Uztaila

2016-07-06, Iruñea, 2016 Sanferminak, Txupinazoa. “Naiz”

“Uztaila, sentimendu kontrajarriak agertzen diren hilabetea: poza nire bi alabengatik eta tristura nire aitarengatik”. Maria Jauregiren lehengo eguneko txioa da, Twitterren.

2000. urteko uztaila hondarretan zegoen, eta Zugarramurdiko kobazuloetan kontzertu sorta bat antolatu zuten Euskaldunon Egunkariaren 10. urteurrena zela-eta. Gurasoekin joan nintzen, eta Senperen lo egin genuen. Uste dut igandea zela, ospakizun haiek igaro eta gero, eta Dantxarineako mendatea igotzen ari ginen kotxean. Irratian, Juan Mari Jauregiren erailketaren berri eman zuten.

Nork esango zigun 7 urte geroago, egun haien inguruan, aita hilko zela minbiziak jota, 64 urterekin? Osasunez hain ondo zegoen gizona, 2007ko uztailaren 22an etxean hil zitzaigun, Donostiako euren etxean. Alberto Peña Iturria. Errenteriako Madalena jaien hasiera.

2019ko uztailaren 6a. Hainbat pertsonarendako, Iruñean eta Nafarroan, eta munduan zehar ere, egun seinalatua. Amaitezina den pandemia hau hasi baino lehenagoko azken San Ferminak izan ziren. Egun hartan ere, Jexux Zufiriaren bihotzaren taupadak eten egin ziren. Ehundaka paziente eta familia ezagutu ditut lanean, euren bizitzaren amaieran, bereziki azken 12 urte hauetan. Jexuxena beste zerbait izan zen, ni ez nintzen bere medikua, bizilaguna baizik. Haren bizitzaren amaieran ezagutu nituen bera eta familia. 6 hilabete trinko izan ziren, ahaztezinak. Inoiz egin dudan akonpainamendurik ederrena, lanetik kanpo. Liburu bat idazteko moduko bizipenak izan ziren. Haren ordez, bestela, “Mendian hil. Hirian hil” dokumentala Jexuxi dedikatu nion, epilogoan ikusi dezakezuen moduan.

Gaur, San Ferminak ohiko formatura itzuli dira, koronabirusak ezpatadantza eta arin-arina dantzatzen jarraitzen duen arren, aldaera berri batzuen formatuan. 3 urte dira Jexux hil zela, eta familiarekin oroitzeko eta omentzeko bilduko naiz. Bihotzak eskatzen didana da.

Sentimendu kontrajarriak.

Maitasunean hil

Herrietako jaiak hasi dira nonahi, udan sartu gara eta ikusi nahi ez duguna are ikusezinago bihurtzen da. Errealitatea, alabaina, bestelakoa da. Herioak ez ditu oporrak hartzen, eta bakean hiltzen saiatzeak garrantzi berbera dauka.

Izan ere, Cristina Llagosteraren liburua irakurtzea aringarria izan daiteke udako hilabete hauetan ere. Lehengo egunean irribarre egiteaz hitz egiten bagenuen, gaur maitasunaz egingo dugu berba, kontzeptua modu zabalean hartuta. Zaintzea maitatzea da, alboan egotea. Etxea maitasuna da (edo izan beharko litzateke). Errukia maitasuna da.

Cristinak hasieratik idazten du hiltzeaz meditatzea kontrakulturala dela gure garaian. Izutzen gaituela, baina baita liluratu ere. Beldur existentzialak direla, ezerezari, desagertzeari. Geure beldurrek ez dutela herioa etenarazten, bizitza baizik. Heriotza ez dela bakarrik gertakari biologiko bat, bizitzaren ibilbidea ixtea ere badela. Osasungileok konfort fisikoa gehiago baloratzen dugula, eta familiek nabarmentzen dituztela ezaugarri psikosozialak. Gure biografiak etengabeko bilakaeran daudela jaiotzatik heriotzara, eta aldi berean hiltzen garela izan garen moduan. Barrurantz begiratzea, geure barneko balioak eta nahiak aztertzea. Eta ez itxarotea azken unea arte oinarrizko kontu hauei aurre egiteko.

Heriotza ona dela pertsona bakoitzak nahi duen modukoa. Bakea dela inolako liskarrarekin edo jarrerarekin asaldatuta ez dagoen norbaiten egoera. Amore emateak prentsa txarra duela, borrokatzeari uzteak (hau nik gehitzen dut: Rafa Nadalek sekulako kaltea egin duela). Erresilientziaren garrantziaz. Gauzak datozen moduan onartzearen garrantziaz. Zainketa aringarriak eskubidea direla, bai eta agindu morala ere. Transzendentzia argitsua dela, heriotzan argia pizten dela.

Cristinaren liburuak daukan erakargarritasun zati handi bat hamalau testigantzak dira. Hamalau zortzimilakoak: Odina. Arnau. Mía. María Teresa. Mari Luz. Margarita. Alba. Carles. Gloria. Enric. Antonia. Lluís. Joan.

Ohoratu nahiko nituzke laster urteurrena beteko duen Jexux, ikastolako aita eta auzokidea zen Asier eta ondoko atean bizi zen Miren bizilaguna ere, Zarauzko jai hauetan. Hirurak maitasunean hil ahal izan ziren. Baita Debagoienean alboan izan nauten eta bakean hil diren paziente guztiak. Eta lortu ez dutenak ere.

PD.- Hemen liburuaren aurkezpena Gasteizen martxoan.

Zaraitzu

1988ko Aste Santuan egon nintzen lehenengo aldiz Otsagabian. Gurasoekin, anaia eta arrebarekin eta beste familia batekin izan zen. Ondo gogoratzen naiz urteaz, Errealak egun haietan jokatu (galdu) zuelako Errege Kopako finala Barçaren aurka. Udaberria zen, baina dena elurtuta zegoen. Orreaga ere bisitatu genuen. Hain izan zen zoragarria, non hurrengo Aste Santuan lekua errepikatzeko eskatu baigenien gurasoei, aho batez bi familietan.

Ez ziguten kasurik egin, eta hurrengo urtean León-go probintziara joan ginen. Pasatu ziren urteak, ia 10 urte, eta lagunekin itzuli behar izan nintzen Otsagabiara. Gogoratzen naiz Tafallan Nafarroa Oinez izan zelako, 1997ko urrian, eta asteburu hartan ere Iratiko oihanean ibili eta Orhi mendira igo nintzen lehendabiziko aldiz.

Apur bat geroago Maider izeneko neska bat ezagutu nuen Arrasaten, ospitalean lankideak ginen, elkarrekin ibiltzen hasi ginen eta asteburu batzuk pasatu genituen Otsagabian. Abodiko bazterrak, Muskildako baseliza… Esan zidan ez zela oso ezkontzeko zalea, baina inoiz egitekotan, Muskilda moduko leku batean izan beharko zela.

Esan eta izan (edo ia-ia). Maider izeneko neska eta biok ezkondu ginen Otsagin 2005eko apirilean. Elurrak bazter guztiak estali zituen, baita Muskildarako bidea ere, beraz herrian bertan ospatu genuen dena. Badago dorre itxurako eraikina Urrutia auzoan, horma bat pilotaleku moduan erabili izan zena beste garai batzuetan, eskola izandako beste eraikin haren aurrean, plazaren bestaldean. Ba hortxe.

Urtero itzultzen gara orduz geroztik, eta ezteiaren 10. urteurrenean ere han izan ginen. Eta orduan bai, igo ginen ermitara. Arantzatxoa kendu, eta asteburua aprobetxatu genuen “Aulki Hutsak” herrian aurkezteko. Beste zentzu bat hartu zuen dokumentalak niretzat, 10 urte geroago ama eta aita falta zirelako. Aldi berean, denbora tarte horretan Pello eta Aioraren aulki beteak gehitu ahal izan ditugu, eta beste batzuk ere joan dira iristen geure mahaira. Batzuk xoan, bertze batzuk xin.

Aurreko asteburuan “Mendian hil. Hirian hil”, trilogiako azkena, ekarri genuen Zaraitzura. Elurra zapaldu genuen goizean Orbaizeta aldean Mikel eta biok, Nafarroa Beherea eta Garaia arteko mugetan egindako itzuli ederrean. Eta arratsaldean elurra baino arazo tekniko batzuk inprobisaziora eraman gintuzten, ezkontzako egunean bezala. Han zeuden Mari Carmen, Laura, Ana, Marux, Txepi, Mari Jose eta 34 urte hauetan guztietan modu batean edo bestean ezagututako otsagabiarrak.

Bitxia da, baina egun hartan bertan, Pontevedrako probintzian, 850 kilometrotara, beste pertsona batzuk ari ziren MHHH ere ikus-entzuten Caroi herrian. (Bigarrenez gertatu da horrelakorik trilogia honekin, nik dakidala, aldi berean Euskal Herrian eta hemendik kanpo proiekzio bana). Terra de Montes deitzen da herri hura dagoen eskualdea. Mendietako Lurraldea, Aezkoa eta Zaraitzu bezala.

PD.- “Heriotza eta bizitzaren arteko hari finean bidea egiten” (Irati Irratia).

Txomena

Arrasatera iritsi nintzenean oñatiarrei buruz ohartu ninduten. Badira 21 urte. Mediku lanetan hasi nintzenean Gurutzetan, Bilboko Ezkerraldean, abisatu ninduten Barakaldo, Santurtzi, Sestao eta Portugaleteko galiziarrei buruz ere bai: Bitxiak dira, arauak desberdinak dira, gaixotasunak diferente manifestatzen dira eurengan, kostatuko zaizu komunikatzea eurekin. Kontuz ibili.

Eta zer gertatu zen Gurutzetan? Iman bat bezalakoa izan zela. Erakartzen nindutela eta nituela. Gustura nengoela eurak atenditzen, neu ere oso estandarra ez naizelako sekula izan. Eta Arrasaten? Are okerragoa, hau da, are hobetoago. Are gusturago nengoela eta nagoela. Txantxikuak deitzen zituzten, eta bazegoen zerbait, bai. Zeozer erakargarria.

Badira 18 edo 19 urte, hortik. 31-32 urte inguru izango nituen eta Agustin hasi nintzen ikusten kontsultan, eta berehala baita Enkarna ere. 70-72 urte izango zituzten, sasoian zeuden aitajauna eta amandrea. Garai hartan behiak zituzten ukuiluan, ittuan, dozena erdi bat edo zortzi.

Pello jaio zen (ikusi argazkia), gero Aiora. Amortzuak eta bazkariak Txomenan, afariak Saloian, mendi bueltak, buzkantzak, Olentzero eta Maridomingi. Mirari, Adela, Jaione, Gisane Aitor, Oier (argazkian), Miguel Angel, Mariano. Maiña, Aratzurti, Agerre, Santa Krutz, Ugaztegi, Aizkaiñ, Atxulo, Orkatzategi, Andarto, Usabakotxena, Degurixa. Arantzazu, Duru, Aloña, Urbixa… Gustura egotearena ulertzen hasi zarete?

Zerrendara gehitzen baditugu lankideak eta lagunak, eta bidean ezagututako beste araoztarrak, baita beste paziente oñatiarrak ere, eta horien senideak. Eransten baditugu Zelai Zabal eta Goiko Benta…

Eta zerrendan kontu alaiei eta bizipen zoriontsuei gaineratzen badizkiegu bestelako uneak, lehenengoak bezain garrantzitsuak direnak. Agustinen heriotza, duela ia 5 urte. Eta Enkarnarena, duela 2 egun. Euren oroimena, eta ez dauden guztiena.

Orduan dena ulertuko duzue.