Radio Valdivielso

Sukaldeko soinu paisaia nagusia irratia da neuretzat, goizean goiz albistegia, iluntzean musika irratsaioa, asteburuetan kirol zirrarak. Eta geure etxean Euskadi Irratia dugu bidelagun azken 26 urte hauetan, duela 40 urte abiatutako irrati katea (zorionak urtebetetzean!).

Irudizentrismoan bizi gara. Argazkietan jasota ez dagoena ez da existitzen. Ikusten ez dena bazterrekoa da. Atera kontuak entzule kopuru apala duen irrati txiki batekin, herri txiki batekoa. Audioen balioa nabarmentzen duena, soinuen ondarea aldarrikatzen duena, izan pertsonen ahotsak (bizidunena eta hildakoena), izan ahaztutako jotak, ipuin zaharrak edo istorio garaikideak.

Txikitan idazlea izan nahi nuen, eta nolabait egia bihurtu dut, hiru dokumentalen gidoien idazlea izan naizenez. Are gehiago, hiru gidoi horiek eta beste hainbat kontu jasoko dituen liburuaren idazlea izango naizenean. Bada “Mendian hil…” hirugarren dokumentalean, pasa den martitzenean Villasana de Menan Juanjo San Sebastián-ekin batera aurkeztu nuena, badago Jorge Nagoreren pasarte bat, esaten duena: “Aholku bat: Grabatu itzazue zeuen amen ahotsak, aiten, seme-alaben, bikotekideen edo senideenak. Grabatu itzazue. Haiek jakinda edo jakin gabe, hau gutxienekoa da“.

Ahotsaren garrantzia. Soinu paisaiak biltzen dituen irratiaren presentzia. Ikusezina baina hor dagoena. Hirugarren aldiz egon naiz azken pelikularekin Burgosko probintzian, orain dela 51 urte amak bertan munduratu ninduen, elurtutako azaroaren 19 batean. Eta egun hauetan berriro murgildu naiz hango paisaietan, mendietan, gastronomian eta eliza erromanikoetan.

Gaztetan landa-medikua izan nahi nuen, eta neurri handi batean lortu dut izatea. Enkarterrietan garai batean eta Debagoienean orain. Hala ere, nolabait bakarrik, zeren eta adorea behar da hiriko bizimodua atzean laga eta herri txiki batera bizitzera joateko. Zer eta irrati txiki bat martxan jartzeko, On Kixotek berak sinatuko zuen proiektu zoragarria egia bihurtzeko. Radio Valdivielso-taz hizketan ari gara, eta Jokin Garmilla-taz (argazkian). Orain dela 21 urte abiatu zuen irrati katea Burgosko Merindadeetan, eta goiko linkean klikatu besterik ez duzue egin behar landa-mundu liluragarri batean sartzeko. “Txikiaren indarra”. “Mitxoletak baino landatarragoak”.

Jokinekin izandako elkarrizketa hemen duzue entzungai, eta amaitzeko eskerrak eman berarekin igarotako une ederragatik, baita Jesus Valle-ren familiari mahaia partekatzeagatik eta ibilaldiagatik. Baita, noski, lehen aipatutako Juanjo San Sebastian eta Villasanako antolatzaileei, hain saio polita prestatzeagatik.

Bizi gara!

Mediku udatiar baten makabrokeriak

Argazkia: Zarauzko Hitza.

Pedro González Velasco Madrilen bizi zen mediku segoviarra zen, hango Medikuntza Fakultateko museo anatomikoetako zuzendaria zena. Horrek esan nahi du gorpuen artean ibiltzean ohituta zegoela, giza hezurrekin eta abar.

Asuntoa da Velasco doktorea hasi zela Zarautzen etortzen uda garaia pasatzera, eta bertan eraiki zuen haren jauregia 1860 inguruan, gaur egun “Villa Munda” deitutakoa (edo “Zeleta Berri”) eta udal musika-etxea dena. XIX. mendean, lur sail horretan hilerria kokatuta zegoen, eta Velascok juxtu leku horretan etxea altxatu izanak susmo txarrak piztu zituen zarauztarren artean, haren nekrofilia kontuan hartuta.

Hain zuzen ere, jakinmina zegoen euskal arrazaren inguruan, burezurren ezaugarri berezkoak, besteak beste. Paul Broca antropologo eta anatomista akitaniar ezaguna laguna zuen Velascok, eta garai hartan ohikoa zen hilerrietan ibiltzea hezurrak ateratzen, hilobietatik baino hezurtegietatik. (Egia esan, geure garaian ere Medikuntza ikasleen artean normala zen burezurrak lortzea handik edo hemendik, auskalo nondik. Buruko hezurrak, izan ere, anatomikoki konplikatuenak dira ikasteko, eta asko laguntzen du kaskezur bat eskura edukitzea, buelta guztiak eman ahal izateko, leku guztietatik begiratu, eta zirrikitu guztiak aztertzeko).

Bestela, Conchita bere alaba gazte hil zen, tifusak jota, eta gorpua aitak berak baltsamatu zuen. Liburuaren pasarte batean esaten dute hilkutxatik atera eta etxean erakusgai izan zuela irakur daiteke (!).

Velasco doktorearen inguruan beraz legenda bat sortu zuten geure herrian, haren praktika ilunei buruz, eta aste hauetan argitaratu dute hari buruzko liburuxka bat, udal liburutegian eskuragarri daukazuena, dohainik. Halaber, hor goian lehenengo paragrafoan bere izenean klik eginez gero, berari buruzko info zabala iarakurri ahalko duzue.

Udako irakurketa arinak.

Heriotz ohiturak



Hilerrirako bidea. Izurdiagan (Arakil), 1950eko hamarkadan. Carmen Jusué (Etniker ).

Albiste itzela jaso dugu duela aste batzuk, izan ere Labayru Fundazioak digitalizatu du Etniker Egitasmoak duela urte batzuk argitaratutako liburu mardula: “Ritos funerarios en Vasconia”. Urtebetetze baterako bi liburu oparitu zizkidaten, hauxe eta beste bat, “Ritos del nacimiento al matrimonio en Vasconia”. Jaiotza eta heriotza. Aita berria nintzen orduan, jaiotzatik askoz gertuago heriotzatik baino, jakin barik bigarren hau oso urruti ez zebilela.

Euskal Herriko heriotz ohiturak jasotzen dituen argitalpenera itzulita, goiko linkean sartzen baldin bazarete jabetuko zarete lan handi horren tamainaz. 25 ataletan banatzen da liburua, material ikaragarri zabala da eta gaiak askotarikoak. Ohikune zaharrak, gehienak desagertuta edo haranzko bidean: Animaliekin erlazionatutako heriotzaren zantzuak, hiltamuan dagoenaren adierazleak, arimaren eta gorputzaren arteko bereizketa, hil-kanpaiak, auzokideen parte-hartzea doluan, belar-erretzeak, hil-oheak, andabideak, segizioa, argizaiola, kadirak, ogien eskaintzea, auroroak, lutoa, kofradiak, arima herratuak…

Baserrietan gordeta hainbat jantzi eta objektu geldituko dira oraindik han eta hemen, museoko pieza etnografikoak legez. Eta gaur egun ere horien guztien oihartzunak iristen dira tantaka ospitaleetara, belarriak erne baldin badituzu eta adi baldin bazaude. Norantza goazen ez dakigu oso ondo, baina behintzat nondik gatozen apur bat ikasi dezakegu. Kontu interesgarriak dira, niretzat behintzat.

Osagarri moduan, Iñaki Olaizolak 2015ean egindako argitalpena ere aipatzekoa da, “Muerte, ritual funerario y luto en Euskal Herria”, azken hamarkadetako ohitura garaikideak jasotzen dituena. Hau ere, oso gomendagarria.