
Bakarrik ibiltzea gustuko dut. Betidanik gozatu dudan gauza bat da. Zinemara, mendira, museo batera joatea bakarrik, mundutik isolatu eta mindfulness ariketak egitea, arreta osoaren kontu hura zer arraio zen ez nekienean ere.
Betidanik egon da hor familia gertua, gurasoak, anaia-arrebak, izeba, amona… Baina, egia esan, independentzia izan da baloratu eta praktikatu dugun jarrera bat gure familian. Baita arlo pertsonalean ere.
Gero etorri zen Maider, eta geroago Pello eta Aiora. Hasieran bikoteka (garai ederrak), geroago taldeka (orain faltan botazen ari naiz), eta oraindik tarteka bakarka. Lagunduta zenbat disfrutatzen dudan, baina baita nire kabuz ere. ”El buey solo bien se lame”, entzun nuen gaztetan. “Bakarrik azkarrago joango zara, taldean urrunago”, orain dela gutxiago.
Kontu bat da bilatutako eta gozatutako bakardadea, bestela, eta guztiz kontu desberdina nahi gabekoa, behartutako isolamendua. Lehengo egunean hasitako haritik tiraka, komiki bat irakurri dut (mila esker, Ana): “Seek you“ (“Sobre la soledad”, gazteleraz), Kristen Radtke idazle eta marrazkilari estatubatuarrarena.
Ez dugu gogoratu nahi, baina pandemiarena izan zen eskala erraldoian bakardadearekin izan genuen bizipen kolektibo traumatikoa, eta komikian jasota dago, beste puntu batzuen artean. Bistan da depresioarekin bakardadeak izan dezakeen lotura, baita beste gaixotasun batzuekin ere, minbizia barne.
UCLA Loneliness Scale ez nuen ezagutzen, baina ariketa ona da nork bere burua kokatzeko. Aipatzen da liburuan, baita beste puntu potente bat ere: muturreko bakardadea eta indarkeriarekin arteko lotura potentziala. AEBetan ezaguna da armekin duten arazo potoloa, eta “otso bakartia” kontzeptua sarritan honekin lotuta dago, tiroketekin, atentatuekin eta abar.
Halaber, hiri handi batean bizitzea ala herri batean zein desberdina den arlo honetan ere, adibidez NYC ala Wisconsingo herri batean, Kristen Radtkeren kasuan bezala, komikian agertzen den bezala.
Amaitzeko, Harry Harlow zientzialariak 1950eko hamarkadan isolamenduari buruz argitaratutako ikerketak deskribatzen ditu Radtkek, tximinoekin egindako esperimentu beldurgarriekin. Bibliografia interesgarria ere eskaintzen du bestela.
Horra hor gomendioa (berriz ere, esker mila Ana).