
Islandiatik bueltan, herrialdeak eragindako lilura koloretan islatzen saiatuko naiz: Urdina da izotzarena eta glaziarrena, horia hango batzuen ilearena, gris-beltza itsas zakurrena eta harriena, zuria elurrarena eta itsasoaren aparrarena, berdea goroldioarena eta oskorri borealena. Eta gorria bestelako oskorriena eta sumendiena.
Antonio Casado da Rocha izan zen aurreko asteburuan “Anariketa” ekimenean parte hartzaile Usurbilen. Arantza Zabala, Mikel Etxeberria, Ana Galarraga, Joxan Altuna, Itxaro Borda, Andoni Tolosa “Morau” eta ni neurekin batera. Aritz Branton da Booktegi plataformaren sortzaile eta koordinatzailea, eta bertan argitaratu nuen iaz “Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat” liburua.
Gorria da suaren kolorea, eta Sutegia da Usurbilgo kultura aretoaren izena. Iazko Booktegi jaialdian “Rupertorioa” izeneko ekimenean hartu nuen parte, eta aurten “Anariketa”-ren txanda izan da. Izenek ongi iradokitzen duten moduan, esperimentu hauek musikari handi bi hauen (Ruper Ordorika eta Anari) abestiekin egindako saioak izan dira, hainbat pertsonaren ikuspuntuetatik begiratuta.
Adibidez, hona aurtengo nire aportazioa, haserrearen gorria ekarriz:
“Eguerdi on goroldio-goroldiozko jendeari, baita garizko eta goroldiozkoari ere, inkluso gari-garizkoari. Ez baldin baduzue Anarik idatzitako liburua oraindik irakurri, segi bihar astelehenean liburutegira edo liburudendara.
Gaur haserreari buruz hitz egin nahi dizuet, haserrea doluan gaudenean, doluan gaudenean eta errudunak bilatzen ditugunean, daudenean eta ez daudenean ere. Indian edo Guatemalan, tren istripuak gertatzen direnean, ez dakit errudunak bilatuko dituzten, edo etsipenez biziko duten dolua. Palestinan etsipenez bizi dituzten moduan nahigabeko istripuak ez direnak. Tristeziaz edo haserreaz dolua kudeatu. Are suminez, indarkeriarekin lotutako doluez ari garenean.
‘Aulki hutsak’ dokumentalaren bigarren atala haserrearekin lotuta dago eta Anariren ‘(H)erra Kanta’-rekin:
‘Ahaztu beharreko gauzen zerrendan izen bat zara orain, gaizki egindako gauzen artean beste bat. Oraindik bizirik zauzkat barruan eta ehortzi egin behar. Hau bizitzeko gogo bizi hiltzea bezala da. Orain gauero ohartzen naiz zure ausentziaz, zutaz aritzen naiz, zure gogoekin larrua jo ere behin baino gehixotan. Eta hemendik aurrera ezezagun bat zara, nahiz eta zure fotoa beti izan ohe alboan. Zurekin egotera ohitzen hasi eta orain zu gabe egoten ikasi behar, gauzak gaizki egiteari noiz utziko diodan. Galdetu behar neure buruari, ostera, gauzak gaizki egiteari noiz utziko diodan”.
Amaitzeko, Antonio Casadorengana itzuliko gara. “Islandiera ikasten” poema liburua idatzi zuen duela ia dozena bat urte. Horietako batek ‘Aurora borealis’ izenburua dauka, eta ohartarazpen anaritar hau jasotzen du: “Edertasuna arriskutsua da itxaropena sortzen duelako”.
