Salamancatik nentorrenean

Maskorren etxea gauez (Salamanca).

Etika izan da pasa diren egunetako SECPALeko jardunaldien ardatza. Filosofiarekin hain lotutako arloa, Unamunori hain lotutako hirian. Geure amari hainbeste gustatzen zitzaion hirian. Udazkenaz eta ganoraz jaso ninduena, fresko, euritsu eta eder.

Aurretiazko borondateak eta partekatutako plangintza izan zen jorratutako gai nagusietako bat. Iñaki Saralegui eta Tayra Velasco izan ziren hizlari mahai-inguru bikain batean. Kalean bizi testamentua deitzen dena, normalean, formatu standard batean dator, aukera handiago edo txikiagoarekin dokumentua sinatzen duenak gauzak gehitzeko. Osakidetzan erabiltzen dena, horren aldetik, nahiko zurruna da. Zarautzen ekainetik gabiltza dokumentuak egiten eta horretan konturatu gara. Eta horren aurrean, eredu narratiboa deiturikoa idealena izango litzateke, testu libre irekiarekin. Hau da, dokumentuaren egileak hasi eta buka idatziko duena, aurrez diseinatutako inolako formaturik gabe.

Etikari buruzko jardunaldi batean, honetan maisua den Diego Gracia handiak ezin zuen falta. Mallorcan ere egon zen iaz, eta orduan bezala aurten ere nola zahartzen ari den nabarmena da. Nik betiko gordeko dudan irudia beste bat da, nire unibertsitate ikasle garaikoa, bera izan bainuen irakasle Madrilen. Orduan izango zuen Gracia jaunak nik orain dudan adina, gutxi gora-behera. Denok goaz zahartzen, hala da. Lehengo eguneko hitzalditik, esaldi batekin ere geldituko naiz: “Ondo egindako lana gelditzen da, beste guztia igari eta desagertzen da”.

Bestela, mahai-inguru zinez interesgarri batean murgildu nintzen lehengo egunean, zainketa aringarri goiztiarrei buruzkoa. Borja Mugica psikoanalistak oso kontu oinarrizko bat ukitu zuen: Subjektiboa dena ezin dugula objektibatu, sufrimendua edo heriotza ezin ditugula sistematizatu edo kuantifikatu. María González medikuak gure espezialitateak daukan estigma gogorarazi zigun, kaputxa beltza eta segarekin lotzen gaituena. Sedazioak ipintzeaz gain hainbat lan egiten ditugun arren, are gehiago paziente eta familiekin azken hilabetean baino askoz lehenago hasten baldin bagara.

Esker onarena izan zen beste puntu gako bat mahai-inguru horretan, Daniel Fernández-ek osatu zuena. Gune terapeutikoak sortzen ditugulako gizartean aipatu ezin denaz hitz egin ahal izateko, senitartekoak ere kontuan hartzen ditugulako, denbora eskaintzen diegulako, entzuten ditugulako. Amaitzeko, komunikazioa indartzeko garrantzia jorratu zuten, talde-lana sendotzeko, burn-out gutxitzeko. Bikaintasunaren bila aritu behar garela esaten du Etikak, eta profesional bikainak izaten saiatu behar gara, baina agian nahiko edo oso onak izatea ere bikaina da. Perfektutasunean nik behintzat ez dut sinesten.

Beste mahai-inguru batean, egoera zailei buruz jardun zuten hiru esparrutatik. Neurologiatik, gaixotasun neuroendekatzaileak izan ziren aipatutakoak (Dolores Calabria): Alzheimer, ELA, Parkinson eta Creutzfeld-Jakoben gaixotasuna (azken honen gaixorik ez dut ikusi nik orain arte, “behi eroen” gaixotasuna da). Esaldi batekin gelditzen naiz. “Baliotsua dena ez da produktiboa”, zainketen balioa aipatzean.

Ana Ayesta-k, Kardiologiatik, askotan ikusten duguna ekarri zuen: Errazagoa da gauzak egotea ez egitea baino. Adibidez, errazagoa da bihotz kateterismo bat egitea ez egitea baino. Komunikazioa lantzea zaila delako, proba bat zergatik ez den egin behar ondo azaltzeko denbora hartu eta eseri behar garelako eta ondo ahalegindu ulertarazteko. Zerbait egitea alferrikakoa baldin bada, egokia ez bada, ahalegin terapeutikoa mugatu behar dugu. Depreskripzioarekin egiten dugun moduan, edo odol-transfusioekin.

Azkenik, Miguel Angel Cuervo (hizlari eta gizon aparta) Neumologiatik aritu zen, nire arlo kuttunetik. BGBK-ko gaixoei buruz, zehazki. Arnasestuaz gain, ez dugula ahantzi behar sintoma psikiatrikoak, hain ohikoak dituztenak, antsietatea eta depresioa bikotea, alegia. Arnasestua bera tratatzeko, kortikoideak, nebulizazioak eta morfinaz gain, farmakologikoa ez den tratamendua azpimarratu zuen, nik behintzat erabiltzen ez ditudan teknikak.

Aurten ere posterra eraman dut, “Consulta de Cuidados Paliativos en un hospital comarcal. Evaluación de una trayectoria de 7 años”. Ez dakit 200era iritsiko ziren aurkeztutako posterrak, baina 150etik gora zeudela ziur nago. Horietako asko mamitsu eta interesgarriak, hainbat jenderen hilabeteetako lanaren ondorioa direnak. Ederra izan zen amaiera Mónica Lalanda-rekin eta komikiekin. Ederra da mugimendu hau guztia ikustea, 500 pertsonatik gora jardunaldi hauetan izena emanda. Hain bakarrik eta hain martziano ez sentitzeko balio dute foro hauek, zalantza barik. Eta gure bizitzetatik igaro diren pertsona ederrak gogoratzeko eta omentzeko, Juan Pablo Leiva bezala, SECPAL-eko presidentea izandakoa eta orain dela gutxi batzuk bat-batean hil zena. Gugan bego.

Hurrengo postean kontatuko dizuet Salamancatik nentorrenean, Valladoliden gelditu nintzenean, gertatutakoa. Bizitzak tarteka ekartzen dizkiguten gauza handi horietakoa izan dela esan dezaket.

Bonus track: Txikitxuterik – YouTube (Iker Goenaga /Maurizia)

Zaintzearen artea

“Nurturing and caring”. Leon Zernitsky. Fine Art America.

Pazientzia behar duzu, handia. Errespetatzeko gaitasuna edukitzea, nahiz eta zure printzipioen aurka joan zaintzen ari zarenak eskatzen dizuna, nahiz eta ez ulertu. Prest egon behar zara pertsona hori galtzeko. Argi izan behar duzu zaintzaileak bere burua zaintzearena ez dela esaldi polit bat, besterik gabe. Isiltasuna kudeatzen jakin behar duzu. Umorea baliatzen jakitea ere oso garrantzitsua da, noiz erabili eta noiz ez. Izan ere, umorea da eraikuntza masiboaren arma bikaina. Artea da hau guztia aurrera eramatea.

Maitasuna beharrezkoa da, noski. Eta ontasuna behar duzu, bihotz ona izatea. Bihotz onegia, barne, batzuetan. Esate baterako, zeure bikotekide ohia haren bizitzaren amaieran zaintzeko. Maitasuna agortu zen, noizbait. Are gehiago, gorrotoa piztu zen. Baina errukia dela-eta, itzultzen zara, eta jagole lanetan jarduten duzu. Bihotz handiegia dela-eta.

Behin baino gehiagotan bizitza errealean, kontsultan, ospitalean ezagututako kasuak dira hauek. Beti konbinazio bera: Gizona zaindutakoa eta emakumea zaintzailea. “Bihotz handiegia” liburuan bezala, Eider Rodriguezena. Primeran deskribatuta daude tentsioa, iragana, oraina, onberatasuna, gupida. Aita, ama, alaba, txakurra, amaren bikotekide berria. Literaturaren artea.

Artea da zaintzea. Honi buruz solastatu ginen Arrasaten aurrekoan, Nagusien Kontseiluak antolatutako astean. Zainketen etikaz. Duintasunaz, autonomiaz, justiziaz, ekitateaz. Berba potoloak, definitzen kostatzen zaigula, haietako batzuk behintzat. Abantaila da denok izan dugula inoiz beste pertsona bat zaintzeko bizipenen bat, umea izan ala heldua. Adin batetik aurrera, behintzat, ia seguru. Eta emakumezkoa baldin bazara, are seguruagoa.

Musikaren artearekin amaituko dugu testua, Arrasaten lehengo egunean entzun genuen abestiarekin. Izan ere, hauskortasunaren (zaurgarritasunaren) kontzientziarekin ekin genion hitzaldiari: Zein hauskorra naizen, zein hauskorra zaren, zein hauskorrak garen.

Zahartzaroa, dolua eta zinema

Julio Gomezekin batera atzoko uda ikastaroan.

“Zahartzaroa zaintzea iraupen berri bat proiektatuz” izeneko uda ikastaro ederrean hartu nuen parte atzo Miramar jauregian, Donostian. Marije Goikoetxeak zuzenduta eta Maider Kortaxarenak aurkeztuta, “Galderak eta giza interdependentzia jorratuz” mahai-inguruan egon ginen Iñaki Artaza mediku geriatra eta Julio Gomez mediku paliatibista eta hirurok.

Ikastaroaren funtsa ezin hobeki laburbildu zuen Marijek hasierako sarreratik bertatik: Zoriontsuak izateko beharra dugula, eta gure bizitzak zentzua izan behar duela. Hortik joan zen neure hitzaldia (goiko izenburua zeukana), hain zuzen ere, gaiaren inguruko film hautaketa bat izan zena.

Baimendu gabeko doluak dira adineko pertsonenak, hala hildakoa adinekoa denean, nola doluan dagoena denean. Gaixo psikiatrikoekin egiten duguna da, garrantzia kentzen diegu, bai besteengatik dolua sentitzeko, baita euren heriotzengatik beste batzuk emozioak sentitzeko ere.

Ingmar Bergmanen “Smultronstället” (“Marrubi basatiak”, 1957) topatu dudan zaharrena da, Isak Borg 78 urteko mediku alargunaren istorioa kontatzen duen pelikula. Bakardade eta hoztasunaren aurrean, apurka hasten da onartzen bere burua, iraganaldia, orainaldia eta heriotza hurbila. “Mediku baten lehenengo eginbeharra da barkamena eskatzen jakitea“. Damua.

“Tuesdays with Morrie” pelikulan, Morrie Schwartz soziologia irakasle erretiratua (Jack Lemon) eta haren ikaslea izandako Mitch Albomen arteko elkarrizketa mamitsuak jasotzen ditu. Bizitzen jakin zuen pertsona baten azken irakaspenak, bizitzari buruzkoak: “Hiltzen ikasten duzunean, bizitzen ikasten duzu“. “Jende guztiak badaki hilko garela, baina inork ez du benetan sinesten“. Honekin lotuta, zahartzearen beldurra. Nork bere buruaz lastima sentitzea (autoerrukiaren desberdina dena). Maitasunak zelan irauten duen (hil eta gero ere). Agur esatea. Eta esaldi hau: “Zure bizitzari zentzua emateko modua da hurkoak maitatzea, inguruan duzun komunitatean jardutea eta zentzua emango dizun eta helburua izango den zerbait sortzera dedikatzea“.

“The Straight Story” (David Lynch, 1999) benetako istorioa da, Iowa eta Wisconsin artean 390 km-ko bidaia egiten duen Alvin Straight-ena. Zaharra denez gidatzeko baimenik ez daukalako, belarra mozteko makina batean egin zuen bidea, 8 kilometro orduko gehienezko abiaduran. Lyle anaia bisitatzera doa, bananduta dagoena eta iktus bat jasan duena. Bakeak egitera doa haraino, egiteko zain dauden lan garrantzitsu horietako bat.

“The Bucket List” (2007) Carter (Morgan Freeman) eta Edwardek (Jack Nickolson) minbizia dute, adinekoak dira eta ez dakite zenbat denbora gelditzen zaie bizitzeko. Erabakitzen dute desioen zerrendatik (“Hil baino lehen nahi dut…”) gauzak egiteari ekitea: Paraxutista ibili, Mustang vintage bat gidatzea Kaliforniako autopista zabaletan, Ipar Poloaren gainean hegal egitea, jatetxe oso garesti batean afaltzea, Taj Mahal bisitatza, Txinako Harresia handitik motorrak gidatzea, Tanzanian lehoi safari batean egotea eta Everest mendiaren azpian egotea. Carterren hileta elizkizunean, Edwardek aitortuko du bere lagunaren bizitzaren azken hiru hilabete haiek bere bizitza osoko hiru hilabeterik zoriontsuenak izan zirela.

Michael Hanekeren “Amour” (2012) pelikula handi eta latz horietakoa da. Annek, iktus bat izan ostean, zin eginarazten dio Georges senarrari ospitale edo zahar-egoitza batera ez duela eramango. Senarrak nola edo hala zainduko du bitarte hartan, baita etxean hiltzen lagundu ere, iradoki bai baina agerian gelditzen ez den modu batean.

“Venus” filmean, Maurice (Peter O’Toole) eta Jossie-ren arteko harremana kontatzen du. Maurice adinekoa da, prostatako minbizia du eta inpotentzia sexuala du, baina asko erakartzen du bere lagun baten iloba Jossiek. Velázquez-en “Venus ante el espejo” koadroa izugarri maite du agureak, eta neskak modelo lanak egiten hasi dituenez, “Venus” ezizena ipini zion. Jossie gustatzen zaio Maurice-rekin egotea epaitzen ez duen bakarra delako, den bezalakoa onartzen duelako.

“Nebraska” beste road movie bat da, Woody aita eta David semearen artean egindakoa. Ross izeneko beste semeak ez du uste haien aitak merezi duen eurek zaintzea, txikitan ez zelako haietaz arduratu eta neurriz kanpoko edaten zuelako. David errukituko da, hala ere, eta erosiko du aitak beti desiratu duen kamioia.

“Gran Torino” (Clint Eastwood, 2008) zuzendariak berak protagonizatutako pelikula da. Walt Kowalski Koreako Gerraren beteranoa da, eta asiar familia bat bizilagun du. Thao gaztea familia haren semea da, eta gaizkileen banda baten inguruan dabil. Walten auto zaharra eta dotorea (Ford Torino) lapurtzen saiatzen dira, baina agureak saihesten du. Gaztetako damuak etortzen zaizkio, hainbat pertsona hil zuelako gerra hartan, tartean Thao bezalako gazte bat. Modu bakarra topatzen du Thao banda hartatik aldentzeko, eta bere burua sakrifikatzea da.

Eta iritsi gara gaixotasun nagusira, hainbat pelikula inspiratu duena, gero eta prebalenteagoa den Alzheimerren eritasunera. Zazpi dira honekin lotuta hautatu ditudan filmak:

  1. “Iris”. Iris Murdoch idazle distiratsuaren istorioa kontatzen du, Judi Dench-ek protagonizatuta, ahanzturaren gaixotasunak harrapatzen duenetik. Despertsonalizazioaren prozesua ondo islatzen du, baita zaintzailearen papera duen John Bayley senarrarena ere. “Bakarrik dago nolabaiteko garrantzia duen askatasun mota bat, buruarena”, hain zuzen ere pertsona dementziadunek ez daukatena.
  2. “El hijo de la novia”. Zoragarria da umore argentinar zoragarria eta itzela da hiru aktore nagusiek egiten duten lana (Norma Aleandro, emakumea Alzheimerrarekin; Héctor Alterio, senarra; Ricardo Darín, semea). Semea ahalegindu behar da amaren ametsa egia bihurtzeko, Elizaz ezkontzea, hortaz ezkonberriaren semea. Eta oso interesgarria beste puntu hau: Lanaren esklabotasuna eta gertukoekin konprometitzeko zailtasunak hau dela-eta. Konprometitzea zainketetarako, alboan egoteko.
  3. “¿Y tú quién eres?”. Madril eta Donostia aldean filmatuta, Antonio Mercero lasartearrak filmatuta. Zuzendariaren azken pelikula izan zen, baita José Luis López Vázquez aktorearena ere. Alzheimerraren inguruan izanda, aholkulari aditu bat kontratatu zuen zuzendariak, hain zuzen ere Mercerori berari antzeman zizkiona Alzheimerraren lehenengo zantzuak.
  4. “Bicicleta, cullera, poma”. Pasqual Maragall politikariari buruzko dokumentala. Izenburuak aipatzen ditu dementzien diagnostikoan erabiltzen diren hiru hitz, pazienteari gogoratzeko eskatzen dizkiogunak.
  5. “Cuidadores”. Oskar Tejedor legazpiarrak egindako dokumental itzela, zaintzaileen nondik norakoak primeran jasotzen dituena. Afagi elkarteak sarritan erabilitako pelikula da. “Nola gustatzuko litzaizuke zeuri zainduta izatea?”.
  6. “Arrugas”. Animazio pelikula da, Ignacio Ferrerasek zuzendua, izenburu bereko komikian oinarrituta, Paco Rocak egindakoa. Zahar-egoitza bateko giroa deskribatzen du barrutik, bi egoiliarren bizipenetatik. Umorez eta errealitatez.
  7. “Amaren eskuak”. Mireia Gabilondoren pelikula, Karmele Jaioren izenburu bereko liburuan oinarrituta. Azken urteotan euskaraz egindako pelikula interesgarrienen artean. Ondo deskribatzen du alabaren ikuspuntua, ama dementziadunaren aurrean, rolak alderantziz iraultzen direnean. Aurretik estresak jota eta hustasuna sentituz, akaso horrelako bizipen batek zentzua ekarri diezaioke alabaren bizitzari.

Amaitzeko, gogoratzea pelikulen zerrenda osoa duzuela “Zainketa aringarriak eta zinema” Wikipediako artikuluan. Ondo bizi!

Begirada aringarria

Bost urte ziren ez ginela biltzen aurrez aurre, Gasteizko SECPAL 2018 hartatik Bilboko Arinduz 2023 hau arte. Eta hasi ginen galderari erantzun nahian: Begirada aringarria hezi dezakegu?

Jose Pereira hegoafrikar eleanitz zoragarriak ekarri zigun Pallium (2000tik) egitarau kanadarraren barruan martxan dituzten LEAP ikastaroen berri: Learning Essential Approach to Palliative Care. Zainketa Aringarrietarako funtsezko hurbilketa ikasten, ingelesez eta frantsesez eskuragarri dauden ikastaroak. Beste hitz batzuetan, lehen mailako zainketa aringarrietako gaitasuna eraikitzen. Oinarrizko jakintza hedatu nahi diete lehen mailako mediku eta erizainei bezala bestelako espezialistei ere (neumologoak, nefrologoak, zirujauak eta are osasun buruzagiei ere). Gaixoen identifikazio goiztiarra eginez gero aurretiazko plangintza egin ahal izango dugula badakigulako.

Beste galdera bat egin zigun, behin landuta, ikasleek praktikan ipintzen dute ikasitakoa? Kanadako formakuntza hartan 4 hilabeteetara ezartzen dituzten konpromezuak. Helburuetako bat da gainkargatuta dauden eta baliabideak ez dituzten profesionalak jakitun eta ondo formatuta egotea. Baita lanean gogobetetasuna areagotzea eta, zergatik ez, sistemari dirua aurreztea ere. Elkarlanaren garrantzia azpimarratuta.

Bigarren tarte batean, Bilbon aztertu genituen begirada aringarri horren zailtasun, erronka eta aukerak, mahai inguru batean bost ikuspegi jasota. Leire Gonzalez erizainak (Durangoko Joxe Migel Barandiaran egoitza) opiofobiaz eta paliafobiaz egin zigun berba, tamalez tarteka gertatzen direnetaz. Koordinazioaren beharraz ohartu zigun, geriatriatik egindako ikuspuntu horretatik. Gina Larrieta mediku primaristak (Okondoko osasun zentroa) Lehen Mailan ematen duten luzetarako den arreta abantaila moduan aurkeztu zigun, irisgarritasun eta integraltasunarekin lotuta. Erreferentziazko medikua egoteak lotura klinikoa indartzen duela eta, kontrara, medikuen gehiegizko aldaketak egotea eta burn-out sindromea arazo larriak direla. Mari Jose Almaraz mediku paliatibistak (Arabako Unibertsitate Ospitalea) akutuen ospitaleen ajeak gogorarazi zizkiguna, neurri handi batean Arrasateko geure ospitale txikian nabaritzen ditugunak. Zelan hainbatek gaixoak baino organoak ikusten dituzten. Zelan urgentea denak garrantzitsua dena ordezkatzen duen. Egotea baino egitea lehenesten dela. Eta horren aurrean, kasuak indibidualizatu behar ditugula, sufrimenduaren “elefantea” lankideei ikusarazi behar diegula eta pazienteei bestelako itxaropena eman behar diegula, sendatzearena baino bizitzaren amaiera ona eduki eta ondo hiltzearena. Iñigo Espert mediku paliatibistak (Gorlizko Ospitalea) egonaldi ertain eta luzeko ospitaleen egoera islatzen ekin zion. Bera izan zen begirada aringarri hura definitzeko sentiberatasunarekin lotu zuena, eta komunikazioaren kalitatearekin. Hiru maila desberdindu zituen: Begirada, arreta eta zainketa aringarriak, txikitik handira. Mahaiarekin amaitzeko, Irati Unamuno medikuak (Donostiako Etxeko Ospitalizazioa) euren zerbitzua daukaten banaketa azaldu zigun, onkologikoak eta ez diren pazienteen artean, mugan daudenekin ditugun erronkak tartean. Talde lanaren ardaztasuna ondo islatzen du etxez etxeko jarduerak, egia esan.

Juan Pablo Leiva ere, SECPALeko presidentea, gurekin izan genuen. Balear Uharteetatik geurera etorri da bizi et alan egitera, Bilbora zehazki. Gaiari helduta, jorratzen ari garen begirada hau enpatiarekin uztartu zuen. Koordinazioa hizkuntza berean hitz egitearekin. Arlo klinikoa eta sozialaren arteko orekari buruz mintzatu zen. Komunitate errukitsuen aportazioari buruz. Onkologikoak ez diren pazienteak orokorrean hartu ordez, paziente nefrologiko, neumologiko edo neurologikoak diren zehaztu. Eta arratsaldeko saioaren gai bat aurreratu zuen: Heriotza aurreratzeko desioa.

Huraxe aukeratu nuen nik, aspaldian interesatzen zaidalako lantzean behin jasotzen dugun hil nahi hori. Nerea Alonso psikologoak eman zigun honi buruzko tailerra. Nola erantzun hil nahi duen pertsona bati, gaixotasunaren testuinguruan eta bizitza mehatxatzen duen egoera batean. Gaixo larri eta sendaezinen artean heren batek horrelako desioak adierazten dituzte, espontaneoki %10ak, eta galdetuta %30ak. Desio dinamikoa da, gora eta behera doana, eta anbibalentea da. Bizitzeko gogoa daukate, baina ez edozein modutan, ez sufrimenduarekin, bakardadean, tristura sakonarekin. Ondo aztertu behar dugu egoera, depresioa da? Zergatik dago horrela pertsona? Laguntza oihua da, suizidioan ere oso antzekoa da. Zama ez izatea berarentzat, burujabetza mantentzea amaiera arte, kontrol sentsazioa berreskuratzea.

Profesional moduan, ataka zail hauek aurreikusi beharko genituzke, eskuragarritasuna erakutsiz. Rol play bat izan genuen tailerrean, eta esaldi batekin gelditu nintzen, medikuarena egin zuenak “gaixoa”-ri galdetu ziona: Badago zerbait berreskuragarria zure bizitzan? Zerk ematen dizu bizipoza? Fondoan, ez dago esaldi magikorik. Entzutea eta errespetatzea, isiluneak baliatzea, zintzotasuna eta apaltasuna gakoak dira, lotura terapeutikoa lortuko badugu. Bizitzan aurrera, bihotzak irabazten du eremua burmuinaren aldean. Segurtasuna bilatzen dugu arlo kognitiboan hasieran, baina denborarekin “ez dakit” esaten ikasten dugu. Elkarrizketaren amaieran, garrantzitsua da laburpen bat egitea, jasotakoa borobiltzeko.

Geure atzoko jardunaldiaren bukaeran ere, borobiltze bat izan genuen, umorearen bidez hain zuzen ere. Jose Ignacio Ricarte Eivissatik etorri zen. Umorearen zentzua, denok daukaguna, baina landu behar duguna. Eta zabaldu, besteei kutsatu. Badakigulako “uhin txarrak” zein erraz transmititzen diren. Kexatu ordez, eskertu. Itxaropena transmititu (lehenago aipatu duguna). Eta animaliak alboan izatearen onurak. Bizitzaren gauzak, Jose Ignacio duela ia 30 urtetik ezagutzen dut, beste honetan ere elkarrekin egon gara. Eta, bere aholkuari jarraituz, banoa txakurrarekin mendira. Hurrengoa arte!