Azken agurraren erritoak

Kukai dantza taldea, “Adio”.

“Rituals are important, we shouldn’t let them disappear, but we can transform them. So rituals are important, because we have to say goodbye”. Lori Thompsonek “Aulki hutsak” dokumentalean hitz hauek erabili zituen, ondo jasotzen dituztenak gaur egun gauden trantsizio garai hauek.

Trantsizioa, eredu tradizionaletik eredu berrietara. “Eredu biografikoa”, Iñaki Olaizolak erabiltzen duen kontzeptua da, “Muerte, ritual funerario y luto en Euskal Herria” liburu gomendagarrian irakurrita. Hiletak ahalik eta pertsonalizatuenak izan beharko liratekeelako, eta modu tradizionalean, salbuespenak salbuespen, ez da gertatzen. Elizan, esango nuke ospatzaileek (apaizek) gero eta gutxiago ezagutzen dituztela omendutako pertsonak (hildakoak). Gero eta eliztar gutxiago daudelako.

“Todas las sociedades se hallan confrontadas a la doble necesidad de disponer del cadáver y de separarle del mundo de los vivos”. Esaldi indartsu hau lehen esandako liburuaren hasieran topatu daiteke. Eta aipatutako helburu bikoitz hori hileta erritoen bidez egiten ditugu. Gaur egun gorpuen erdia baino gehiago erraustu egiten ditugu, eta hori jada aldaketa erraldoia da. Aldatzen ari da, halaber, eskelak publikatzeko modua. Paperezko egunkarien bitartez segitzen ditugu kontsultatzen, baina aspalditik ez da bide bakarra. Aspalditik gizartearen zati handi batek ez ditu egunkariak paperean irakurtzen, ezta eskelak ere.

Sasoi berrietan bizi gara, hala da, hileta zibilak eskatzen ditu gero eta jende gehiagok, baina praktikan eredu mistoak izaten dira. Hileta zibilak ez dira nahikoa familia askorentzat, ez daude sendotuta zerbitzu bezala. Nahiz eta gero eta adibide gehiago eta gero eta ederragoak egon badauden. Lehengo egunean, esate baterako, “hileta digitalak” kontzeptua irakurri nuen egunkarian.

Azken agurrak garrantzitsuak direlako.

Zinemaldia 2022

Hemen dugu ate joka, aurreko bi edizio pandemikoen ostean, aurten libreagoa zentzu horretan. Orotariko aukerak Donostian ikus-entzuteko eta, haien guztien artean, “As Bestas” (R. Sorogoyen), “Tequila. Sexo, drogas y Rock and Roll” (A. Longoria), “Black is Beltza II: Ainhoa” (F. Muguruza), “Kepa Junkera berpiztu” (F. Aio), “Erro bi” (N. Muriel), “Noizko basoa” (M. Landa), “Suro” (M. Gurrea), “The Wonder” (S. Lelio), “El sostre groc” (I. Coixet), “A los libros y a las mujeres canto” (M. Elorza), “Carbon” (I. Bors), “The Great Silence” (K. Brocks), “Noise” (N. Beristain) edo “Cuerdas” (E. Urresola) ditugu.

Bestela, 70. edizio honetan euskal gatazkarekin lotutako indarkeriei buruz bost dokumental pantailan ikus-entzun ahalko ditugu.

Bat. “Gesto” (Xuban Intxausti). “Gesto por la Paz” erakundearen 30 urteko ibilbidea errepasatuko diguna.

Bi. “Bi arnas” (Jon Mikel Fernández). Torturaren testigantza bi ikuspuntutatik, alaba eta amarena.

Hiru. “Hirugarren koadernoa”  (Lur Olaizola). Yoyesek Mexikon idatzitako egunkariarekin.

Lau. “918 gau”  (Arantza Santesteban). Pelikula autobiografikoa, 2 urte eta erdiko kartzelaldiaren bizipenekin.

Bost. Karpeta Urdinak” (Ander Iriarte). Torturen labirintoan ere murgilaraziko gaituena.

Gure min kolektiboei buruz ere entzuteko eta ikusteko, irailaren 16tik 24ra.