduan, soinuaren maisu bat (Jean Phocas ere hortxe egon den beste bat izan da, edo Jonan Ordorika, Ruperren anaia, liburuan leku berezia duena). Hor goian, Azkarateko estudio famatuetan, Argiñanean. Ez nekien trinkete bat egon zela baserri hartan, eta etxe haren istorioa. Gaur oso gertu egon naiz hortik, Malloetan eman dudan mendi bueltan.

Kontua da Katarainek (eta Amaiak) egindako lana erraldoia izan dela gure Herri txiki honetako musikaren mundu handian. Eurekin lan egin duten artisten zerrenda luze-luzea da. Gure bizitzen soinuak. Galdera da ea nor ez den estudio horietatik. Ruperrek ederto jaso zuen hor goian egotearen sentsazioa, ‘Hargiñenean’ abestian: “Goizean goizik jeikitzen naiz hemen, Aireak dakarren kanpai urrunak entzuten. Hemen ederki egoten da apartean”. (Kantu bat bizipozaren alde, Otsagabiako geure ezkontzarako Maiderrek eta biok hautatu genuen balsa).

Joseba Sarrionandia liburuan agertzen den beste munstro bat da, eta Angelek berarekin Kuban egindako dokumental sortaren istorioa zoragarria da. Bere burua definitzeko, anarko-punk eta astronauta hitzak erabiltzen ditu Katak. Benetako outsider bat, goitik behera. Gaztetan kobazuloetan ibilitako hippya. RRV-ren burrundak dena astintzen zuenean, bestelako musikak dastatzen zituen martzianoa.

Amaitzeko, SB prestatzen ari ginenean, proiektua zenean, berarengana jo nuen aholku eske. Donostiako tren geltokiaren kafetegian gelditu ginen, eta tarte bat egon ostean, labur erantzun zidan: “Ez saiatu jende guztia kontent lagatzen (lubakiaren alde batekoak eta bestekoak). Gozatu bidearekin eta saiatu zaitezte zuek pozik gelditzen emaitzarekin”. Amen.

Milesker, Angel, denagatik.

Begiprest

Begiz jota neukan iaztik Pako Aristi-ren liburua, “Iñaki bota daue” (Erein 2025). Bertan, Iñaki Etxabe Orobengoa arrasatearraren erailketaz zehaztasun posible guztiekin idazten du Aristik, 50 urte lehenago gertatutako atentatu ilunaz. Urte haietan, akzio-erreakzio eskemak zalantza gutxirekin funtzionatzen zuen. Diktaduraren amaiera ofiziala gertatzear zegoen, eta hainbat gertakari argitu barik gelditu ziren, besteak beste Etxaberen erailketa.

Begia begi truk. Kronologikoki, gertaerak sekuentzia honetan etorri ziren: 1973ko abenduaren 20an ETAk erail zuen Luis Carrero Blanco, frankismoaren agintaria. 1975eko irailaren 27an, Frankismoak Juan Paredes “Txiki” eta Angel Otaegi fusilatu zituen. Urte bereko urriaren 5ean, goizean ETAk Juan Moreno, Esteban Maldonado eta Jesus Pascual guardia zibilak erail zituen Arantzazu aldean (Oñati), eta arratsaldean goian aipatutako Iñaki Etxabe erail zuen “Batallón Vasco-Español” delakoak Kanpazarren (Elorrio). Astebete geroago, urriaren 12an German Agirre taxilaria erail zuten hiru ezezagunek, Legutioko kuarteletik oso gertu. Azaroaren 20an, Francisco Franco diktadorea hil zen, kausa naturalez. Azkenik, 1985eko abenduaren 23an Juan Atarés erail zuen ETAk Iruñean, Guardia Zibileko burua izandakoa 1975 ilun hartan.

Begirada Iñaki Etxaberengan, bai eta Isaias Carrascorengan ere, ipinita daukat 2017tik. Orduan SB obra eszenikoa estreinatu genuen Arrasaten, Olatz Etxabe eta Sandra Carrasco alabak protagonistak direlarik. Egun hauetan Pako Aristiren liburuak lagundu dit apur bat gehiago sakontzeko Etxabetarren gurutzebidean, Juan Jose, Joakin eta Luis anaien ibilbideak ezagutzeko (1996an, 2003an eta 2025ean hil zirelarik, hurrenez hurren, modu naturalez). Halaber, istorio honekin zuzenean edo zeharka lotutako beste izen batzuk ere agertzen dira liburuan, Manuel Hidalgo guardia zibila alde batetik, eta Juan Zelaia enpresari oñatiarra bestetik.

Begi-bistakoa da zenbat buelta ematen duen bizitzak sarritan. Trilogiaren bigarrena egin eta urte batzuetara, Jesus Valle eta bere familia ezagutu nituen ospitalean, Zainketa Aringarrietako kontsultan. Burgosko iparraldetik Arrasatera etorriak 1960-70eko hamarkada haietan. Orduan topo egin zuten Etxabetarrak, Iñaki ezagutzen zuen Jesusen emazteak arraindegitik, astero bat egiten zuten “donde las bermeanas”. Bestela, Arantzazun 1975ean eraildako guardia zibilen lankidea zen Jesus, berari ez zitzaion tokatu atentatu hura pairatzea orduan. Gure ospitalean hil zen 2022an, heriotza ona eta naturala izan zuen. Haritik tiraka, Jokin Garmilla (Jesusen suhia) eta Radio Valdivielso ezagutu nituen. Eta Angela Sedano (Jesusen alarguna) 2022 hartan elkarrizketatu zuen Jokinek, hemen entzungai duzuen audioan: “Angela Sedano: de Valdivielso a la Casa Cuartel”. Bizitzaren txiribueltak, Angela ikusten ari gara orain kontsultan, berriro topatu gara bidean familia honekin.

Begitu zenbat kontu eta nola dauden gertakariak eta pertsonak lotuta, hainbatetan guk jakin gabe ere. Garrantzitsua da begiak (eta belarriak) prest edukitzea.

PD.- Isaiasen erailketaz profil bateko idazle euskaldun batek inoiz idatziko luke? Eta Iñakiren erailketaz beste profil bateko idazle erdaldun batek?

PD’.- “S(u/a)minetik bakera” on-line osorik ikus-entzuteko.

Indarkeriaren epizentrora

Irati Goikoetxeak gomendatuta, igandean Donostiara hurbildu ginen antzerkira. Eszenaratze soila eta ia apaindurarik gabekoa duen antzezlana ikus-entzun genuen, itzulingururik gabeko izenburu duena: “Violencia”, zuzenean. Diego Garrido konpainiak antzeztua (argazkia), dekoratu barik, fokua 4 pertsonaiengan dago obra guztian zehar: eraildako gazte baten ama eta aita, alde batetik, eta hiltzaile gaztearen aita eta ama bestetik. Ordu bat eta erdiko tartea, lau pertsona hauen muin sakonera iristeko, indarkeriaren epizentrora.

Gidoia prestatzeko azpian lan handia susmatzen da, hain baldintza muturrekoetan bizi izandako doluak ulertzeko. Hala eraildako mutikoaren heriotzak nola hiltzailearenak eragindakoak, minez bete-betetako biak: hondatutako bizitza zonbiak, sumina kontrolatzeko ahaleginak, barkamenaren bide malkartsua, errukiaren ubera ulertu gabekoa.

Izan ere, gakoetako bat da erailketa anizkoitza eragiteko gai den mutiko baten eraldaketa ulertzeko saiakera. Indarkeriaren zergatiak ulertu nahia, neketsua eta are ezinezkoa ematen duena, baina pasabidea emango diona gupidari. Hain zuzen ere, besarkada baten balioa badakigu zein den, eta obra honetan are nabarmenagoa gelditzen da.

Estetikari dagokionez, minimalismoa da ezaugarri nagusia, baina musikak indar handia hartzen du antzezlanaren pasarte batean, Max Richterren “Spring 1” piezarekin, Vivaldiren “Udaberria”-ekin egindako bukle liluragarriarekin.

Laburpen moduan, bihotzak lortu ahal du buruak soilik ezin duena. Arteak, kasu honetan antzerkiak, lortu ahal du zientziak soilik ezin duena.

Terra incognita

Arantxa Urretabizkaiak idatzitako “Bidean ikasia” (Pamiela, 2016) erabat inspiratzailea izan zen SB-ren gidoia egitean. Denbora igarotzeaz eta zahartzeaz hitz egin nahi nuen, eta hainbat testu txertatu genituen, baita beste puntu batzuei buruzkoak ere. Gonbidatu nuen obra ikustera etortzeko, eta baiezkoa eman zidan (!). Beasainen egin genuen emanaldira etorri zen Arantxa, Petti-k egin zuen egun hartan narratzailearena, eta biak batera itzuli ziren Bidasoa aldera amaitzean.

Emakume dotorea, Euskal Literatura garaikidean top 5ean sailkatuko nukeena, zalantza askorik gabe. 80 urte betetzetik gertu dago, ezinbesteko erreferentzia da geure Herri txiki honetan “lurralde ezezagun” horri buruz hitz egiteko “negu demografikoaz”: “Helduarora heltzen garenean, begiratzen dugu gure ingurura eta ohartzen gara pertsona maitatuek osatutako gudaroste osoa galdu dugula“.

“Ez dugu hil nahi, baina ez dugu zahartu nahi, zahartzaroaz dugun ideiak ez duelako apenas ezer onetik”. Izan ere, “zaharrak besteak dira”. Baina etsipenean ez jausteko irakurri diot Arantxari. “Gaztetan iraultzaile, zahartzaroan kontserbadore” esaldia irauli, eta pentsiodunen mugimendua oso kontuan hartu, adibidez. Geure pentsioen alde kalean manifestatzen dabiltzanak. Edo Patti Smith, Susan Sarandon, Pepe Múgica, Jose Saramago, José Luis Sampedro, Periko Solabarria, Enrique Villareal “El Drogas” eta Arantxa bera. “Bizitzeko gogoa bukatzen zaizunean bukatzen da benetako bizitza. Hortik aurrerakoa biziraupena”.

Arantxak idatzi duen azken liburutik (ikus argazkia) ateratzen ari naiz letra etzanean agertzen diren esaldi guztiak, eta orain datorrena ere mundiala iruditu zait: “Munduan lau pertsona mota daude soilik: zaintzaile izandakoak, egun zaintzaile direnak, zaintzaile izango direnak eta zaintzaileak beharko dituztenak”.

Itxaropenez betetakoa da hurrengo hau: “Guztiok izan gaitezke geure garunaren zizelkari. Baldin eta saiatzen bagara. Bateko bat dugu eskura”. Izan ere, “ametsak betetzeko aukera ematen dizu zahartzaroak”. Biografia borobildu: “Gelditzen zaigun bizitza zentzuz bete”. Are gehiago: “Lotsagabetu, libreago sentitu” pentsatzen duzuna esateko.

Profesionalki geure onenean gaudenean, jakinduriaz eta esperientziaz geure gorenean, erretiroa hartu behar dugu. Behin entzun nion Koldo RB lagunari. Arrazoi osoa dauka. Gainera, berak utzi dit gaur komentatu dugun liburua. “Asko gustauko jatzu”, esan zidan. Eta asmatu du, jakina, ondo ezagutzen nauenez. Esker mila, lagun zaharra!

Igorre

Zortzi udalerritan baino ez ditugu hiru dokumentalak, trilogia osoa, aurkeztu: Bilbon, Zarautzen, Arrasaten, Bergaran, Gasteizen, Donostian, Bartzelonan… eta Igorren. Irune Elexpe izan da anfitrioi lanak egin dituen emakumea hiru urte hauetan Arratiako herri horretan. Hiru urtez jarraian, formatua errepikatu dugu: ostiralez emanaldia + solasaldia, eta hurrengo egunean Marta Sariñena-rekin (argazkian) tailer modukoa, larunbatez. Monzón (Huesca) aldetik Bizkaira etorrita, ibilbide polita izan da denbora honetan egindakoa.

Aurten, SB-ren txanda izan da. Trilogian kronologikoki bigarrena dena, Igorren trilogiaren azkena izatea tokatu zaio. Eszenatokian, gehienetan legez, Bilbotik joandako Naia Egiluz eta Koldo Rodríguez narratzaile lanetan, eta Aitor “Mudoh” musikarekin. Bikain, beste behin ere. Batzuetan ematen du sekulako emanaldi pila egin ditugula, maiz errepikatzen dugula. Baina ez da horrela. Eta niretzat sekulako meritua dute hor gainean dauden hiru lagun hauek. “Amateur” guztiz. Zoragarria da gaur arte egin dugun ibilbidea, eta oraindik beste emanaldiren bat ateratzeko aukera egotea izugarria da.

“Suminetik”-en, Udalatx mendia aipatzen dugu Arrasaten dagoen etengabeko elementu edo presentzia moduan. Herriaren zaindari modukoa, edo historian zehar hainbat gertakariren lekukoa. Arratia aldean Gorbeia den bezalakoa. Hainbat gertakariren lekukoa izan da Bizkaiko eta Arabako mendirik altuena ere. Adibidez, 1978ko abenduaren 30ean Lisardo Sampil taxilaria hil zuen ETAk Igorren. Sampil Ourensetik etorri zen Bizkaira, eta haren erailketaren ostean familia noraezean ibili izan da, Irunek kontatu zidanez. Urte bat lehenago, Zeanuriko lurretan, Barazarreko mendatearen inguruan, Javier Ybarra enpresaria eta politikaria erail zuen ETA pm-k, 1977ko ekainaren 22an. Hain zuzen ere, haren ilobak idatzitako liburua aipatzen dugu SB-n (“El comensal”, Gabriela Ybarra).

SB-ren barikuko emanaldiaren ostean, zapatuan Martak eta biok espazio partekatu genuen. Lehenengo zatian, “Heriotzak eta doluak” liburua aurkeztu nuen, Igorren trilogiaren aurkezpena borobiltzeko. Ondoren, Martak hitzaldi zoragarria eman zigun dolua eta indarkeriaren inguruan, justizia errestauratiboaz, barkamenaz, partekatutako humanitateaz…

Bizi gara!

Ontasunaz

Kindness Isn’t Weakness (Tiny Buddha).

Zutabegile kuttunen artean daukat Goizalde Landabaso, aspalditik gustu-gustura irakurtzen ditut haren testuak, adibidez gaurko egunkarian argitaratu duena: “Onen saldoa”. Bertan, gaur egungo jendartean ona izatea zer ote den galdetzen du. Eta apuntatzen du oso puntu interesgarria, fedearen gainbeherak ekarritako balio mudaketarena. Balioak aldatu dira, bistan da, tarteka erabat alderantzizkoak dira ezagutu eta ikasi genituenak eta oraingoak. Zer dira orain ontasuna eta honen antonimoa, txarkeria?

Zer da bakea? Gerrako gaurko jaunek zer esaten dute bakeari buruz, zer da bakea haien ustez? Zer da terrorismoa gudako maisu hauen arabera, eta zer ezinbesteko indarkeria saihetsezina? Zer dago ongi eta zer gaizki? Jaungoiko eta deabru berriak nolakoak dira?

“S(u/a)minetik bakera” (SB) obra eszenikoaren laugarren eta azken atalean berba egiten dugu higatutako hitzei buruz, hainbeste erabiltzeaz gastatzen eta desitxuratzen diren kontzeptuei buruz (elkarbizitza, bakea, demokrazia…). 8 urte igaro dira estreinatu genuenetik, Irakeko gerraosteko garaia aipatzen dugu obran. Gero etorri ziren Siria, Ukraina… eta Palestina. Eta 8 urte hauetan hitzak are gehiago higatu eta itxuragabetu dira. Azken hilabeteetan abiadura handian gainera, albistegiak jarraitzen baldin badituzue ongi jakingo duzue.

Javier Cercas-en azken liburuari ekin diot egunotan, “El loco de Dios en el fin del mundo”. Idazle ateo baten hurbilketa Francisco Aita Santuarengana, Mongoliara egindako bidaia batean eta horren aurretik. Besteak beste, bere ustez Aita Santua da gaur egun nazioarteko figura bakarra eragin moral bat eduki dezakeena. Bakarra edo bakarrenetarikoa, Dalai Lama ere kontuan hartzen baldin badugu adibidez. Bestela, moraltasunaz gero eta lider gutxiago interesatuta daudela ematen du, edo benetako boterea dutenek behintzat giza eskubideak, etika eta ontasuna erabat baztertuta dituzte. Eta beldurgarria da.

PD.- Igorren egingo dugun SB-ren emanaldia dataz aldatu dugu: Apirilaren 10ean izango da, barikuan.

Obedientziaren idiologoak

Behobia aldean autopista laga eta N-121-A hartzea da azken urte luzeotan, Zarautzen bizi garenetik, maiz egiten dudan ibilbidea. Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi, Arantza, Sunbilla, Narbarte, Doneztebe, Amaiur eta Elizondo dira behin eta berriz bisitatzen ditudan herriak, bertako mendietan gora eta behera ibiltzeko.

Txikitan, Euskal Herritik kanpo bizi ginenean, Lesakarako bidea hartzen genuen urtean behin edo, N-121 zaharretik, aitaren familia bisitatzeko. Orain aita, ama, amatxi eta abuelo Lesakako kanposantuan bisitatzen ditut, baina garai urrun haietan, jakinmin handia zeukan mutiko baten begiekin begiratzen nuen paisaia kotxetik. Bereziki Bidasoako tarte hori, bertzaldean Biriatu eta inguruneak ikusten direna. “Frantzia” alegia. Jakinmin handiko neure begiek ikusten zutena zen gure aldean ikusten ziren oso antzeko ingurune berdeak, oso antzeko etxeekin eta ardiekin. Euskal (Eskual) Herriko armarriak ikusten nituen Lesakako senideen etxeetan, aitaren giltzatakoan eta gure etxean bertan. Kontzeptua fite harrapatu nuen.

Bidasoan gora egindako txango hauetan guzietan, bitxia bada ere, nehoiz ez naiz iritsi Xorroxinerat, iturbururat. “Bidasoan gora” liburuan, Eneko Aizpuruarena, azken atala da “Xorroxin” izenekoa. Liburuaren erdialdean, bitartean, “Endarlatsako tunelean” atala irakurri dut. Mikel Zabalza da lehendabiziko protagonista, 1985ean Guardia Zibilak atxilotutako, torturatutako eta eraildako orbaizetarra. “Non dago Mikel?” dokumentalean ederki dago jasota nola izan zen atal ilun eta aitortu gabeko hura. Eta “Intxaurrondo. Intxaurraren hostopeko itzala” liburuan irakurri dezakezue nolakoak ziren aitortu gabeko torturak komisaldegi ilun hartan, Ion Arretxeren testigantzatik. Ionek eta Mikelek bat egin zuten 1985eko egun haietan kaserna hartan. Bata bizirik ateri zen, bertzea ez.

Bigarren protagonista Eduardo López da, 10 urte geroago ETAk eraildako kordobarra, 1995ean. Endarlatsako ingurune haietan, Mikelen gorpua topatu zuten berdinetan. Eduardo polizia nazionala zen, eta Beran bizi zen. Gertaera honen berri ez neukan, zuetariko anitzek bezala, edo gogoan behintzat ez nuen. Oroimena arras selektiboa da, isiltasuna jazoera batzuetan hedatzen da eta ez bertzeetan, non zauden arabera. Eneko Aizpurua oso modu zuzenean mintzatzen da “gehiengo isil” horiei buruz, “pazifista beligerante” eta herri-salbatzaileei buruz: “Gure artean badira aberriaren izenean torturatu eta erail zutenak, torturak eta erailketak txalotu edo haien aurrean isilik egon zirenak, bai eta iragan beltza ahantzi eta kontakizunaren bidez zuritu nahi dutenak ere. Baina hemen askatasunari hilotz usaina dario. Askatasunaren izenean eraildakoen zauri itxigabeek odolusten gaituzte”. Bat nator Enekorekin: “Kontzientzia lasai dutenek urduri jartzen naute”. “Obedientziaren idiologo”-ez ari da, “dena herriaren alde, baina herririk gabe” egin nahi zuten (duten) uztarripeko idi otzanez.

1995 hura ere, bertzeak bertze, Jose Maria Aldaiaren bahiketaren urtea izan zen. Lazo urdinen urtea, azkena EHtik at igaro nuena. 1996tik hemen nago, gorputz eta arima, aurreko urteetan arima baino ez neukan hemen, gorputza Diaspora hartan zegoenez. 1996tik, eta oraindik ez naiz Xorroxingo ur-jauzian egon.

PD.- Honen guztiaren haritik, “S(u/a)minetik bakera” obra eszenikoa berriro itzuliko da eszenatokietara. Igorreko zineman aurkeztuko dugu datorren otsailaren 27an. Gonbidatuta zaude Arratiara etortzera. Edo, nahi duzunean, etxean lasai ikus-entzun dezakezu obra osoa hementxe goian dagoen linkean klikaturik (56 minutu).

Gabonak Gabon

Erraza da goiko marrazkian bezalako paralelismoak egitea data hauetan. Txikitan Bibliatik ezagutu genituen izen horiek guztiek (Judea, Galilea, Samaria, Nazaret, Betleem…) konektatzen gaituzte gaur egungo lurralde berdinekin, beste izen batzuk dituztelarik. Orduko ihesaldia Egiptora eta gaur egungo ihesaldiak, garai hartako enperadoreak eta gaurkoak, errugabeko umeak erailda Herodesek eta Netanyahuk aginduta.

Mikel Ayestaranen “Gazako istorioak” irakurri beharreko liburu horietakoa da. Besteak beste, Gazako suntsipena ez dela XXI. mendeko kontu esklusiboa jakiteko. Israeldar sionistak baino mende askoz ere lehenago, asiriarrak, babiloniarrak, greziarrak, erromatarrak, kristauak, mongoliarrak edo otomandarrak bazter hauen konkistan aritu ziren.

Atal batean, informatzaileei buruz idazten du Ayestaranek. Hau da, traidoreak, txibatoak. Diruagatik, behar gorriagatik, mendekuagatik edo dena delakoagatik mugitzen diren pertsona horiek, sarritan oso gaizki amaitzen direnak, batzuk eta besteek mespretxatuta. Herrialde eta gatazka guztietan dauden elementu horiek.

Beste pasarte bat bereziki gustatu zaidana da nola deskribatzen duen zer den aita eta mota honetako kazetaria izatea aldi berean. Ez da pasarte zehatz bat liburuan, baizik eta behin eta berriz agertzen den hausnarketa. Zer den Jerusalemen edo Istanbulen seme-alabak haztea, Ekialde Hurbileko intentsitate handiko indarkeria horretatik hain hurbil egotea kazetari moduan. Kontraesanak, etxean egon nahi, baina betetzen zaituen horretara behin eta berriz itzuli behar eta nahi izatea.

Urteko azken testua Gazako genozidioari buruzkoa izan behar zen ezinbestean. Are gehiago Gabonetan. Aste hauetan, Euskal Herrian behintzat, hainbat saio egin dituzte (ditugu) Gabonak eta aulki hutsak direla eta. Ariketa latza da imajinatzen saiatzea zer izango litzatekeen zeure inguruan aulki hutsak baino ez ikustea. Hilabete honetan MSF erakundeak txosten bat argitaratu du genozidioaren ondorio psikologikoei buruz, Zisjordanian egindakoa: “Beldurra leku guztietan dago (…) Palestinarrak ez daude soilik kezkatuta: haien burua prestatzen ari dira galerarako”. Gordina da erabat: “Haien seme-alaben etorkizuna planeatzen egon ordez, asko ari dira kontzentratzen hiltzeko modurik hoberena (edo ez okerrena) imajinatu nahian“.

Merezi dugu oporrak hartzea, bidaiatu edo etxean gelditu, mendira igo, itsasoa harroturik ikusi, sua piztu, kandela bat piztu eta beste bat itzali, ez daudenak gogoratu eta ohoratu, daudenekin bizitza partekatu, Gabonetako film erromantiko txotxolo bat ikusi, mahai inguruan gozatu, barre egin gogoz, kontzertu bat ikusi, saskibaloi partida bat ikusi, liburu on bat irakurri, elurra zapaldu, euri azpian ibili aterki batekin. Eta aldi berean kontzientzia mantendu.

Entzuteko: “Jerusalem (Hubert Parry)” (03’43”).

Ahotsa

Itxaro Bordak izandako antzeko sentsazioekin gelditu naiz ni ere “Hind Rajaben ahotsa” pelikula lehengo larunbatean herriko zineman ikus-entzun ostean. Aurtengo filmik gogorrena? Ziur aski. Shockean atera ginen Modelotik lehengo egunean. Okerrena benetako istorioa delako. Okerragoa delako ahotsa entzutea irudiak ikustea baino.

Neskato txiki baten istorioa da dokudrama honetan kontatzen dutena. Gazako milaka istorioren artean bat, izen-abizenekin. Ume bati holakorik gertatzeak kolpatzen du, baita ustez zibilizatua den herrialde bateko armadak zibil desarmatuen aurka izugarrikeria haiek egiteak ere. Ez Bibliako Itun Zaharreko garaietan, ezta Erdi Aroan ere, XXI. mendean baizik. Mutu lagatzen zaitu ahots fin hark, deskribatzen duen infernuak K.O. lagatzen zaitu.

Irudien menpekotasun handia dugun garai haietan, hau bezalako lanak oso estimatuak ditut. Behin baino gehiagotan kontatu dut nola ibili nintzen behinola dokumental bat ikustearen atzetik. Norbaitek egin zuen anaiaren omenez, Himalaian hil zena, dolu hartatik. Hainbat urte eta gero, norbait hura ezagutzeko zorte handia izan dut, azkenik. Andoni Ormazabal zen, Xabiren anaia, eta “Lehoinabarraren aztarna” izenburua dauka berak egindako dokua. Argazkiez eta irudiez gain, Xabiren ahotsa da lanaren zutabea, irratian egindako elkarrizketetatik ateratakoa. Plazer handia izan zen, halaber, Andonik parte hartu izana MHHH gurean, Xabiren omenez berriz ere.

Iñaki Otxoa de Olza da “Mendian hil…”-en agertutako beste protagonista bat, ‘in memoriam’. Eta berari buruzko beste dokumental bat da “La voz de Iñaki”. Berriro ahotsa ardatzean. Eta berriro Jorge Nagore-ren hitzak: “Grabatu zure gertukoen ahotsak, ez badituzu. Haiek jakinda ala ez, hori gutxienekoa da”.

Garaiz zaude.

PD.- Zerikusi al dauka Hind Rajabek Xabi Ormazabalekin edo Iñaki Otxoarekin? Oso gutxi esango nuke, eta pentsatu baino gehiago, aldi berean.

Ez erran deus

Irlandara Miguel lagunarekin berriki egindako bidaia baino lehen, Zarauzko liburutegira joan nintzen zerbait eramateko bilatzen. Liburu hau gomendatu zidaten, Patrick Radden estatubatuarrak idatzitakoa. Egia da eleberria ematen duela, benetako gertaera historikoak kontatzen dituen kazetari baten lana baino. Harrapatzen duen horietakoa.

Ez zen lehenengo aldia Irlandan nengoela, urte hauetan liluratu nauen herrialde horietakoa da, bere euri, laino, gaztelu, itsaso eta ezaugarri zoragarri horiekin guztiekin. Hala ere, orain dela oso gutxi egindako bidaia ezberdina izan da, konpainiagatik, laburra izan delako eta helburu nagusiagatik: uharteko pubik zaharrenak ezagutzea. Gustura ibili gara Belfast, Athlone eta Dublinen, baita beste herri txikiago batzuetan ere (“country road” horietatik, Glencree-rako bidegurutze bat ikusi genuen). Gainera, hasierako planean ez zegoen topaketa atsegin bat izan genuen. Naomi aspaldiko lagunaren ikaskide eta lagun batekin egon ginen Belfasten, Alison-ekin. Pinta batzuk elkarrekin hartzeaz gain, kontu pertsonal erabat interesgarriak partekatu zituen gurekin, The Troubles-en garaikoak. Testigantza bikainak.

Zalantzarik ez dago geurean Ulsterrek daukan erakargarritasuna, apaldu ez dena. Azken urteotan, besteak beste, Kneecap musika taldearen eztandak ederto nahastu ditu bazterrak, hip hop irlanderaz kantatuta. Orain irakurtzen ari naizen liburuak, 2020an argiratutakoa, hainbat kontu berri (niretzat behintzat) ekarri dizkit: Dolours Price, Jean McConville, Brendan Hughes, Gerry Adams eta Martin McGuinness-ekin lotuta ezagutzen ez nituen kontu batzuk, Stephen Rea

Damua dago liburuan: “Honetarako erailtzen genuen jendea? Honetarako hiltzen ginen? Zertan ari ginen ba?” Dolours Price-ren hitzetan. Baina ez guztiz: “Hala ere, Pricek jarraitzen zuen oso harro haren ibilbide pertsonal eroarekin“. Eta hitz interesgarri hauek: “Munduari jakinarazi nion edozein gizaki normalen gaitasuna mugaraino joateko, fisikoki zein mentalki, sinesmen sakonek mugiarazita (…) Haren semea zapaltzen ari den kotxea jasotzeko gai den emakumea bezala. Inork ez daki noraino irits daitekeen”. Munstrokeriaren (edo heroitasunaren) ertzetan edozein egon daitekeela, alegia, baldintza zehatzak egonez gero.

Bestela, “Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek sortu zuten 1999ko apirilean, bake prozesuaren barruan, bi nazioen arteko erakunde berri bat, Biktimen Hondakinak Kokatzeko Batzorde Independentea”. Desagertutako pertsonei buruz ari da: “Gerra tresna moduan, indarrez egindako desagerpenek daukaten gauzarik krudelena ziur aski da senideei ukatzea hileta erritua, ziurgabetasun linbo batera kondenatzen dituena (…) Ezin da lutoz jantzi hil ez den pertsona batengatik”. Datuak ikaragarriak dira: Pinocheten Txilen 3.000 pertsona baino gehiago “desagertuta” daude, eta Argentinan 30.000 ere badira. Ulsterren, Batzordeak 16 pertsona identifikatu zituen. Besteak beste, Jean McConville: 10 seme-alaba laga zituen, alkohola, kartzela eta sumina kudeatzeko arazoak izan zituztenak, horietako batzuk. “Haietako inork ez zuen benetako laguntza psikologikorik jaso, eta ondorioz samina eta sumina oraindik oso presente zituzten, asimilatu gabe. Amorru berezia sentitzen zuten IRAren kontra, ez bakarrik ama desagerrarazteagatik, baizik eta salataria zela iradokitzearren, are gehiago. Salataria, kontakatilua, “informer”. “Familia horietako batzuk biltzen ziren terapia zentro misto batean (unionistak eta errepublikarrak), Wave izenekoa. Pertsona batzuk larritasun egoera ikaragarriak bizi zituzten. Kevin McKeeren ama aztoraturik gelditu zen semea galdu ostean. Batzuetan gauez esnatzen zituen umeak, berokia ipini eta hirira joateko esaten zien Kevinen bila joateko. Bizilagunen ateak jotzen zituen garrasika: ‘Zer egin duzue Kevinekin?’. Janaria prestatu eta labean sartzen zuen, Kevinentzat ez hozteko, mutila itzultzear egongo balitz bezala kaletik mandatu bat egin eta gero”.

PD.- Datorren urterako, “S(u/a)minetik bakera”-ren emanaldi bat lotzen hasi gara, Arratia aldean. Joango naiz kontatzen.