Medikuntza narratiboa (III)

San Joan eguna, festak Agurainen, Leioan, Arbizun eta Saran, bertzeak bertze. Baita Hernanin ere, hortik iritsi baita 17 urteko alaba etxera 06:30etan, geure esnatzeko orduan, eta lekukoa pasa digu.

Arrasaten ere jaiak dira, eta bertako ospitalean hasi nintzen lanean duela 25 urte. Eta 15 urte Barne-Medikuntzaren eta Zainketa Aringarrien lanak tartekatzeari ekin nionetik. Iazko uda ikastaro batean kontatu nuen Donostian zer den Paliatiboak egitea erietxe txiki batean, hiriburuetatik kanpo. Zer den orokorrean Paliatiboak egitea, morfina emateaz eta sedazioak ipintzeaz gain. Nire kasuan, lan handienetarikoa, denbora dexente eskatzen didana, alta-txostenak egitea da pazienteak hiltzen direnean. “Narratiba eta osasuna” izan da parte hartu dudan aurtengo uda ikastaroa, zoragarria guztiz (mila esker Mikel, Amaia, Katixa eta Yolandari). Eta hain zuzen ere, txosten mediko haietan saiatzen naiz ahalik eta kontakizunik hoberena idazten, kontu biologikoak zein biografikoak jasoz, modu kronologikoan eta ordenatuan, garrantzitsua izan daitekeen informazio guztiarekin, baina soberan dagoena kentzen. Sarritan irakurtzen ditut bestelako txosten standard aseptikoak, edozein pazienterekin idatz daitezkeenak, oso urrun bakana izan den bizitzaren amaiera bakoitza ondo deskribatzeko.

Narratiba eta Medikuntza, Erizaintza, Psikologia, Gizarte Lana, Fisioterapia. Egun hauetan batu garen jendea Letren eta Zientzien arteko lurralde horretan gabiltza, neurri batean edo bestean. Neuk txikitan idazlea izan nahi nuen, gaztetan Medikuntza ikasi eta azken 2 hamarkadetan egindako ibilbide artistiko-sanitarioa kontatu nuen atzo modu laburtuan.

“Cine y Medicina en el final de la vida” (Antonio Casado & Wilson Astudillo, 2006) liburua erabat inspiratzailea izan zen niretzat. Bereziki 1998 eta 2005 urteen artean egindako filmak erreferentziazkoak dira, ikastaroan azpimarratu ditut “Mar adentro”, “My life without me”, “Les invasions barbares”, “Wit” eta “La maladie de Sachs“, baina zerrenda guztia kontsultatu daiteke “Zainketa Aringarriak eta Zinema” Wikipediako artikuluan, adimen naturalaz egindakoa, atzoko hitzaldia bezala.

Paliatiboetan formakuntza praktikoa jaso nuen Txagorritxu ospitalean 2011an, eta Arantza Pinedok beste iturri inspiratzaile baten berri eman zidan, Salamancako Unibertsitateko “Revista de Medicina y Cine” aldizkaria. Beste deskubrimendu liluragarri bat. 7 urte geroago, artikulu bat publikatu nuen bertan, nolabait Antonio eta Wilsonena osatuz eta gaurkotuz: “Cuidados paliativos y Cine: Una actualización comentada de la producción relacionada desde mediados del siglo pasado hasta la última década del actual”.

Zinematik literaturara igarotzen, Salamancatik Valladolidera, aipatzekoa da “Unos libros de muerte” izeneko ekimena, Dani Ramos mediku paliatibistak eta Mónica Lalanda mediku eta komikigileak antolatutakoa. Hain zuzen ere, iaz “Vivir hasta el final” komikia argitaratu zuten Danik eta Monicak, oso lan dotorea egiten duguna modu oso grafikoan azaltzeko. Eta gure Herri txikira itzulita, hemengo bi emakumek 2025ean idatzitako bi liburu gomendagarri aipatu nituen atzoko hitzaldian: Arantzazu Lizartza mediku leitzarraren “O negatiboa” eta Uxue Razquin editore iruindarraren “Cómo decir adiós a una madre”.

Eta literaturatik berriro zinemara itzulita, pasa den astean leku berean, Miramar Jauregian, egindako uda ikastaroan Josu Martinezek eta Samara Veltek datu bat eman ziguten: “Aupa Etxebeste” (2005) eta “Maspalomas” (2025) arteko 20 urteko tarte honetan, 1.200dik gora pelikula egin direla euskaraz, formatu guztietan, bereziki film labur eta dokumentalak noski. Sarritan txikiak sentitzen gara, txikiak garenez, baina ondo dago gogoratzea bagarela. Lan horietatik guztietatik hiruk doluei buruzko geure trilogia osatzen dute: AH, SB eta MHHH. Errepasatu genituen atzo, labur, bai eta “Heriotzak eta doluak” liburua aipatu ere. Bagare. Bagira. Bagera.

Goiko irudi freskagarriarekin agur esan nuen, egun hauetan bizi izan ditugun tortura klimatikoari adio esateko itxaropenarekin. Gaur arintzen hasi da kontua eta nik, ospatzeko, Irlandaraino egingo dut hegan. Is maith freisin sosanna beaga a ghlacadh.

Zer moduz?

Badaude moduak eta moduak pertsona bati “zer moduz?” galdetzeko. Eta modu haien arabera, norberak era batean edo bestean erantzun dezake. Benetakoa baldin bada galdera, benetakoa izan daiteke erantzuna ere.

Asteazkenean izan dugu herrian, azkenean, “Aitatxo” dokumentala. Kostatzen duen guztiak balio erantsia hartzen du normalean, eta horrela izan da Anakotzen lanarekin ere. Gainera, ilusio berezia zeukan berak Zarautzen aurkezpena egiteko, herriarekin daukan loturagatik. Hemen piztu zen proiektua zelabait, ugariak eta ederrak dira hemen hartutako irudiak, zarauztarra eta itsastarra da pelikula neurri handi batean.

Eszenatokian, Arkaitz eta Aitor izan genituen erdian, sofan (argazkian). Eurekin batera, Saioa egon zen, “Esku Hutsik” elkartea ordezkatzen, baina baita testigantza pertsonalekin ere, Arkaitz et Aitorrekin batera. Jario ona egon zen solasaldian hirurekin, eta amaieran Anakotzek bat egin zuen gurekin. Momentu batean, Aitorrek bota zuen harribitxia, jendeak “zer moduz?” galdetzen digunean aipatzean. Hain zuzen ere, gakoa da erantzuna entzuteko prest egotea, ala ez. Eta entzutea gaitasun handi bat da, errukia bezala, garatuta eta entrenatuta eduki dezakeguna, ala ez.

“Zarautz Herri Zaintzailea” ekimenean jorratzen dugun arloetako bat dolu perinatala da, eta hortik aste honetako zine foruma “Aitatxo” pelikularekin. Halaber, helburua dugu Santa Klarako parkean oroimeneko leku bat izatea bidean gelditutako umeak ohoratzeko. Bi urtez, urriaren 15aren inguruan, ekitaldi bat egin izan dugu parke hartan. Aurten hirugarrena izango da. Eta espero dugu Zarautz laster sartzea Euskal Herriko udalerri haien zerrendan, dolu perinatalaz ohartzeko leku bat finkatu dutenak. Inshallah!

Eta egia da, gizonezkoak ere egon beharko ginateke esparru hauetan presenteagoak. Seme-alabak guri begira hazten dira, eta hemen ere eredu izan beharko ginateke aitok. Pagoetako Mendi Elkartean ere honen inguruan ibili ginen ostiralean, “Heriotzak eta doluak” liburuaren aurkezpenean. Gizonezkoen ezin emozionalari buruz jardun genuen, bereziki maskulinoa den mendizaletasunaren mundu honetan. Zahardadeari, hauskortasunari eta heriotza berari begiratzeko ezinaz. “Zer moduz?” horiei “ondo” baino zerbait sakonagoa eta benetakoagoa erantzuteko ezinaz.

Igorre

Zortzi udalerritan baino ez ditugu hiru dokumentalak, trilogia osoa, aurkeztu: Bilbon, Zarautzen, Arrasaten, Bergaran, Gasteizen, Donostian, Bartzelonan… eta Igorren. Irune Elexpe izan da anfitrioi lanak egin dituen emakumea hiru urte hauetan Arratiako herri horretan. Hiru urtez jarraian, formatua errepikatu dugu: ostiralez emanaldia + solasaldia, eta hurrengo egunean Marta Sariñena-rekin (argazkian) tailer modukoa, larunbatez. Monzón (Huesca) aldetik Bizkaira etorrita, ibilbide polita izan da denbora honetan egindakoa.

Aurten, SB-ren txanda izan da. Trilogian kronologikoki bigarrena dena, Igorren trilogiaren azkena izatea tokatu zaio. Eszenatokian, gehienetan legez, Bilbotik joandako Naia Egiluz eta Koldo Rodríguez narratzaile lanetan, eta Aitor “Mudoh” musikarekin. Bikain, beste behin ere. Batzuetan ematen du sekulako emanaldi pila egin ditugula, maiz errepikatzen dugula. Baina ez da horrela. Eta niretzat sekulako meritua dute hor gainean dauden hiru lagun hauek. “Amateur” guztiz. Zoragarria da gaur arte egin dugun ibilbidea, eta oraindik beste emanaldiren bat ateratzeko aukera egotea izugarria da.

“Suminetik”-en, Udalatx mendia aipatzen dugu Arrasaten dagoen etengabeko elementu edo presentzia moduan. Herriaren zaindari modukoa, edo historian zehar hainbat gertakariren lekukoa. Arratia aldean Gorbeia den bezalakoa. Hainbat gertakariren lekukoa izan da Bizkaiko eta Arabako mendirik altuena ere. Adibidez, 1978ko abenduaren 30ean Lisardo Sampil taxilaria hil zuen ETAk Igorren. Sampil Ourensetik etorri zen Bizkaira, eta haren erailketaren ostean familia noraezean ibili izan da, Irunek kontatu zidanez. Urte bat lehenago, Zeanuriko lurretan, Barazarreko mendatearen inguruan, Javier Ybarra enpresaria eta politikaria erail zuen ETA pm-k, 1977ko ekainaren 22an. Hain zuzen ere, haren ilobak idatzitako liburua aipatzen dugu SB-n (“El comensal”, Gabriela Ybarra).

SB-ren barikuko emanaldiaren ostean, zapatuan Martak eta biok espazio partekatu genuen. Lehenengo zatian, “Heriotzak eta doluak” liburua aurkeztu nuen, Igorren trilogiaren aurkezpena borobiltzeko. Ondoren, Martak hitzaldi zoragarria eman zigun dolua eta indarkeriaren inguruan, justizia errestauratiboaz, barkamenaz, partekatutako humanitateaz…

Bizi gara!

Hiru herri txiki: gatza, xarma eta borobila.

Leintz Gatzaga (205 biztanle). 2014. urtea izango zen. “Aulki Hutsak” estreinatu berritan, garai bat egon zen astero proiekzio bat egiten genuela. Debagoienako herri guztietan egon zen dokumentala, Elgetan, Antzuolan, guzti-guztietan. Baita Gatzagan ere. Egun hartan matxura bat izan nuen autoan herrira iristean, eta handik ateratzeko garabia etorri behar zen, arku horretatik eta kale estuetatik pasa eta gero. Ez daukat ahazteko. Proiekzioa leku txiki batean izan zen, tabernaren ondoan. Publiko gutxi, eta haien artean Gasteiztik etorritako bikote bat. Irakasleak ziren, jakin zuten emanaldia zegoela eta haraino hurbildu ziren. Istripuren bat gertatu berria zegoen, euren ikastetxeko norbait hil zen, eta kezkatuta zebiltzan doluaren gaia nola landu ikasleekin. Gasteiztik Gatzagara etorriak dokumentala ikus-entzuteko. Gatza.

Arantza (628 biztanle). Bortzirietako lau herritan egon naiz urte hauetan guzietan, borzgarrena Igantzi bisitatu gabe geratu delarik. Bertzela, Beran AH-ekin, Lesakan, Etxalarren eta Arantzan MHHH-ekin ibili izan naiz. Azken honetan egindako emanaldia bereziki gogoangarria izan zen, bertako liburutegian egin genuen, udazkena edo negua zen, eta berogailua piztuta zegoen. Ez baduzue tokia ezagutzen, txikia eta xarmagarria da, goxo-goxoa, sekulako oroitzapena daukat eta horregatik gaur ekarri dut blogera. Oroitzen naiz hor egon ginen dozena bat pertsona horiekin, gerora piztu zen solasaldiaz. Amaitu eta gero Lesakarat joan nintzela, kanposantura, bertan gauaz orduan bakarrik egon naiz. Aita, ama, amatxi eta abuelo bisitatzen. Xarma.

Ozeta (217 biztanle). Arabako Lautadan, behin bakarrik egonda nengoen trilogiarekin. SBrekin Zalduondon, Aitor, Naia eta Koldo taldekideekin batera. Lehengo egunean Barrundiako liburutegia bisitatu nuen (ikus argazkia), trilogiaren liburua aurkezten, Arantzako bizipena gogoan. Natalia laguna Ozetan dabil liburuzain, proposamena egin eta berehala lotu genuen. Gogoa neukan txoko txiki batean errepikatzeko, eta bete-betean asmatu genuen. Arantza arrebarekin eta Kairekin ibili nintzen goizean Elgeako mendilerroan, Larrean bazkaldu eta arratsaldean tarte oso atsegina pasatu genuen. Beste dozena bat pertsona. Itziar etorri zen Ozetaraino, eta Alberto Zalduondotik. Igone lankidea. Mikel eta Ainhoa Araiatik (elkarrekin afaldu genuen Mendizurren, eguna borobiltzeko). Borobila.

Hiru

Balentin Deunaren bezpera (mila esker Arantza Zufiriari loreengatik!), ostirala eta 13, euria lagun. Baskonian gutxi gelditzen diren liburudenda-aterpetxe horietako batean. Trinitate kalean. Geure amaren izena daraman Zarauzko txoko horretan, atzo bereziki faltan bota nuen ama, Trini, Irune.

Flor Illarramendi ez nuen ezagutu baina, haren bizitzaren azken txanpan zegoelarik, hiru gizon agirretarrekin bildu nintzen lur azpian, Garoaren barrunbeetan, nola lagundu asmatu nahian. Barrunbe haietan bildu ginen hainbat lagun atzo (milesker Jaione, Izaro, Julia, Miren, Lourdes, Juantxo, Ibiltarixa…), dokumental trilogia baten inguruan idatzita dagoen liburu atipiko baten aurkezpen atipiko batean (mila esker baliabide teknikoak erraztu zizkidan aingeruari!). Idazlea izan nahi nuen, Medikuntza ikasi baina Zientziek eta Letrek bat egiten duten gunea azkenean topatu ahal izan nuen.

Medikuntza narratiboaren ariketa bat da, azken finean, “Heriotzak eta doluak”. Hiru tontor ditu Aiako Harriak, azalean agertzen den mendiak. Hiru ataletan bananduta dagoena: heriotza, bera baino lehen eta ostean. Hiru hizkuntzatan idatzitakoa (eu, ca, es). Hiru probintzietan (Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaia) errodatutako hiru pelikuletan oinarrituta. Bigarrenean, SB-n, narratzaile moduan parte hartu zuten Imanol Epelde eta Ana Galarraga zarauztarrek. Hirugarrenean, MHHH-en, Susanna Llavina eta Felix Zubiak. Ana atzo egon zen aurkezpenean, hain zuzen berari esker Booktegiren arrastoa hartu eta liburua argitaratu genuen iazko otsailean, orain urtebete (thank you pilo bat, Aritz Branton!).

Etxean nengoen beraz atzo (mila esker Imanol, Ibai eta Olatz hirukoteari!), Zarauztik ihes egiteko asmorik ez daukadanez. Zarautz Herri Zaintzailearen beste hiru kideak ere han egon ziren, Aizpea Manterola eta Miriam Mendoza, eta Anjel Irastorzaren proiektorea eta arima. Bidaia errukitsu ederra egiten gabiltza 2018tik.

Amaitzeko, aipatu nahi dut liburu honen ibilbidearen hasiera etxean ere izan zela, Bilbon. Orduan, Zazpi Kaleetako adinekoen elkarteak antolatu zuen. Ostegunean, Donostiako Easo politeknikoan egon naiz, 16-20 urteko ikasleekin. Bi muturretan dauden adin tarteko publikoak izan ditu liburuak, zaharrak eta gazteak, eta tartean gu atzo, hirugarren multzokook, adin ertainekook.

PD.- Jada ez dauden pertsona aunitz egon ziren presente atzo Garoan. Aunitz. Besteak beste, Gaizka Agiriano arrasatearra, paziente izan nuena. Haren proiektorea azkenean ez nuen erabili, baina haren alabak utzi zidan badaezpada ere, ganbararen batetik erreskatatuta. Naiara Agiriano, orain dela urtebetetik, nirekin batera Zainketa Aringarrietako Debagoieneko ospitaleko ekipoan dago lanean, erizain.

PD’.- Zainketa Aringarrietako Masterra egiten ari nintzela, Vic-en (Osona), Amaierako Lanaren aurre-aurkezpen moduko bat egin nuen 2024an, ikaskide eta irakasleen aurrean. Kataluniaraino joan ziren ikus-entzutera Maider eta Itziar Zarauztik, 550-570 km. Atzo ere hor egon ziren, Maider diapositibak pasatzen laguntzen. Ez San Valentín ez esnerik, ez esan.

Abendua

Aretxabaletan “Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat” liburua laugarren aldiz partekatu genuen azaroan, eta orain abenduan Berrizen bosgarren aurkezpena egin dut, Aitor Monje eta Karmen Amezuaren alboan. Otsailean argitaratuta, bidea egin du amaitzear dugun 2025 honetan. Pozik.

Abendua hilabete emankorra izan da niretzat, pertsonalki, azken urte hauetan. Trilogia osatzen duten hiru pelikulak abenduan estreinatu genituen: AH Elgetan 2013an, SB Arrasaten 2017an eta MHHH Bilbon 2020an. 12, 8 eta 5 urte egin dituzte beraz, hurrenez hurren. Adinez zaharrena, gezurra badirudi ere, oraindik eskatzen digute. Lehengo egunean, liburua aurkezteaz gain, “Aulki Hutsak” proiektatu genuen Berrizen. Oso pozik.

Abendua da Mendi Film zinemaldia eta Durangoko Azoka, halaber. Eta aurten ezin izan naiz egon ez batean ez bestean ere. Mikel Lizarraldek berrituko zituen iazko bizipenak, “Zazpi” aurkeztu eta euskarazko pelikularik onenaren saria jaso zuenean, aurtengo edizioan. (Ez baduzue ikus-entzun, linkean klikatuta duzue aukera, “Primeran” plataformaren bidez). Aurten, “Izarren zaunka”-k irabazi du saria. Adi egongo naiz ikus-entzun ahal izateko datorren urtean, Mendi Tourrean.

Eta abendua da Gabonak, noski. Eta etxe guztietan dauden aulki hutsak, gogoratuak eta ohoratuak izan ala ez. Aretxabaletan, aste honetan Eider Otxoaren ondoan egon naiz berak gidatutako saioan, gai hau hartuta. Berrizen datorren astean egingo dute eta gurean ere bai, Zarautzen, aurten Aizpea Manterola taldekidea hizlari izango dugularik (asteartean gazteleraz eta ostegunean euskaraz). Antoniano aretoan izango dira bi saioak, 18:00etan. Asteartean Zarautzen eta ostegunean Mallabian egongo naiz, Anakotz Lasarterekin batera. Eurek ere euren saioa prestatu dute, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala.

Bizi gara!

Atipikoa

Liburuak Literaturarekin (maiuskulaz) lotzen ditugu. Eleberriekin, ipuinekin, olerkiekin. Saiakera genero atipikoagoa da. Eta formatu elektronikoarekin ez gara guztiz ondo moldatzen, nik behintzat gehien-gehien-gehiena paperean irakurtzen dut oraindik. Baita egunkaria ere.

Beraz, lehengo egunean Arrasaten Arrasaten egin genuen liburu aurkezpena oso atipikoa izan zen. Aurretik Bilbon eta Oñatin izan zen bezala. Idazlea ez den mediku batek idatzitako saiakera bat, liburu elektronikoaren formatuan. Dokumentalgilea ez den mediku horrek egindako hiru dokumentalen inguruan egindako lana da, gainera. Atera kontuak.

“Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat” izenburua dauka liburuak, eta linkean sakatuta deskargatu eta lasai irakurri dezakezue, zinez mamitsua da. Ea zer iruditzen zaizuen. Trilogia honetan parte hartu duten 32 pertsonetatik 3 egon ziren Mondragoeko aurkezpenean: Eider Otxoa eta Iker Barandiaran (AH) eta Olatz Etxabe (SB). Eiderrek gogoratu zuen nola batu ginen lehengo egunean berriz ere, 14 urte eta gero ere espazioak eta uneak konpartitzen jarraitzen dugula Iker, Eider eta hirurok. Bejondeigula. Itzela da bidean ezagutu ditudan pertsona hauek guztiak, baita Kulturaten zeuden asko ere, pazienteen alargunak edo alabak, lankideak… Ederra benetan bidea eta ikasitakoa.

Arrasatetik Oñatira, aurreko astegoienean elkarrekin egon ginen Zarautz Herri Zaintzailearen lau kideok Arantzazun, Goiko Bentan. Etxe hartan, bazter batean baino gehiagotan igartzen da artista atipiko handi baten aztarna, Jorge Oteiza-rena. Orion jaiotako zarauztarra. Miriam Mendoza bezala, gure taldekidea. Zarauztarrak Arantzazun: Aizpea Manterola, Anjel Irastorza, Miriam eta laurok, zarauztar tipikoak edo atipikoak, bertan jaioak ala ez. Hainbeste ez du axola.

Axola duena da konpartitzen duguna, urtean zehar egiten dugun lana, aurreko asteburuan egindako autozainketa ederra: Qigong, bihotzeko fonoteka, mendia, gastronomia, ipuin kontaketa, Death Kafea Goiko Bentako ganbara dotorean. Borobila.

Bizi gara!

PD.- Beste liburu atipiko bat, beste mediku atipiko batek idatzitakoa: “0 negatiboa”, Arantzazu Lizartza. Filosofia ikasi nahi zuen sendagilea. Medikuntza narratiboaren aldeko beste apustu bat.

Trilogia dokumental bat: MHHH

Eta 2018. urte iritsi zen. SECPAL zainketa aringarrietako biltzarra izan zen Gasteizen, eta batzorde antolatzailean parte hartu nuen. Osasun profesionalak ez ziren herritarrei begira, hainbat ekitaldi antolatu genuen hirian zehar, kongresua baino lehenagoko asteetan, zinema, antzerkia eta abar. Ofizioz medikua eta afizioz mendizalea naizenez, bururatu zitzaidan Jorge Nagoreri elkarrizketa bat egitea, bizitzaz eta heriotzaz, mendiaz eta hiriaz, Iñaki Ochoa de Olzari buruz eta Jorgeren amari buruz. “Mendian hil. Hirian hil” izena ipini nion ekitaldiari.

Hurrengo urtean, Santiago de Compostelan izan ziren SECPALeko jardunaldiak, Galizian. Eta hor piztu zitzaidan argitxoa. Proiektu honetan ez zen krisialdirik egon aurretik, beste bide batetik etorri ziren musak. Jorgerekin harremanetan ipini nintzen eta gero Izaskun Andonegirekin. Honek Aretxabaletako familia baten berri eman zidan, Mikel Cresporen gurasoak ziren. Banan-banan beste protagonistak batzen joan ziren, eta collage dotore bat eraiki genuen (AH-ekin egin genuen bezala). Grabaketak egin baino lehenagoko prestaketa hauek asko disfrutatu ditut hiru pelikuletan.

Hirugarren eta azken honetan, bestela, nire onena eman izanaren sentsazioarekin gelditu naiz. Teknikoki hoberena eta mamitsuena da. Borobilena. Lehendabizikoa egin nuenean ez neukan inongo trilogia borobiltzeko asmorik, ezta bigarrena eginda ere. Modu naturalean etorritako kontu bat izan da, pentsatzen dut beste askori gertatutako gauza bera izango dela.

Badakizuenez, handia da euskaldun jendeak mundu osoko mendietan egindako jarduera historian zehar. Istorio ederrak, epikoak eta zirraragarriak kontatu daitezke, eta eurekin batera mendian tarteka gertatzen denarekin: heriotza. Jende gazteak edo oso gazteak pairatutakoa. Tarteka hirian ere gertatzen dena, bestela. Zorigaitzeko istripuak gehien-gehienetan, baina ez guztietan. Ez dugu ukitu, baina suizidioa ere han goian gertatzen da batzuetan.

Hiriari buruz hitz egoten dugunean, Bilbo erakusten dugu. Ez dauka AH-en daukan presentzia, baina ardatz nagusietakoa da. Izan ere, estreinaldia Bilbon egin genuen, Mendi Film Festivalean. “Zortzimilako” batekin hasi ginen, eta handik aurrera aurkezpen pila egin genuen 2021ean zehar, hala Mendi Tour zoragarriaren eskutik, nola gure kabuz. Areto komertzialetan ere ibilalditxoa egin genuen, lau hiriburuetan, Golem, Principe eta Florida zinemetan. Lehen esan bezala, zurrunbilo hau guztia kudeatzen ikasi behar da, izan 8.000 metrotan, 1.500 m-tan, edo hortik behera. Izan ere, “zergatik neurtu mendiak metrotan, eta ez bizitako uneen edertasunean?”. Hain zuzen ere.

Trilogia dokumental bat: SB

Zuhaitz hau Udalatx mendiaren magalean dago, erabat makurtuta haizeengatik, baina zutik. Bi protagonistak irudikatzen ditu, antagonikoak ematen dute, baina zuhaitz bera da errealitatean.

Aurreko dokumentaletik kanpo ez zen gai asko gelditu, baina esparru arantzatsu eta garrantzitsu bat bai, oso lotuta dagoena munduko gure bazter honekin. Beste leku batera begiratu genezakeen azken 4-5 hamarkadotan izandako hainbeste hildako eta zauritu ondoren, baina jatorri politikoko indarkeriek eragindako heriotzei ere heldu nahi nien, eta haiek eragindako doluei. Eta itsaso horretan dzanga egin genuen, edo terrorismoaren putzuan, nahiago baduzu.

Gai delikatu hauei aurre egiteko beldurra gainditzearen ildotik, SB beste urrats sendo bat zen. Bestelako heriotza motei begiratzeko ausardia biltzen baldin badugu, behin baino gehiagotan egiten baldin badugu, enpatia ariketa horiek errepikatzen baldin baditugu doluan daudenekin, emozionalki entrenatuta eta prest egongo gara. Baita biolentziaren ataka latz eta mingotsak pasa dituztenen begietara begiratzeko ere.

Berriro, SB egiteko argitxoa beste krisialdi pertsonal batek piztu zuen. Amaren heriotzak, 2015eko hasieran, lurrikara emozionala eragin zuen seme-alabon artean, hilabete oso zailak izan ziren ondorengo haiek. Lanean topera nenbilen, hain zuzen ere hainbat pazienteren bizitzaren amaieran, eta euren heriotzek senideei ekarritako seismoekin lagundu nahian. Mugan nengoen, norbaitek putz eginez gero lurrera eroriko nintzateke, eta horixe bera gertatu zen. Orain arteko nire garairik ilunena izan zen, zalantza barik.

Zumarragako ospitalean pairatutako gatazka pertsonal batetik gatazka kolektibo erraldoi horretara egin nuen jauzi. Kontatuko genituen bi istorio zehatzak gertuagotik ezagutu ahal izan nituen. Sandra eta Olatz bi protagonistak ondoan nituen, aspalditik lan egiten dudan udalerrian, hortxe. Euren istorioen berri ere nola edo hala baneukan, baina patuak ekarri zidan Arrasateko bi emakume hauek ezagutzeko abagunea. Eta hortik joan ginen SB eraikitzen.

Lehenik eta behin, Aitor lagun musikariarekin harremanetan ipini nintzen, itxura ematen joan ginen, narratzaileak aukeratu genituen eta, formatu desberdin batean, obra eszeniko bat sortu genuen, izen artistikoekin sinatuta, Mudoh eta Patxi Lurra moduan. Izenburuan, sumina eta samina arteko hitz jolasa egin dugu, gaiari errukiaren kontzeptu garaikidetik begiratuta.

Gogora Institutuak diruz lagundu zigun, eta poliki baina konbentzimenduz ibili gara herriz herri aurkezpenak egiten, Baketik elkartearekin hasieran, Bakeolarekin jarraian edo gure kabuz. Esperimentu zoragarria izan da, gure aportazio xumea dolu kolektibo handi hau gainditzen laguntzeko.

Trilogia dokumental bat: AH.

Argazkiaren eskuinaldean dagoen egurrezko aulkia Otsagabian egindakoa da. Urkuluko urtegiaren inguruan paratu genuen, atzean Orkatzategi eta lerro bereko mendiak ikusten direlarik. Eguzkia da argazkiko truku bakarra.

Lehenengoa beti da lehenengoa. Ikus-entzunezkoen zure burua mundu honetan estreinatzea, kontu berriak ikastea, estutasunak igarotzea eta, aldi berean, prozesuarekin gozatzea.

Dokumentalaren genesian, sorkuntza prozesuekin sarritan gertatzen den bezala, krisialdi bat egon zen: aitaren heriotzatik 5 urtetara, amari ere beste tumore bat diagnostikatu zioten. Hiru urte lehenago Aiora jaio zen, Bilbon, eta 2012ko amaiera hartan berriro hasten ginen bestelako kontuekin, ostera hastera. Eguberri hartan etorri zitzaidan inspirazioa, deitu ustekabea, nahi duzun moduan. Baina hiru pelikulekin antzeko zerbait gertatu zait.

AH, lehenik eta behin, oroimenaren aldeko aldarria da, alzheimer sozialak eta beldurrek bultzatutako ahanzturaren gainetik. Hala minbiziaz nola biziminez egiten dugu berba. Tabuen artean tabuena den suizidioaz eta baita dolu perinatalaz ere. Testigantza pertsonalak adituen hitzekin tartekatuz, tarteka gutako batzuk osatzaile zaurituak garelarik.

Lehendabiziko dokumental honetan, baita hurrengo bietan ere, mezu nagusietako bat da doluan dagoenari denok lagundu diezaiokegula, osasun profesionala izan barik. Alboan eginda, batik bat entzuten. Denok dugun enpatia gaitasuna lantzeko gonbidapena da. Hanka sartzeko beldurra arintzeko sortu genuen.

Beharbada hiruretatik hauxe da akademikoena, baina beharbada arima ere badaukalako, edo momentu egokian sortu genuelako, ibilbide harrigarriki luzea izan du. Euskal Herrian, eta baita hemendik kanpo ere, aurretik bagenekien gauza bat egiaztatu dugulako: hizkuntzak ez direlako oztopoa nahi ez duenarentzat. Dokumentala ulertzeko nahi duten guztiek arazorik ez dutelako edukiko. Erabakia norberarena dela, azpitituluak irakurtzea lana bakarra dela.

Bestela, arrakasta kudeatzea ere irakaspen handia izan da. Real Sociedaden zaleok ez gaude ohituta erramu koroekin, sariak irabazten dituzten pelikulei ematen dizkietenak. Ederra da telebistan, irratian eta egunkarietan agertzea, zinema aretoak beteta ikustea eta txaloak jasotzea, baina hau guztia jakin behar da bideratzen. Lehenik eta behin gogoratzea dokumental bat pertsona askoren ahalegina dela, protagonistena hasteko eta behin. Umiltasuna ez da galdu behar, Erreala garela oroitzea, ez gehiago, baina ezta gutxiago ere. Jose Migel Barandiaran maisuari behin irakurri nion sagar gehien dituen sagarrondoa apalena dela, fruituen pisuagatik makurtuta dagoelako, bera zegoen bezala. Halaber, bidean ezagutzen ari naiz horrelako “zuhaitzak”, eredu onak direnak.

Izan ere, 2014an bereziki, eta 2015ean ere jo eta ke ibili nintzen leku batetik bestera aurkezpenak egiten. 100 proiekzio publikotik gora egin ditugu 10 urtetik gorako ibilbide honetan. Liburu bat egin zitekeen leku haietan guztietan gertatutako pasadizoekin. Gugan gera bedi, eta bejondeigula.

Trilogia dokumental honi buruzko liburua on-line irakurtzeko: “Heriotzak eta doluak”.