Maisu-maistrak

Itsasargiek gauez itsasontziak gidatzen dituzte, erreferentziak dira behe-lainoan. Hondoratzeak saihesten dituzte, eta itsasaldi arrakastatsuak bermatzen.

Mallorcako uhartean badago horietako bat, euskal kostaldetik ere ikusten den argi horietakoa. Ekainean erositako liburuan (azala ikusi argazkian) Enric Benito aitzindariaren biografia eta pentsamendua jasotzen ditu Assumpció Cortés kazetariak. Kemen eta errukiaren bizitza bat, umorez, eraldaketaz eta pasioz betetakoa.

Umoretik abiatzen da, izan ere: “Jendeak bi ohitura dauzka: Bata da lo-kuluxka egitea, bestea da hiltzea”, Jorge Luis Borges parafraseatuz. Enric-ek dedikatu du bere bizitzaren zati handi bat hiltzearen prozesua aztertzera eta besteoi azaltzera. Norberak bizitzaren muina eta helburu nagusia topatzea gauza handia da, norberaren biografiari esangura aurkitzea, gutxieneko koherentzia bat. Misioa ere deitu dezakegu, hitza entzutean karranka atera arren. Gogobetetasuna ekartzen du, baretasuna, oreka, harmonia, egokitasuna. Norabide zehatz bat bizitzan, heriotza etorri bitartean. Enric maisua da honetan ere.

Espiritualtasuna da haren berezko arloa. Eta liburuaren pasarte batzuk ekarriko ditut blog honetara. Euskaraz ez da desberdintzen sendaketa edo sendaketa hitzetan katalanezko “sanació” edo “curació”. Ingelesez ere ez dakit “healing” hitzak desberdintzen dituen bi esanahiak, desberdinak baitira. Hain zuzen ere, gaixorik egonda ere, sendabiderik izan ez arren, jendea “sana” hil daiteke: Osoa (ez osatua), bete-betea, egitera etorri dena egin izateagatik gogobeteta. Bizitzaren zentzua topatuta, bakea esango nuke, edo duintasuna. Duintasunez bizi, eta hil.

Pista anitz ematen duen liburua da, muin eta etika handikoa. Eta estetikari dagokionez, katalanez idatzita dago. Niretzat plazera izan da jatorrizkoan irakurtzea, eta mallorkerazko birak identifikatzea.

Ez fikziozko literatura ona.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude